Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 14ko 182/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 14

Gizarte ongizatea

Gaia: Retrasos en la percpeción de la Renta Básica

Exp: 10/701/B

: 182

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko irailaren 13an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte gaietako Departamentuaren aurka, oinarrizko errenta jasotzerakoan gertaturiko atzerapenengatik.

    Azaltzen du ama ezkongabea dela eta bost seme-alaba dituela, eta alokatutako pisu batean bizi dela, hilero 600 euro ordainduta. Orain dela gutxi arte, oinarrizko errenta jaso izan du. Adierazten du hura berritzeko eskatu duela, eta esan diotela egin beharreko balorazio prozesua dela eta, litekeena dela bere egoera ez baloratzea eta errentarik ez jasotzea aurtengo azarora arte. Adierazten du jada alokairuko bi hilabete zor dituela.

    Eskatzen du prozedura ahal den guztian arindu dadila, zeren eta, bestela, arrisku handia baitu bera eta bere seme-alabak kalean gelditzekoa.

  2. Kexa jasota, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentura jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

2010eko urriaren 8an, Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan, eta bertan honakoa azaltzen da:

“Oinarrizko errentaren prestazioa jasotzeko egindako eskaria dela-eta [?] andreak erakunde horretan aurkeztutako kexa-idazkiari (10/701B zenbakiko espedientea) erantzuteko honakoa adierazten dizut:

[?] andrea osatzen duen familia unitateak 2001etik gaur arte modu etengabean jaso izan du oinarrizko errentaren prestazioa.

Oinarrizko errentaz gainera, [?] andreak laguntza berezi batzuk ere jaso izan ditu.

Oinarrizko errentaren azken kontzesioa 2010eko martxoaren 1etik urte bereko abuztuaren 31era bitarteko aldirako izan da, eta joan den ekainaren 19an hura berritzeko eskaria aurkeztu zuen interesdunak. Aipatutako espedientean, une honetan 2010eko irailaren 1etik 2011ko otsailaren 28ra bitarteko aldirako ebazpen proposamena izapidetzen ari da, eta departamentu honen entitate laguntzailea den Caritasek irailari dagokion diru-kopurua aurreratua dio.

Kontuan hartu beharko du, nolanahi ere, berritze berezi bat dela aztergai duguna, zeren eta [?] andreak gainditua baitauka kontzesioaren gehieneko epea, 24 hilabetekoa, zeina ezarri baitzen Eskubide Sozialen Gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legeko 4. artikuluan, uztailaren 2ko 13/2008 Foru Legeko testuari jarraituz.

AZTERKETA

Ekainaren 17ko 69/2008 Errege Dekretuak, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duenak, berrogeita bost eguneko epea ezartzen du oinarrizko errenta emateko nahiz ukatzeko.

Kexa-egileak 2010eko uztailaren 19an eskatu zuen oinarrizko errenta berritzeko, eta berritzeko eskaria ebaluatzeko prozesuan dagoela adierazten duen txostena, berriz, 2010eko urriaren 1ekoa da; izan ere, une horretan nabarmen gainditu da aipatutako arauetan ezarritako berrogeita bost eguneko epea.

Horri buruz, adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, espedientea ebazteko arauetan finkaturiko epean erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den.

Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere. Eta halaxe jasotzen da, orobat, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela behar den epean ebaztera herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiak –besteak beste kexa-egileak oinarrizko errenta berritzeko eskaria–.

  2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea ahal den guztian arin dezan espedientearen izapidetzea, erregelamenduz ezarritako gehieneko epetik ahal den hurbilen ebazte aldera.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  4. Interesdunari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia