Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 14ko 199/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urria 14

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Exclusión de un procesode selección para la elaboración de listas de contratación de gestores para la UPNA

Exp: 09/579/F

: 199

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 3an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurka, kudeaketariak kontratatzeko zerrenda batzuk egiteko hautapen-prozesua dela eta.

    Azaltzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen apirilaren 26ko 656/2009 Ebazpenaren bitartez, deialdi bat onetsi zela kudeaketariak kontratatzeko bi zerrenda egiteko. Deialdiko 2.1 oinarrian eskatzen zen eskabidearekin batera deialdian exijitutako titulua, jatorrizkoa nahiz kopia, aurkezteko.

    Agertzen du izangai onartu eta baztertuen zerrenda behin-behinekoz onesteko ebazpenean baztertuen artean agertzen zela, dokumentazioa ez erkatzeagatik. Interesdunari akatsa zuzentzeko epe jakin bat ematen zitzaion.

    Gehitzen du deialdiko oinarrietan ez zitzaiola exijitzen titulua konpultsatuta edo erkatuta egoteko, eta, horrenbestez, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 79.2 artikuluan ezarritakoari lotu zitzaiola, eta, interesduna zen aldetik, akats hori alegatu zuela eta unibertsitateari jakinarazi ziola (deialdiko epaimahaia baitzen) akatsa ez zela berea eta NUPek prozesua kudeatzeko eta izapidetzeko prozedurari zegokiola. 2009ko ekainaren 12an, behin betiko zerrendak argitaratuta, kexa-egilea baztertuen artean agertzen zen, eta argi geratu zen NUPek ez zuela egindako akatsa zuzendu.

    Gero, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, baina unibertsitateko errektorearen 1164/2009 Ebazpenaz ezetsi zen.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Urriaren 1ean, Unibertsitate Publikoko errektorearen txostena sartu zen erakunde honetan. Honakoa azaltzen du:

    Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen apirilaren 29ko 656/2009 Ebazpenaz, hautapen-proba batzuetarako deialdia egin zen, kudeaketarien –B maila– bi zerrenda egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen eta Ikasketetan Laguntzeko Zerbitzuan gerta zitezkeen beharrak betetzeko.

    Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen maiatzaren 26ko 771/2009 Ebazpenaz, aipatutako deialdian onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsi zen, eta hautapen-prozesuko probak egiteko data, tokia eta ordua ezarri ziren. Baztertuen behin-behineko zerrendetan [?] jauna ageri zen, eta baztertuta egoteko arrazoia ere bertan ageri zen, alegia, izangaiak aurkeztutako dokumentazioa erkatu gabe egotea. Emandako epearen barruan, [?] jaunak erreklamazio bat aurkeztu zuen deialditik kanpo geratzearen aurka, eta alegatu zuen bere eskabidea deialdiko oinarrien araberakoa zela, eta ez zuen aurkeztu eskatutako dokumentazioaren ez jatorrizko agiririk, ez kopiarik; horrenbestez, behin betiko baztertu zen hautapen-prozesutik, kasuko ebazpenaren bitartez.

    Unibertsitateak zorrotz bete du deialdiko oinarrietan ezarritako betebeharra, eta interesdunari errekerimendua igorri dio eta ezarrita dagoen epea ere eman dio dokumentazio konpultsatua edo jatorrizkoa –erkatu ahal izateko– aurkezteko, eta interesdunak ezezkoa eman dio akatsa zuzentzeari; izan ere, egin duen hautua izan da Administrazioaren irizpidea zalantzan jartzea, eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak kudeaketarien bi zerrenda egiteko hautapen-probetarako deialdiaren oinarriak onetsi zituen, hain zuzen ere haiek, premiaren arabera, aldi baterako kontratatu ahal izateko. Aipatutako deialdiko 2.3 oinarrian ezarri zen behar bezala betetako eskabidearekin batera, honako dokumentazioa ere aurkeztu beharko zela: “Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren naziotasuna eta nortasuna egiaztatzeko beste agiri baten fotokopia eta deialdian exijitutako tituluen jatorrizko agiria nahiz kopia.

    Kexa-egileak, arauaren hitzez-hitzekotasunari begiratuta, tituluaren kopia “soil” bat eta NANaren fotokopia “soil” bat aurkeztu zituen. Unibertsitateak, errektorearen maiatzaren 26ko 771/2009 Ebazpenaren bitartez, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onetsi zituen eta interesduna onartuen behin-behineko zerrendatik kanpo utzi zuen, dokumentazioa erkatu gabe egoteagatik. Bost eguneko epea eman zion atzemandako akatsa zuzentzeko.

    [?] jauna, araua ez zuela hautsi uste baitzuen, oinarrietan ez baitzen zehazten kopiak konpultsatuak edo erkatuak izan behar zirenik, eta uste baitzuen akatsa unibertsitateak hautapen prozesuaz eginiko kudeaketari egotzi behar zitzaiola, ez zuen akatsa zuzendu errektoreak maiatzaren 26ko 771/2009 Ebazpenean adierazitako zentzuan. Aitzitik, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 79.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, aipatu ebazpenaren aurkako alegazioen idazki bat aurkeztu zuen, azalduz bere eskabidean deialdiko xedapen guztiak beteak zituela eta deialdiko oinarriak urratzen ari zirela bera baztertzerakoan, hain zuzen ere berari egoztekoa ez zen akats batengatik; izan ere, akatsa unibertsitateak berak eginiko kudeaketari egotzi behar zitzaion. Bukatzeko, eskatzen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak zuzen daitezen eta, horrenbestez, onartuen zerrendan sar dezaten.

    Aurrekarietan adierazi bezala, kexa-egilea izangai baztertu gisa agertu zen izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendetan. Bestalde, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko errektoreak maiatzaren 26an emandako 771/2009 Ebazpenari alegazioak aurkezteko idatzia ez zen aintzat hartu; era berean, kexa-egileak baztertuen behin betiko zerrendaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ere ezetsi egin zen.

  2. Erakunde honen iritziz, deialdiko oinarriak arrazoizkoa denaren arloan aztertu eta interpretatu behar dira, bai eta haien eduki osoaren logikaren barrenean ere; halaber, haien hermeneutika oinarri horiek inspiratzen eta definitzen dituen ordenamendu juridikoaren osotasunean txertatu behar da.

    Deialdiko lehenengo oinarriak, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko Erregelamenduko 6. artikuluak bezalaxe, honakoa eskatzen du hautaprobetan onartua izateko: a) nazionalitate espainiarra izatea edo antzeko egoera bat (Europar Batasuneko kidea den estatu bateko nazionalitatea eta abar); eta b) exijitzen den titulua edukitzea (unibertsitateko erdi mailako titulua).

    Aztertzen ari garen hautapen prozesuan, baldintza horiek betetzeko deialdiko 2.3 oinarrian adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira; hau da, NANaren fotokopia eta exijitutako titulua. Fotokopia horrek eta kopia horrek ezaugarri batzuk bete behar dituzte egiazkotzat jo ahal izateko, hau da, baliagarriak eta eraginkorrak izateko. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 46.2 artikuluak honakoa ezartzen du: “Edozein motatako agiri publikoen kopiek jatorrizkoek besteko balioa eta eraginkortasuna izango dituzte, kautoak direla egiaztatuta badago”.

    Jurisprudentziaren irizpide bat da –Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak Estatuko Administrazio Orokorrari aurkeztea, agirien kopiak egitea eta jatorrizkoak itzultzea eta erregistroko bulegoen araubidea arautu zituen maiatzaren 7ko 772/1999 Errege Dekretuak ere ezarri zuena– benetakotasunaren egiaztatzea honako bideetatik egin daitekeela: jatorrizko agiriarekin, jatorrizko agiriaren kopia zigilatuarekin, jatorrizko agiriaren kopia konpultsatu edo erkatuarekin eta agiri publiko administratiboen benetako kopiekin.

    Azken batean, kexa-egileak agiri batzuk aurkeztu zituen –exijitutako titulu akademikoaren fotokopia eta NANaren fotokopia–, baina fotokopia horiek ez zituzten betetzen baliagarriak eta eraginkorrak izateko behar ziren ezaugarriak. Horrenbestez, bidezkoa zen unibertsitateak akatsa zuzen zezan eskatzea, eta horixe egin zuen. Emandako epean akatsa zuzendu ez zuenez (fotokopiak erkatu behar baitzituen), izangaia behin betiko baztertuta geratu zen.

    Hori guztia dela eta, erakunde honen ustez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak arau indardunen arabera jokatu du kexa-egilea hautapen prozesutik behin betiko baztertzerakoan, ez baitzuen zuzendu eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan egindako akatsa.

  3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak behar diren tresnak ezarri beharko ditu “herritarrentzako zerbitzua”, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.2 artikuluan azaldutakoa, unibertsitateko jardueraren beraren gidalerroa izan dadin, betiere ulerturik zerbitzu hori dela herritarrei behar diren elementuak eta bitartekoak ematea elkarren arteko harremana normala eta eraginkorra izan dadin. Aztergai dugun kasuari dagokionez, horrek esan nahi du herritarrari zerbitzu hobea emanen ziola baldin eta deialdiko 2.3 oinarrian “konpultsatua” adjektiboa erantsi izan balio “kopia” izenari, hermeneutika juridikoa izangai bakoitzaren irizpidearen eskutan utzi gabe.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Unibertsitate Publikoari iradokitzea hautapen prozesuetako deialdietan zehaztasunez adieraz ditzan oinarrietan exijitzen diren baldintzak justifikatzeko agiriek izan beharreko ezaugarriak.

     

  2. Nafarroako Unibertsitate Publikoari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.

     

  3. Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta kexa-egile [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia