Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Falta de vacantes de la especialidad de música en concursos de traslado de ámbito nacional
Exp: 10/634/E
Nº: 186
Funtzio Publikoa
2010eko abuztuaren 19an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, musikako espezialitateko lanpostu hutsik ez sartzeagatik nazio mailako lekualdatze lehiaketetan.
Kexa-idazkian azaltzen du Bigarren Hezkuntzako Kideagoko katedraduna dela, musika espezialitatekoa, eta hamahiru urte eman dituela karrerako funtzionario gisa eta hamaika urte Calahorran behin betiko destinoarekin.
Adierazten azken hamar urte hauetan, ahaleginak egin dituela Nafarroara lekualdatze bidez etortzen, bi urtez behin deitzen diren nazio mailako lehiaketetan parte hartuz. Alabaina, ezin izan du bere asmoa bete, zeren eta sekula ez baita lanpostu hutsik eskaini espezialitate horretan.
Azaltzen du Hezkuntza Departamentua espezialitate horretako lanpostuetarako deia egiten joan dela, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta egiten dituen barne-esparruko lekualdatze lehiaketetan ere eskaini dituela, baina sekula ez dituela eskaintzen nazio mailako lehiaketa egiten denean.
Adierazten du egoera hori zuzengabea dela, zeren eta hamabi urtetan ez baitu aukera bakarra ere izan Nafarroako Foru Komunitatera etortzeko, bertan bizi baita.
Azaltzen du behin baino gehiagotan jo duela Hezkuntza Departamentuko langileen arl oko zerbitzu eskudunengana eta gaiari buruzko zenbait eskabide aurkeztuak dituela. Alabaina, adierazi duenaren arabera, eskabide horietako batzuei erantzun ere ez zaie egin.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Hezkuntza Departamentuari.
“[?] jaunak aurkeztutako idazkiaren ondorioz (10/634/E espedientea) Nafarroako Arartekoak nazio mailako lekualdatze lehiaketetan musikako espezialitateko lanpostu hutsak ez sartzeari buruz Hezkuntza Departamentuari igorri dion idazkiari dagokionez, Giza Baliabideen Zerbitzuak kontseilari honi igorritako txostenaren arabera, honakoa jakinarazi behar dizut:
Ikastetxe publikoetako plantilla organikoak egiteko irizpideak, irakasleen lekualdatze-lehiaketetan erabiliko direnak eta Hezkuntza Ikuskatzailetzaren Zerbitzuak erabiltzen dituenak, publikoak dira, zeren eta erakunde sindikalei ematen baitzaizkie eta, noski, ikastetxe guztietako zuzendaritzek ezagutzen dituzte, plantilla organiko horiek ikuskatzailetzak eta ikastetxeetako zuzendaritzek prestatzen baitituzte elkarrekin.
Irizpide horiek aldaketa handirik gabe iraun dute azken urteetan, eta ez dute inongo desberdintasunik lehiaketa nazio-mailakoa izan ala autonomia erkidegokoa izan. Adibidez, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako irizpideak errepikatzen dira (kidego horretakoa da musikako espezialitatea, idazkia egin duenari dagokiona), era erraz egiazta daiteke aurreko ikasturteetako irizpideen berdinak direla.
Besterik da musikako espezialitatea ez dela lanbide heziketako ikastetxeetan irakasten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan oso ordu gutxi ematen direla, eta horietako batzuk euskaraz. Horrenbestez, ezin da plantilla zabalik eduki, irakasleen kopuruari dagokionez.
Urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuak, nazio mailako lekualdatze-lehiaketak arautzen dituenak, 1. artikuluan ezartzen du lehiaketak bi urtez behin deituko direla, eta 4. artikuluan esaten da “lehiaketetan hezkuntza administrazioek zehazten dituzten lanpostu hutsak eskainiko direla; horien artean, gutxienez ere, ikasturteko abenduaren 31ra arte sortutakoak, bai eta lehiaketatik bertatik sortzen direnak, betiere haien funtzionamenduaren jarraitutasuna hezkuntza plangintzan aurreikusita baldin badago.
Iruñeko administrazioarekiko auzien 1. epaitegiaren 2002ko ekainaren 5eko epaian ezarritakoaren arabera, “2112/1998 Errege Dekretuko 4. artikulutik ondorioztatu beharra dago ezen nazio mailako lekualdatze-lehiaketetan bi baldintza betetzen dituzten lanpostuak eskaini beharko direla: hutsik dauden lanpostuak, zeinak, hezkuntza plangintzaren arabera, jardunean jarraituko baitute”.
Eta baldintza horixe da betetzen ez dena hezkuntza administrazio deitzailea praktiketako funtzionarioei edo behin-behineko destinoa duten funtzionarioei (zeinak hezkuntza-administrazioak berak onetsitako deialdietatik heldu baitira) espezialitateetako lanpostuetan destinoa eman beharrean aurkitzen denean.
Nafarroako Gobernuak eta erakunde sindikalek, bai negoziazio mahai orokorrean, bai unibertsitatez besteko irakasleen mahai sektorialean, ondoz ondo izenpetu dituzten akordioek jaso egin dute administrazio horrek daukan konpromisoa, irakasleen plantilletako aldi baterakotasuna gutxitzekoa, eta horretarako irakasleentzako enplegu publikoko eskaintza handiak deitu izan dira.
Zehazki, 2000tik, gaztelaniazko musikako irakaslea izateko 24 lanpostutarako deialdiak egin dira eta euskarazko musikako irakaslea izateko beste 18 lanpostu, eta horiek funtzionarioek bete izan dituzte. Funtzionario horiek hasieran praktiketako funtzionario izendatu dira eta gero, berriz, karrerako funtzionario, beren behin-behineko destinoarekin. Hezkuntza-administrazio hau, bere kudeaketa-esparruan, haiei, nahitaez, beren lehenengo behin betiko destinoa eman beharrean aurkitzen da.
Horri dagokionez, gogorarazi beharra dago irakasle-lanpostuetan sartzeko eta haiek betetzeko sistemak, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan eta urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuan aurreikusitakoak, funtzionarioak behartzen dituela beren lehen behin betiko destinoa lortzera administrazioan sartu direneko hezkuntza-administrazioari dagozkion lanpostuetan, bai praktiketako fasean, bai behin-behineko destinoa duten karrerako funtzionario izendatu direnean.
Horrenbestez, arestian aipatutako epaiak dioen bezala, “hezkuntza-plangintza egokia egiteak administrazioa behartzen du lanpostu horiek ez eskaintzera nazio-mailako lekualdatze-lehiaketetan, zeren eta, bestela, litekeena da bere funtzionarioak adjudikatzek destinorik gabe geratzea.
Horrenbestez, plantillak zehazteko irizpideak, txosten honetan adierazitakoak, abiapuntu hartuta, Hezkuntza Departamentuak deitzen dituen lekualdatze-lehiaketetan, bai estatu mailakoetan bai autonomikoetan, oso guti dira irakasleak mugitu ahal izateko eskaintzen diren musikako lanpostuak, eta nazio mailako lehiaketetan hori zehaztu beharra dago, gainera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko funtzionarioak ez daitezen geratu zerbitzua emateko destinorik gabe.
Azaldutako arrazoiak direla medio, 2002tik, guztira euskarazko musikako 8 lanpostu (7 lehiaketa autonomikoetan eta 1 nazio mailako lehiaketa batean) eta gaztelaniazko 5 musikako lanpostu eskaini dira (guztiak lehiaketa autonomikoetan), eta une honetan musika espezialitateko gaztelaniazko 12 funtzionario ari dira praktika-aldian, hain zuzen ere Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bidez deitutako hautapen prozeduran hautatutakoak, eta beste 10 funtzionario badaude oraindik ere behin-behineko destinoa dutenak (8 euskarazko adarrean eta 2 gaztelaniazkoan) eta lehenagoko deialdietan sartu zirenak.
Azkenik, gehitu daiteke ezen plantilla organikoak unibertsitatez besteko irakasleen mahai sektorialera igortzen zaizkiola eta hartan eztabaidatzen direla, eta mahai horretan musikako lanpostuekin lotutako gaia, zehazki, ez dela eztabaidatu edo ez dela erreklamazio baten xede izan.
Hori guztia da jakinarazten dizudana. Edozer behar baduzu zure esanetara naukazu”.
Kexa-egileak, Bigarren Hezkuntzako Kidegoko musikako espezialitateko funtzionarioa denak eta Calahorran destinoa duenak, salatzen du ezinezko izan zaiola, azken hamabi urte hauetan horretarako deitutako nazio-mailako lehiaketen bitartez, Nafarroara etortzeko bere asmoa betetzea.
Bere aldetik, Hezkuntza Departamentuak bere txostenean arrazoi batzuk azaltzen ditu, zeinak, bere ustez, adierazitako irakaskuntza-espezialitate zehatz horretan, baliagarri baitira azaltzeko zergatik ez den lanposturik eskaini nazio mailako lehiaketa horietan. Izan ere, azaltzen du, haiek betetzeko lehentasuna dutela behin-behineko destinoa izan eta barne-mugikortasuneko prozeduren bitartez lanpostu horiek hartu nahi dituztenek.
Erakunde honek ezin du alde batera utzi ezen, arazoaren xedeari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak jokatzeko tarte handia duela, hain zuzen ere nazio mailako lekualdatze lehiaketak arautzen duten legeek emandakoa, zeren eta haren arabera, hezkuntza administrazioei esleitzen baitzaie deialdietan sartuko diren lanpostuak erabaki eta zehaztea, arlo horretako plangintza egiteko daukaten ahalmenaren arabera. Horrenbestez, hemen interesatzen zaigunari begira, erakunde honek ezin du ondorioztatu ezen, lekualdatzea bilatzen duen funtzionarioaren ikuspegitik, eskubidea daukanik lekualdatze hori gauza dadin.
Hori dela eta, kontuan izanda Hezkuntza Departamentuak egindako txostenean azaltzen diren argudioak arrazoizkoak direla, erakunde honek, esleituta daukan ikuskapen eginkizunaz baliatuta, ez du jotzen kexaren xedea den jarduketa administratiboa irregularra denik edo antolamendu juridikoak aitortutako eskubideak urratzen dituenik. Aurrekoa ulertu behar da, noski, ezertan kendu gabe haren asmoa eta antzeko egoeran dauden beste herritar batzuetan aintzat hartzeko aukera, hurrengo deialdiei begira. Horrenbestez, gomendagarria dirudi, ahal den guztian, nazio-mailako lekualdatzeetan sarturiko lanpostuen eskaintza irakaskuntzako espezialitate guztietara zabaltzea.
Aurrekoa ezertan ere kendu gabe, eta ikusita kexan adierazi dena, Hezkuntza Departamentuari gogorarazi behar zaio interesdunak aurkeztutako eskabideei erantzuteko betebeharra duela; izan ere, azaldutakoaren arabera, erantzun ere ez baitiote egin.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako Arartekoari aitortzen dio Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori gehieneko epe batean bete beharra dago (ordezko gisa, aipatutako legean ezarri zen hiru hilabeteko epea).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, betebeharra administrazio horrek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodeak betebehar hori berresten du. Kode hori, izan ere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduaren bitartez onetsi zen.
Eta betebehar hori aplikatzekoa da herritarrek jardun administratibo bat eskatzen duten instantzia guztiei dagokienez, baita eskaerari buruzko konstituzio-eskubideaz baliatzeko ekintzetan sar daitezkeenei ere; izan ere, konstituzio-printzipio horretan sartu behar dira [?] jaunak Hezkuntza Departamentuko zerbitzuei igorritako idazki guztiak.
Azken batean, erakunde honek beste espediente batzuen harira jada adierazia duenez, Administrazio Publikora jotzen duen eta jarduketa administratibo jakin bat eskatzen duen herritar orok, eskatzen duen horretarako eskubidea duen ala ez alde batera utzita, erantzun bat jasotzeko eskubidea dauka.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskari, eskabide, eskaera, errekurtso eta gainerako idazkiei erantzuteko legezko betebeharra duela, eta, zehazki, kexa-egileak aurkeztutakoei erantzun egin behar diela.
Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutako norabidean neurriak hartzen dituen, edo, bestela, hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia