Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 8ko 177/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta Irunberriko beste bizilagun batzuek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 08

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Limitación de derechos de los vecinos de Lumbier derivada de contrato de cesión de inmueble para actividades culturales

Exp: 10/530/D

: 177

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 28an, [?] andreak eta Irunberriko beste bizilagun batzuek aurkeztutako idazkia sartu zen erakunde honetan; haren bidez, kexa bat aurkeztu zuten bere eskubideak mugatzen zirelako Elizararen higiezina bat (parrokiaren zinema) izaera publikoko jarduera soziokulturaletarako lagatzeko kontratuaren ondorioz.

    Azaltzen zutenez, Irunberriko Udalak hitzarmen bat formalizatu zuen higiezinaren erabilera lagatzeko; hitzarmena sinatu dute, batetik, Irunberriko Jasokundeko Andre Mariaren parrokiako parrokoak eta Iruñeko eta Tuterako Artxidiozesiko administratzaile nagusiak, higiezinaren lagatzailea eta jabea diren aldetik, eta, bestetik, Irunberriko alkateak, lagapen-hartzailea den aldetik.

    Hitzarmen horretan ondoko hizpaketak dira aipagai:

    “Zazpigarrena-Xedea: 7.3 Irunberriko Udalak aitortzen du, alkatearen bidez, honako kontratu hau formalizatzeko funtsezko arrazoia izan dela eskuratutako higiezinak izaera publikoko udal-jarduera soziokulturalak egiteko erabiltzeko konpromisoa, zeinek errespetatu egin beharko baitituzte kristauen sinesmenak eta morala, bai eta Irunberriko herriaren ohiturak eta, bereziki, Irunberriko parrokia-elizan egiten diren erlijio-jardueren ohiko garapena ere.

    Hamahirugarrena. Bisita egiteko eskubidea: Lagatzaileak lagatutako higiezina bisitatzeko eskubidea gordetzen du beretzat, berak izendatzen duen edo ordezkatzen duen pertsonaren bidez, baldin eta egokia edo beharrezkoa irizten badio erabilera-eskubidea eratzen duen kontratu honetan hitzartutako hizpaketak betetzen direla egiaztatze aldera.

    Hamalaugarrena. Suntsiarazteko kausak: e) Higiezinean kristauen sinesmenen edo moralaren aurkako jarduerak egitea, edo Irunberriko herriaren ohituren aurkakoak, edo, Irunberriko parrokia-elizan egiten diren erlijio-jardueren ohiko garapena eragozten dituztenak.”

    Kexa-egileen ustez, lokalaren erabileraren lagapen-kontratuan sartutako hiru klausula horiek pertsonen eskubideak eta askatasunak mugatzen, zentsuratzen eta diskriminatzen dituzte; izan ere, izaera publikoko jarduera soziokulturalak egitekoa den erabilera publikoko udalaren gune batean egiten ahal diren jarduerek ez dute zerikusirik, kexa-sustatzaileen ustez, erlijio-kultuko ekintzak egitearekin, horretarako leku berekietan egiten baitira horiek, esaterako parrokia-elizan. Diotenez, sinatutako hitzarmenarekin bat, izaera publikoko udal-jarduera soziokulturalek erlijio jakin bateko sinesmenak eta morala errespetatu beharko dituzte, baina, nahiz eta konfesio hori gehiengoarena izan gizartearen barruan, bidegabea da, akonfesionala den Estatu batean, gaur egun askotarikoa den gizarte batean dauden sinesmenak eta sinesmen ezak kontuan ez hartzea.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Irunberriko Udalari.

    2010eko abuztuaren 5ean eta irailaren 24an Irunberriko Udalaren idazki bana jaso zen, eskatutako informazioa emateko. Idazkietan adierazten zenez, kexaren xede diren egintzak orobat aurkaratu dira Nafarroako Administrazio Auzitegian jarritako gora jotzeko errekurtso baten bidez, eta auzitegi horrek, irailaren 15eko 8016/2010 Ebazpenaren bidez, gora jotzeko errekurtsoa onartu du eta udalaren 2010eko urtarrilaren 21eko erabakia baliogabetu du (erabaki haren bidez onetsi zen parrokiaren lokala izaera publikoko jarduera soziokulturaletarako erabiltze aldera Iruñeko eta Tuterako Artxidiozesiarekin sinatu beharreko hitzarmena).

    Orobat adierazten zen erabakia baliogabetzeko arrazoia izan zela ez zegoela Udalaren eta Eliza Katolikoaren arteko kontratuaren prezio ziurrik; kexaren xede diren hiru klausulen balizko konstituziokontrakotasunari buruz, berriz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du ezer adierazi (gora jotzeko errekurtsoan horiek ere aurkaratu ziren).

    Txostenak bukatzeko dio hitzarmenaren eranskin bat prestatzen ari direla, Nafarroako Administrazio Auzitegiak atzemandako akatsak zuzenduko dituena, Osoko Bilkuran onets dadin eta, ondoren, parte hartzen duten aldeek sina dezaten.

AZTERKETA

  1. Kexaren xede dira lagatzaileari –hau da, Iruñeko eta Tuterako Artxidiozesiari– kontratua suntsiarazteko aukera ematen dioten hitzarmeneko klausulak, baldin eta ikusten badu lagatako lokalean egiten diren jarduerek ez dituztela errespetatzen kristauen sinismenak eta morala, edo ez dituztela errespetatzen Irunberriko herriaren ohiturak. Halakoetan, kontratua suntsiaraziz gero, lagatzaileak berarentzat hartuko lituzke lokala zaharberritzearen etekin guztiak, eta sinatutako kontratuan ezarritakoaren arabera ez luke izanen lokala udalari lagatzen jarraitzeko beharkizunik.

    Kexa-egileen ustez, lokala izaera publikoko era guztietako jarduera soziokulturalak egiteko denez gero, bertan egindako jarduera guztietan kristauen sinismenak eta morala errespetatu beharrari buruzko klausula ezartzeak urratu egiten du bizilagunen oinarrizko eskubide bat, erlijio-askatasunarena hain zuzen ere, eta orobat urratzen da Konstituzioak botere publikoei ezartzen dien akonfesionaltasuna edo neutraltasun erlijiosoa gorde beharra.

  2. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren irailaren 15eko 8016/2010 Ebazpeneko laugarren oinarrian luze eta zabal aztertzen da kexa-egileek hitzarmenaren klausula horiei buruz egiten duten egozpena. Aldeek aski ongi ezagutzen dutenez ebazpenean adierazitakoa, ez da beharrezkoa hori hemen jasotzea. Klausula horien edukia eta norainokoaren azterketa kritiko bat egin ondoren, laugarren oinarri horrek espresuki dio alderdi errekurtsogileari ez zaiola arrazoirik falta klausula horien konstituziokontrakotasuna salatzean, baina, hitzarmena baliogabetzearen ondorioetarako ez dela beharrezkoa auzi horretan sakontzea, kontratua baliogabetzeko aski delako egiaztatzea kontratuan ez dela prezio ziurrik jasotzen. Hartara, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren irizpidea da nahiko eztabaidagarria dela klausula horien legezkotasuna baldin eta Konstituzioaren ikuspegitik aztertzen badira –izan ere, Irunberriko Udala behartzen dute sinismen jakin batzuk errespetatzera eta errespetaraztera–, baina ez dela beharrezkoa horri buruz ezer adieraztea hitzarmen osoa baliogabetzeko.

    Erakunde hau bat dator Nafarroako Administrazio Auzitegiak garatutako arrazoibidearekin, kexaren xede diren kontratuko klausulei dagokienez. Klausula horiek Irunberriko Udala behartzen dute erlijio jakin baten sinismenak eta morala errespetatzera eta errespetaraztera lagatako lokalean egindako ekitaldi publiko guztietan, lokalaren lagapena –eta bertan egindako inbertsio guztia– galtzeko arriskuarekin baldin eta, lagatzailearen iritziz, ekitaldiren batean ez badira sinismen horiek eta moral hori errespetatu; esamolde horiek, ordea, kontzeptu juridiko zehaztugabe zabal-zabala osatzen dute. Kontratuko baldintza horrek kontra egiten dio Konstituzioaren 16. artikuluak botere publikoei eta, hortaz, Irunberriko Udalari ezartzen dien akonfesionaltasunari.

    Horrek berekin dakar udalek, programatzen dituzten izaera publikoko ekitaldi soziokulturaletan, ezin dituztela kontrolatu eta ez dituztela kontrolatu behar ekitaldi horietako parte-hartzaileak, erlijio jakin bateko sinismenak eta morala errespetatzen ez dituzten adierazpenak egin ez ditzaten. Eta udalek ezin dute erlijio-erakunde jakin baten esku utzi kontrol hori eta ezin diote utzi kontrol hori egin dezan.

    Herritarren erlijio-askatasunerako oinarrizko eskubideak berekin dakar, kanpora proiektatzean, fenomeno erlijiosoaren adierazpenak edo adierazpideak egin ahal izatea, botere publikoen koakzio orotatik babestuta (Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 4ko 128/2001 epaia). Adierazpen horiek izaera publikoko ekitaldi soziokulturaletan egiteko muga bakarra da, jakina, ordena publikoa gordetzea. Askatasun ideologikoaren oinarrizko eskubideak ere erlijio-moral jakin baten aurkako adierazpenak egitea eta iritziak ematea ahalbidetzen du, baldin eta etika zibil edo moraltasun publiko baten ikuspuntutik onargarriak badira; hortaz, izaera publikoko udal-jarduera soziokulturaletan ezin zaie hirugarrenei halako debekurik edo mugarik ezarri.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Irunberriko Udalari gomendatzea Konstituzioko 16. artikuluari jarraikiz udalak gorde beharreko akonfesionaltasunaren aurkakoa izan daitekeen adierazpide oro ken dezan Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetutako hitzarmenaren ordez formalizatu beharreko hitzarmeneko klausuletatik.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Irunberriko Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunei eta Irunberriko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia