Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 15eko 204/2009 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?]k Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari gisa aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urria 15

Euskara

Gaia: Falta de atención telefónica en Euskera en un centro de salud de la zona mixta

Exp: 09/629/C

: 204

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 17an Behatokiko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Osasun Departamentuari buruzko kexa bat aurkezten du.

    Azaltzen du joan den ekainaren 1ean, 12:50ean, herritar batek telefonoz deitu zuela Iturramako osasun etxera, eta ezin izan ziotela euskaraz artatu euskaraz zekien langileak une horretan ezin izan zuelako telefonoa hartu.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

    2009ko urriaren 13an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:

    “Iturramako Osasun Etxea, Iruñean dagoena, eskualde mistokoa da. Izan ere, eskualde horretan euskaraz jakitea ez da nahitaezkoa, baina bai baloratzen da baldintza gisa osasun etxe batean lan egiten duten estamentu desberdinetako enplegu eskaintza publikoetan.

    Gaur egun, euskaraz dakien administrari batek egiten du lan osasun etxe horretan.

    Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekintza abiarazi ditu Gobernuaren jarduna hobetzeko herritarren parte-hartzearen eta haiei ematen zaien arretaren arloetan. Horri dagokionez, Iruñean eta Eskualde Mistoko gainerako tokietan dauden Gobernuaren bulegoetan jasotzen diren deietan, dei-egileak euskaraz hitz egiten badu, herritarrari arreta hobea emateko, dei-egileari euskaraz erantzuteko modurik ez badago kasuan kasuko unitateetan dauden baliabideekin, barneko prozedura-protokolo bat badago, zeinak bidea ematen baitu dei-egileari euskaraz erantzuteko komunikazioa eten gabe; izan ere, deia Erregistro Orokorreko eta Argibideetarako Bulegora birbideratzen da, hain zuzen ere [?] telefonora (barneko [?] zenbakira), herritarrari bertatik erantzuteko”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.

    Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

  2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.
  3. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eskualde mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, eskualde mistoko osasun etxe bati atxikitako herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz nahiz idatziz euskara erabiltzeko dagokion osasun etxean, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.

    Arreta ematen duen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.

  4. Foru Komunitateko Administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak eskualde mistoan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea Administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.

    Erantzuteko idazkian iragarritako bitartekoak, abstraktuan, egokiak izan badaitezke ere, egia da kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan duela Donibaneko osasun etxearekin, eta komunikazio hori ezin izan zela hizkuntza horretan gauzatu. Horrenbestez, herritarraren eskubidea urratu zen. Urraketa hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez eskualde mistoko bulego, zerbitzu eta osasun etxeetan, herritarrek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia