Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 27ko 207/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urria 27

Osasuna

Gaia: Falta de diagnóstico médico definitivo sobre su enfermedad

Exp: 09/521/S

: 207

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 31n, kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan, [?] andreak aurkeztua, bere osasun egoerari buruzko behin betiko diagnosi bat edukitzeko pairatzen ari zen itxaronaldiari buruz.

    Azaltzen du 2008ko apirilaren 30ean, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzura joan behar izan zuela min handiak zituelako. Une hartan, laguntza eman zioten eta digestioko espezialistarengana bideratu zuela. Digestioko espezialistarengana joan ondoren, beharrezkotzat jo zuen proba gehiago egin ziezazkioten, diagnosi bat egin ahal izateko. Bost hilabetez itxaron ondoren eta zenbait bisitatara joan ondoren, oraindik ere proba horiek egiteko zitarik gabe jarraitzen zuen, nahiz eta hura deribatu zuen doktoreak nabarmendu zuen lehentasunezkoa zela hari probak egitea.

    Adierazten du probek ez zutela emaitza erabakigarririk eman eta, horrenbestez, ginekologia zerbitzura bideratu zutela. 2009ko martxoaren 13an, Medillorriko anbulatoriotik Agoitz kaleko Zabalguneko eta Alde Zaharreko Emakumeari Laguntzeko Zentrora, fax bidez, lehentasunezko bolante bat igorri zuten. Zitazioan apirilaren 22a jarri zen kontsultarako egun gisa.

    Apirilaren 1ean, pairatzen zuen egoera txarraren ondorioz, ginekologo pribatu batengana joatea erabaki zuen. Hark, zenbait esplorazio eta proba egin ondoren, haztatuz, tumore-masa trinko bat atzeman zion Douglas-en tartean. Haren aholkuari jarraituz, digestioko espezialistarentzako ordua eskatu zuen, ginekologiako espezialistarengana joateko orduari eutsita. 2009ko apirilaren 6an, gertatutakoengatiko erreklamazio bat aurkeztu zuen. Hitzez erantzun zioten jada zita bat hartua zuela ginekologiako espezialistarekin. Kontsulta horretan, berriz ere esan zioten digestioko arazo bat zela.

    Interesdunak eskatzen zuen behar ziren probak egiteko eta adierazteko zer zen zeukana, zeren eta urtebete iragan ondoren, minak handiagoak baitziren, eta osasun-egoera, berriz, okerrera egiten ari zen.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bat igorri nion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadan.

  3. Osasun kontseilariak hitzez hitz honakoa dioen txostena igorri zuen:
    1. “2009ko apirilaren 4an,[?] andrea Bideko Ama Birjina Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzura joan zen, eta sabelaldean mina zuela adierazi zuen (kopia erantsi dugu).

    2. [?] andreak, 2009ko apirilaren 6an, erreklamazio bat aurkeztu zuen (kopia erantsi dugu), Zabalguneko eta Alde Zaharreko Emakumeari Laguntzeko Zentroan lehenbailehen zita eman ziezaioten nahi zuelako. Apirilaren 8an, erantzuna emateko idazkia igorri zitzaion, 000225/2009 irteerako erregistro-zenbakiarekin (kopia erantsi dugu). Hartan adierazten zaio apirilaren 14rako eman zaiola zita (apirilaren 14ko esplorazioaren kopia erantsi dugu).

    3. Gero, 2009ko ekainaren 9an, [?] andreak beste erreklamazio bat aurkeztu zuen, ahal bezain laster ebakuntza kirurgikoa egin ziezaioten nahi zuelako. 2009ko maiatzaren 21etik itxaron zerrendan dago, mioma batengatik lanparoskopia bidezko interbentzio bat egiteko. Familiako sendagilearen idazki bat aurkeztu zuen (kopia erantsi dugu), ildo berekoa. Ginekologoak balorazioa egin ondoren, erantzuna bidali zitzaion, ekainaren 23an (kopia erantsi dugu), 343/09-06-26 irteerako erregistroarekin. Hartan jakinarazten zaio interbentzioa uda eta ondoren eginen zaiola.

    4. 2009ko apirilaren 24an, [?] andrea Bideko Ama Birjina Ospitalera joan zen, endoskopia digestibo bat egitera; apirilaren 29an, zentro berera joan zen erresonantzia magnetiko bat egitera. (2 proba horien kopia erantsi dugu).

    5. Azkenik, haren historia kliniko informatizatua azterturik (kopia erantsi dugu), ikusi dugu abuztuaren 18an ospitaleratu zela, lanparoskopia bidezko interbentzioa egiteko (kopia erantsi dugu). Eboluzioa ona da, konplikaziorik gabekoa. Diagnosia fibroma obarikoa da, atxikiduren koadro batekin. Abuztuaren 21ean alta eman zioten, tratamendu berezirik jarri gabe, analgesikoak izan ezik, haien premia izatekotan. Adierazten zaio hilabeteko epean errebisio bat eginen zaiola, kontsultetarako zentroko Ginekologia Organikoko kontsultan. Halaber, jasota dago irailaren 9an, 11:45ean, errebisioko kontsulta duela Zabalguneko eta Alde Zaharreko Emakumeari Laguntzeko Zentroan.

      Azaldutako guztia dela eta, uste dugu [?] andrearen gaixotasunaren jarraipen egokia egin dela eta diagnosiko proba osagarri batzuk egin zaizkiola, eta haien bidez beste maila batzuetako patologiak baztertzeko aukera izan dela.”

AZTERKETA

  1. Kexa-espediente hau izapidetzeko aldian [?] andreari, azkenean, fibroma obariko bat, atxikiduren koadro batekin, diagnostikatu bazaio ere, eta abuztuaren 18an lanparoskopia bidezko interbentzioa egin bazaio ere, eboluzio onarekin eta konplikaziorik gabe, bidezkoa da erakunde honek bere iritzia ematea atzemandako hutsuneei buruz, oraingo kasuan, osasun prestazioetarako itxaronaldien kudeaketari dagozkionak.
  2. Espainiako Konstituzioak, 43. artikuluan, osasun babeserako eskubidea aitortzen du. Deklarazio horrek berekin dakar botere publikoak osasuna antolatu eta zaindu behar izatea, prebentzio neurrien bidez, prestazioen bidez eta behar diren zerbitzuen bidez.

    Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 53. eta 54. artikuluetan ezarritako eskumenen esparruan aldarrikatuak, osasun laguntzaren ororenganatzea ezarri zuen, inor baztertu gabe, Nafarroako herritar guztientzat.

    Foru lege horrek osasun sistemaren jarduera oro gidatzen duten printzipioak ezarri zituen. Honakoak hain zuzen ere: osasunaren kontzeptu integrala, efizientzia, ekitatea, deszentralizazioa, zerbitzu ematearen kalitatea eta humanizazioa, parte-hartzea, askatasuna eta baliabideen plangintza eta erabilera. Printzipio horiek osasun kudeaketarako sistema bati begiratzen diote, halako moduan non osasun zerbitzuen jardun autonomo eta parte-hartzailearen bitartez eskueran dauden osasun baliabide guztiak modu efizientean erabiliko diren.

    Osasunari buruzko Foru Legeko artikuluetan eskubideei buruz aurreikusitako markoa osatzeko, apirilaren 6ko 12/1999 Foru Legearen (Osasunbideak programatutako ebakuntzak egiteko itxaron zerrenden gaineko ebaluazio eta esku-hartze programa bat finkatu zuen) eta Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legearen aurreikuspenak aipatu behar dira.

    Itxaron zerrendak osasun sistema publikoen ezaugarrietako bat dira, herritarrengan sentiberatasun berezia sorrarazten duena. Hori dela eta, osasun prestazioaren eskakizunei erantzuteko epe egoki bat bermatzea da herritarrek gehien baloratzen dituzten alderdietako bat, eta, hain zuzen ere, osasun zerbitzuek modu egokian erantzun ahal diote herritarren nahi horri.

    Itxaronaldiak gutxitzeko xedez, Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legea aldarrikatu zen. Lege horrek konponbidea ematen die osasun laguntzaren eskaeraren eta osasun zerbitzu publikoen eskaintzaren arteko desorekei, eta Nafarroako herritarrentzat onartzeko moduko itxaronaldiak bermatzen ditu; horretarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (O-NOZ) errespetatu beharreko muga batzuk ezartzen ditu.

    Foru lege horren 3. artikuluan gehienezko itxaronaldiak ezartzen dira osasun laguntza espezializatua –laguntza programatua denean, eta larrialdikoa– behar duten gaixoentzat. Artikulu horretako c) idatz-zatiak honakoa ezartzen du: “proba diagnostikoak: fakultatiboak eskatu eta 45 egun naturaleko gehieneko epean egitea bermatzen da”. Aztergai dugun kasuan, [?] andrea, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzura joan eta gero, digestioko espezialistarengana bideratu zuten, eta azken horrek beharrezkotzat jo zuen hari zenbait proba egitea, behin betiko diagnosia eman ahal izateko. Hala eta guztiz ere, kexa-egileak azaldu duen bezala, proba horiek ez ziren egin harik eta bost hilabete iragan ziren arte.

    Osasun Departamentuak, bere txostenean, ez du aipatzen zein den probak egiteko izan den geroratze horren arrazoia; horrenbestez, argi dago Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeko 3 c) artikuluan ezarritakoa urratu dela.

    Geroztik, Ginekologia Zerbitzura igorri zuten interesduna, lehentasunezko bolantearekin, 2009ko martxoaren 13an, eta apirilaren 14ra arte ez zioten kontsultarako zitarik eman. Horri dagokionez, berriz ere aipatu behar dugu uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeko 3. artikulua, zeinak c) letran ezartzen baitu lehentasunezko kontsultetarako 10 eguneko gehienezko epea dagoela, fakultatiboak eskaria egiten duenetik kontatzen hasita.

    Horrenbestez, argi gelditzen da kasu honetan Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legean ezarritako epeak gainditu direla; eta ezin da ulertu interesdunak bere osasuna babestua izateko zuen eskubidea arrazoizko epe batean bete denik.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Legeko 3 b) eta c) artikuluak beti betetzeko legezko betebeharra duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia