Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Muestra su disconformidad con el descuenta que se le aplica a unas becas de estudios por el importe que les han concedido como premio por obtener Matrícula de Honor y como Familia Numerosa
Exp: 10/544/E
Nº: 192
Hezkuntza eta irakaskuntza
2010eko uztailaren 1ean, [?] jaunak sinatutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurkako kexa bat aurkezten zuen, bere seme-alaben beken zenbatekotik kentzeagatik “Ohorezko Matrikula” dela-eta lortutako mozkinak, bai eta “Familia Ugaria” izateagatik aplikatutako deskontuak ere.
Azaltzen zuenez, bere seme-alaba [?]-k, [?]-k eta [?]-k, 2090-2010 ikasturterako unibertsitate-beken deialdi orokorrean parte hartu zuten (0901249 espedientea), eta Nafarroako Gobernuak 1.173,47, 502,90 eta 0 euroko beka bana eman zien, hurrenez hurren, Nafarroako Unibertsitatean ikasketak egiteko.
Deskontu hori desegokia eta bidegabea dela uste du, “Ohorezko Matrikula” ahalegin pertsonalaren karietara emandako sari bat delako, familiaren errentak gorabehera, eta, hortaz, beka emateak ala ez emateak ez du zerikusirik; beka hori bera izanen zen, betiere, ohorezko matrikula lortu al ez.
“Familia Ugariari” dagokionez, bateragarriak izan beharko lirateke Nafarroako Unibertsitateak aplikatutako onura eta Nafarroako Gobernuak unibertsitatean ikasketak egite aldera emandako laguntza, Auzitegi Gorenaren administrazioarekiko auzien laugarren salaren 2008ko otsailaren 19ko epaiaren bidez ezarritako irizpideekin bat.
Zioenez, bekak emateko ala ukatzeko erantzuna gehiegi atzeratu zen –izan ere, matrikula ordaintzeko dataren ostean etorri zen administrazioaren ebazpena–, eta, hortaz, gastu horri aurre egin ahal izateko mailegua eskatu behar izaten da batzuetan, eta mailegu horien interesak ordaindu.
Horri gehitzen zion Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak familia ugariei buruzko erregelamendua onetsi behar duela, Familia Ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legeak xedatzen duen bezala, non Nafarroako Gobernuari sei hileko epea ematen baitzaio Familia Ugariei buruzko Foru Legea aplikatzeko erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.
Azkenik eskatzen zuen Hezkuntza Departamentuaren jokabidea azter dadin, eta beken zenbatekoa berriz ere kalkulatzeko gomendioa egin dakion, halako moduan non kontuan hartuko baita matrikularen zenbateko osoa, familia ugaria izateagatik edo ohorezko matrikula bat lortzeagatik heldu diren mozkinak deskontatu gabe, edo, bestela, aplikatu beharreko araudia aldatzeko. Orobat eskatzen zuen Nafarroako Gobernuari gogoraraz dakion familia ugariei buruzko erregelamendua garatu beharra dagoela, ikasteko bekak eta laguntzak eragingarriak izan daitezen.
2010eko abuztuaren 10ean, Hezkuntza Departamentuaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“0901249 zenbakiko espedienteari dagozkion bekak kalkulatzeko aplikazioan izandako akats baten ondorioz, egiaz zegozkion zenbatekoak baino txikiagoak ordaindu zitzaizkion [?] jaunaren familiari.
Zehazki, [?]-ri zegokion bekari dagokionez, egindako bi ordainketetan ordaindutako zenbateko osoa 1.246,53 eurokoa izan zen, baina egiaz 2.204,48 euro zegozkion. Bere alaba [?]-ri zegokion bekari dagokionez, 502,90 euro ordaindu zitzaizkion bakarrik, eta 1.340,50 euro zegozkion. Hirugarren semearen bekak, Iñigorenak, ez du inolako aldaketarik izan, ukatu egin baitzitzaion.
Horrenbestez, hurrengo egunotan ordainduko dira ordaindu gabe dauden zenbateko horiek. Laburbilduta, 957,95 euroko ordainketa gehigarria eginen zaio [?]-ri, eta 837,60 eurokoa, berriz, [?]-ri.
Emandako zenbatekoak ikusita, maiatzaren 5ean, [?] jaunak erreklamazio bat aurkeztu zuen, pentsatu zuelako beken zenbatekotik kendu zirela matrikulen zenbatekoei aplikatutako murrizpenei zegozkien deskontuak. Erreklamazioan alegatu zuen ez zutela deskonturik izan matrikulen zenbatekoetan, eta, horrenbestez, ez zela bidezkoa emandako beken zenbatekoetan horiek aplikatzea. Hori frogatzeko, apirilaren 27ko matrikularen ziurtagiriak aurkeztu zituen, zeinetan ikusten baitzen hala zela, ez zirela familia ugaria izateagatiko deskontuak egin.
Halere, alegazioa ikusita eta kontuan hartuta beka-eskabidearekin batera familia ugariaren txartela aurkeztu zela, Beken Bulegoak matrikula-ziurtagiriak eskatu zizkion Nafarroako Unibertsitateari. Ziurtagiriak maiatzaren 31n igorri ziren, eta horietan bai aplikatu zen, matrikularen zenbatekoan, familia ugaria izateagatiko deskontua.
Halatan, egiaztatu zenean erreklamazioan aurkeztutako ziurtagiriak eta ikasleen matrikula ez zetozela bat, erreklamazioa ezetsi zen, aplikazioaren kalkuluak aztertu gabe –gero ikusi zen kalkulu horiek ez zirela zuzenak–, txosten honetako lehendabiziko puntuan adierazi bezala.
Uste dugu honezkero behar bezala argituta geldituko zela emandako beken zenbatekoaren auzia. Unibertsitateek familia ugaria edo ohorezko matrikula dela-eta aplikatzen dituzten deskontuei dagokienez Administrazioak hartzen duen jokabideari buruzko balorazio orokorragoen inguruan gogorarazi beharra dago deialdiko 11.2 arauak ondokoa ezartzen duela: “Bestelako kontzeptuengatik matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek irakaskuntzagatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira.”
Manu horren oinarrian dagoena da diru-laguntzak ezin direla izan diruz lagundutako jarduerak onuradunari eragiten dion egiazko kostua baino handiagoak, zeren, bestela, onuradunak onura bidegabea lortuko bailuke, eta onura ez litzateke gizarte-interesean oinarrituta egonen, eta interes horrek justifikatzen du, hain zuzen ere, diru-laguntza. Printzipio hori bat dator Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 28. artikuluan ezarritakoarekin: “Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak (...)”
Halatan, matrikulen zenbatekoetan ohorezko matrikula lortzeagatik edo familia ugaria izateagatik unibertsitateek aplikatzen dituzten deskontuak interesdunak ordaindu beharrekoa baino gastu txikiagoa dakar betiere, eta, horrenbestez, hori ezin da kontuan hartu bekaren zenbatekoa kalkulatzeko.”
2010eko urriaren 26an Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren txostena jaso genuen. Ondokoa dio hitzez hitz:
Nabarmendu beharra dago kexaren arrazoi nagusia ez dela familia ugariei berariaz ukitzen dien auzi bat, baizik eta auzi orokor bat, zeinetan irizpide berberak aplikatzen baitzaizkie familia ugariei nahiz ugariak ez direnei. Hezkuntza Departamentuak urtero onesten du erdi mailako eta unibertsitate mailako beken deialdi orokorra, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasle guztientzako egiten dena, bertan ezarritako deskontuekin. Deialdi horretan familia ugarientzat ezartzen den berezitasuna datza bekaren zenbatekoa kalkulatzeko erabiltzen den familia-errentaren kalkuluan, berariazko kenkariak ezartzen baitira horientzat, eta, hortaz, bekaren zenbatekoa igotzen.
Zehazki, kexa heldu da ohorezko matrikula lortzeagatik matrikula murriztua edo doakoa lortze aldera Hezkuntza Departamentuak aplikatzen dituen deskontuetatik; kexa-egileak dioenez, sari hori ahalegin pertsonala saritzeko modu bat da, eta ez litzateke bekaren zenbatekotik deskontatu beharko.
Familia, Haurtzaro eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusia bat dator deskontu horiek direla-eta [?] jaunak egiten duen balorazioarekin. Arrazoizkoa dirudi merezimendua, gaitasuna eta ahalegin pertsonala saritzeko pizgarriak, ohorezko matrikula esate baterako, beste laguntza batzuetatik bereiztea.
Edozein modutan, eta Departamentu honen eskumen-esparruari dagokionez, hau da, familia ugarien babesari dagokionez, soilik esan dezakegu ezen 2010eko irailaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zela Familia Ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legea garatzen duen ekainaren 21eko 38/2010 Foru Dekretua, II. kapituluan familia horiek hezkuntzaren esparruan babesteko neurriak jasotzen dituena.
Horri dagokionez adierazi beharra dago Hezkuntza Departamentuak urtero onesten duen deialdia abuztuaren 27ko NAOn argitaratu zela –406/2010 Ebazpena, uztailaren 28koa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko ikasketak eta derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleendako beken deialdi orokorra onesten duena, 2010-2011 ikasturterako–. Aurten, aurreko urteetan ez bezala, ondokoa ezartzen du 11.2 arauan, Familia Ugariak Babesteari buruzko Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat:
“Bestelako kontzeptuengatik matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek irakaskuntzagatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira, salbu familia ugarikoa izateagatik egindako murrizketen kasuan.”
Horregatik guztiagatik uste dugu [?] jaunak planteatutako auzia kontuan hartu dela aipatutako deialdi horretan, familia ugarien babesari dagokionez behinik behin.
Halere, erakunde honen ustez, kexa-egilearen jarrera arrazoizkoa da, 2009/2010 ikasturteko erdi mailako eta unibertsitate mailako beken deialdi orokorra onesten duen araudiko 11.2 araua auzitan jartzen duenean. Izan ere, arauak ezartzen duenez, “bestelako kontzeptuengatik matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek irakaskuntzagatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira.”
“Garraioa”, “Jantokia” eta “Ikasketak” kontzeptuengatik emandako laguntzek xede dute herritarrei ziurtatzea berdintasunez baliatu ahalko dutela Konstituzioak irakaskuntza jasotzeko aitortzen dien eskubidea (Konstituzioaren 27.1 artikulua), hartara diru-laguntzak ematen baitzaizkie ikasleei, bakoitzari bere familia-errenten araberakoa, eta laguntza ematetik kanpo utzita ezarritako errenta-atalaseak gainditzen dituzten familietako ikasleak. Horrela, errenten nolabaiteko berdinbanatzea lortzen da, hori baita Zuzenbideko Estatu sozial eta demokratiko batek (Konstituzioaren 1.1 artikulua) bilatu behar duena, Administrazioa, bekadunak eta kexa-egileak haren zati garen aldetik.
Ohorezko matrikularengatik emandako hobaria bere bikaintasun akademikoari esker kalifikazio hori lortu duten ikasleei ematen zaie. Ez du logikarik, ez akademikorik ez pedagogikorik, errenta txikiko familia bateko ikasle bekadunei, araudiaren arabera “ikasketarako” diru-kopuru jakin bat jasotzeko eskubidea duenari, laguntza hori ikasle bikainak izateagatik murriztea.
Hortaz, erakunde honen ustez, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuari iradokitzea, erdi mailako eta unibertsitate mailako beken etorkizuneko deialdi orokorretan ez dadin deskontatu “ikasketarako” ematen diren laguntzen zenbatekotik ikasgai batean edo batzuetan ohorezko matrikula lortzeagatik matrikulan izandako murrizketatik heldu den hobaria.
Familia ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legeko zioen azalpenean adierazten denez, “Beharrezkoa da familia ugaria babesteko orain artekoa baino zuzenagoa izanen den legeria ematea. Nafarroak ezin du bazter utzi, haren eskumenen esparruan, familia ugariek behar duten babesa ematea, eta horrexegatik proposatzen da honen bidez arautzea.”
Foru lege horretako 8. artikuluak ezartzen duenez, berriz, “Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko ditu unibertsitateko hezkuntzako beka berezien laguntzak familia ugarientzat, beka bereziak izanen baitituzte irakaskuntzako gastuei, joan-etorrietakoei eta lojamenduei aurre egiteko.”
Familia Ugariei buruzko Foru Legeko azken xedapenetan bigarrenak xedatzen duenez, “Nafarroako Gobernuak, sei hilabeteko epean, foru lege honek ezarritakoak aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamenduak emanen ditu.” Foru legea garatzen duen erregelamendua legea onetsi eta sei urte eta erdira onetsi da azkenik (Familia Ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legea garatzen duen ekainaren 21eko 38/2010 Foru Dekretua, 2010eko irailaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratua).
Nabarmendu beharra dago Hezkuntza Departamentuak familia ugariei buruzko araudiaren interpretazioa aldatu duela aurreko urteekin konparatuta; izan ere, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren uztailaren 28ko 406/2010 Ebazpenaren bidez onetsi zuen 2010/2011 ikasturterako deialdia (abuztuaren 27ko NAO), eta 11.2 arauan ondokoa ezartzen du Familia Ugariak Babesteari buruzko Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat:
“Bestelako kontzeptuengatik matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek irakaskuntzagatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira, salbu familia ugarikoa izateagatik egindako murrizketen kasuan.”
Erakunde honen iritziz, aztertzen ari garen auziari dagokionez, Hezkuntza Departamentua legeak agindutakotik eta Familia Ugariei buruzko Foru Legearen hermeneutikatik aldendu zen aurreko urteetan, “irakaskuntza” dela-eta emandako laguntzetatik murriztu zuelako entitate pribatu batek familia ugari bateko kideen matrikulan eginiko hobaria. Kasu horretan, bereizketa horren ondorioa izan zen familia ugariak babestu beharrean Foru Komunitateko Administrazioari egin zitzaiola mesedea; izan ere, Nafarroako Unibertsitateak emandako laguntza neutralizatu zuen bekaren zenbatekoa murriztean, eta, hartara, familia ugari bateko semearen irakaskuntza-beka baten kostua txikiagoa izan zen Administrazioarentzat.
Hori dela-eta, erakunde honen iritziz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexa-egileari ordain diezaion irakaskuntza-bekatik kendutako diru-kopurua, familia ugaria izateagatik emandako laguntzetan aplikatu zena.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Hezkuntza Departamentuari iradokitzea, erdi mailako eta unibertsitate mailako beken etorkizuneko deialdi orokorretan ez dadin deskontatu “ikasketarako” ematen diren laguntzen zenbatekotik ikasgai batean edo batzuetan ohorezko matrikula lortzeagatik matrikulan izandako murrizketatik heldu den hobaria.
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexa-egileari ordain diezaion irakaskuntza-bekatik kendutako diru-kopurua, familia ugaria izateagatik emandako laguntzetan aplikatu zena.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun eta gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan, eta hori ez dela oztopoa izanen Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen arabera hartzen ahal diren neurriak hartzeko.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia