Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 27ko 206/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urria 27

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Falta de ejecución de resolución del Tribunal Administrativo de Navarra estimatoria de pretensión de retirada de semáforo

Exp: 09/536/I

: 206

Trafikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko abuztuaren 11n, [?] jauna ordezkatuz [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat azaltzen du Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen bat ez delako betearazi.

    Azaltzen du 2005ean, Tafallako Udalak semaforo bat ezarri zuela, legez kanpo jarri ere, interesdunaren jabetzapeko higiezin baten fatxadan. Behar ziren errekurtsoak aurkeztu ondoren, Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2008ko urtarrilaren 30eko 447. Ebazpenaren bitartez (06-3746 espedientea), udal jarduera legez kanpokoa dela deklaratu zuen. Zehazki, ebatzi zen Tafallako Udalak bietako bat egin behar zuela: edo kasuko desjabetze espedientea abiarazi behar zuen, edo legez kanpo ezarritako semaforoa erretiratu behar zuen.

    2008ko maiatzaren 21ean, emandako ebazpena betearaz zedin sustatu zuen interesdunak, hain zuzen ere ebazpen horretan adierazitako jardueretako bakarra ere ez zuelako betearazi Tafallako Udalak.

    Idazki horren ondotik, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren probidentzia heldu zen (2008ko abuztuaren 14ko 153 ebazpen-probidentzia), zeinaren bitartez udalari agindu baitzitzaion hilabeteko epean emandako ebazpena bete zezan “errekurtso-egilearen jabetzapeko eraikineko fatxadan jarritako semaforoa erretiratuz; aditzera ematen zaio, halaber, hala egiten ez badu ez-betetze hori Nafarroako Gobernuari jakinaraziko zaiola”.

    Udalak, interesdunak dioenaren arabera, oraingoan ere ez zion inongo kasurik egin Nafarroako Administrazio Auzitegiak agindutakoari. Hori dela eta, 2008ko azaroaren 18an, [?] jaunak beste idazki bat aurkeztu zion Nafarroako Administrazio Auzitegiari, zeinaren bitartez eskatzen baitzion arau indardunetan ezarritakoari jarraituz, ez-betetzea Nafarroako Gobernuari jakinaraz ziezaion, ebazpenaren betearazte subsidiarioari ekin ahal izateko.

    Hala eta guztiz ere, interesdunak dio iragan den denbora iraganda ere, kexa aurkezteko garaian ebazpena ez dela betearazi eta semaforoa oraindik ere lehengo tokian dagoela. Egoera hori, haren esanetan, bere eskubidea urratzen du.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zien ukitutako administrazioei.

    Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko lehendakariak irailaren 2an emandako txostenaren bitartez, kasuaren aurrekariak azaldu ondoren, ondorioztatzen du “iragan den denbora iraganda ere, Tafallako Udalak ez diola auzitegi horri jakinarazi zein jarduera egin dituen gure ebazpena betearazteko; hori dela eta, gaurko datarekin, txosten bat eta espedientearen kopia bat igorri dizkiogu Nafarroako Gobernuari, Toki Administrazioko Departamentuaren bitartez, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aztergai dugun ebazpenaren betearazte subsidiarioaren eraginetarako”.

    Tafallako Udalak, urriaren 7an erakunde honetan jasotako txostenaren bitartez, honakoa adierazi zuen: “Une hauetan, (Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena) betearazteko aurrera eraman daitezkeen aukerak baloratzen ari gara, halako moduan non, azkenean semaforoa kentzen bada, ahal den kalte eta arrisku txikienak eraginen baitzaizkion Tafalla hiriko ibilgailuen trafikoari, berez ere nahikoa arazo izaten baitira.

    Espero dezagun konturatzea arazo hori zeinen delikatua izan daitekeen, zeren eta une hauetan ibilgailuen trafikoak herriaren erdigunea zeharkatzen baitu eta haren erregulazioaren aldaketa txikienak ere izan ditzakeen ondorioak aztertu behar baitira, gauzatu aurretik. Nolanahi ere, behin erabakia ahal den epe laburrenean hartzen denean, interesdunari eta Nafarroako Arartekoari jakinaraziko zaie”.

AZTERKETA

  1. Aurrekarietatik eratortzen denez, kexa-egileak adierazi du ez dagoela ados Nafarroako Administrazio Auzitegiak bere interesen alde emandako ebazpena ez betearazteagatik pairatzen ari den egoerarengatik.

    Hain zuzen ere betearazten ez delako salatu den ebazpen hori Tafallako Udalaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa jartzearen ondorioz eman zen. Errekurtsoa berriz, interesdunaren jabetzapeko erakin baten fatxadan semaforo bat ezarri zuelako jarri zen. Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2008ko urtarrilaren 30eko ebazpenaren bitartez, deklaratu zuen udalaren jarduna legez kanpokoa zela, egitateen bidea erabili zuelako, eta erabaki zuen udalak edo semaforoa kendu behar zuela, edo behar zen desjabetze espedientea abiarazi behar zuela.

    Hala eta guztiz ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aipatu ebazpena eman zenetik iragan den denbora iragan denean ere, interesdunak oraindik ere legez kanpoko egoera hori pairatzen jarraitzen du, erabakitakoaren edukia ez baita gauzatu.

  2. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 340. artikuluak honakoa ezarri zuen:
    1. “Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearaztea errekurtsoaren xedea den egintza edo erabakia eman duen organoari dagokio.

    2. Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen duena erabaki ahalko du aipatu ebazpenen betearazte subsidiarioa egin dadin, baita eskumenetan subrogatze automatikoa egitea ere, betearaztea bideratu ahal izateko eta funts ekonomikoak edukitzeko, baldin eta hilabeteko epean betearaztea dagokion organoak egin beharrekoa egiten ez badu.

      Aipatu lege-agindua 279/1990 Foru Dekretuko 29. artikuluaren bitartez garatu zen. Izan ere, honakoa ezarri zuen:

      1. “Errekurtsoan planteaturiko gaiak ebazteko Nafarroako Administrazio Auzitegiak hartutako erabakien exekuzioa errekurtsoaren xedea den egintza edo erabakia eman duen organoari egokituko zaio.

      2. Nafarroako Administrazio Auzitegiak toki entitateei agindu ahalko die bere ebazpenak betearazteko behar diren jarduerak egin ditzan.

      3. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ekimenez, bidezkotzat jotzen duena erabaki ahalko du aipatu ebazpenen betearazte subsidiarioa egin dadin, baita eskumenetan subrogatze automatikoa egitea ere, betearaztea bideratu ahal izateko eta funts ekonomikoak edukitzeko, baldin eta hilabeteko epean betearaztea dagokion organoak egin beharrekoa egiten ez badu, berariaz errekerimendua egin ondoren”.
  3. Aipatu xedapenei jarraituz, nabarmena da Tafallako Udalak Nafarroako Administrazio Auzitegiak emandako ebazpenak betearazteko legezko betebeharra duela, eta, gainera, betebehar hori ahal den bezain laster gauzatu behar du, zeren eta, administrazio publikoen jardun oro diziplinatzen duen eraginkortasun printzipioak horixe ezartzeaz gainera, horixe bera eratortzen baita aplikatzekoa diren berariazko arauetatik, zeinek hilabeteko epea ezartzen baitute.

    Halaber, nabarmena da hemen aztergai dugun kasuan interesdunaren kexa guztiz oinarrituta dagoela, zeren eta urte eta erdi baino gehiago iragan denean ere Administrazio Auzitegiak ebazpena eman zuen unetik, interesdunak oraindik ere pairatzen jarraitzen baitu bere garaian aurkatu zuen legez kanpoko egoera hori.

    Erakunde honen iritziz, ezin dira udal txostenean jasotako arrazoibideak ontzat eman, zeren eta semaforoa kentzeak herriko trafikorako ekar ditzakeen arazoek ez baitute inolaz ere justifikatzen ebazpenaren betearazpenean geroratzea (are gehiago hartan bi aukera ematen direnean: edo instalazioa kentzea edo desjabetze espedientea izapidetzea).

    Ez da onargarria baiesteko ebazpena eman zenetik iragan den denbora iragan ondoren ere, udala oraindik ere hura betearazteko dauden aukerak baloratzen egotea, zeren eta betearazpenean geroratzeak kalte argia egiten baitio interesdunaren eskubideari, azken horrek ez baitu betebehar juridikorik Nafarroako Administrazio Auzitegiak legez kanpoko deklaratu duen instalazio bat jasateko.

    Azken batean, udalak ebazpena behar bezain arin betearazteko betebeharra baztertu du, eta, horrenbestez, erakunde honek behar den gogorarazpena egin beharra dauka, eta adierazi beharra dauka, gainera, gure iritziz, betearazpenean izandako geroratze horrek oinarria eman dezakeela interesdunak ondare-erantzukizunaren gaineko ekintza bat abiaraz dezan.

  4. Kexa aurkeztu ondoren, Nafarroako Administrazio Auzitegiak aipatu arauetan aurreikusitako komunikazioa igorri du, Nafarroako Gobernuak ebazpenaren betearazpen subsidiarioa agindu dezan. Zehazki, jakitera ematen da espedientea Toki Administrazioko Departamentuari igorri zaiola, dagokiona egin dezan.

    Arestian aipatuko dugun azkartasunaren printzipioa bera aplikatzekoa zaio Foru Administrazioak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazpen subsidiarioa egiteko duen ahalmenari, zeren eta argi baitago legegilearen azken xedea dela legez kanpoko jarduera oro bizkortasunez eta azkartasunez zuzen dadin.

    Hori dela eta, ebazpena eman zenetik iragandako denbora eta interesdunaren eskubideari eragiten ari zaion beharrik gabeko kaltea kontuan izanda, Foru Komunitateko Administrazioari gomendatu behar diogu betearazpen subsidiarioko espedientea ahal bezain azkar izapide dezan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Tafallako Udalari gogoraraztea Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak –eta, bereziki, kexa-espediente honetan aipatutakoa– azkartasunez betearazteko legezko betebeharra duela.

  2. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari gomendatzea ahal bezain laster behar diren jarduera guztiak egin ditzan Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aipatutako ebazpenaren edukia subsidiarioki betearazteko.

  3. Tafallako Udalari eta Toki Administrazioko Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Interesdunari, Tafallako Udalari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Toki Administrazioko Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia