Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Solicita que VINSA analice el proyecto de vivienda protegida que se le ha adjudicado a efectos de adopción de medidas adicionales, dado que su construcción se hará sobre zona inundable
Exp: 09/585/U
Nº: 194
Etxebizitza
2009ko irailaren 8an, María [?] andreak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, eta bere etxebizitza uholdeak gerta daitezkeen eremu batean eraikiko denez neurri osagarriak har ditzan eskatzen du.
Azaltzen du joan den martxoan, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta VINSAri zenbait eskabide igorri zizkiela, non eskatzen baitzuen neurri osagarriak har zitzaten Arrotxapeko 9. poligonoko 13-A eta 13-C lursailetan etxebizitza babestuak eraikitzerakoan, zerene ta 2009ko otsaileko uholdeek erakutsi baitzuten etxebizitza horiek uholdeak gerta daitezkeen eremu batean daudela.
Sei hilabete baino gehiago iragan direnean, oraindik ere ez du aurkeztutako eskabideen erantzunik jaso.
Irailaren 30ean, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan. Honakoa azaltzen du:
2009ko otsailean, Arrotxapeko Plan Partzialeko 9. poligonoko 13. lursaila hartzen duen eraikineko sotoak eta beheko solairua urak hartu zituen.
Eraikin horrek bi eraikin mugakidek osatuta dago: bata sustatzaile pribatu batek duela zenbait urte eraikitakoa eta bestea VINSAk bukatu duena, non [?] andreak etxebizitza bat erosi baitzuen; biek garaje mankomunatua dute sotoetan.
Uholdearen arrazoia euri jasak izan ziren. Arga ibaiaren kota, izan ere, Arrotxapetik iragaten den tartean, altuagoa zen 13. lursaileko eraikineko beheko solairuarena baino.
Argi dago uholdeen arrazoia VINSA enpresaren kontroletik kanpo dagoela. Izan ere, enpresak hirigintza planeamenduaren arabera egin zuen eraikina, eta udalak urbanizazio lanak egin eta ondoren.
Arga ibaia eremu horretan berriz bere bidetik atera dadin eragozteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurreikusia du zenbait lan egitea urte bukaera baino lehenago; besteak beste, altuera egokiko horma batzuk eraiki Arga ibaiaren eskuinaldean, ur handiei eusteko. Eraikinaren barreneko uholde arazoei dagokienez, ura ondoko bideetatik sar daiteke sotoetan:
Garajeko sarreratik eta arrapalatik.
Garajeko larrialdietarako eskaileretatik.
Igogailuen zuloetatik.
Eraikinaren arketetatik eta euri-urak eta ur zikinak kanporatzeko saretik; izan ere, handik sar daiteke kanpoko ura.
Sotoko hormetan instalazioak pasatzeko dauden hodi, juntura eta zuloetatik.
Garajeko atetik ura sar dadin eragozteko, VINSAk hasiera maldan gora duen arrapala bat eraiki du, espaloitik 35 cm gorago eginen duena.
VINSAren erakinak hornidura elektriko bikoitza du soilik lur azpiko uren ponpaketa bermatzeko (garrantzitsua da ponpak ez geratzea uholdea gertatzen ari den bitartean).
VINSAren eraikineko igogailuek sistema bat dute, zeinak pezoian ura atzemanez gero igogailuak beheko solairuan gerarazten baititu, sotoetara jaisteko aukerarik gabe.
VINSAren eraikinean, sotoko hormak zeharkatzen dituzten instalazioetako pasoak zigilatu dira.
Baina kontuan hartu behar da mugakidea den erakinarekin partekatzen den lur azpiko garajea dela, eta erakin horretan antzeko neurriak hartzen ez badira uholdea gertatzeko aukera ez dela txikiagoa izanen.
Bidezkoa da ezen, dagoen proiektuaren arabera, VINSAk eta eraikin mugakideko bizilagunen erkidegoak, Iruñeko Udalarekin koordinatuta, zenbait obra egin ditzatela, bereziki saihesteko saneamendurako eta ur zikinak eta euri urak kanporatzeko saretik ura sar dadila.
Interesdunak azaldutako gaia da departamentuak ez diola erantzun 2009ko martxoan aurkeztutako eskabideari.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua).
Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ez dio idazki horri inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Departamentuaren txostenaren edukiak erantzun antolatu, zehatz eta laburra ematen die kexa-egileak 2009ko martxoan departamentuari igorritako eskabidean egindako galderei.
Erakundeak, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [?] andreari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean. […].
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia