Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con la tramitación de la petición de ayuda familiar
Exp: 09/506/F
Nº: 192
Funtzio publikoa
2009ko uztailaren 22an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Hezkuntza Departamentuak eman beharreko familia-laguntza jasotzeko izan dituen arazoengatik. Laburbilduz, honakoa azaltzen du:
Senar-emazteek eta hiru seme-alabek osatutako familia-unitate batekoa da. Seme-alaba guztiak adingabeak dira. Horietako bakoitza jaio zenean, Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusian kasuko familiako laguntza eskatu zuen. Eskari bakoitza egiterakoan –zuzendaritza horretako “nominen” atalera bertaratuta aurkeztu zituen–, adierazi zaio kasuko semea edo alaba bere nominan ala ezkontidearen nominan sartu behar duela, biak ere Nafarroako Gobernuko funtzionarioak izanda ere, bietako bakarrak duelako familiako laguntza jasotzeko eskubidea. Horrenbestez, lehenbiziko semea amaren nominan sartu zen eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, aitarenean.
Joan den martxoan, interesdunak jakin zuen Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak osagarri ekonomiko bat duela aurreikusia, administrazioak bere kabuz aplikatzen duena hirugarren seme-alabarengatiko familiako laguntza eskatzen denean. Hala eta guztiz ere, berak ez du halako osagarririk jaso.
Administrazioak argudiatzen du, eskatutako dokumentazio guztia edukita ere, ez dituela bildu familia unitate bakarrean bi ezkontideak, biak ere urte haietan Hezkuntza Departamentuko funtzionarioak. Orain akatsa zuzentzeko balio izan duen dokumentazioa bere garaian ere aurkeztu zen baina behar bezala baliozkotu ez zen berbera da. Horri gehitu behar zaio urtez urte Hezkuntza Departamentuak interesdunari jakinarazten diola daukan dokumentazioaren arabera zenbat seme-alaba dauzkan –hiru– PFEZaren eraginetarako.
Amaieran, eskatzen du familiako laguntzaren guztizko zenbatekoa ordain dakion, bai eta interesak ere, bidezkoa bada, hain zuzen ere hirugarren seme-alaba jaio zen unetik aurrera kontaturik.
Kexa aurkeztuta, Hezkuntza Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko irailaren 17an, honako testua, hitzez hitz, dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:
”Erreklamazio-egileak honakoa azaldu du: “Seme horietako bakoitza jaio denean, Hezkuntza Departamentuko Zuzendaritza Nagusian kasuko familiako laguntza eskatu du. Eskari bakoitza egiterakoan –zuzendaritza horretako “nominen” atalera bertaratuta aurkeztu ditu–, adierazi izan zaio kasuko semea edo alaba bere nominan ala ezkontidearen nominan sartu behar dituela, biak ere Nafarroako Gobernuko funtzionarioak direlako baina bietako bakarrak duelako familiako laguntza jasotzeko eskubidea. Horrenbestez, lehenbiziko semea amaren nominan sartu zuen eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, aitarenean. Ez dago azalpen gehiagorik erabaki horrek izan ditzakeen ondorioei buruz”.
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua onetsi zuen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak ezartzen du funtzionarioarena dela familiako laguntza kobratzeko eta, kasua bada, horretarako baldintzak betetzeari buruzko justifikazioaren gaineko behar den informazioa Administrazioari helarazteko betebeharra.
Eskatzaileak zein informazio eman behar duen jakin dezan, Nominen eta Aurrekontu Kontrolaren Zerbitzuko langileek familiako laguntzaren eskatzaile guztiei jakinarazten die zein diren laguntza eskuratzeko bete behar dituzten baldintza orokorrak; honakoak hain zuzen ere:
Era berean, zerbitzuko langileek eskatzaileari adierazten diote zein dokumentu aurkeztu behar dituen, eta sortu ahal zaizkion zalantza zehatzei erantzuten die.
Erreklamazioan ez dago jasota eskatzaileak bere kasu zehatzari buruz galdetu izan duenik.
Erreklamazio-egileak honakoa esaten du, ondoren: “Zuzendaritza nagusira bertaratu eta kontsulta eginda, erantzun zaio bertan ez dagoela jasota bere kargura hiru seme-alaba dituenik. Badirudi eskura dauden giza baliabideekin eta baliabide teknikoekin ere ezin izan dela huts hori atzeman. Familiako laguntza kargatzen deneko aplikazio informatikoak osagarri ekonomikoa zuzenean aplikatzen du hirugarren seme-alaba inskribatzen den unean, baina [?]-ren nominan bi seme-alaba baizik ez dira ageri. Administrazioak, eskatzaileari familiako laguntzaren eskariarekin batera exijitzen dion dokumentazioa edukita ere, ez ditu bi ezkontideak familia-unitate bakarrean kokatu, biak urte haietan Hezkuntza Departamentuko funtzionarioak izanda ere. Hirugarren seme-alabarengatiko familiako laguntzaren eskaria jaso zuen pertsonak ez zuen Familiako Liburuan irakurri hirugarren seme-alaba dela, eta irakurri bazuen, ez zuen familiako laguntza egokitu benetan zegokionari”.
Zehaztu beharra dago, urtero dagoen eskari pilaren artean, familiako egoerak era askotakoak direla, eta era askotako interesak daudela haiek direla eta. Esate baterako, bada ekitaldi batetik bestera, nahita eta dauzkaten interesen arabera, familiako laguntza jasotzen duten pertsonen kopurua aldatzen duenik, seme-alabak beste gurasoaren nominan jarriz, PFEZaren aitorpenean “tarte batetik bestera jauzi ez egiteko”.
Argi dago departamentuak ezin duela interpretatu familiako laguntza eskatzen dutenen borondatea, eta ez dituela ikertu behar, ezta ere, haien jokabidearen arrazoiak, zeren eta neurri batean edo bestean, hori intimitaterako eskubidean eskua sartzea izanen balitzateke.
“Dagokion laguntza jaso ahal izateko, esan diote ezkontideak hari uko egin behar diola eta [?]-ek berriz eskatu behar duela. Izapide horretarako dokumentazio bat aurkezteko eskatzen zaio, hain zuzen ere seme-alaba guzti-guztien eskabidearekin batera aurkeztutako bera: familiako liburuaren fotokopia bat eta familiako laguntzaren eskabide bat, datuak jarrita. Orain akatsa zuzentzeko balio izan duen dokumentazioa bere garaian aurkeztu zen baina behar bezala baliozkotu ez zen berbera da.”
Gurasoek seme-alaben zenbaketan, familiako laguntza kobratzearen ondorioetarako, irizpidez aldatzearen ondorioz, ezkontideak bere ukoa aurkeztu behar du Nominen eta Aurrekontu Kontrolaren Zerbitzuan.
Gure ustez, interesdunak egiazki dokumentazioa aldez aurretik aurkeztu duenez, ez litzateke beharrezkoa izanen gainerako dokumentazioa aurkeztea, baizik eta nahikoa izanen litzateke ezkontidearen ukoa eta beste seme-alaben bat sartzeko eskaria aurkeztea. Baina, horretaz gainera, ez gaude ados hura ez zelako behar bezala baliozkotu, zeren eta eskatzaileak adierazitako irizpideen arabera jokatu baitzen (jaio berria familiako laguntzan sartzea, baina ez aldatzea lehendabiziko seme-alabarengatiko laguntza jaso behar zuena).
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamendua onetsi zuen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, eskatzaileak du familiako laguntza kobratzeko eta, kasua bada, horretarako baldintzak betetzeari buruzko justifikazioaren gaineko behar den informazioa Administrazioari helarazteko betebeharra. 2009ko martxoaren aurretik, eskatzaileak ez zuen inoiz ere eskatu familiako laguntza jasotzeko kontuan hartu beharreko seme-alaba gisa sartzeko familiako liburuan ageri diren hirurak, eta ez zuen, ezta ere, ezkontidearen ukoa aurkeztu.
“Horri gehitu behar zaio urtez urte Hezkuntza Departamentuak [?]-ri jakinarazten diola daukan dokumentazioaren arabera zenbat seme-alaba dauzkan –hiru, hain zuzen– PFEZaren eraginetarako. Telefonozko elkarrizketa bat egon da, eta hartan Hezkuntza Departamentuko arlo juridikoko administrazio-teknikari bat saiatu da gertatutakoa azaltzen.”
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuko 71.2 artikuluak ezartzen du “Taula hori aplikatzeko kontuan hartu behar den seme-alaba eta beste ondorengo batzuen kopurua Zergari buruzko Foru Legearen 55. artikuluaren 1. idatz.zatiko b) letran jasotako kenkaria egiteko eskubidea dutenena izanen da. Ondorio horietarako, familiaren egoera urte natural bakoitzaren lehenbiziko egunean dagoena edo etekinak ordaintzen dituenarekiko harremana hasten denean dagoena izanen da, egun hura baino geroago hasi bada harreman hori”.
Zergari buruzko Foru Legeko 55.4.b) artikuluak gutxieneko familiarra ezartzen du: hogeita hamar urte baino gutxiagoko ondorengo ahaide ezkongabe bakoitzeko, baldin eta subjektu pasiboarekin bizi bada eta ondorio askotarako errenta-adierazle publikotik goragoko urteko errentarik jasotzen ez badu, salbuetsiak bazter utzirik.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, 50.1.c) artikuluan honakoa ezartzen du: “familiako laguntzaren kontzeptuan funtzionarioei urtero kopuru bat ordainduko zaie dauzkaten inguruabar familiarren arabera; zenbateko hori kalkulatuko da E mailako hasierako soldatari honako ehunekoak aplikatuz:
Emantzipatu gabe dagoen seme-alaba adingabe bakoitzagatik: % 3,00”
Idatz-zati horren testua Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileentzako Neurriei buruzko maiatzaren 24ko 4/2003 Foru Legean ezarritakoari dagokio.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 4ko 158/1984 Errege Dekretuak honako hau ezarri zuen:
“34. artikulua
Familiako laguntza determinatzen duten inguruabar familiarren altak, bajak eta gainerako aldaketak hilero jakinaraziko zaizkie kasuko kudeatzaileei, haiek gertatu eta hurrengo hamar egunetan.
35. artikulua. Funtzionario izatean gertatzen diren altek eta bajek, edozein dela ere haiek eragiten dituen arrazoia, gertatu diren hilabetearen hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera izanen dute eragina.
37. artikulua. Bi ezkontideak funtzionarioak baldin badira, bietako batek baizik ez du eskubidea izanen familiako laguntza jasotzeko.
38. artikulua. Ezkontideetako bat funtzionarioa bada eta bestea Gizarte Segurantzan baldin badago, funtzionarioak aukeratu beharko du: behin-behineko erregelamendu honetan jasotako familiako laguntza jaso ala ezkontideak izan dezakeen familiako laguntza jaso.”
Azaldutako arauetatik ondorioztatzen da seme-alaba bat pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipeneko ehunekoan eta familiako laguntza ordaintzeko garaian kontuan izateko baldintzak askotarikoak direla, eta hurrengo kasuak gerta daitezkeela:
Seme-alaba bat kontuan izatea errentaren atxikipeneko ehunekoan eta familiako laguntzarako eskubiderik ez izatea:
adinduna izan eta 30 urte baino gutxiago baditu.
“Hala eta guztiz ere, [?]-k eta [?]-k uste dute beren eskubideei ez zitzaiela behar zen arreta eman, informazioa ez zela nahikoa izan eta dokumentazioaren baliozkotzea akastuna izan zela, eta horrek guztiak kalte ekonomiko handia eragin diela”.
Lehenago adierazi bezala:
Gure ustez departamentuak emandako informazioa nahikoa zen, zeren eta baldintza orokorrei buruz informatu baitzion. Aplikatzekoa den araudia, berriz, guztiek ezagutu dezakete.
Erreklamazioan ez dago jasota eskatzaileak bere kasu zehatzari buruz (ohikoa ez dena) galdetu izan duenik.
“Ez du ulertzen 2009ko-07-01eko 2009/318340 agiriari eman zaion erantzuna. 3. idatz-zatian, esaten da Hezkuntza Departamentuari jakinarazi ziola bi seme-alaba zituela, baina hori ez da zuzena, zeren eta familiako liburuaren arabera 3 baititu. Ez zitzaion informaziorik eman, ezta ere, seme-alabak nomina desberdinetan edukitzearen ondorioei buruz, eta, gainera, familiako liburuaren fotokopia aurkeztua zuen.
Eskatzaileak eskabidea aurkeztu zuen departamentuan (I. eranskina), 3 seme-alabengatiko familiako laguntzaren arabera zegozkion atzerapenak ordaintzeko eskatuz.
Ekainaren 30ean, II. eranskin gisa erantsitako erantzuna igorri zitzaion.
3. puntuan honako adierazten zaio: “Betebehar horren arabera, Hezkuntza Departamentuan jakinarazi zitzaion onuradunaren aldetik bi zirela kontuan hartu behar zirenak [?] jaunaren nominan familiako laguntza ordaintzeko”. Hau da, ez zitzaion esan bakarrik bi seme-alaba zituela, baizik eta familiako laguntzaren eraginetarako aitortutako seme-alabak bi zirela. Idazki honetan behin eta berriz adierazi dugun bezala, datu horrek ez du zertan bat etorri, eskatzaileek departamentuan adierazitako borondatearen menpean baitago.
Harrigarri gertatzen da zuzenean Arartekoarengana jotzea, departamentuari ezezkoaren arrazoiari buruzko argitasunak eskatu beharrean, gerta baitaiteke, agian, ezezko horren arrazoia behar bezain argi ez egotea.
“Amaieran, eskatzen du familiako laguntzaren guztizko zenbatekoa ordain dakion, bai eta interesak ere, bidezkoa bada, hain zuzen ere hirugarren seme-alaba jaio zen unetik aurrera kontaturik.”
2009ko martxoaren 13an, [?] jaunak eskabide bat aurkeztu zuen, eta harekin batera haren ezkontideak lehendabiziko seme-alabarengatiko laguntzari egindako ukoa. Egun horretatik aurrera, hiru seme-alabengatiko familiako laguntzari dagokion zenbatekoa ordaintzen zaio. Izan ere, funtzionarioak Hezkuntza Departamentuari jakinarazitakoaren arabera, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dira.
Aurrekoa dela eta, gure ustez ez da bidezkoa hiru seme-alabengatiko familiako laguntza ordaintzea 2009ko martxoa baino lehenagoko aldian.”
Hezkuntza Departamentuak igorritako txostena eta kasuari aplikatu dion araudia arretaz irakurri ondoren, ondorioa da aipatu departamentuko Nominen Zerbitzuak ez duela hautsi, ez urratu inongo araurik bere jardunean. Arau-multzo bakoitza (ordainsariak eta lan pertsonalarengatiko errentaren gaineko zerga) beren testuinguruan aplikatu besterik ez du egin, haiek elkarrekin erlazionatu gabe.
Hala eta guztiz ere, aztergai dugun jardueran egiazta daiteke Nominen Zerbitzuak agian modu formalistegi batez jokatu duela eta ordenantzei hertsikiegi jarraitu diela, arauan ezarritako hertsiki betetzera mugatuta. Horrekin berarekin ekarri du ezen Nominen Zerbitzuak jakinda ere hiru seme-alaba bazeudela, interesdunak horixe deklaratua zuelako eta familiako kartilaren kopia bertan zegoelako, kexa-egileak desinformazioa pairatu duela, eta haren ondorioz ezin izan duela jaso hirugarren seme-alabarengatiko osagarria, nahiz eta hura kobratzeko eskubidea izan. Bestalde, ez dugu atzeman kexa-egileak fede txarrik edo datuak ezkutatzeko asmorik izan duenik. Are gehiago, badirudi bere hiru seme-alabei nominan alta ez ematea, hain zuzen ere hirugarren seme-alabarengatiko osagarri ekonomikoa jaso ahal izateko, soilik gaiari buruz zuen desinformazioaren ondorioz gertatu dela.
Bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen buru-buruan egon behar duten hiru printzipio aipatzen dira (3.2 artikulua). Printzipio horietako batzuk erabat dira aplikatzekoak aztergai dugun kasuan, eta haiek direla eta legeak Administrazioari ezartzen dio bere jardunean, behar diren neurrien bitartez, eraginkortasunez jokatzeko betebeharra duela. Printzipio horiek, oro har, “jardunbide administratibo egokia” garatzea dute helburu. Horrela, aipa daiteke fede ona eta konfiantza legitimoa babesteari dagokiona, herritarrei arreta egokia emateko eskubidea eta prozeduren ikuspuntutik administrazio egokia edukitzeko eskubidea. Eskubide horiek, korrelatiboki, funtzionarioen betebeharrak dakartzate; besteak beste, herritarrei beren eskubideez baliatzea eta beren betebeharrak betetzea errazteko betebeharra (Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko Testu Bategineko 56. artikulua); hau da, haiei informazioa eta laguntza ematea Administrazioarekiko hartu-emanetan; bereziki, kasu honetan bezala, herritarraren jokabidean koherentzia faltaren bat atzematen duenean.
Printzipio horien aplikazioa dela eta, erakunde honen irizpidearen arabera, gomendagarria izanen litzateke Nominen Zerbitzuak ekimena hartzea eta kexa-egileari jakinaraztea zein inguruabar direla medio ezin zuen familiako laguntzaren osagarria jaso hirugarren seme-alabarengatik, hasieran egindako hautuaren alde egin zezan edo, bestela, lehenengo seme-alaba beren nominan sar zezan.
Ez du ematen ekitatiboa denik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eraginetarako hiru seme-alaba kontatzea eta familiako laguntza jasotzeko eraginetarako, berriz, soilik bi seme-alaba kontatzea. Hezkuntza Departamentuak, gure ustez hitzez hitzekoegia den interpretazio bat eginez, ondorioztatzen du “seme-alaben kopuruari buruz PFEZaren atxikipenaren ehunekoan kontuan izateko jasotako informazioak ez duela zertan berarekin ekarri familiako laguntza kobratzea, ez eta alderantziz ere. Horrenbestez, ezin da, oro har, datu bat erabili bestea ondorioztatzeko, eskatzaileak eskatzen duen bezala.” Guk, izan ere, ez dugu baieztapen hori zalantzan jartzen, baina bi datuak erkatuta, berriz diogu Nominen Zerbitzuak egoeraren berri eman ziezaiokeela interesdunari, behar den informazioarekin eta aholkuarekin behar zen erabakia hartu ahal zezan. Hala eta guztiz ere, itxura guztien arabera ez zen horrela jokatu.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari iradokitzea kexa-egilearen eskaria aintzat har dezan eta hirugarren seme-alaba jaio zenetik jaso ez duen familiako laguntzaren osagarri ekonomikoa ordain diezaion.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun eta gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia