Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 8ko 176/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 08

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Denegación de beca para estudios

Exp: 10/666/E

: 176

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2010eko irailaren 7an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, semeari garraio-beka bat ukatzeagatik.

    Azaltzen zuenez, aurreko ikasturtean ikasketa-beka bat eskatu zuen [?] semearentzat (beka espedientearen zenbakia: 0905616), baina Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ukatu egin zion, esanez ez zuela 4. araua betetzen (ikastetxerainoko distantzia 5 kilometrotik gorakoa izan beharko da).

    Azaltzen zuenez, errekurtso bat aurkeztu zuen, distantzia 7,3 kilometrokoa dela frogatzen zuena eta, hortaz, 4. araua betetzen zuela, baina berriz ere ezetsi zuten, inolako azalpenik eman gabe. Jarraian, errekurtsoa aurkeztu zion Hezkuntzako kontseilariari, baina ez diote erantzun.

    Bere ustez, semeak beka jasotzeko baldintza guztiak betetzen ditu, eta horregatik eskatu zuen beka.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Hezkuntza Departamentuari txosten bat egiteko eskatu genion 2010eko maiatzaren 12an.

2010eko irailaren 30ean, eskatutako txostena jaso zen erakunde honetan. Bertan, honakoa esaten da:

[?] jaunak beka bat eskatu zuen, behar zen epean eta moduan, bere seme Ignaciorentzat, Irakaskuntzako erdi eta goi mailetarako beka eta laguntzen deialdi orokorra oneste aldera Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak ekainaren 25ean emandako 386/2009 Ebazpenaren karietara. Laguntza “garraio” eta “jantoki” kontzeptuetarako eskatu zuen. Zehazki, “garraio” kontzepturako laguntzari dagokionez zioen bizilekuaren –Barañain– eta ikastetxea dagoen herriaren –Iruña– arteko distantzia 9 kilometrokoa dela.

Beka-eskaera aztertu eta informatizatuta (0905616 espedientea), eta bi herrien arteko distantzia 5 kilometrora heltzen ez dela egiaztatuta –ez da 9 kilometrokoa–, behin-behinekoz ukatu zitzaion laguntza, eta ezetza gutun bidez jakinarazi zitzaion eskatzaileari apirilaren 16an; izan ere, ez zuen betetzen deialdiko 4. arauan ezarritakoa, zeinaren arabera:

Ondoko kontzeptuetarako eskatzen ahal dira beka edo laguntza hauek:

(…)

-Hiri arteko garraioa, baldin eta garraioa diruz lagunduta ez badago eta herrien arteko distantzia 5 kilometrokoa edo handiagoa bada.

(…)

-Jantokia, baldin eta ikasleak, eskola-ordutegia dela, astean birritan edo gehiagotan bazkaldu behar badu etxetik kanpo eta jantokia diruz lagunduta ez badago eta ikasketak egiten diren herria familiaren bizilekutik 5 kilometrora baino gehiagora badago.

Distantziak kalkulatzeko, eta Nafarroako herrien taxuera geografikoari buruz dagoen kasuistika hain zabala denez gero –Iruña inguruko herrien etenik gabeko metaketatik hasi eta Nafarroako iparraldeko herri bakar bateko biztanle-guneen sakabanaketaraino–, udaletxeen arteko distantzia hartzen da, oro har, distantzia kalkulatzeko errefentzia gisa, bestela ezinezkoa izanen bailitzateke gisa honetako deialdi bat denborari eta moduari dagokienez kudeatzea.

Areago, aztertzen ari garen kasu zehatz honetan, deialdiak berak definitzen du “hiri arteko garraioaren” kontzeptua, elkarren artean bereizitako biztanle-guneen artean egiten den garraio gisa, eta ez da halakorik gertatzen Barañainen eta Iruñaren artean; izan ere, bi herri horiek Iruñerriko Mankomunitatearen Eskualdeko Hiri Garraioan daude sartuta 1999az geroztik.

2010eko maiatzaren 19ko 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara 161/2010 Ebazpena, martxoaren 31koa, deialdia behin-behinekoz onesten zuena.

Beka behin-behinekoz ukatzen zion gutuna jaso ostean, eskatzaileak alegazio bat aurkeztu zuen beka behin-behinekoz ukatzearen aurka. Hartan ondokoa zioen: “(...) Zure gutunean jartzen duzun aitzakia da ez dela 4. araua betetzen (...). Ondo dakizun bezala, HORI GEZURRA DA (...) Hortaz, akatsa berehala zuzenduko duzula espero dut, eta nire semeari dagokion beka emanen diozula, baldintzak aise betetzen dituelako. Egizu gaurtik hasita 30 eguneko epean gehienez ere, goiko instantzietara jo behar izatea ekiditeko.”

Aurkeztutako alegazioaren mehatxu-tonua, ia iraingarria ere badena, alde batera utzita, alegazioa aztertu eta ezestea erabaki zen, ez baitzen jaso ez dokumentaziorik ez alegazio berririk ere, hasieran hartutako erabakia –beka ukatzea– gaizki hartu zela erakusten zuena. Hartara, gutun bat igorri zitzaion eskatzaileari, aurkeztutako alegazio onartu ez zela adierazteko eta behin betiko ebazpena NAOn argitaratu ostean gora jotzeko errekurtsoa aurkez zezakeela adierazteko.

Behin betiko ebazpena NAOn argitaratu arte itxoin gabe (2010eko irailaren 10ean eman zen argitara), eskatzaileak gutun bat igorri zion –eskatzailearen esanetan “errekurtso” bat– Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari, zeinean adierazten baitzuen bere ustez gaizki aplikatu zela esleitzeko irizpidea eta hilabeteko epean akatsa zuzenduko zela eta beka emanen ziotela espero zuela. Azaltzen zuenez, hala egin ezean goiko instantzietara joko zuen. Aurkeztutako idazkia ezin zen errekurtsotzat hartu, eta ez zuenez ezertan ere aldatzen espedientearen egoera, eta eskatzaileari dagoeneko informatu zitzaionez zer urrats egin zitzakeen ebazpenarekin ados egon ezean, artxibatu egin zen.

AZTERKETA

  1. Kexa bi gairi buruzkoa da: lehena, hiri arteko garraiorako laguntza ukatu izana, deialdiko 4. oinarrian ezarritakoa ez betetzeagatik (5. kilometro baino gutxiagoko distantzia eta elkarren artean bereizi gabeko herriak izatea). Bigarrena, Hezkuntzako kontseilari aurkeztutako erreklamazio-idazki bati erantzunik ez ematea.

  2. Lehen auziari buruz, kexa-egileak dio bi herrien arteko distantzia –Barañain eta Iruña artekoa– 7,3 kilometrokoa dela. Hezkuntza Departamentuak dio, aldiz, distantzia 5 kilometrokoa baino txikiagoa dela.

    Hezkuntza Departamentuak ondoko irizpideak baliatu ditu, txostenaren arabera, distantzia kalkulatzeko:

    a) Udaletxeen arteko distantzia hartzen da, oro har, distantzia kalkulatzeko erreferentzia gisa, bestela ezinezkoa izanen bailitzateke gisa honetako deialdi bat denborari eta moduari dagokienez kudeatzea.

    b) Deialdiak berak definitzen du “hiri arteko garraioaren” kontzeptua, elkarren artean bereizitako biztanle-guneen artean egiten den garraio gisa. Eta Barañainek eta Iruñak “hiri eremu jarraitu” bat osatzen dutenez gero, Departamentuak uste du arrazoi hori nahikoa dela garraiorako laguntza ukatzeko.

    Halere, deialdia sakon aztertuz gero ikus daiteke bertan ez dela jasotzen Hezkuntza Departamentuak baliatutako bi irizpide horietako bat bera ere –deialdia ekainaren 25eko 386/2008 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2009ko abuztuaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara–. Hiri arteko garraioari buruzko arau bakarra IV. arauan ageri da, eta horren arabera 5 kilometrokoa edo handiagoa izan beharko du herrien arteko distantziak.

    Erakunde honek ez du auzitan jartzen bi irizpide horien arrazoizkotasuna, baina gure ustez, segurtasun juridikoaren karietara, deialdi horretan oinarrituta eskatutako laguntzak ebaztearen ondorioetarako irizpide horiek behar bezala erabiltze aldera, espresuki jasota egon behar dute deialdian, eskainitako laguntzen eta beken eskatzaileek aldez aurretik ezagut ditzaten. Irizpide horiek jasota ageri ez direnez, eskatzaileek nekez jakin dezakete, gutxieneko ziurtasun eta segurtasun batekin, laguntza jasotzeko zer aukera duten eta, aukera horiekin bat, kasuko eskaera egin ala ez.

    Horri dagokionez gogora ekarri beharra dago jurisprudentzia-doktrina sustraitua, zeinaren arabera deialdi publikoetako oinarriak deialdiaren legea dira deialdia izapidetu eta ebazteari begira, eta hala deialdia egin duen erakundeak nola deialdian parte hartzen dutenek deialdiko arauak bete behar dituztela, laguntzak jasotzearen ondorioetarako, kasu honetan.

    Hortaz, aipatu deialdiaren arabera eman beharreko laguntzen kasuan, deialdiko arauak bete behar dira bakar-bakarrik, hau da, deialdian espresuki jasotako arauak edo oinarriak. Hiri arteko garraioaren kontzeptuarengatiko laguntzari dagokionez, soilik baloratu behar da ea herrien arteko distantzia 5 kilometrokoa edo handiagoa den, alde batera utzita ea hiri eremu jarraitu bat osatzen duten ala ez. Udaletxe batetik besterako distantzia neurtuko dela ezatzen ez denez gero, logikoagoa eta koherenteagoa da, deialdi honetan behinik behin, ikaslearen bizilekutik ikastetxera bitarteko distantzia neurtzea, are gehiago kontuan hartzen badugu gaur egun ez dagoela arazo tekniko handirik neurketa hori egiteko.

  3. Azaldu den bezala, kexa-egileak orobat salatzen du ez diotela erantzun Hezkuntzako kontseilariari aurkeztutako erreklamazioari. Horri dagokionez Hezkuntza Departamentuak aitortzen du erantzunik eman gabe artxibatu zuela idazkia.

    Kexaren gaiari dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du; eta halaxe jasotzen da orobat Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

    Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago eskabide guztiei erantzutera, idatziz normalean, eta epearen barruan betiere.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea ebatz dezan kexa-egileak aurkeztutako eskaera, hiri arteko garraiorako laguntza jasotzekoa, ebazpen honetako azterketako 2. puntuan adierazitako irizpideen arabera ebatzi ere; alegia, ezin direla baliozkotzat hartu deialdiaren oinarrietan jasotzen ez diren irizpideak.

  2. Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan, besteak beste kexa-egileak Hezkuntzako kontseilariari igorritako idazkiari.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  4. Kexa-egileari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia