Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 28ko 194/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 28

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de respueta por el Concejo de Azanza apeticiones de una vecina

Exp: 10/646/D

: 194

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 26an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Aizkoako Kontzejuaren aurka, zenbait eskariri erantzunik ez emateagatik.

    Kexan azaltzen zuenez, 470 euro ordain ziezaizkion eskatu zion Kontzejuari, plazaren zati baten konponketarengatik; izan ere, berak konponketaren ordainketa aurreratuko zuela adostu zuten, plaza behar bezala egon zedin Deierriko festetan, eta Kontzejuak ez dio diru hori ordaindu. Orobat zioen bere jabetzako larrain batean bizilagunen nekazaritza-lanabesak uzteko baimena eman zuela, lursail bat libre utzi ahal izate aldera bertan haurren jokoak para zitzaten, festak bukatutakoan (2009ko ekainean) jokoak kentzeko baldintzarekin, baina oraindik kendu gabe daude. Bukatzeko zioen bere etxe ingurua argiztatzen duen kale-argi bateko bonbilla aldatzeko eskatu zuela, baina Kontzejuak ez duela bonbilla hori aldatu nahi.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, Aizkoako Kontzejuari txosten bat egiteko eskatu genion 2010eko irailaren 1ean. Emandako epea iragan zen, eta Departamentuak ez zuen eskatutako txostena bidali.

    2010eko urriaren 7an, berriz eskatu genuen txostena. Azkenean, txosten hori 2010eko urriaren 25ean heldu zen erakunde honetara.

Igorritako txostenean, honakoa ageri da:

  • Lehendabiziko auziari dagokionez: Ez dago inolako akordiorik 470 euroren ordainketari buruz. Gertatu zena izan zen Deierriko alkatearen ebazpen baten bidez lizentzia eman zitzaiola etxebizitza eraikitzeko obretarako, eta bizilagunak, bere erosotasunerako, Kontzejuari eskatu ziola etxe aurreko zati bat hormigoitu ahal izatea, lurrez estalia baitzegoen, eta horretarako baimena eman zitzaion.

  • Larrainaren erabilerari dagokionez, une honetan lanabes bakarra gelditzen da han, eta horren jaberari esanen zaio berehala ken dezan handik.

  • Bonbilla aldatzeari dagokionez, Kontzejuak bere garaian erabaki zuen bonbilla ez aldatzea; izan ere, eremu horren argiztapena ikusita, kale-argi horrek ematen duen argia ez da beharrezkoa, eremua aski argiztatzen baitute beste kale-argi batzuek, eta alferreko gastua izanen litzateke.

AZTERKETA

  1. Kexan azaltzen den lehen auzia da Kontzejuak 470 euro ordaindu beharko lituzkeela, kexa-egilearen kargura jarri zelako bere etxe aurreko lursail publiko bateko zoladura.

    Kexa-egileak dioenez, Kontzejuak hitz eman zion zoladura jartzearen kostua ordainduko ziola, eta 470 euroko faktura aurkeztu zuen horretarako. Kontzejuak dioenez, berriz, ez zen inolako akordiorik egin zoladura jartzearen kostua ordaintzeko, eta bere garaian erabaki zena izan zen hari baimena ematea lursail horretan zoladura jartzeko, etxebizitza eraikitzeko obren lizentzia ematen zuen Deierriko alkatearen ebazpen baten bidez.

    Gauzak horrela, eta aldeek ez dutenez adierazten dutena baieztatzeko agiririk –antza denez, auzi honi buruzko harremanak ahozkoak izan ziren–, erakunde honek ez dauka behar adina daturik horri buruzko iritzi kategorikorik emateko. Alegia, ez dauka behar adina elementurik Kontzejuaren aldetik ez-betetzea egon denik deklaratzeko.

  2. Beste bizilagun batzuek kexa-egilearen jabetzako larrain bat lanabesak uzteko erabiltzeari dagokionez, Kontzejuaren txostena ikusita esan daiteke auzi hori konponbidean dagoela eta, itxura batean, laster kenduko dela han gelditzen den lanabes bakarra.
  3. Azkenik, kexa-egileak eskatzen du argiteria publikoko kale-argi bateko bonbilla alda dezaten. Kontzejuak dio bonbilla ez aldatzeko erabakia hartu zuela, kale-argi horrek ematen duen argia ez delako beharrezkoa, ingurua aski argiztatuta dagoenez gero alferreko gastu bat ekiditen duelako horrela.

    Auzi horri buruz zenbait hausnarketa egin beharra dago. Argiteria publikoa zerbitzu publiko bat da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 39. artikuluaren arabera kontzejuek eman beharrekoa, artikulu horrek arlo horretako eskumena esleitzen baitie kontzejuei.

    Zerbitzu publikotzat hartzen dira administrazio arduradunek eman beharreko jarduketak edo prestazioak, interes orokorreko beharrizan jakin batzuk modu erregular eta jarraituan asetze aldera, esaterako herriguneetako argiteria; zerbitzu publikoak, hortaz, irizpide teknikoei jarraikiz eman behar dira beti, Administrazioko organo eskudunak behar bezala onetsitako proiektu teknikoan jasotakoari jarraikiz. Beharrezkoa den plangintza teknikoa egiteaz gain, zerbitzu publikoek haren funtzionamenduaren kontrola eta ebaluazioa egin behar dute, bai eta unean-unean bete beharreko beharrrizanena ere, hala zerbitzu publikoaren osaerari dagokionez nola haren zentzu material eta operatiboari dagokienez ere. Zerbitzu publikoek modu erregular eta jarraituan funtzionatu behar dute, zerbitzu horien onuradunen beharrizanak egokiro asetze aldera.

    Halatan, kale-argi edo argi-une hori bazter uzteko Kontzejuak darabilen argudioa ez da, a priori, nahikoa. Bere garaian kale-argia han jarri baldin bazen izan zen herriko edo inguru horretako argiteria publikoa paratze aldera egin zen proiektu teknikoak ezarri zuelako leku horretan argi-une bat jarri beharra zegoela. Horrenbestez, argi-une hori ustez beharrezkoa ez delako kendu nahi izanez gero, zenbait formalitate bete beharko dira, hala prozedura arloan nola arlo teknikoan, eta Kontzejuak ez du halakorik egin; alegia, arlo horretako eskumeneko txosten tekniko batean oinarritu behar da erabakia, eta, kasua bada, Kontzejuak erabaki baten bidez aldatu beharko du eremu horretako argiteria publikoaren plana edo proiektua, aldaketak ukitutako pertsonei entzun ostean.

    Kontzejuak jakin behar du bere erabakiak eta bere eskumeneko zerbitzu publikoak ezin direla egon une jakin batean bizilagun batekin izan ditzakeen harremanen mende; aitzitik, objektiboak eta eraginkorrak izan behar dute, eta segurtasun juridikoan oinarrituta. Ezin da egun batean erabaki kale-argi bat paratzea eta hurrengoan modu arbitrarioan erabaki kale-argia egotea baina bonbillarik ez. Konstituzioko 9.3 artikuluak botere publikoen arbitrariotasuna debekatzen du, baina irizpidea modu objektiboan aldatzeko aukera ematen du, aldez aurretik interesdunari entzunda eta hari jakinarazpena eginda, baina kasu honetan ez da halakorik egin.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Aizkoako Kontzejuari gomendatzea kexaren xede den kale-argiko bonbilla alda dezan, non eta ez duen eremu horretako argiteriaren proiektua behar diren baldintzak beteta aldatzen.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Aizkoako Kontzejuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Aizkoako Kontzejuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia