Partekatu edukia
Toki-entitateen funtzionamendua
Gaia: Irregular actuación de la Administración que indebidamente pide documentación que, a la postre, ocasione perjuicio al promotor de la queja al perder subvenciones
Exp: 10/661/V
Nº: 180
Funcionamiento Entidades Locales
2010eko irailaren 1ean, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Altsasuko Udaleko langile baten jokabideari buruzkoa zen idazkia.
Azaltzen zuen 1996an eta 1999an, hurrenez hurren, txakurrentzako egoitza baterako jarduera-lizentzia eta irekitzeko lizentzia lortu zituela. Eta 2010eko martxoan, txakurrentzako egoitza berriz irekitzeko eta zegokion jarduera ekonomikorako baimena eskatu zituela. Jarduerarako eta obretarako lizentziaren kopia erantsi zuen, 1996ko apirilaren 26an lortua, eta lokala irekitzeko lizentziaren kopia, 1999ko azaroaren 16an lortua. Hala eta guztiz ere, udaleko aparejadoreak jarduerarako eta obretarako beste proiektu bat eskatu zion, arkitektoen elkargoak bisatua.
Aparejadorearen errekerimenduari erantzuteko, udal horri jakinarazi zitzaion, kexa-egileak kontratatutako arkitektoaren txostenaren bitartez, 1996an emaniko lizentziaren ondotik ez dela instalazioetan obrarik egin, salbu eta gaixotasun kutsagarrietarako lazareto bat, zeina jarduerarako lizentzia hasiera batean emateko neurri zuzentzaile gisa egin baitzen; irekitzeko lizentzia eman aurretik, horrenbestez. Udalaren errekerimenduaren ebazpena errazteko, arkitektoen elkargoak zigilua jarri zuen jada bisatu eta exekutatutako proiektua biltzeko kartoi mehean.
Ondoren, udalak bi aldiz igorri zien proiektua Ingurumen Departamentuko Osasun Publikoari eta “Namainsari”, alegatuz ingurumen arloko arauak ez zituela betetzen. Erakunde horiek bi aldiz itzuli zuten proiektua, arauak betetzen zirela adieraziz.
Foru Administrazioaren ikus-onespena gorabehera, udalak ez zion kexa-egileari lokala berriz irekitzeko baimenik eman, neurri zuzentzaile gisa eskatutakoez bestelako obra batzuk eginak zituela alegatuta. Kexa-egileak dio udalaren baieztapen hori okerra dela.
Gehitzen du ezen Administrazioko langileak oporretan egotearen ondorioz, bere lizentzia-eskaria gerarazita egon dela abuztuan.
Amaitzeko, atsekabea azaltzen du justifikaziorik gabeko arazo horiengatik, zeinak udal horretako langileen jokabide irregularraren ondoriozkoak izan eta kalte handia eragin baitiote: fakturazio altueneko denboraldia galdu du, bezeroak galdu ditu eta, epeak ez betetzeagatik, 7.000 euroko dirulaguntza ere galdu du, emakume ekintzaileei ematen zaiena; gainera, aukera galdu du, batetik, arkitektoaren lansariengatiko 750 euroko zenbatekoa eta, bestetik, JEZa lortu aurreko sei hilabeteko aldia gainditu duten fakturazioen emaitzak –esate baterako, bulegoko altzariak eta abar– diruz laguntzekoa zen aurrekontuan sartzeko.
2010eko irailaren 28an, Altsasuko alkatearen txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
2010eko martxoaren 18an, jarduera sailkatuaren espedientea izapidetzen hasi zen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera, eta proiektuen kopiak Namainsari, Ingurumen Departamentuari eta Osasun Publikoaren Institutuari igorri zitzaizkion; iragarkia NAOra igorri zen eta mugakideei ere komunikazio bat igorri zitzaien.
2010eko martxoaren 23an, mugakide batek eginiko deiarengatik, egiaztatu zen proiektuan ageri den lurzatia ez dela egiaz izan beharko lukeena. Zenbakia aldatuta dago: 127.a izan beharrean 117.a da; hori dela eta, berriz ere komunikazio bat igorri zitzaien mugakide berriei. Nafarroako Gobernuari eta Namainsari telefonoz jakinarazi zitzaien gertatutakoa, eta akatsa zuzenduko zutela esan zuten.
2010eko apirilaren 8an, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Atalak adierazi zigun martxoaren 29an txostena eskatua ziola Osasun Publikoaren Institutuari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 55. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitakoa betez. Udal honetatik lehendik igorria zitzaion, izapideak aritze aldera.
2010eko maiatzaren 6an, Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendariaren txostena sartu zen gure erakundean. Txostena idazki honi erantsi diogu.
2010eko maiatzaren 11n, Namainsaren txostena sartu zen gure udalean. Haren kopia erantsi dugu.
2010eko maiatzaren 13an, alkatetzak 579/2010 zenbakiko ebazpena eman zuen; haren bidez, txakurrentzako egoitzarako jarduerarako lizentzia eta obretarako lizentzia eman zituen.
Espedientea izapidetzeko aurkeztutako aurrekontuaren laburpenean, jasota ageri da exekuzio materialaren zenbatekoa 2.418.935 dela.
2010eko maiatzaren 28an, [?] andreak “R579/2010 jarduerarako eta obretarako lizentziari dagokion irekitzeko lizentzia eskatu zuen”. Idazki honi erantsi diogu.
2010eko maiatzaren 31n, Namainsari (2651 irteera- zenbakia) eta Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoaren Institutuari (2652 irteera-zenbakia) igorri zitzaien aurkeztutako dokumentazioa, irekitzeko lizentzia eskuratze aldera; kasuko txostena egin zezaten eskatzen zitzaien.
Ekainaren 1ean, jarduerarako eta obrarako lizentziari zegokion tasen eta EIOZaren likidazioa onetsi zen (aurkeztutako aurrekontuaren exekuzio materialerako zenbatekoa oinarri hartuta). Zenbatekoa 176,78 da. Idazki honi erantsi zaio.
2010eko uztailaren 2an, Osasun Publikoaren Institutuak igorritako txostena jaso zen. Idazki honi erantsi zaio.
2010eko uztailaren 5ean, Namainsak igorritako txostena jaso zen. Idazki honi erantsi zaio.
2010eko uztailaren 9an, [?] andreak eskatu zuen “146/TAS/2010 espedienteko jarduerarako lizentzia berrikus dadin”, eta espedientea bera eta idatzitako guztia ere egiazta dadin. Lehengo lizentzia eta egungoa gehitu ditugu, bai eta ordainketa-gutunak ere. Gaur egun, Nasuinsaren eta Ogasun Publikoaren eskuetatik igaro ondoren, ez dut inongo zuzenketarik egin behar izan (kopia erantsi dut).
2010eko uztailaren 21ean, alkatetzak 935/2010 ebazpena eman zuen.
Adierazitako guztia ikusita, honakoa agerrarazi nahi dugu:
Kexa-egileak, 2010eko martxoaren 15ean, Altsasuko Udalean eskari bat aurkeztu zuen, txakurrentzako egoitza bat berriz ireki ahal izateko eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emateko. Aipatutako txakurrentzako egoitzak obretarako eta jarduerarako lizentzia 1996ko apirilaren 26an lortua zuen, arkitekto tekniko baten proiektuaren bitartez; proiektu hori 1995eko apirilaren 26an bisatu zuen arkitektoen elkargoak. Gero, neurri zuzentzaile gisa, gaixotasun kutsagarriak zituzten txakurrak edukitzeko lazareto bat eraiki zen; haren bitartez, arauetan ezarritakoa bete zen, eta, horrenbestez, udalak, 1999ko azaroaren 16an, irekitzeko lizentzia eman zuen.
2010ean txakurrentzako egoitza berriz ere irekitzeko eskatu zen; hain zuzen ere, kontua zen lehendik jarduerarako eta irekitzeko lizentzia bazeukaten instalazio batzuetan jardueran benetan hastea. Ez zen bilatzen, eta eskatu ere ez zen egin, instalazioetan inongo aldaketarik egitea. Izan ere, instalazioak berriz ere irekitzeko 2010eko martxoan aurkeztu zen proiektua jarduerarako lizentzia lortzeko (1996an lortu zen) aurkeztutako bera zen.
Auzitegiek behin eta berriz eman izan dute beren jurisprudentzia; besteak beste, Auzitegi Gorenaren 1988ko otsailaren 8ko epaia (RJ 1988/795) eta 1998ko martxoaren 24ko epaia (RJ 1998/2470) eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 2000ko urtarrilaren 13ko epaia (RJCA 2000/268). Bada, epai horien arabera, lizentziaren iraungitzea ezin da gertatu denboraren iragate hutsaren ondorioz. Hain zuzen ere, beharrezkoa da, administrazio eskudunak deklarazio-ekintza formal bat egitea, kontradikzio prozedura baten bitartez eta interesdunari entzunaldia eman ondoren. Jurisprudentziak berresten du eskubideak iraungitzeko tresna hori beti modu murriztailean interpretatu beharra dagoela.
Horri dagokionez, egokia da beste behin erreferentzia zabalago bat egitea, zeren eta aplikatzekoa den araudia kexaren kasuarekin bat baitator, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ekainaren 15eko 361/2009 epaiari jarraituz. Izan ere, epai horretan baieztatzen da ezen kasuari aplikatzekoa den araudiak (Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuak kontrolatzeari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea, eta hura garatzen duen 1990eko otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretua) iraungitzeari buruzko adierazpen berariazkorik jasotzen ez duen arren, erreferentziako jarduera-lizentziaren iraungitzearen izaerak, aplikatzekoa den araudian ezarri bezala, organo administratibo eskudunaren iraungitze-deklarazio bat exijitzen du, eta iraungitzea ez da, horrenbestez, automatikoa izanen.
Jarduera sailkatuei buruzko aipatutako araudiak 2005eko uztailaren 1era arte izan zuen indarra; izan ere, egun horretan hartu zuen indarra Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, zeinak, lehenengo xedapen gehigarrian honakoa ezarri baitzuen: Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legearen arabera emandako jarduera lizentziak eta irekitzeko lizentziak, foru lege honen ondorioetarako, jarduera sailkaturako udal lizentziatzat eta irekitzeko lizentziatzat joko dira, hurrenez hurren”.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 49. artikuluan, lizentziaren iraungitzea aurreikusten da, jardueran aritzen ez den kasuetarako, eta foru lege hori garatzeko erregelamenduan, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoan, 76. artikuluan, honakoa ezarri zen: 1) “Jarduera sailkaturako lizentzia ematen denetik bi urte igaroz gero proiektua gauzatzen edo jarduera garatzen hasi baino lehen, hura iraungitzat joko da eta inolako ondoriorik gabekoa izanen da. 2) Jarduera sailkaturako udal lizentzia iraungitzat jotzeko beharrezkoa izanen da Udalaren adierazpen espresa, administrazio espedientearen ondoren, zeinean entzunaldia emanen baitzaio titularrari”. Bestalde, irekitzeko lizentzien iraungitzeari dagokionez, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 85.2 artikuluak udalaren berariazko deklarazio bat exijitzen du, aurrez espediente administratiboa zabaldu eta titularrari entzunaldia emanda.
Azken batean, jarduerarako edo irekitzeko lizentzia bat iraungitzeko, ezinbesteko baldintza da udalak hura deklaratzea, interesdunari entzunaldia eman ondoren. Aztertutako kasuan, jarduera sailkatuko eta irekitzeko lizentziak, 1996ko apirilean eta 1999ko azaroan emandakoak, 2010eko martxoaren 15ean indarrean zeuden. Hori dela eta, bidezko jokabidea izanen zen Altsasuko Udalak jarduera sailkatuen gaineko zergako (JEZa) alta izapidetzea, beste inolako errekerimendu edo lizentziarik eskatu gabe.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.g) artikuluak kexa-egileak, herritar gisa, daukan eskubidea jasotzen du: “Argibideak eta aholkuak lor ditzake, hain zuzen ere, indarrean dauden xedapenen arabera, proiektuak, jarduna edo eskabideak egiterakoan zein baldintza juridiko eta tekniko bete behar dituzten jakiteko”.
Halaber, otsailaren 9ko 208/1996 Errege Dekretuak, zeinak arautzen baititu herritarrentzako informazio eta arreta zerbitzuak, herritarrarentzako arreta pertsonalizatuak biltzen dituen eginkizunak sistematizatzerakoan, hain zuzen ere 4.b) artikuluan, honakoa ezartzen du: “orientabideak eta informazioa emateko zerbitzuak izanen dira, eta haien xedea izanen da herritarrei egin nahi dituzten proiektuetarako, jarduketatarako edo eskaeretarako prozedurei, izapideei, baldintzei eta dokumentazioari buruzko edo zerbitzu publiko batez baliatu ahal izateko edo prestazio bat lortu ahal izateko eskatzen dituzten argibide eta laguntza praktikoak ematea”.
Kexa-egileari, jarduera sailkatuen gaineko zergan (JEZa) alta eskatzerakoan, txakurrentzako egoitza bat berriz ireki ahal izateko, informazio eta orientabide okerrak eman zizkioten, erakunde honen iritziz, halako moduz non jarduerarako eta irekitzeko lizentzia berriak eskatzeko izapide administratiboak berriz ere hasi zituen, nahiz eta horrelakorik egiteko beharrik ez zuen, bi baimen horiek lehendik ere bai baitzituen. Administrazioaren jokabide horrek kalte ekonomikoa eragin zion kexa-egileari, ezin izan baitzuen negozioa goi-denboraldian ireki. Halaber, horrek eragotzi zion epe jakin batean jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman ahal izatea (irailaren 29an oraindik ere ez dago alta emanda JEZan) eta dirulaguntza batzuk jasotzea (emakume ekintzailea, arkitektoaren ordainsaria, altzarien faktura eta abar).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Altsasuko Udalari gogoraraztea herritarrei arauetan eta jurisprudentzian ezarritakoaren araberako orientabideak eta informazioa emateko legezko bete beharra duela.
Altsasuko Udalari gomendatzea kexa-egileari kalte-ordain ekonomikoa ordain diezaion, udalaren erabaki okerrek interesdunari eragin dizkion kalte ekonomikoengatik.
Bi hilabeteko epea ematea Altsasuko Udalari egin dizkiogun legezko betebeharren gogorarazpena eta gomendioa onartu dituela eta haiek direla-eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez b
adu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia