Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de contestación a dos instancias
Exp: 10/711/D
Nº: 193
Eskubideen sustapena
2010eko irailaren 15ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Barañaingo Udalaren aurka, ziurtagiri bat ez emateagatik eta bi eskabideri erantzunik ez emateagatik.
Azaltzen zuenez, 1986ko apirilaren 1etik 1986ko maiatzaren 31ra bitarte egin zuen lan Barañaingo Udalean, eta hala ageri da jasota Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako lan-bizitzaren txostenean.
Zioenez, lan egindako denboraren ziurtagiria eskatu zion Udalari, eta ahoz adierazi zioten ezin zutela halakorik egin, bere la kontratua ez zeukatelako artxibatuta. Orobat zioen birritan zuzendu zaiola idatziz Udalari –2009ko azaroaren 12an eta 2010eko apirilaren 19an–, lan egin izanaren froga gisa onar zezaten lan-bizitzaren txostenean jasota ageri dena, Udalean lan egindako denboraren ziurtagiria ematearen ondorioetarako, baina ez du erantzunik jaso ez kasu batean ez bestean.
Eskatutako txostena 2010eko urriaren 22an sartu zen erakunde honetan; hartan ondokoa adierazten da dagokigunari buruz:
Auzi-jartzaileari dagokionez, udal artxiboetan ez da ageri inolako espediente pertsonalik, Barañaingo Udalarekin lan-harremanen bat izan duela egiaztatzen duenik. Ikuskapena egitean, Udalaren Giza Baliabideen Arloak Barañaingo Udaleko langileen matrikula liburua aztertu zuen –agiri hori nahitaezkoa zen 2001era bitarte–, non enpresa bakoitzak bere langile guztiak inskribatzen zituen zerbitzuak ematen hasten ziren unean berean, Gizarte Segurantzari buruzko 1994ko Lege Orokorra onetsi zuen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuko 101. artikulu zaharrarekin bat. Agiri horretan ere ez da idazkunik jasota ageri auzi-jartzailea identifikatzeko datuekin, ez hark adierazitako datan ez beste batean ere.
Udalak ez du zalantzan jartzen ez Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak emandako lan-bizitzaren txostenaren egiazkotasuna ez [?] andrearen fede ona ere, baina ezin du inolaz ere fede eman udal honekin lan-kontratu bat egin izanari buruz; izan ere, hala eginen balu, Administrazio Publikoei eskatu beharreko segurtasun juridikoaren printzipioa urratuko luke.
Kexa bi gairi buruzkoa da. Bata, kexa-egileak udalarentzat lan egindako denbora egiaztatzeko ziurtagiria eman ez izanari buruzkoa. Bestea, kexa-egileak aurkeztutako bi eskabideri erantzunik eman ez izanari buruzkoa.
Eskatutako ziurtagiria ez emateko Udalak darabilen arrazoia da udal artxiboetan ez dela jasota ageri espediente pertsonalik, interesdunarekiko kontratu-harremana egiaztatzen duenik, eta udalaren langileen matrikula liburuan ez dela idazkunik jasota ageri hura identifikatzen duenik ez hark adierazitako datan ez beste batean ere. Ondorioz, udalak uste du ezin duela kontratu-harreman baten fede eman baldin eta ez bada hala jasota ageri.
Erakunde honek uste du, aldiz, ezin dela albo batera utzi Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kexa-egilearen lan-bizitzari buruz egindako txostena, zeinetan espresuki ageri baitira jasota interesdunak adierazitako kontratazioa eta udalarentzat lan egindako egunak. Txosten horretatik ondoriozta daiteke kontratazio hori egin egin zela, eta hala baldin bada, ezin da auzitan jarri interesdunak eskubidea duela udalarentzat lan egindako denboraren ziurtagiria egin dakion.
Bada, udalak bere txostenean emandako datuetatik ondorioztatzen da udal zerbitzuek ez dituztela jorratu bere esku dauden aukera guztiak ikertzeko ea lan- edo administrazio-kontratu bidezko harremana egon ote zen, interesdunak dioen legez. Zehazki, kontratu-harreman hori egon ote zen modu fede-emailean egiazta daiteke adierazitako data horietan langileei egindako hileko ordainketa-aginduak aztertuta, edo 1986an langile bakoitzari PFEZean kendutakoaren urteko aitorpena aztertuta.
Dokumentazio horretan interesdunari buruzko datuak ageriz gero (haren ordainsariak edo/eta PFEZeko kenkariak), horietan oinarritua eskatzen ahalko da kontratu-harremanaren nahiz udalarentzat lan egindako egunen ziurtagiri fede-emailea.
Azaldu legez, kexa-egileak orobat salatzen du udalak ez diela erantzunik eman 2009ko azaroaren 12an eta 2010eko apirilaren 19an aurkeztutako eskabideei.
Barañaingo Udalak ez du horri buruz deus ere esaten bere txostenean; horrenbestez, ulertu beharra dago eskabide horiei ez zaiela idatziz erantzun.
Horri dagokionez adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak espresuki ebazteko betebeharra jasotzen du.
Hortaz, araudi horren arabera, Barañaingo Udala legez behartuta dago eskabide guztiei erantzun bat ematen, idatziz normalean eta epearen barruan betiere.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Barañaingo Udalari gomendatzea, ebazpen honetako 2. puntuan azaldutakoarekin bat, dauden bide guztiak jorra ditzan aztertzeko eta egiaztatzeko ea kexa-egilearekin kontratu-harremanik izan ote zuen, eskatutako ziurtagiria ematearen ondorioetarako.
Barañaingo Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egileak aurkeztutako bi eskabideei– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.
Bi hilabeteko epea ematea Barañaingo Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia