Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Inactividad del Ayuntamiento ante instalación ilegal de chimenea en fachada
Exp: 09/552/U
Nº: 198
Hirigintza
2009ko abuztuaren 18an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Milagroko Udalaren aurka, arazo baten aurrean ezer ez egiteagatik.
Kexa-egileak, zeinak helbidea Milagroko Arrabal kaleko 30. zk.ko 1. solairuan baitu, azaltzen du bizi den etxeak bi solairu dituela, eta bere auzokideak tximinia bat jarri duela fatxada nagusian, bere ustez hirigintza arauetan ezarritakoaren aurka.
Hori dela eta, 2009ko urtarrilaren 28an, idazki bat aurkeztu zuen udaletxean, egitateak azalduz eta jarduera horri buruzko informazioa eskatuz. Halaber, eskatzen zuen komeni zena erabaki zedin.
Idazki horri erantzuteko jakitera eman zitzaion gaia udaleko zerbitzu teknikoen eskuetan jarria zela, iritzia eman zezaten.
2009ko martxoaren 20an, sakoneko gaiari buruzko erantzunik iristen ez zenez, interesdunak beste eskabide bat aurkeztu zion udalari, berriz ere egoera salatzeko.
Nahikoa denbora iragan den arren, kexa-egileak dio udalak ez diola ezer ere jakinarazi planteaturiko gaiari buruz. Bere ustez, egoerak legez kanpokoa izaten jarraitzen du.
Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Milagroko Udalari.
Milagroko Udalak igorritako txostenean, honakoa aipatzen da:
Tximiniak Milagroko Udaleko hirigintza arauak betetzen ditu, eta horixe justifikatu da. Eskatzaileari ez zaio idatzizko erantzunik eman izandako elkarrizketetan hitzez azaldutakoa nahiko zela jo delako.”
Azaldu den bezala, kexa-egileak salatu du aurkeztu dituen idazkien aurrean Milagroko Udalak ezer ez duela egin. Idazki horietan, izan ere, informazioa eskatzen du bere auzokide batek jarritako tximiniaren legezkotasunari buruz, jotzen baitu instalazio hori behar ez bezala egin dela.
Milagroko Udalak, igorritako txostenean, aitortzen du ez diola interesdunari idatzizko erantzunik eman, uste izan baitu interesdunari hitzez emandako azalpenak nahikoa izan direla arazoa ebazteko.
Horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du.
Horri berari buruz, egoki da gogoraraztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duela toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko Foru Legeak aitortzen du pertsona guztiek eskubidea dutela hirigintzaren arloko informazioa jasotzeko, bai eta legedia eta planeamendua bete daitezen exijitzeko ere (8. eta 9. artikuluak), halako moduan non, oraingo kasuan bezala, herritar batek udal batera jo eta informazioa eskatzen badu jarduera bat legez kanpokoa dela uste duelako, Administrazioak erantzun formal eta berariazkoa eman beharko baitio, bide beretik, erantzuna baiezkoa ala ezezkoa den alde batera utzita.
Are gehiago, adierazi beharra dago ezen, Zuzenbide Administratiboan, ez dagoela forma-askatasunik egintzak sortzeko moduari dagokionez. Izan ere, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeak ezartzen du egintzak idatzizkoak izanen direla, egintza horien izaera dela-eta adierazpide egokiago bat exijitzen edo bideratzen ez den bitartean.
Azken batean, ahozko erantzuna (zeinaren, logikoa den bezala, konstantziarik ez baitago) ez da nahikoa, eta Milagroko Udala behartuta dago legez eskabideei idatziz erantzuteko, berariaz eta formalki. Baldin eta udal organo eskudunak jotzen badu ez dagoela interesdunak aipatzen duen instalazioan legearen aurkako ezer, horixe adierazi beharko du idatziz, eta interesdunak, egokitzat jotzen baldin badu, bidezkotzat jotzen duen moduan egin ahalko du horren aurka.
Gaiaren sakoneko aldeari erreparatuta, berriz, adierazi behar dugu instalazioaren legezkotasuna honako baldintzak betetzearen menpean dagoela: a) Instalazioak udaleko hirigintza arauetan ezarritakoa betetzea ( erakunde honi igorritako txostenean horixe gertatzen dela esaten da); b) udalak instalazio hori baimendu izana, kasuko hirigintza-lizentzia emanez, lizentzia hori behar duen egintza bat baita (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 189. artikulua).
Baldintza horiek bete ezean, udala hirigintza-arloko berrezarpen-ahalmenaz baliatu ahalko da eta hartaz baliatu ere beharko du, instalazioa legezta dadin eskatuz, hori posiblea bada, edo, kasua bada, hura ken dadin aginduz (Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko Foru Legeko 199. eta 200. artikuluak).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Milagroko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste kexa-egileak aurkeztutako eskabideei– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan, eta erabaki formal bat hartu behar duela erreferentziako instalazioaren legezkotasuna dela eta.
Bi hilabeteko epea ematea Milagroko Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia