Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 14ko 184/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 14

Gizarte ongizatea

Gaia: Falta de recursos asistenciales para enfermos mentales

Exp: 09/523/B

: 184

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 26an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du bere anaiak, [?] jaunak, pairatzen duen egoera dela eta.

    Azaltzen du 2010eko martxoaren 10ean, eskabide bat aurkeztu zuela, eta haren bidez eskatzen zuela bere anaia [?] jaunarentzat gurpil-aulki bat erosteko kostuaren ordainketa, bai eta laguntza ekonomiko bat ere, [?] Palentziako egoitza batean ingresatuta egoteak ekartzen dizkion gastuei aurre egin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, adierazten digu kexa aurkezteko unean oraindik ere ez duela eskari horien erantzunik jaso.

  2. Idazkia aztertuta, erakunde honek egokitzat jo zuen interesdunak bere garaian sustatutako kexa-espedientea berriz zabaltzea, eta planteatutako gaietan erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

2010eko urriaren 8an, Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan, eta bertan honakoa azaltzen da:

2010eko martxoaren 17an, Nafarroako Mendetasun Agentzian eskabide bat sartu zen, non honakoa irakur baitaiteke:

“Erantsita bidaltzen dizkizut Palentziako [?] zentro itunduan dagoen nire anaia [?]-ri ordaindu behar izan dizkiodanak, haren tutorea bainaiz: fakturak eta txosten soziala.”

Idazki horrekin batera Iruñeko Udalaren txosten sozial bat ageri zen, non balorazioa egin eta proposatzen baita [?] zentroko egonalditik heldu diren gastuen ordainketa, bai eta bi faktura ere: bata gurpil-aulki batena (415 euro) eta bestea eserlekurako oihal batena (15,70 euro).

Dokumentazio hori espedienteari erantsi zitzaion, dokumentuak mendetasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoetarako eta mugikortasun gaietarako deialdi batean sartu ahalko zirelakoan.

Deialdi hori irailaren 2ko 272/2010 Foru Aginduaren bitartez onetsi da (joan den irailaren 20an argitaratu zen), eta horrekin eskariak egiteko epea zabaldu da.

Hori dela eta, irailaren 21ean, [?] jaunari telefonoz eskatu zitzaion eskabidea eredu ofizialaren arabera aurkez zezan, eta jakinarazi zitzaion behar zen gainerako dokumentazioa jada Administrazioaren eskuetan zegoela.

[?] jauna dagoen egoitzarako joan-etorrietatik heldu diren gastuei dagokienez, esan beharra dago aurreko beste batzuetan [?] jaunari esan zaion bezala, [?] jaunak prestazio bat jasotzen duela, Palentziako egoitzan egoteak sortutako gastua ordaintzeko zerbitzuari lotuta dagoena. Prestazio hori, espedientean ageri den bezala, hileko 6.299,24 eurokoa da; erabiltzaileak, berriz, bere gaitasun ekonomikoaren arabera ordaintzen duen zenbatekoa, berriz, 573,10 eurokoa da.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariaren ekainaren 1eko 210/2009 Foru Aginduak, zerbitzu bati lotutako prestazio ekonomiko horiek arautzen dituenak, ez du aurreikusten zenbatekoa handitzea erabiltzaileari arreta ematetik heldu diren gastu berezietarako, urtean 2.441,23 euroko kopurutik gora; izan ere, kopuru hori erabiltzaileak libreki erabiltzeko zenbateko gisa ezarri zuen Nafarroako Mendetasun Agentziako Gobernu Kontseiluak 2009ko abenduaren 21eko Erabakiaren bitartez. Erabakiak erakunde autonomo horrek zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen zerbitzuak emateko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak aldatzen ditu eta 2010eko otsailaren 26ko NAOn argitaratu zen.

Horrenbestez, eta joan-etorrietatik heldu diren gastuei dagokienez, esan beharra daukagu ez dagoela gastu horietarako inongo laguntzarik. Sentitzen dugu urruntasunaren inguruabarra, zeina interesdunarekin hainbestetan izandako bileretan adierazi baitugu, baina berriz ere esan beharra daukagu ezinezkoa dela Nafarroako inongo egoitzetara ekartzea, zeren eta ez baitago toki egokirik haren ezaugarri berezietarako, eta inongo zentro pribatuk ere ez baitu onartu.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak 2010eko martxoan eskatu zuen bere anaiarentzako gurpil-aulki bat eta eserlekurako oihala erostetik heldutako gastuak ordaintzeko. Kexu da eskari horri inongo erantzunik ez zaiolako eman.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren txostenean adierazi bezala, eskari hori gaur egun bideratuta dago Mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoen eta mugikortasunerako laguntzen deialdia onetsi zuen irailaren 2ko 272/2010 Foru Aginduaren bitartez onetsitako deialdiaren bitartez. Horrenbestez, konpontzeko bidean dagoela jo daiteke.

  2. Kexa-idazkiaren sakonean beste gai bat badago, anaia Palentziako egoitza batean egoteak dakarzkion joan-etorrien gastuei dagokiena. Izan ere, kexa-egileak nahi du gastu horiek Nafarroako Mendekotasun Agentziak ordaintzea, edo, bestela, anaiari egoitza-toki bat Nafarroan ematea.

    Erakunde honek jada gai hori aztertu zuen, eta hari buruzko erabakia hartu zuen. Izan ere, kexa-espediente hartan, azaroaren 9ko 222/2009 Ebazpena eman genuen, eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatu zitzaion behar ziren urratsak egin zitzan [?] jaunari ahal den bezain azkar egoitza-toki bat emateko Nafarroako zentro espezializatu batean.

    Gomendio hori, departamentuak adierazitako jarrera ona gorabehera, ezin izan zen onartu, eta hala adierazi zuen departamentuak bera, zeren eta une hartan ez baitzegoen toki egokirik [?] jauna Nafarroako egoitza batean sartzeko.

    Egoera horrek bere horretan dirau gaur egun ere. Izan ere, departamentuak erakunde honi berretsi dio ezinezkoa dela interesduna Nafarroako egoitza batera ekartzea, haren ezaugarri berezietarako toki egokirik ez baitago.

    Horrenbestez, gomendioa ekarri zuten inguruabarrak aldatu ez direnez eta departamentuak haiek onartu ez dituenez, ez da bidezkoa erakundeak horri buruzko bestelako erabakirik hartzea.

  3. Azkenik, interesdunak kexa agertu zuen, halaber, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez diolako erantzun espresik eman 2010eko martxoaren 10ean aurkeztu zion idazkiari.

    Izan ere, idazki horretan eskatutakoaren zati bat modu egokian bideratuta dagoela alde batera utzita, departamentuak ez die idatzizko erantzun espresik eman eskabide hartan planteatutako gai eta eskari batzuei.

    Bada, horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere, zeinak aurkeztutako eskabide guztiei ebazpen espresa emateko betebeharra ezartzen baitu. Eta halaxe jasotzen da, orobat, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan, besteak beste kexa-egilearen idazkiari.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia