Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 13ko 179/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 13

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Trato inadecuado en centro de salud

Exp: 10/637/D

: 179

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 19an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; hartan, Osasun Departamentuaren aurkako kexa bat aurkezten zuen, Sanduzelaiko osasun etxean tratu desegokia eman ziotela iritzita.

    Azaltzen zuenez, 2010eko abuztuaren 4an, osasun etxe horretara deitu zuen, eta bere sendagilearekin telefono bidez lehenbailehen hitz egin ahal izatea eskatu zuen, depresioa duelako eta oso gaizki sentitzen zelako.

    Azaltzen zuenez, erantzun zion pertsonak esan zion (administrari lanpostukoa, adierazi zuenez) sendagilea lanpetuta zegoela, eta berak amore eman ez zuenez, modu txarrean erantzun zion.

    Zioenez, egun horretan berean, arratsaldean, sendagilearekin egin zuen topo, eta hark, bere osasun egoeraren berri bazuenez, bere harridura adierazi zion jakitean ez ziotela berarekin hitz egiten utzi egun horretan berean.

    Gauzak horrela, telefonoa hartu zion pertsonarekin hitz egitera joan zen, eta bien arteko liskar handia gertatu zen, eta pertsona horrek onartu zuen “ez ziola berriro halakorik eginen”.

    Gertakari hori dela-eta erreklamazio idatzia aurkeztu zuen interesdunak, eta osasun etxeko zuzendariaren erantzuna jaso zuen, bere ustez bidegabea eta iraingarria; izan ere, erreklamazioa aintzat hartu ez eta adierazten zion administrariak eta sendagileak kexu zirela harekin, eta ohartarazten zion beste osasun etxe batera atxikitzeko aukera zegoela.

    Kexa-egileak zioen ez duela inolako ika-mikarik izan osasun etxeko inorekin, salbu eta lehen aipatutako pertsonarekin, eta orobat zioen ez zegoela ados beste osasun etxe bati atxikitzeko ohartarazpenarekin.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

  3. 2010eko irailaren 8an, Osasun Departamentuaren txostena jaso genuen; hartan, ondokoa ageri da jasota:

“Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendariordetzak abuztuaren 19an egindako txostenaren arabera, Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendariordetzan pertsonalki hartu zuten [?] andrea, eta 2010eko abuztuaren 4an bere sendagilearekin hitz egiteko bere osasun etxera deitu zuenean gertatutakoari buruzko bere bertsioa eman zuen.

Azaldu zuenez, telefonoa hartu zion administrariak modu txarrean artatu zuen. Arratsalde horretan berean, lagun batekin paseatzera atera zenean bere sendagilearekin egin zuen topo, gertatutakoa azaldu zion, eta sendagilea harrituta gelditu zen egunean berean harekin harremanetan jartzeko aukera eman ez ziotelako. Gauzak horrela, berriro joan zen osasun etxera administrariarekin hitz egitera, eta bien arteko liskar handia gertatu zen.

Horri dagokionez adierazi beharra dago ezen, Oinarrizko Laguntzako Zuzendariordetzak osasun etxean lortutako informazioaren arabera eta lekukoekin hitz egindakoaren arabera, gaixoa modu bereziki lotsagabe eta desatseginean zuzendu zitzaiola artatu zuen administrariari, eta hark behin eta berriro adierazi ziola "ez ziola berriro halakorik eginen".

Gaixoak orobat adierazi zuen Oinarrizko Laguntzako Zuzendariordetzan atsekabez hartu zuela aurkeztu zuen kexari osasun etxeko zuzendariak emandako erantzuna, bere ustez desegokia eta iraingarria baitzen, “mehatxu egiten ziolako” beste osasun etxe batera atxikitzearekin.

Izatez ere, haren ustez iraingarriena izan zen bere sendagileak familiako bati adierazi izana zuhurtziagabeki liskar egin ziola egun hartan administrariari, eta, bere ustez, barkamena eskatu behar ziola; ez zuen, ordea, barkamena eskatzeko asmorik, nahiz eta, Oinarrizko Laguntzako Zuzendariordetzan onartu modu txarrean hitz egin ziola administrariari.

Bai sendagileek bai administrariek kexa bat aurkeztu zioten osasun etxeko zuzendariari, gaixoak egun hartan izandako jarrera dela-eta, eta zuzendariaren erantzunean igar zitekeen osasun etxeko langile guztiek etsipen handiz hartu zutela administrariarekin izandako jokabidea. Oinarrizko Osasun Zuzendariordetzan arazoa konpontzeko moduari buruz hitz egin zuten [?] andrearekin.

[?] andreak sendagilez aldatzea eskatu zuenez gero, Zuzendariordetzak ofizioz aldatu zion sendagilea abuztuaren 19an. Biharamunean, abuztuaren 20an, [?] telefonoz deitu zuen, hobeki pentsatu zuela esateko eta [?] sendagilearekin jarraitu nahi zuela esateko, bere betiko sendagilearekin. Horrenbestez, eskaera berriz ere izapidetu zen.

Txostenak bukatzeko zioen gertatutakoa sentitzen zutela, eta Oinarrizko Laguntzako Zuzendariordetzak [?] andrearekin eta Sanduzelaiko osasun etxeko administrariarekin nahiz zuzendariarekin hitz egiten zuela, gisa horretako gertakariak berriz ere gerta ez daitezen.”

AZTERKETA

  1. Aurrekarietatik ondoriozta daitekeenez, Sanduzelaiko osasun etxean gertatutako ika-mika baten ondorioz aurkeztu zen kexa. Kexa-egilearen arabera, osasun etxean lan egiten duen pertsona batek (administrari batek) modu txarrean tratatu zuen. Ika-mika hori gertatu ostean, interesdunak idazki bat aurkeztu zuen osasun etxeko zuzendaritzan, eta, bere iritziz, erantzun desegokia jaso zuen.

    Administrazio publikoak emandako bertsioaren arabera, berriz, ika-mika gertatu gertatu zen, baina ez dator bat ika-mika gertatu zen modua azaltzean, administrazioaren ustez kexa-egilea izan zelako langile horri liskar egin ziona eta errespeturik gabe zuzendu zitzaiona. Oinarrizko Laguntzako Zuzendariordetzak dio bitartekari lana egin duela auzi honetan, nahastutako pertsonekin hitz egin duela gisa horretako gertakariak berriz ere gerta ez daitezen.

  2. Gisa honetako egoeretan, non gertakariei buruzko bertsioak bat ez datozen, erakunde honek, ez zenez bertan egon gertakarien unean, nekez atera ditzake ondorio fede-emaileak gertakariak gertatu ziren moduari buruz.

    Halere, Administrazio publikoaren jarduna gainbegiratzeko eginkizuna baliatzean, eta kexa honen atzean dauden gertakariak aurrez epaitu gabe, agintariei eta funtzionarioei gogorarazi behar die legez behartuta daudela herritarrei laguntza egokia ematera, uneoro adeitasunez, begirunez eta gizalegez tratatzera. Legezko betebehar hori espresuki jasota dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.i) artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 6.1 artikuluan.

    Osasun Departamentuak egindako txostenean adierazten da ika-mikan nahastutakoekin hitz egin dela gisako gertakariak berriz ere gerta ez daitezen, eta erakunde honen ustez, gertakariak ikusita, hori aski izan daiteke egoera zuzentzeko.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gogoraraztea agintariak eta funtzionarioak legez behartuta daudela herritarrei laguntza egokia ematera, uneoro adeitasunez, begirunez eta gizalegez tratatzera.

  2. Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzen duen edo ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia