Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Incumplimiento del plazo para remisión al TAN de Recurso de Alzada presentado en sede municipal
Exp: 09/591/D
Nº: 201
Eskubideen sustapena
2009ko irailaren 11n, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Tuterako Udalaren aurka, gora jotzeko errekurtso bat izapidetzeko prozeduran erakutsitako jarduera-ezarengatik.
Azaltzen zuen joan den uztailaren 15ean Tuterako Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuko bulegoetan gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuela, bi eskabideren erantzuna jaso ez zuelako, bata Bulego Teknikoa eta Kontratatutako Zerbitzuak izeneko bulegoko administrari ofizialaren lanposturi dagokion eginkizunen esku-liburua eskatzekoa, eta bestea Tuterako Udaleko Lanpostuak Baloratzeko Batzordeko akten kopiak eskatzekoa.
Adierazten zuen udalak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegira igortzeko bost egun balioduneko epea urratu zuela, eta horrekin 173/1999 Foru Dekretuko 10. artikuluan ezarritakoa urratu zuela.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Tuterako Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Ezinbestez aipatu beharra dago Tuterako Udalak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera, azterlan bat egin duela lanpostuen balorazioari buruz. Azterlan horren amaieran, ondorioei eta Balorazio eta Jarraipen Batzordeak proposaturiko irizpideei buruzko txostena eman zen; txosten hori, berriz, 2009ko urtarrilaren 30ean udalak eginiko Osoko Bilkuran onetsi zen, Giza Baliabideen Informazio Batzordeak proposatuta.
Bilkura berean, hain zuzen ere aipatu azterlana onestearen karietara, Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen (Uren Udal Batzarra eta Castel Ruiz Kultur Zentroa) plantilla organikoaren behin-behineko onespena eman zen, 2009. urterako, zeren eta ondorio eta aplikazio-irizpide haiek udal plantillan ageri diren determinazioak oinarritzen dituen funtsezko helburua baitira; bereziki, ordainsariei, lanpostuen zehaztapenenari, udalean lanera sartzeko sistemei, lanpostuen sailkapenari eta beste alderi batuei dagokienez.
2009ko martxoaren 11ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Osoko Bilkuraren aipatutako erabakia argitaratu zen, eta udaleko plantilla organikoaren hasierako onespenari alegazioak aurkezteko/egiteko legez zabaldutako epea iragarri zen, eta adierazi zen espedientea idazkaritzan eskura zitekeela hura aztertu nahi bazen. Halaber, bidezkoa da azpimarratzea 2009ko urtarrilaren 30tik (Osoko Bilkuraren onespenaren eguna) martxoaren 11ra (NAOn argitaratu zen eguna) Tuterako Udalean eskabide batzuk aurkeztu zirela, hain zuzen ere beren zioen eta eskaeren arabera zuzeneko lotura zutenak urtarrilean Osoko Bilkurak hartutako erabakiarekin. Horiek udalaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunean (arestian aipatutako martxoaren 11a) hasitako alegazioetarako epeaz kanpo aurkeztu baziren ere, planteatzen zituzten edukiak ikusita eta haien kudeaketa bideratze aldera, plantillaren hasierako onespenari aurkeztutako alegazioen gisara izapidetu ziren.
Eskabide horien artean, [?] andreak izenpetutako bat dago, 2009ko otsailaren 12koa (025052 erregistroko zenbakia dauka) –kontuan izan Osoko Bilkurak 2009rako plantilla organikoaren hasiera onespenari buruzko erabakia argitaratu baino hilabete lehenago aurkeztu zela–. Eskari horretatik ondorioztatzen da egiaz plantillari buruz aurkeztutako eskari bat dela, zeren eta lanpostuari esleitutako lansari osagarri bat aldatzea eskatzen baitu. Eskabide hori interesdunak martxoaren 24an eta 26an aurkeztutako beste alegazio batzuei gehitu zitzaien.
Alegazioak aurkezteko ezarri zen epea iragan ondoren eta alegazioak ebatzi ondoren, udalaren Osoko Bilkurak, berriz ere, Giza Baliabideen Informazio Batzordeak proposatuta, uztailaren 3an erabaki bat hartu zuen, hain zuzen ere alegazioei erantzuteko txostena onesteko eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen 2009rako plantilla organikoari behin betiko onespenea emateko. Erabaki hori 2009ko abuztuaren 31ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Hemen interesatzen zaigunari erreparatuta, aipatu udal funtzionarioak aurkeztutako alegazioei erantzuna eman zitzaien. 2009ko uztailaren 23an erregistratu zen Osoko Bilkurak uztailaren 3an hartutako erabakiaren irteera, alegazioei erantzuteko txostenarekin batera. Interesdunari aurtengo abuztuaren 4an jakinarazi zitzaion.
Toki Administrazioari buruzko Foru Legea partzialki garatu zuen Toki entitateen erabakiak eta egintzak aurkatzeari buruzko urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretuko 10. artikulua oso-oso argia da. Lehenengo idatz-zatian, Nafarroako Administrazio Auzitegiari Nafarroako toki entitateen egintzen eta erabakien aurkako gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko tokiak aipatzen dira: a) Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorra; b) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregistroa; c) Errekurtsoari dagokion egintza/erabakia eman zuen toki entitatearen erregistroa; eta d) Administrazio prozedura erkidean aitorturiko beste batzuk.
Errekurtsoa aurkatutako egintza/erabakia eman zuen toki entitatean aurkeztuz gero, azken horrek Nafarroako Administrazio Auzitegira igorri beharko du gehienez ere 5 egun balioduneko epean.
Arau beraren 2. idatz-zatiak honakoa ezarri zuen: "2. Nolanahi ere, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendu beharko zaio, eta hari aurkeztu zaiola ulertuko da.”
Aztergai dugun kasuan, Tuterako Udalak 2009ko irailaren 11n igorri zion aipatutako errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari. Alabaina, udal honek 5 egun balioduneko epea zeukan xede horretarako, 2009ko uztailaren 15etik kontatzen hasita, orduan sartu baitzen idazkia erregistroan.
Horrenbestez, gai zehatz baten izapidetzearen inguruko kontu bati buruz ari gara. Argi dago ez dela behar bezala bete errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegira igortzeko izapidetzea, nahiz eta urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretuan araututakoaren arabera errekurtsoa behar zen epean eta toki egokian aurkeztu zen. Bidezkoa dirudi esatea alde honen iritziz denboran izandako geroratzeak ez diola interesdunari inongo kalterik eragin aurkapena arrazoi formalengatik (epea edo aurkeztu den erregistroa) ez onartzeko balizko aukera dela eta, ez eta kalterik ere bide administratiboan aurkapena dela-eta haren idazkian jasotako asmoei dagokienez ere, hain zuzen ere behin eta berriz aipatu dugun auzitegiak ebatzi behar dituen asmoak.
Azkenik, 2009ko irailaren 11ko eskabide berean, zeinaren bitartez Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoaren idazkiak igortzen baitira (2009ko irailaren 14an sartu zen Nafarroako Gobernuko kasuko erregistroan), jasota uzten da errekurtsoa igortzean geroratzea gertatu dela, honako moduan jaso ere:
“Aipaturiko errekurtsoak bidaltzerakoan izandako geroratzearen aurrean, jakitera ematen dizuegu eginbehar hori esleituta duten langileek izandako izapidetze-akats bat izan dela. Horrenbestez, arren eskatzen dugu geroratzea barka dezazuen eta ontzat jo dezazuen erantsitako errekurtsoen igorpena, behar diren eraginetarako.”
Kexa-egileak, 2009ko uztailaren 15ean, gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuen Tuterako Udaleko erregistroan, udalak ez-jardutearen aurkakoa, hain zuzen ere aurreko puntuan aipatu ditugun eskabideei ez zielako erantzunik eman.
Udalak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea garatzen duen Toki Entitateen Erabakia eta Egintzak aurkatzeari buruzko Erregelamenduko 10.1 artikuluan ezarritakoren arabera, errekurtsoa beste inongo izapiderik egin gabe igorri behar zion Nafarroako Administrazio Auzitegiari, gehienez ere bost eguneko epean. Agindu hori arau erakoa da, eta ez zen bete, zeren eta udalak 2009ko irailaren 11n igorri baitzion Nafarroako Administrazio Auzitegiari kexa-egileak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa.
Jasota utzi beharra dago ezen, udalaren txostenak dioen bezala, udalak Nafarroako Administrazio Auzitegiari idatziz aitortu ziola izapidetzean eginiko akatsa, hau da, errekurtsoa bost egun balioduneko epean igortzeko legezko betebeharraren ez-betetzea. Horrenbestez, erakunde honen iritziz, ez du inongo garrantzi praktikorik legezko betebehar hori bera gogoraraz diezaiogun, zeren eta bere buruari gogorarazia baitio, bere kabuz gogorarazi ere.
Hala eta guztiz ere, bai da bidezkoa udalari iradokitzea behar diren bitartekoak jar ditzan arauek prozedura desberdinetarako ezartzen dituzten epeak zorrotz bete ahal izateko. Bitarteko horiek pertsonalak izan daitezke, baina baita teknologikoak ere; esate baterako aldizka abisua (alarma) joko duten programa informatikoak, udalak betetzeke duen betebeharra gogoraraziko dutenak.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia