Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 14ko 183/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 14

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Contestación incompleta a instancia

Exp: 10/758/D

: 183

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko urriaren 4an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Ekaiko kontzejuaren (Longida) aurka, aurkeztutako eskabide baten zati bati baizik ez erantzuteagatik.

    Azaltzen du 2010eko martxoaren 30ean, informazioa eskatu zuela itxitura batzuen legezkotasunari buruz, eta, halaber, haiei buruzko obra-lizentzia eskatu zuela.

    Adierazten du 2010eko abuztuaren 16an, kontzejuaren erantzuna jaso zuela, eta hartan adierazten zitzaiola “itxiturak legezkoak direla”, obretarako lizentziaren aipamenik egin gabe.

    Gehitzen du ez diotela eskabideari behar bezala erantzun.

    Amaieran eskatzen zuen itxituren obretarako lizentzia emateko.

  2. Kexa aztertuta, egiaztatzen da 10/586/D kexa-espedientean aztertutako kontzejuaren jokabide berari buruzkoa dela; izan ere, espediente hura izapidetu zen kexa-egileak 2010eko martxoaren 30ean aurkeztutako eskabideari ez zitzaiolako erantzunik eman.

    Aurreko espedientean egindako eskarari erantzuteko kontzejuak bidalitako txostenean –joan den irailaren 9an jaso genuen– erakunde honi helarazi zion kontzejuak interesdunari emandako erantzunaren transkripzioa. Horren testuan, izan ere, honakoa azaltzen zen: “3 hesi-itxituren legezkotasunari buruz 2010eko martxoaren 30ean aurkeztutako eskabideari dagokionez, jakitera eman behar dizut itxiturak legezkoak direla”.

    Kontuan izanda, horrenbestez, espediente hau ebazteko behar adina informazio badagoela, jotzen dugu ez dela kontzejuari beste informazio eskari bat eskatzeko beharrik. Hala eta guztiz ere, Ekaiko Kontzejuko idazkariarekin telefonoz hitz egin genuenean, hark adierazi zigun ez zaizkiola interesdunari eskuratu hesi-itxituren obretarako lizentzien kopiak, beren artxiboetan ez daudelako. Idazkariak dio, halaber, ez dakiela lizentzia horiek eman ziren ala ez ziren eman. Halaber, idazkari jaunak baieztatzen du zerrategiko hesiak 30 urte baino gehiago dituela, eta beste bi alanbrezko itxiturek ere hogei urte baino gehiago dituztela.

AZTERKETA

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 95.1 artikuluak herritarrei eskubidea aitortzen die korporazio lokalek hartutako erabakien eta horien aitzindarien kopiak eta ziurtagiri kreditagarriak eskuratzeko. Lege agindu horietan aipatzen den udal dokumentazioaren barruan, lizentzietarako obrak ere badaude, noski.

Kontzejuak interesdunaren eskubidea betetzeko ezintasuna –Ekaiko Kontzejuak hesi bat jartzeko eta abereentzako bi alanbrezko itxitura jartzeko obretarako lizentziak eman izateari buruz hartutako erabakien kopia kreditagarriak eskatu baititu– arrazoiak jasotzen dituen ebazpen baten bitartez egiaztatu beharra dago (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 95.3 artikulua). Ebazpen horrek berariaz adierazi behar du ez dela hesiak eta alanbrezko itxiturak egiteko lizentzietarako kopiarik ematen halako lizentziarik ez dagoelako, zeren eta bere garaian behar den baimena eduki gabe jarri baitziren, edo lizentzia horiek kontzejuko artxiboetan ez daudelako eta ezin delako jakin haiek jartzeko kontzejuaren baimena lortu zen ala ez.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Ekaiko Kontzejuari (Longida) gogoraraztea legez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 95.3 artikulua bete beharra daukala, eta arrazoiak eman behar dituela interesdunari hesia eta abereentzako alanbrezko itxiturak jartzeko obretarako lizentzien kopiak ez eskuratzeko.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Ekaiko Kontzejuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela eta hura dela eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Ekaiko Kontzejuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia