Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Disconformidad con la denegación de subsanación de méritos en un proceso selectivo
Exp: 09/582/F
Nº: 193
Funtzio publikoa
2009ko irailaren 4an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, Foru Komunitateko Administrazioan emandako zerbitzuak aintzat ez hartzeagatik.
Azaltzen zuen maisu-maistren kidegoan sartzeko deialdian parte hartu zuela, hain zuzen ere Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 2ko 1/2009 Ebazpenaz onetsitakoan.
Maiatzaren 13ko 990/2009 Ebazpenaz merezimenduen behin-behineko balorazioa onetsi zen, eta hartan zero puntu ematen zaizkio Hezkuntza Departamentuarentzat emandako zerbitzuei dagokien atalean.
Kexa-egileak, zeina Hezkuntza Departamentuan aritu baitzen lanean, huts bat egin zuen X batez ez zuelako markatu lauki jakin bat, zeinaren bidez Giza Baliabideen Zerbitzuari eskatzen baitzitzaion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat emandako zerbitzuak bere kabuz ekar zitzan. Uneoro uste izan zuen Giza Baliabideen Zerbitzuak ekarpen hori eginen zuela ezer ere seinalatzeko edo adierazteko beharrik gabe, ageri-agerikoa iruditzen zitzaiolako zerbitzu horiek eman egin zituela.
Inguruabar horren aurrean, eskatu zuen deialdian parte hartzeko eskabidean eginiko hutsa zuzentzen uzteko, hain zuzen ere Hezkuntza Departamentuarentzat 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturteetan emandako zerbitzuak ekarri ahal izateko.
Egindako hutsa zuzentzeko eskariari ezezkoa eman zitzaion, baina interesdunak ezezko horren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen.
Interesdunak gehitzen zuen oposizioa gainditu egin zuela, eta musika espezialitateko lanpostu bat lortu zuela. Hala eta guztiz ere, oraindik ere nahi du aitor dakion Administrazioan emandako zerbitzuei dagokien puntuazioa.
Irailaren 18an, Hezkuntza Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan. Honakoa azaltzen du:
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 2ko 1/2009 Ebazpenaz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko maisu-maistren kidegoan sartzeko eta kidego horretako karrerako funtzionarioek maisu-maistren kidegoan espezialitate berriak eskuratzeko deialdia onetsi zen.
Hirugarren oinarriko 2. puntuko 7. idatz-zatian, merezimenduen frogagiriei buruzkoan, honakoa ezartzen da:
“Merezimenduen baremoko I. atalean irakaskuntzan izandako esperientzia baloratzeari begira, interesdunek parte hartzeko eskabide orrian eskatzen ahalko dute Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gehitu ditzala Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat egindako zerbitzuak, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean ageri den dokumentazioaren arabera. Eskaera hori egiten ez bada, interesdunek aurkeztutako merezimenduak soilik baloratuko dira.”
2009ko urtarrilaren 26an, [?] andreak musika espezialitaterako (gaztelaniaz) deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztu zuen, eta bete gabe utzi zuen Giza Baliabideen Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat emandako zerbitzuak ofizioz ekartzea eskatzeko laukitxoa.
Halaber, [?] andreak ez zuen parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat emandako zerbitzuei buruzko inongo orririk.
Horrenbestez, deialdiko hirugarren oinarriko 2. puntuko 7. idatz-zatian aipatutakoari jarraituz, ezin zaizkio [?] andreari baloratu I. atalean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat emandako zerbitzuei dagokien irakasle-esperientzia, zeren eta ez baitzuen markatu Administrazioak bere kasa datu horiek ekartzeko laukitxoa, eta ez baitzuen, ezta ere, zerbitzuen orririk erantsi parte hartzeko eskabidean.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 13ko 990/2009 Ebazpenaz lehiaketaldiari dagozkion merezimenduen behin-behineko balorazioa onetsi zen. Bertan, [?] andreari 0 puntu ematen zitzaizkion aurretiko irakasle-esperientziari buruzko I. atalean.
2009ko maiatzaren 21ean, behin-behineko balorazioen aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen barruan, [?] andreak eskabide bat aurkeztu zuen. Haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko maisu-maistren kidegoan sartzeko deialdian aurkeztutako eskabidea zuzentzeko eskatzen zuen.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 11ko 1209/2009 Ebazpenaz, onetsi egin zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko maisu-maistren kidegoan sartzeko deialdiko lehiaketaldiari dagozkion merezimenduen behin betiko balorazioa.
Erreklamazioen aktan, [?] andreak aurkeztutako erreklamazioa ezetsi zen, behin espedientea berrikusi ondoren emandako balorazioa zuzena dela egiaztatzen baita. Parte hartzeko aurkeztutako eskabidea zuzendu ahal izateko [?] andreak aurkeztu zuen eskariari dagokionez, ezetsi egin zen, deialdiko bosgarren oinarriko 2. idatz-zatiak honakoa ezartzen baitu:
“Izapide horretan ezin izanen dira inolaz ere zuzendu merezimenduak frogatzen dituzten agiriak”.
[?] andreak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 11ko 1209/2009 Ebazpenaren aurka.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 30eko 1573/2009 Ebazpenaz, onetsi egin zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko maisu-maistren kidegoan sartzeko deialdia gainditu zutenen espezialitateen eta hizkuntzaren araberako zerrendak onetsi ziren.
[?] andrea musika gaztelaniaz irakasteko deialdia gainditutakoen zerrendan ageri da, guztira 5,8184 puntu dituela.
Arestian azaldutakoa kontuan izanda, esan behar a [?] andreak egindako huts-egiteak –X batez ez baitzuen markatu lauki jakin bat, zeinaren bidez Giza Baliabideen Zerbitzuari eskatzen baitzitzaion Hezkuntza Departamentuarentzat emandako zerbitzuak bere kabuz ekar zitzan– ezin duela berarekin ekarri Giza Baliabideen Zerbitzuak deialdiko oinarriak ez betetzea, aipatutako Giza Baliabideen Zerbitzuak interesdunari bertatik bertara adierazi zion bezala.
[?] andreak eskatutako salbuespenak berarekin ekarriko luke hautapen prozedura aldatzea, beste izangai batzuen kaletan, eta horrela, gainera, oposizio-lehiaketa batean exijitzen diren berdintasuneko eta inpartzialtasuneko gutxieneko bermeak urratuk ziren, hain zuzen ere [?] andreak gainditu duen oposizio-lehiaketa, gaztelaniaz musika espezialitatea irakasteko praktiketako funtzionario lanpostua, maistra lanpostua, lortu baitu.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 11ko 1209/2009 Ebazpenaren aurka, kexa-egileak, 2009ko ekainaren 18an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Errekurtso hori, gaur den egunean, 2009ko urriaren 1ean, ebatzi eta jakinarazi gabe dago.
Hura ebazteko eta jakinarazteko legez ezarritako gehieneko epea, berriz, joan den irailaren 18an amaitu zen. Hori dela eta, ez zitzaion Hezkuntza Departamentuari eskatu errekurtsoa ebazteko epeari buruz informatzeko, zeren eta irailaren 8an, informazioa eskatzeko idazkia igorri zen egunean, oraindik ere ebazteko eta jakinarazteko epearen barruan baitzegoen.
Inguruabar horren aurrean, erakundeak uste du ezin saihestuzkoa dela aztertzea Hezkuntza Departamentuak ezarritako epean ebazteko duen legezko agindua bete ez izana. Inguruabar hori jada ohiko bilakatzen ari da. Ikusi besterik ez dago zenbatetan gogorarazi dion erakunde honek aipatu departamentuari gora jotzeko errekurtsoak ezarritako epean ebatzi eta jakinarazi behar dituela.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazio publikoek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori legez edo erregelamenduz ezarritako gehieneko epean bete behar da. Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko epea hiru hilekoa da (42.2 artikulua, aipatutako 30/1992 legeko 115.2 artikuluarekin lotura duena).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko duten eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
Hemen planteaturiko kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nabarmenki ez du bete behar den epean ebazteko eta jakinarazteko zuen legezko betebeharra. Horrenbestez, interesdunak administrazio zuzenerako duen eskubidea ere kaltetu da, hain zuzen ere abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 7. artikuluaren indarrez badaukana.
Jada adierazi dugun bezala, ondorio prozesal hutsetarako besterik ez bada ere, uler daitekeen arren gora jotzeko errekurtsoa ezetsi egin dela, gogoratu beharra dago aipatutako gora jotzeko errekurtsoa berariaz ebatzi behar dela.
Funtzio Publikoaren arloko hautaprobei aplikatzekoa zaien printzipio orokorra da hautaproba horien oinarriak, behin haietara aurkezten diren izangaiek onartu eta ondoren, “lehiaketaren legea” direla, eta parte-hartzaileek ezin dituztela haiek aldatu, aurretik onartu baitituzte.
Deialdiko hirugarren oinarriko 1. idatz-zatian ezartzen da parte hartzeko eskaria eskabide baten bidez eskatu behar dela, eta eskabide hori departamentuko bulegoetako batean eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean dagoela.
Eskabidea dokumentu estereotipatua da, eta haren ataletako batean laukitxo bat ageri da, kexa-egileak “X” batez markatu zuena. Honakoa zioen: “B,2) ariketaren ordez unitate didaktikoari buruzko ezagutza baloratzen duen txostena aurkezteko aukeraren alde egiten dut. Horretarako, deklaratzen dut 2008/2009 ikasturtean honakoan ari naizela zerbitzua ematen: (kexa-egileak “X” batez markatu zuen bigarren laukia) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua” (kexa-egileak osatu zuen lanean ari zen ikastetxearen izena jarriz: Vázquez de Mella).
Beherago, eskabidean, lauki bat zegoen, zeina huts-egite batez edo utzikeriaz, kexa-egileak ez baitzuen “X” batez markatu. Honakoa zioen: “Giza Baliabideen Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat emandako zerbitzuen orria ofizioz aurkez dezala eskatzen dut”.
Kexa-egileak uste izan baitzuen Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko zuela emandako zerbitzuen zerrenda, horretarako behar zuen dokumentazio guztia baitzuen, zeren eta zerbitzu horiek deialdia egiten zuen departamentu berarentzat emanak baitziren, ez zuen emandako zerbitzuen inongo ziurtagiririk erantsi, eta horrek berarekin ekarri zion merezimenduen puntuazioan zero puntuko balorazioa lortzea.
Deialdiko hirugarren oinarriko 6. idatz-zatian ezartzen da eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendu behar zaizkiola.
Zortzigarren oinarriko 2. idatz-zatian (Hautapen sistema. Lehiaketaldia), honakoa ezartzen da: Deialdiko I. eranskinean (Irakasle lanean emandako zerbitzuak) jasotako baremoen arabera izangaiei dagokien puntuazioa honako hauek emanen dute:
Urte bakoitzeko, 0,7 puntu; urteko zatiki bakoitzeko: 0,0291 puntu. Eranskin horretako I. atalari dagokionez, Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikitako langileek emanen dute.
Hirugarren oinarriko 2.A.6. idatz-zatian, honakoa ezartzen da: “Izangaiak B.2) ariketa egitearen ordez txostena aurkezten badu eta parte hartzeko eskabidean adierazten badu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan ari dela lanean, zerbitzu-orria Giza Baliabideen Zerbitzuak eginen du ofizioz”. Kexa-egileak, aurretik azaldu bezala, B.2) ariketaren ordez txostena aurkeztearen alde egin zuen, eta adierazi zuen Hezkuntza Departamentuarentzat ari zela lanean, eta horrekin suposatu zuen, deialdiko oinarriena arabera, Giza Baliabideen Zerbitzuak emandako zerbitzuak ekarriko zituela. Halaber, Giza Baliabideen Zerbitzuari egokitu zitzaion (Zortzigarren oinarriko 2. idatz-zatia) aurretiko irakasle esperientziarengatiko puntuazioa ematea. Inferitu daiteke, logika eta arrazoi guztiz, Giza Baliabideen Zerbitzua konturatu zela kexa-egilearen akatsaz edo huts-egiteaz, hau da, aurkeztutako eskabidean atzemandako okerraz. Are gehiago, ezinezkoa da Giza Baliabideen Zerbitzua ez konturatzea eskabideko akatsaz, zeren eta irakasle-esperientziaren baremoan zero puntu edukita ezinezkoa baitzen B.2) ariketa ordeztea, zeren eta horretarako eskatzen baitzen 2008-2009 ikasturtean departamentuan lanean ari izatea.
Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2003ko otsailaren 4ko epaiak nabarmendu zuen Auzitegi Goreneko Seigarren Sekzioko Hirugarren Salaren 1997ko uztailaren 7ko epaiaren bidez Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluaz ezarritako irizpidea, honakoa aitortu baitzuen: “hutsegiterik bada edo akatsik badago, organo administratibo eskudunak interesdunari jakinarazi beharko dio hori, eta akats edo hutsegite horiek adierazi beharko dizkio; hamar eguneko epea emanen dio kasuan kasukoa zuzentzeko, eta ohartarazi beharko dio hala egiten ez badu espedientea artxibatu eginen dela”.
2003ko otsailaren 4ko epai berean, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak uste du “legeko 71. artikuluan ezarritako zuzentzeko printzipioa nagusitu behar dela bere zabaltasun osoan, eta interesdunari eskatu behar zaiola eskabidean egon daitezkeen akatsak zuzentzeko. Eta hori sala horrek behin eta berriz aipatu duen jurisprudentzia da, zeinetatik honako irizpideak azal baitaitezke:
Oposizio edo lehiaketa bateko akatsak guztiz zuzentzekoak izateari buruzko tesia Auzitegi Gorenaren 1990eko azaroaren 6ko epaian aitortu da, hutsegitea zuzentzeko modukoa dela jo baitzuen; horrek ez du hausten jurisprudentziak lehiaketaren oinarrien izaera lotesleari buruz ezarritako doktrina, hura ere aurkatutako epaian aipatzen baita.
Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak kexa-egileari esleitzen dio eskabidean atzemandako akatsak prozedurazko eskubide subjektiboa. Hartarako ekimena, berriz, hemen gertatu denaz bestera, Administrazioari dagokio, behar den errekerimenduaren bitartez.
Kexa-egilea, hautapen prozeduran parte hartzen zuena, deialdiko oinarriak bete behar zituen ezinbestez, eta haren gainean zegoen dokumentazioa aurkezteko zama, hain zuzen ere oinarritan ezarritakoari jarraituz, hala izan behar baitu prozesu huen funtzionamendua parte-hartzaile guztientzat berdina izan dadin eta erregulartasun normalaz gara dadin, administrazio-eraginkortasunaren printzipio konstituzionalak exijitzen duen bezala (Espainiako Konstituzioko 103.1 artikulua).
Aurrekoaren ildo beretik, Auzitegi Goreneko Zazpigarren Sekzioko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2004ko irailaren 14ko epaiak, honakoa gehitu zuen: “Baina azpimarratu beharra dago, era berean, arestian adierazi diren arrazionaltasun eta proportzionaltasun irizpide horiek ez dutela biderik ematen behin eta berriz aipatutako oinarrien ez-betetze gisa baloratzeko oinarri horiek onartzearen aurkakoak ez diren izangaien jokabideak, baizik eta esanahiari edo irismenari buruzko arrazoizko zalantzak dauden jokabideak. Azken hori gertatzen denean, bidezkoa izanen da hasieran egin den akatsa zuzentzeko baimena ematea”.
Erakunde honen irizpidearen arabera, arrazoizko zalantza hori aintzat hartzekoa da aztertu dugun kasu honetan, eta egokitzat jo behar da bide administratiboan hutsegitea zuzentzea, zeren eta kexa-egilea sinetsita baitzegoen irakasle-esperientziari buruzko merezimenduak Giza Baliabideen Zerbitzuak ekarriko zituela, emandako zerbitzu horiek bere artxiboetan baitzeuden dokumentatuta eta aipatu zerbitzuari baitzegokion, deialdiko oinarrien arabera, haiek barematzea.
Bestalde, Kantabriako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2007ko otsailaren 20ko epaian honakoa azaldu zen: “Zuzenbidearen espiritualizatze progresiboa ez dator bat formula sakramentalak erabiltzearekin, hain zuzen ere haiek guztiz ongi betetzearen menpean egonik, zuzentzeko inongo aukerarik eman gabe, eskubideen baliatzea bera. Inprimaki estereotipatuak edo prozesu informatikoak eta mekanismoak erabiltzea, azken batean Administrazioaren jarduera erraztera eta interesdun askorengan eragina duten prozedurak modu masiboan kudeatzera bideratuak, lehia-prozeduretan gertatzen den bezala, ezin da herritarrentzako tranpa saduzear bilakatu.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea hautapen prozeduretan parte hartzeko eskabideetako akatsak edo hutsegiteak zuzentzeko errekerimenduak egin behar dituela legez, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan eta jurisprudentziaren interpretazioan ezarri bezala, eta kexa-egilearen “Irakasle lanean emandako zerbitzuak” merezimenduko puntuazioa aldatu behar duela, hain zuzen ere Administrazioan 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturteetan emandako zerbitzuak kontuan izateko.
Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia