Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 7ko 195/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urria 07

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Disconformidad con retirada del vehículo y cobro de tasa por el servicio de grúa

Exp: 09/508/I

: 195

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 23an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten uztailaren 5ean bere ibilgailua bide publikotik erretiratzearen aurka.

    Azaltzen du aipatutako egunean garabi zerbitzuak bere ibilgailua, Aita Moret kalean aparkatuta zegoena, erretiratu zuela. Egun hura igandea zen, eta, horrenbestez, “eremu urdinak” zuen eraginik.

    Egun osoa kanpoan iragan ondoren, itzuli zenean ikusi zuen ibilgailua eramana zuela garabiak, dirudienez San Fermin jaiak biharamunean hastekoak zirelako (dioenaren arabera, beste hainbeste gertatu zitzaien bere lagun batzuei).

    Interesdunak argudiatzen du berak han autoa aparkatu zuenean, inork ez ziola informaziorik eman aparkatzeko eremu hori mugatuta egoteari buruz, eta ez zegoela, ezta ere, inolako seinalerik debekua ezarriko zuenik edo egoera berriaren berri emanen zuenik.

    Hori dela eta, uste du ez zuela inongo arau-hausterik egin eta garabi zerbitzuari ibilgailua berreskuratzeko ordaindu behar izan zion tasa itzuli egin behar diotela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat igortzeko eskatu zitzaion Iruñeko Udalari.

Jasotako txostenean, Hiritarren Babeserako Alorreko zuzendariak honakoa azaltzen du:

“2009ko San Fermin jaietarako alkatetzaren bandoan jasotzen da, besteak beste, Navas de Tolosa kalea eta Pio XII.a etorbideko Tres Reyes Hoteleko sarrerarainoko tartea trafikorako itxiko direla, uztailaren 5eko 00:00etatik 2009ko uztailaren 15eko 14:00etara. Kale tarte horren itxierak berarekin dakar Aita Moret, Sandoval eta Imaz Anaia kaleetara ezin sartzea, zeren eta azken horretara sartzeko Armadaren Etorbidetik zegoen sarbidea zaborrentzako edukiontziekin eta mediana erako barrerekin itxi baitzen uztailaren 4ko goizean.

2009ko uztailaren 4ko 6:00etatik, trafiko-mozketa egin beharreko bi eremuetan modu iraunkorrean babes zibileko laguntzaile batzuk egon ziren, horra sartu nahi zuten ibilgailuen jabeei jakinarazteko uztailaren 5eko 00:00etatik uztailaren 15eko 14:00etara trafikoa itxita egonen zela eta data horietan soilik sartzeko modua izanen zutela ibilgailuekin eta ibilgailuak aparkatu ahalko zituztela ukitutako kaleetan bizitokia zuten pertsonek eta aparkatze mugatu eta murriztuko 1. eta 2. sektoreetako egoiliar txartela duten ibilgailuek.

Hori ikusita, jotzen dugu [?] andrea Aita Moret kalera sartu zenean, eremu kontrolaturen batetik sartu behar izan zuela, eta babes zibileko laguntzaileek informazioa emanen ziotela ezarritako mugei buruz, ezpada kontrola saltatu zuela, eta hala izan bazen, jakitun zen ibilgailua toki debekatuan aparkatzen ari izateari buruz.

Babes Zibileko laguntzaileen lana kontrolatzeaz arduratu zen Babes Zibileko teknikariaren txostena erantsi dugu”.

Txosten horretan, gidariei debekualdiari buruzko informazioa emateko jarritako bitartekoak azaltzen dira (hesiak eta bestelako elementu mugigarriak, eta babes zibileko laguntzaileak bertan egotea inguruabarraren berri emateko), eta esaten da ezen bertatik bertarako kontrol ugarietan ez zela hutsegiterik atzeman. Horrenbestez, ateratzen den ondorioa da interesduna mugatutako esparru horretara sartuko zela edo baimendu gabeko biraren bat eginez edo Babes Zibileko laguntzaileen kontrolen batean geratu gabe.

AZTERKETA

  1. Espediente honetan planteatzen den gaia da zehaztea ea egiaztatutzat eman daitekeen edo kexa-egileak arau-hausteren bat egin zuela, behar ez bezala aparkatzeagatik, 2009ko uztailaren 5ean bere ibilgailuarekin Iruñeko Aita Moret kalera sartu baitzen.

    Atzeman dugunaren arabera, egun horretako 00:00etatik aurrera, Iruñeko Udalak, aldi baterako eta aparteko izaeraz, San Fermin jaiak ospatzekoak direlako, aparkatzeko aukera murriztu zuen aipatu eremuan, eta inguruabar hori iragartzeko seinale batzuk ezarri zituen, beste elementu mugigarri batzuekin batera eta Babes Zibileko laguntzaileak bertan direla, hain zuzen ere murrizketari buruzko informazioa emateko.

    Hala eta guztiz ere, kexa-egileak dioenaren arabera, bera eremu horretara sartu zenean, inork ez zion debekuari buruzko informaziorik eman, eta inongo seinalerik ere ez zen ageri egoera berria jakinarazteko (normalean, erreferentziako eguna igandea zenez, eremu urdinari dagokion murrizketak ez zuen eraginik).

  2. Trafikoari, Ibilgailu motordunen zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legeko testu artikuludunak honakoa ezartzen du: Legearen xede diren bideetako bide-erabiltzaile guztiek men egin behar diete betebehar edo debekuren bat ezartzen duten zirkulazioko seinaleei; era berean, bideetatik zirkulatzen ari direnean aurkitutako arauzko gainerako seinaleen aginduetara egokitu behar dituzte beren jokabideak (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzazko Errege Dekretuko 53.1 artikulua).

    Agindu horri dagokionez, Hiri eta hiri arteko Zirkulazio Araudi Orokorrak, otsailaren 25eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoak, honakoa ezartzen du: Seinaleek multzo bat osatzen dute, eta honako hauek sartzen dira multzo horretan: bidezainen seinaleak eta aginduak, bideetan ibiltzeko ohiko araubidea aldatzen duten aldi baterako seinaleak eta baliza-seinale finkoak, semaforoak, zirkulazioko seinale bertikalak eta bide-marrak. Bide-erabiltzaileei zuzenduta daude, eta honako eginkizunak dituzte: bide-erabiltzaileak ohartarazi behar dituzte bideetako edo zirkulazioko inguruabarrei buruz, baita informazioa eman ere, behar besteko aurrerapenez; horiez gain, bide-erabiltzaileen jokabideak arautu edo agintzeko ere badira seinaleok (131. artikulua).

    Horrenbestez, esan dezakegu bide publikoetako erabiltzaileei jokabide jakin bat exijitu ahal izateko ezinbesteko baldintzetako bat dela aurretik eta zalantzarik gabe seinaleak jartzea. Hori, izan ere, segurtasun juridikoaren printzipio konstituzionalaren deribazio bat baizik ez da.

    Eta, gainera, arau-hauste jokabidearen konkurrentziaren froga, zeinaren menpean baitago herritarra kaltetu ditzaketen neurriak hartzea, Administrazioari dagokiola, zeren eta herritarra errugabetasun presuntzioaren printzipioaren onuraduna baita, eta presuntzio hori ezinbestez begiratu behar baita.

  3. Hemen aztergai dugun kasuan, ez dugu uste egiaztatutzat eman daitekeenik interesdunak arau-haustea egin zuenik, eta horrenbestez, ondorio kaltegarririk eragin ahal zaizkionik (kasu honetan, ibilgailua erretiratzeko zerbitzuaren tasari dagokion zenbatekoa).

    Ezarritako seinaleak ez dira finkoak eta, horrenbestez, berez ez dira gai erabiltzaileek debekua ezagun dezaten bermatzeko. Bestalde, ez da inongo lekukoren frogarik ageri, hau da, kontrolaz arduratzen den inongo pertsonaren deklaraziorik, baieztatzeko [?] andreak, informazioa eta ohartarazpena jasota ere, adierazitakoei kasurik ez ziela egin.

    Egiazki, igorritako txostenean bertan adierazten den bezala, Administrazioak presuntzio bat hartzen du abiapuntu (esaten da interesdunari murrizketaren berri eman behar izan zitzaiola, kontrola saltatu ezean). Alabaina, adierazi dugun bezala, presuntzioak kontrako zentzuan jokatu behar du, baina ez dago inongo proba-elementurik interesdunaren bertsioa aldaraz dezakeenik; izan ere, interesdunaren esanetan, toki horretara iritsi zenean, ez zuen inongo seinalerik ikusi eta inork ez zion inolako jarraibiderik eman.

    Inguruabar horietan, uste dugu interesdunari neurri kaltegarriak ezartzea ez datorrela Zuzenbidearekin bat, segurtasun juridikoaren eta errugabetasun-presuntzioaren printzipioen aurkakoa baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea interesdunari ibilgailua erretiratzeko ordaindu behar izan zuen diru-kopurua itzul diezaion, ezin baita egiaztatu inongo arau-hausterik egin zuenik.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari erabaki hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia