Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 14ko 200/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Francisco [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urria 14

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Demoras e incumplimientos en la tramitación de expedientes urbanísticos

Exp: 08/561/U

: 200

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. 2009ko abuztuaren 28an, Francisco [?] jaunak igorritako posta elektronikoko mezu bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, erakunde honi jakinarazten zion Atezko Udala ez zela betetzen ari urtarrilaren 26ko 11/2009 Ebazpenaren bitartez udalari igorri nion legezko betebeharren gogorarazpenari emaniko erantzunean hartutako konpromisoa. Ebazpenaren erantzunean, toki entitateak honakoa zioen: “Alkatetza honek konpromisoa hartzen du etorkizunean honako egoerak saihesteko eta jakitera ematen du horretarako behar diren bitartekoak jartzen ari dela”. Aipatutako egoerak dira Beuntzako kontzejuko [?] poligonoko [?] lursailean etxebizitza bat eraikitzeko [?] jaunak eginiko eskabideko hirigintza-espedientea izapidetzean gertaturiko geroratzeak eta ez-betetzeak.

    Berriki jakin dugu, kexa-egilearen idazki baten bitartez, toki entitateak eskatu diola jada bere garaian udalaren egoitzan aurkeztu zuen dokumentazio bat.

    Horri 2009ko maiatzetik iragan den denbora gehitu behar zaio, data hartan baietsi baitzuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak kexa-egileak Beuntzako kontzejuaren ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa, 2008ko irailaren 19koa. Izan ere, kontzejuaren ebazpen horren bitartez ezezkoa ematen zitzaion familia bakarreko etxebizitza bat egiteko obren lizentziari, Atezko Udalak nahitaez eman beharreko txostena, loteslea dena, aurkakoa zelako. Gehitu beharra dago, era berean, 2009ko uztailaren 20ko udal idazkiaren bidez, udaleko hirigintza arloko teknikariaren 2009ko ekainaren 22ko txostena eta aholkulari juridikoaren 2009ko uztailaren 3ko txostena [?] jaunari igorri zaizkiola. Izan ere, haien bidez, interesdunari agiri eta plano batzuk eskatzen zaizkio, bere garaian (2007ko azaroaren 13an eta 2008ko maiatzaren 30ean) eskabidearekin batera aurkeztutakoak osatzeko.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Atezko Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Urriaren 6an, alkatearen txostena sartu zen erakunde honetan. Honakoa azaltzen du:

    “2009-05-20an, Atezko Udaleko Alkatetzak administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2009-03-27ko 1688 zk.ko Ebazpenaren aurka. Izan ere, ebazpen horren bidez, baietsi zen [?] jaunak Atezko Udalaren 2009ko uztailaren 28ko Ebazpenaren aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkezturiko 08-6044 zk.ko gora jotzeko errekurtsoa. Atezko Udalaren ebazpenak, berriz, ezezkoa ematen zion Atezko Beuntza herriko Dorrondoa parajean, 12. poligonoko 30. lursailean, familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko aldeko txostena emateko eskariari.

    2009ko abuztu-irailetan, Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak errekurtso hori iraungita zegoela erabaki zuen.

    Aurretik, Atezko Udaleko zerbitzu juridikoek zenbait txosten emanak zituzten (idazki honekin batera aurkeztu ditugu), eta haiek interesdunari igorri zitzaizkion, aipaturiko errekerimenduarekin batera. Horietan, honakoa ondorioztatzen da:

    “Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren edukiaren arabera, bidezkoa da aldeko txostena ematea, hain zuzen ere nahitaezkoa dena Beuntzako Kontzejuak gero obretarako lizentzia emateko. Izan ere, Atezko kasuan, hirigintza-planeamendurik ez dagoenez, Nafarroako Gobernuaren baimenak berekin dakar obretarako lizentzia ematea.

    Hori dela eta, obretarako lizentzia lortzeko eskubidea Nafarroako Gobernuaren aipatu baimenaren legezkotasunean oinarrituta dagoenez, interesdunak lizentzia eskuratzeko duen eskubideak (eta Atezko udalak aldeko txostena emateko betebeharra) bere horretan dirau, Administrazioarekiko Auzien Salak baimen hori deuseztatzen ez duen bitartean (aurkeztutako errekurtsoa ebazteko dago...). Hala eta guztiz ere, behean izenpetzen duen legelariak, arestian aipatutako legezko oinarriei jarraituz, uste du Atezko Udalak, legeak ematen dizkion eskumenen eta ahalmenen indarrez, ahalmena duela (eta behartuta ere badagoela) interesdunari EXIJITZEKO obrak egiteko orduan, segurtasuna eta bermeak eman ditzan amaierako emaitza honako alderdi hauekin bat etor dadin:

    Etxebizitzari sarbidea emateko aldarazi behar den lur publikoa urbanizatu beharko da udalak bere arkitektoaren txostenetan aurrez finkatu dituen baldintzen arabera.

    Hornikuntza eta saneamendu sare orokorrak –haien trazadura interesdunak osatu behar du– eta haietara konektatzeko hartuneak, udalak bere arkitektoaren txostenetan aurrez finkatu dituen baldintzen arabera egin beharko dira.

    Uneoro indarrean jarraitzen du interesdunak bere eraikina ingurunearen arabera egokitzeko betebeharra: kanpoko paramentuak eta estalki guztiak erabat bukaturik egoteari dagokionez, horretarako erabilita gutxien nabarmentzen diren forma eta koloreak, ingurune hurbilean eta paisaian hobekien integratzeko egokienak direnak.

    Hori guztia dela eta, aldeko txostena eman aurretik, interesdunak proiektuaren hutsuneei eta guztiz argi definituta ez dauden alderdiei KONPONBIDEA eman beharko die. Hain zuzen ere, arkitekto aholkulariaren txostenean aipatzen direnak dira.

    Nolanahi ere, interesdunak betebehar horiek beteko dituela lehen erabilerarako lizentzia eman aurretik bermatu beharko da.”

    Ikuspuntu teknikotik, etxebizitza berri bat eraikitzeko obrek, interesdunak egin nahi dituenek, berez beste obra batzuk egiteko beharra ekartzen dute, aurrekoaren osagarriak, etorkizuneko etxebizitzari orain ez dauzkan zerbitzuak (hornidura, saneamendua, argindarra) eta autoentzako sarbidea emateko.

    Udalak alderdi horiek konpontzeko edo/eta argitzeko exijitu duenean, beti udal arkitektoaren txosten bat erabili du. Horrenbestez, ez dira zentzurik gabeko exijentziak, baizik eta herriaren zati horren urbanizazioan eragina duten alderdi garrantzitsuak argitzeko eta konpontzeko exijentziak. Udalaren betebeharra da zerbitzu horiek Beuntzako bizilagunei bermatzea, eta bere eskumena eta bere betebeharra da haiek zaintzea eta, horrenbestez, zehaztea zein diren urbanizatzeko baldintza eta sare egokienak, betiere behar den irizpide teknikoarekin.

    Arestian aipatutako txosten juridikoan, xehetasun guztiekin eta arrazoiak emanez justifikatzen da Atezko Udalaren betebehar hori.

    Interesdunak, bere arkitektoari “gehigarri” edo eranskin bat eskatu beharrean urbanizazio lan horiek eta sareetako konexioa nola eginen dituen modu koherentean eta irizpide teknikoekin azaltzeko eta argitzeko, berak izenpetutako dokumentazio osagarri batzuk aurkeztu ditu, inolako berme teknikorik eta profesionalik gabe, zeren eta interesdun horrek ez baitu goi mailako arkitektoaren titulua. Horrela, bada, bere proiektuari eransteko plano batzuk aurkezten joan da, non “eskuz” markatu baitu obrak nola exekutatuko diren...

    Halaber, 2009-09-16ko txosten juridikoan, honako ondorioa ateratzen da:

    Interesdunak eskatutako gai batzuei erantzuna eman badie ere, beharrezkoa da proiektuaren eranskin bat aurkeztea, teknikari eskudunak izenpetua eta dagokion lanbide-elkargoak bisatua, bertan egin beharreko urbanizazio lanak jasotzeko, proiektu bati (agiri tekniko bat) dagokion definizioarekin. Exijentzia hori ohiko praktika bat da honelako kasuetan udal gehien-gehienetan.

    Azken batean, interesdunari jakitera eman zaio egiazki obretarako lizentzia eman eginen zaiola, baina aurretik egin behar duen urbanizazio lan osagarriei dagozkien gaiak argitu eta konpondu behar dituela, eta udala dela eskuduna exijentzia hori egiteko, zeren eta bera baita zerbitzuen arduraduna eta, horrexegatik, behar adinako bermea eduki behar baitu obrak irizpide eta exijentzia tekniko egokien arabera egiteari buruz. Izan ere, horretarako, Nafarroako udal gehien-gehienetan egiten den bezala, interesdunak etxebizitza egiteko proiektu teknikoaren eranskin bat aurkeztu beharra dauka, teknikari eskudun batek izenpetua eta behar bezala bisatua.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2009ko martxoaren 27ko Ebazpenaren bitartez, baietsi egin zen kexa-egileak Atezko Udalaren 2008ko uztailaren 28ko ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Izan ere, udalaren ebazpen hartan, ezezkoa eman zitzaion bere garaian Beuntzako Kontzejuan eskatu zuen obren lizentziarako aldeko txostena emateari. Ebazpen horretan –jada irmo bilakatu dena–, adierazten da, zehaztasunez eta zalantza-tarterik gabe, udala behartuta dagoela kexa-egileak familia bakarreko etxebizitza bat Beuntzan eraikitzeko obren lizentziarako aldeko txostena ematera.

    Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenean azaldu bezala, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimen administratiboa eman ondoren, udalari lanak ingurunerako egokiak izanen direla kontrolatzeko betebeharra baizik ez zaio geratzen, kanpoko paramentuak eta estalki guztiak erabat bukaturik egoteari dagokionez, horretarako erabilita gutxien nabarmentzen diren forma eta koloreak, ingurune hurbilean eta paisaian hobekien integratzeko egokienak direnak. Eta kasu horretan ere, ez da bidezkoa lizentzia edo aldeko txostena besterik gabe ukatzea, zeren eta aurretik udalak arlo horretan atzematen diren akatsak konpontzeko eskatu beharko baitu. Izan ere, errekerimendu horri kasurik ez egitea gertatu beharko da ezezkoa emateko.

    Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak honako arrazoiak ematen ditu alkatetzaren ebazpena deuseztatzeko: “Atezko Udalaren Alkatetzaren 2008ko uztailaren 28ko ebazpena, familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko obren lizentziarako aldeko txostenari ezezkoa ematen diona, ez da oinarritu udalak berak ingurunera egokitzeko eskatutako betebeharraren ez-betetze batean, eta horixe da, hain zuzen ere, autonomia erkidegoaren baimenetik aldentzeko arrazoi bakarra. Horrenbestez, bidezkoa da gora jotzeko errekurtso hau baiestea eta aurkatutako ebazpena deuseztatzea, Zuzenbidearekin bat ez datorrelako”.
    Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen hori irmoa da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea garatzen duen Toki Entitateen Erabakiak eta Egintzak aurkatzeari buruzko Erregelamenduko 29.1 artikuluaren arabera; izan ere, hartan honakoa ezartzen da: “Errekurtsoan planteaturiko gaiak ebazteko Nafarroako Administrazio Auzitegiak hartutako erabakien exekuzioa errekurtsoaren xedea den egintza edo erabakia eman duen organoari egokituko zaio”. Horrenbestez, alkatetzak hura bete beharko du, hau da, aldeko txostena eman beharko du Beuntzako Kontzejuak kexa-egileari familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko lizentzia eman diezaion.

  2. Bestalde, gogorarazi behar da erakunde honek jada kexaren gaiari buruzko ebazpen bat eman zuela, hain zuzen ere Nafarroako Arartekoaren urtarrilaren 26ko 11/2009 Ebazpena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa. Izan ere hartan, Atezko Udalari gogorazi zitzaion legez Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako arau eta erregela guztiak bete behar dituela, eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aldarrikaturiko printzipio eta irizpideen arabera jardun behar duela. Erakunde honek zioen, halaber, udalaren arauz kanpoko jardun-ezak kexa-egilearen interesak kaltetu zituela, ez baitziren fede onaren, bidezko konfiantzaren, efizientziaren eta herritarrei zerbitzua ematearen printzipioak errespetatu (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3. artikulua).
  3. Bada, azaldutako aurrekariak kontuan izanda eta, zehazki, kontuan izanda Atezko Udalak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren erabakia martxotik ezagutzen duela eta erabaki hori, berriz diogu, irmoa dela jada, harrigarri gertatzen da udalak oraindik ere aldeko txostena eman ez izana, hain zuzen ere Beuntzako Kontzejuak obretarako lizentzia emateko nahitaezkoa dena. Atzerapen horrek argi uzten du udalak bere horretan jarraitzen duela Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren exekuzioa oztopatzeko jarreran, eta gure urtarrilaren 28ko 11/2009 Ebazpenean nabarmendu genituen irregulartasun berdinetan ari dela; irregulartasun horiek, izan ere, bideratuta daude obretarako lizentzia emateko nahitaezko aldeko txostena geroratzera, eta hori, zalantzarik gabe lege-iruzurra da.
  4. Azkenik, udalak bere txostenean adierazitakoari dagokionez, hau da, lizentzia-eskatzaileak kanpoko urbanizazioa dela-eta etxebizitzari buruzko proiektu teknikoa osatzeko beharrari dagokionez, adierazi behar dugu horrek konponbidea baduela, alegia, kontzejuak lizentzia ematea eta hartan behar diren baldintzak gehitzea.
  5. Hirigintzako lizentzia bati gehitu dakizkiokeen baldintzak direla eta, gogoratu beharra dago zorrozki araututako dokumentuak direnez, bete beharreko egintza bat direla, zeren eta nahitaez eman edo ukatu behar baitira egin nahi den jarduera aplikatzekoa den ordenamenduari egokitzearen arabera. Eta axioma hori abiapuntu hartuta, hura baldintzatzeari dagokionez, jurisprudentziaren doktrinak behin eta berriz esan du lizentziak emateko baldintzak ezar daitezkeela soilik horiek “conditiones iuris” izenaz ezagutzen direnak biltzen dituztenean, hau da, ukatzea saihesteko klausulak, lizentzian ordenamendu indardunetik heldutako exijentziak gehituz, hain zuzen ere administratuak egindako eskarian agertzen ez zirenak. “Conditiones iuris” horiekin, bidezko egiten da lizentzia ematea, hirigintza antolamenduari egokitzen ez zaion proiektu bateko alderdiak egokituz, osatuz edo kenduz. Eta gehitu beharra dago baldintza horiek, hain zuzen ere, proportzionaltasunaren printzipioaren exijentzien ondorioz “sartu beharrekoak direla”. (Besteak beste, Auzitegi Gorenaren 1989ko otsailaren 2ko epaia –RJ 800– 1989ko uztailaren 8ko epaia –RJ 5592– eta 1991ko uztailaren 2ko epaia –RJ 5727–).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Atezko Udalari gogoraraztea uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea garatzen duen Toki Entitateen Erabakiak eta Egintzak aurkatzeari buruzko Erregelamenduko 29.1 artikuluan ezarritakoa hertsiki betetzeko legezko betebeharra duela, eta berehala eta egiazki aldeko txostena eman behar duela, gero Beuntzako Kontzejuak lizentzia eman ahal izan dezan.

  2. Atezko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.

  3. Erabaki hau Atezko Udalari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia