Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Denuncia a la Admon por no hacer caso de las irregularidad cometidas por una Asociación que comete fraude con sus datos para obtener mayores subvenciones
Exp: 10/361/D
Nº: 189
Eskubideen sustapena
1. 2010eko maiatzaren 6an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez kexa bat aurkezten zuen, honakoen aurka:
Lehenengo.- Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, kasurik ez egiteagatik [?] ([?]) elkartearen aurka, irregulartasun larriengatik, aurkeztu dituen salaketei.
Azaltzen du Departamentuko bai zuzendari nagusiari bai kontseilariari [?] elkartearen funtzionamendu arazoen berri eman izan dizkiela. Zehazki, jakinarazi dizkie elkarte horrek nolako iruzurrezko jokabideak erabiltzen dituen ezgaitasunak jotako bazkideen kopuruari dagokionez; izan ere, nabarmen handitzen dute kopuru hori, diru-laguntza publiko handiagoak lortze aldera. Printzipioz, kontseilariak konpromisoa hartu zuen gaia aztertzeko eta, kasua bazen, elkartea ikuskatzeko.
Aurrekoa gorabehera, Gizarte Gaietako Departamentuak, zehazki Nafarroako Mendetasun Agentziak, [?] elkarteari diru-laguntzak eman dizkio iruzurrezko bazkide kopuru baten arabera.
Gehitzen du Administrazioak, elkarteak emandako datuen (bazkideen kopurua) faltsutasuna ezagututa, diru-laguntzei buruzko arauak bete gabe jarraitzen duela, eta bere burua engainatzen uzten duela, eta [?] elkarteari diru-laguntzak modu diskrezionalean eta bata bestearen ondoren ematen jarraitzen duela, aurkeztutako datuen egiazkotasuna exijitu gabe.
Bigarren.- Iruñeko Udalaren aurka, kasurik ez egiteagatik egindako salaketei, [?] ([?]) elkartearen aurka irregulartasun larriengatik aurkeztutakoei.
Adierazten du udalari [?] elkartearen funtzionamendua dela-eta atzemandako irregulartasunen berri eman diola. Zehazki, udal egoitzan informazioa eman du “oztopoen sailarekin” izenpetutako hitzarmen baten aplikazioan izandako irregulartasunei buruz; izan ere, hitzarmen hori dela medio, udalak arkitekto/aparejadore baten eta administrari laguntzaile baten kostuak ordaintzen ditu. Administrari laguntzailearen lanposturako elkarteko lehendakariordearen emaztea kontratatu zen, nahiz eta lanpostuarekin zerikusirik duen inongo titulaziorik ez eduki.
Gehitzen du ezen, udalak emandako diru-laguntza –55.000 euro– justifikatzeko, arestian aipatutako hitzarmena aplikatzearen ondoriozkoa, ikusita “oztopoen saileko” langileen bi soldatekin ez zela hitzartutako kopurura iristen, Santiago Lopeteguiren nomina ere sartu zela, zeina “elkartegintza sustatzearen” arloko administrari gisa atxikita baitago. Horrek berarekin ekarri zuen Lopetegui jaunaren nomina hori bera baliatzea Nafarroako Mendetasun Agentziaren eta Iruñeko Udalaren diru-laguntzak justifikatzeko.
2010eko ekainaren 30ean, Iruñeko Udalaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Salaketa horrek Iruñeko Udalak eta [?] ([?]) elkarteak orain dela askotatik hona daukaten lankidetza hitzarmenari egiten dio erreferentzia; hitzarmen horren xedea da Iruñean dauden arkitektura-oztopoak deuseztatzearen alde lan egitea.
Hitzarmen horren bitartez, udalak eraikuntza berriei buruzko eta lehendik dauden beste batzuei buruzko azterketa- eta aholku-jarduera batzuk diruz laguntzen ditu, irisgarritasunaren arloko arauak bee ditzaten, hain zuzen ere herritar guztientzat egokituta dagoen hiri bat sortu eta mantentzeko helburua betetze aldera.
Jarduketa horiek guztiak [?] elkarteak bere garaian asmatu eta sortu zuen Oztopoak Kentzeko Bulego Teknikoaren bitartez gauzatzen dira.
Halaber, bulego horretan entitate eta partikularrentzako azterlanak eta aholku-lanak egiten dira, dohainik, eta txosten teknikoak egiten dira.
Jarduketa horiek guztiak Iruñeko Udalaren eta [?] elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenean sartzen dira.
Nafarroako Arartekoaren eskarian ongi esaten den bezala, udalak 55.000 euro ematen dizkio [?] elkarteari Oztopoak Kentzeko Bulego Teknikoaren gastuen zati bat ordaintzeko. Laguntza horren ardatza da bulego hori mantentzeko behar diren langileen soldatak ordaintzea, alegia, arkitekto/aparejadorearena eta administrariarena, baina aitortzen du beste gastu batzuk ere badaudela, elkarteak bere gain hartzen dituena; esate baterako lokaleko gastuak eta hornidurenak, txostenak egiteko behar diren materialenak, joan-etorrienak, argazki-azterlanenak eta abar.
Hitzarmenaren jarraipena egiteko, [?] elkarteak udalari (kasu honetan Gizarte Ongizatearen eta Kirolaren Alorrari) sei hilez behin txosten bat aurkezten dio, non egindako jarduketak eta aldi horri egotzitako gastuak jasotzen dituen. Langileen nominen kasuan, egindako gastua frogatzeko beste agiri batzuekin gertatzen den bezala, entitateak jatorrizko agiriak aurkeztu behar ditu, eta kasuko teknikariak haiek egiaztatu eta zigilatu ondoren, itzuli egiten zaizkie, honako testua idatzita “Iruñeko Udalean, gastuak justifikatze aldera, aurkeztutako faktura”. Horrekin, faktura hori ezin da beste administrazio batean aurkeztu.
Horixe da diru-laguntza mota guztietan administrazioetako departamentu eta zerbitzuek erabili ohi duten jokabidea, eta horren bidez, ezinezkoa da bi administraziok nomina bera bere osotasunean diruz laguntzea, [?] andreak Arartekoari salatu dion bezala.
[?] andreak egindako salaketei udal honek ez erantzuteari dagokionez, aipatutako teknikariak, zeinak hitzarmenaren jarraipena egin baitu bi urte baino denbora gehiagoz, ez du inongo “kexarik”, salaketarik edo idazkirik jaso gai horri buruz, eta, horrenbestez, ezin izan die halakoei erantzun.
Alor honek ez ditu “ikertzen” inongo elkartetako kideen artean egon daitezkeen harreman pertsonalak eta ez daki ahaidetasunik edo bestelako harremanik dagoenik langileen artean. Eta jotzen du gai hori, gainera, ez dela hitzarmenaren eskumenekoa.
Iruñeko Udalaren eta [?] elkartearen arteko urteko hitzarmeneko espedientean sarturiko agiri guztiak administrazioaren eskura daude, ikerketa ofizialen bat egin nahi bada ere. Espediente horretan, [?] aurkeztutako txoten teknikoak eta oroit-idazkia –teknikoak zein ekonomikoak– ageri dira.
Erakunde honek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari zuzendutako idazkiari dagokionez, haren amaieran eskatzen genion planteatutako gaiari buruzko informazioa emateko hamabost egun balioduneko epean.
Ekainaren 17an, informazio-eskaria berretsi zitzaion aipatu departamentuari. Eskari horri ere ez zaio erantzunik eman, eta, gainera, erantzuna emateko emandako epea luzez iragan da. Hori dela eta, planteatutako gaia erakunde honen eskura dagoen dokumentazioarekin aztertuko dugu, hain zuzen ere kexa-egileak emandakoarekin.
Iruñeko udalari dagokionez, haren txostenak toki entitateak [?]-rekin ([?] elkartea) duen lankidetza hitzarmenaren barrenean eginiko jarduerak azaltzen dira. Halaber, kexa-idazkia osatzen duten hiru gai nagusiei erantzuten die, eta, horrenbestez, hiru atal desberdin dauzka:
Lehenengoa.- Kexa-egileak adierazten du udalak ez diela kasurik egiten udal egoitzan aurkezten dituen salaketei. Bere aldetik, udalak informatu du ez duela inolako kexarik, salaketarik edo idazkirik jaso aztertutako gaiari buruz; hori dela eta, ezin izan die erantzunik eman.
Bi bertsioen artean dagoen kontraesana ikusita eta udalaren utzikeria egiaztatzeko froga-agiririk ez dagoenez, aurkeztutako idazkiei erantzun ez zaienez, ez da bidezkoa, erakunde honen iritziz, legezko betebeharren gogorarazpenik egitea udalari, zeren eta ez baita egiaztatzeko moduan jasota geratu kexa-egileak kexa-idazkian adierazitako gai berari buruzko idazkiak edo salaketak aurkeztu dituenik.
Bigarrena.- [?]-k langileak kontratazioari dagokionez, adierazi behar dizut ezen erakunde honen jarduna uztailaren 4ko 4/2000 Foru Legearen bidez esleitu zaizkigunetara mugatu beharra dugula, lege horretan ezartzen baita zein diren Nafarroako Arartekoaren eskumenak, ondokoak batik bat: Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren menpeko erakunde autonomoen eta gainontzeko entitateen –hala nola Nafarroako toki entitateen eta parlamentu-administrazioaren– jarduna aztertzea, baldin eta herritarraren eskubide subjektibo publikoren baten urraketarik gertatzerik izan bada.
Horrek esan nahi du, Nafarroako Arartekoak eskumenik ez duela lerrokada horretan aipatutakoa bezalako gaietan eskuk hartzeko, ez baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publiko baten ekintzarik edo jardunik izan, baizik entitate pribatu batena.
Hirugarrena.- Kexan aipatzen da nomina bakar batek balio izan duela bi diru-laguntza jasotzeko (gobernuarena eta udalarena). Udalak hori ukatu du, zeren eta uste baitu hori ezinezkoa dela. Alegatzen du fakturak zigilatu egiten direla, honako testuarekin: “Iruñeko Udalean, gastuak justifikatze aldera, aurkeztutako faktura”.
Erakunde honen iritziz, udalaren interesak eta administrazio jardunaren zuhurtasunak eskatzen dute zen, azaldutako salaketaren aurrean, datuak egiaztatu eta udalaren espedientekoak eta gobernuaren espedientekoak erkatu behar direla.
Udalak kontuan izan behar du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 27.3 artikuluak ahalmena ematen duela gastuak frogatzeko “fakturak aurkeztuz, eta gainerako egiaztagiri baliokideak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, erregelamenduz ezartzen den eran”.
Halaber, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 46.2 artikuluak honakoa ezartzen du: “Edozein motatako agiri publikoen kopiek jatorrizkoek besteko balioa eta eraginkortasuna izango dituzte, kautoak direla egiaztatuta badago”.
Jurisprudentziaren irizpide bat da –Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak Estatuko Administrazio Orokorrari aurkeztea, agirien kopiak egitea eta jatorrizkoak itzultzea eta erregistroko bulegoen araubidea arautu zituen maiatzaren 7ko 772/1999 Errege Dekretuak ere ezarri zuena– benetakotasunaren egiaztatzea honako bideetatik egin daitekeela: jatorrizko agiriarekin, jatorrizko agiriaren kopia zigilatuarekin, jatorrizko agiriaren kopia konpultsatu edo erkatuarekin eta agiri publiko administratiboen benetako kopiekin.
Horren guztiaren ondorioz, nomina bera bi dokumentu berdin eta jatorrizkoetan, bi administrazio desberdinen aurrean, aurkeztu izanaren aukeraren aurrean, bateraezinak diren bi diru-laguntza justifikatzeko xedez, bidezkoa da, eta horrengatik gomendatzen dugu, ezen Iruñeko Udalak behar diren egiaztaketak egin ditzan iruzurrari buruzko salaketa berresteko nahiz ezesteko.
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”
Erakunde honek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari txostena egiteko eginiko eskariari erantzun ez zaionez, egiazkotzat jotzen dira interesdunaren adierazpenak, kexa-idazkian azaldutakoa, zeren eta ikuskatutako Administrazioak ez baititu haiek aurkatu.
Kexa-egileak [?] elkartearen iruzurrezko jarduketak salatzen ditu; esate baterako, bazkideen kopurua itxuraz handitzea, gobernuaren diru-laguntza handiagoa jasotzeko. Horri dagokionez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru-laguntzen jarraipena eta kontrola egiteko betebeharra dauka. Haren legezko erregulazioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 38. artikuluan dago; izan ere, artikulu horretan honakoa ezarri zen: “Diru-laguntza ematen duten organoek justifikazio geroratua duten diru-laguntzen jarraipena eginen dute, galdaturiko betekizunak ezarritako epean bete ditzaten eskatzeko onuradunei, eta behar diren egiaztapenak egiteko.”
Azken batean, bidezkoa da Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpena egitea, [?] elkarteari ematen dizkion diru-laguntzen jarraipena eta kontrola egin ditzan, kontuan izanda, halaber, kexa-egilearen salaketa betebehar bat betetzea dela, diru-laguntzaren xedearekin zerikusia duen hirugarren bat den aldetik, hain zuzen ere Foru Komunitateko Administrazioko organoei dagozkien kontrol-eginkizunak errazteko betebeharra (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 39. artikulua).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Iruñeko Udalari gomendatzea behar diren egiaztaketak egin ditzan kexa-egileak eginiko salaketa berresteko nahiz ezesteko, hain zuzen ere [?] elkarteak diru-laguntza bat hura emateko eskatzen ziren baldintzetan iruzur eginez lortu izateari dagokionez.
Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa, eta hari behar diren legezko ohartarazpenak egitea erakunde honi laguntzarik ez emateak erakar ditzakeen erantzukizunei buruz.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea [?] elkarteari emandako diru-laguntzak jarraitu eta kontrolatzeko legezko betebeharra duela eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 38. artikuluan ezarritakoa bete behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendio hau eta legezko betebeharren gogorarazpen hauek, hurrenez hurren, onartu dituela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek zergatik ez dituen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, arestian aipaturiko foru legearen arabera. Hori, halere, ez da oztopoa izanen Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen arabera beste neurri batzuk hartu ahal izateko.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia