Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 13ko 178/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 urria 13

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Propuesta de cambio de escolarizacion y negativa a seguir financiando el transporte

Exp: 10/668/E

: 178

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2010eko irailaren 7an, [?]-ren guraso [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten Hezkuntza Departamentuaren aurka, ezetza eman ziolako ikaslea Hezkuntza Bereziko [?] ikastetxera joateko zerbitzua bere gain hartzen jarraitzeari.

    Kexa-idazkian azaltzen zutenez, neskatoa, Down sindromea baitu, [?] ikastolan egon zen eskolatuta 2009-2010 ikasturtean. Ikasturte hori hasi aurretik, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu teknikoek adierazi zieten alabarentzat komenigarriena izanen litzatekeela ikasketak ikastetxe berezi batean egin zitzan, bere berezitasunak direla-eta ez zuelako behar bezala aurrera eginen ikastetxe arrunt batean.

    Gurasoek adierazten zutenez, irizpide tekniko horri jarraikiz, hasiera batean lekualdatzea onartzeko zalantzak izan zituzten arren, ikaslea Hezkuntza Bereziko [?] ikastetxean matrikulatu zuten, eta Foru Komunitateak bere gain hartu zuen garraio zerbitzua, zeina, iazko ikasturtean taxi batean eta zaintzaile batekin egin baitzen.

    Ziotenez, ikasturtea bukatzeko bi aste falta zirelarik, CREENAren dei bat jaso zuten, zeinaren bidez alabaren eskolatzeari buruzko proposamen bat egiteko bilera baterako deia egin baitzieten. Bilera hartan, adierazten zutenez, alaba, berriz ere, beste ikastetxe batean eskolatzeko proposatu zieten, oraingo honetan Lizarrako Remontival ikastetxe publiko bateko ordezko gela batean hain zuzen ere.

    Proposamenari ezetza eman zioten haiek; izan ere, hirugarren aldaketa izanen litzateke hiru urteko epean, eta [?] ikastetxera egokitzeko zailtasunak gainditu ostean pozik zeuden ikastetxe horretan emandako zerbitzuarekin eta alabak ikastetxean lortutako integrazioarekin. Gurasoen erantzuna ikusita, Hezkuntza Departamentuak adierazi zien haiek ordaindu beharko zutela garraio zerbitzua.

    Kexa-egileek ziotenez, ez zuten ikusten alabari ezer onik ekarriko zionik ikastetxez aldatzeak, areago kontuan hartzen bada Remontival ikastetxea ez dela sekula izan haien aukerako ikastetxea. Orobat zioten semea Lizarrako beste ikastetxe batera joaten dela, eta horrek eragotziko liekeela bi seme-alabak eramatea eta jasotzea, ordutegi bera dutelako bi ikastetxeetan.

    Gurasoek zioten Hezkuntza Departamentuko teknikarien irizpideei jarraikiz onartu zutela alaba [?] ikastetxera joatea, eta horrek zenbait baldintza zekartzala berekin, besteak beste garraio zerbitzua ordaintzea; horregatik uste dute, hain zuzen ere, bidegabea dela iaz emandako zerbitzu hori orain kentzea.

    Orobat zioten alaba ikastetxez aldatzea gomendatzen zuten txostenak eskatu zituztela idatziz, baina kexa aurkeztu zuten egunera arte behintzat ez zuten halakorik jaso.

    Idazkia bukatzeko adierazten zuten alaba [?] ikastetxean zegoela eskolatuta oraindik –bere garaian Hezkuntza Departamentuko teknikariek gomendatutako ikastetxean, alegia–, eta Departamentuak garraio zerbitzua dela-eta bere gain hartutako konpromisoa bete behar zuela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txostena egiteko eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

  3. 2010eko irailaren 29an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “Hezkuntza-administrazioei dagokie ziurtatzea ikastetxeek erantzunik egokiena ematen diotela ikasle bakoitzari, besteak beste normalizazioaren, integrazioaren nahiz inklusioaren, diskriminazio ezaren eta ekitatearen printzipioei jarraikiz.Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren ezgaitasuna duten ikasleentzako antolamendu arloko neurriak.

    Hezkuntza Departamentuko Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuaren eginkizuna da, besteak beste, ezgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-premiei erantzuteko beharrezkoak diren neurriak planifikatzea.

    Ikastetxe arruntetan ordezko gelak sortu ohi dira eskualde jakin bateko ikasleen eskolatze-beharrizanei erantzute aldera, baldin eta horien eskolatze-mota Hezkuntza Berezikoa bada eta horien bizilekua Hezkuntza Bereziko ikastetxeetatik urrun badago. Gela horiek Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako gelen antolamendu- nahiz curriculum-egitura berbera dute.

    Halatan, Lizarrako eskualdean Hezkuntza Bereziko ikastetxearen ordezko gela bat sortu zen Remontival ikastetxean, aurtengo ikasturtera arte G ereduan (gaztelania) eta A ereduan (gaztelania, euskarako ikasgaiarekin) eskolatutako ikasleentzat zena.
    2009-2010 ikasturtean, Lizarrako [?] ikastolak proposatuta, [?] ikaslea Hezkuntza Bereziko [?] ikastetxean eskolatu zen, D ereduko (euskara) gela batean hain zuzen ere, hori baitzen D ereduko gelak zituen ikastetxe bakarra. Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu zuen 2009-2010 ikasturterako garraioaren kostua.

  4. 2010-2011 ikasturtean, berriz, zabaldu egin da Lizarrako Remontival ikastetxeko ordezko gela, euskarako hizkuntza-eskakizuna duten pedagogia terapeutikoko irakasleak eta zaintzaileak sartu direlako. Hartara, D ereduko ikasleen premiei erantzuteko moduan da.

    Hortaz, kontuan izanik zein diren [?]-ren hezkuntza-premiak –haur txikia denez, hezkuntza-ibilbide luzea du oraindik ere egiteko– eta egungo ikastetxean jarraituz gero berarentzat zama handia izanen dela eguneroko garraioa, haren egoera berrikusi genuen, eta ekainean sendiari helarazi genion Lizarrako Remontival ikastetxeko ordezko gelan eskolatzeko proposamena, sendia herri horretan bizi da eta.

    Uztailaren 2an, berriz, txosten bat igorri zitzaion sendiari; hartan, ikastetxez aldatzeko proposamena egiteko arrazoiak eman zitzaizkien; alegia, Lizarrako ordezko gelan eskolatzeak ondoko onurak ekarriko zizkiola ikasleari:

  • Iruñera egunero joan behar izatea ekidinez, ikaslearen nekea eta barreiamendua murrizten dira.
  • Integrazio-jardueretan D ereduko ikasleekin hartzen du parte, ingurune normalizatu batean hartu ere.

    Txostenean orobat informatzen zitzaien Hezkuntza Departamentuak ez zituela bere gain hartuko garraioak eragindako gastuak, baldin eta sendiak, ikastetxea hautatzeko askatasuna baliatuta, proposatutako ikastetxea ez den beste bat hautatzen bazuen.

Azken finean, baliabideen inklusio, sektorizazio eta egokitzapen printzipioak kontuan hartuta, Hezkuntza Departamentuak uste du [?] ikaslearen eskolatzea Lizarrako Remontival ikastetxe publikoan egin behar dela, ikastetxe horrek eduki badaukalako Hezkuntza Bereziko ikastetxearen ordezko gela bat, bere bizilekutik gertuago eduki ere, eta horrek eguneroko hezkuntza- nahiz gizarte-inguruneko jardueretan parte hartzea eta integratzea erraztuko du.”

AZTERKETA

  1. Kexa-egileek, [?] ikaslearen gurasoek, adierazten dute ez daudela ados bere alaba 2010-2011 ikasturterako eskolatzea dela-eta Hezkuntza Departamentuak izandako jokabidearekin, eta, zehazki, garraio-zerbitzua kendu izanarekin.

    Aurrekarietatik ondorioztatzen denez, neskatoa, hezkuntza-premia bereziekikoa, Lizarrako [?] ikastolatik Iruñeko Hezkuntza Bereziko [?] ikastetxera joan zen 2009-2010 ikasturtearen hasieran, hautatutako hizkuntza ereduarekin eta bere berezitasunarekin hobeki ezkontzen zen zerbitzu bat eman ahal izate aldera, Hezkuntza Departamentuaren jarraibideekin bat. Halatan, departamentu horren txostenean adierazten da ezen, une hartan, ikastetxe horrek bakarrik biltzen zituela ezaugarri horiek (hezkuntza berezikoa eta D eredukoa izatea), eta horregatik egin zen ikastetxe horretan eskolatzearen alde, eta Administrazio publikoak ikaslearen garraio-zerbitzua hartu zuen bere gain, Lizarran bizi baita.

    Aurtengo ikasturtean, Lizarrako Remontival ikastetxe publikoak handitu egin du bere hezkuntza-eskaintza, eta, halatan, [?]-k bere premien eta hautatutako hizkuntza-ereduaren araberako zerbitzua jaso ahalko zuen bizi den herrian bertan, ordezko gela batean. Aukera hori ikusita, Hezkuntza Departamentuak ikaslea eskolaz aldatzeko proposamena egin zien gurasoei, neskatoarentzat egokiena hori zela iritzita. Proposamen horri uko egitean sortu zen eztabaida eragin duen auzia, ea garraio-zerbitzua kendu behar zen ala ez.

  2. Erakunde honek ez du auzitan jartzen bi eskolatze-aukeren arrazoizkotasuna. Alde batetik, egia da Hezkuntza Departamentuak eginiko txostenean adierazten diren abantailak ekarriko lituzkeela Remontival ikastetxe publikoan eskolatzeak. Baina beste alde batetik, ezin da ahantzi, gurasoek adierazi bezala, hiru urtean eginen litzatekeen hirugarren aldaketa izanen litzatekeela, eta, gaur egun emandako zerbitzua egokia baldin bada eta neskatoa ongi baldin badago, guztiz ulergarria dela gauzak bere horretan utzi nahi izatea.

    Hori guztia esanda, eta ikastetxea hautatzea gurasoen ardura denez, erakunde honek ez du ikusten erabakiak zergatik ekarri behar duen garraio-zerbitzua ematea ala ez ematea. 2009-2010 ikasturtean hezkuntza-eskaintzak behartuta eskolatu zen Iruñean eta jarri zitzaion garraio-zerbitzua –zehazki, Lizarran D ereduan hezkuntza bereziko toki egokirik ez egoteak behartuta–; hortaz, garraio-zerbitzua ematen jarraitu beharko litzateke eskolatze-egoera hori mantentzen den bitartean, alde batera utzita hezkuntza-eskaintza hori etorkizunean zertan gelditzen den. Ezin da ahantzi ikastetxearen hautaketa eta harekiko atxikipena ikaslearen eskola-bizitzaren une jakin eta zehatz batean hartutako erabakia izan ohi dela eta herritarrek egoera horrek luzaroan iraunen duela uste izan ohi dutela. Hortaz, garraio-zerbitzua jasotzeko eskubidea une horretako hezkuntza-eskaintzaren arabera taxutu behar da, eta etorkizuneko gorabeherek ez dute zerbitzua kentzea ekarri behar, gorabehera horiek ez baitaude interesdunen jardunari lotuta.

    Gure iritziz, aztergai dugun kasu honetan, garraio-zerbitzua kentzea nekez ezkon daiteke fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioarekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 8. artikuluan jasotakoarekin; izan ere, Hezkuntza Departamentuaren aurretiazko jarduketek pentsarazi zuten, arrazoiz pentsarazi ere, baldintza horiek denboran zehar mantenduko zirela eta ez zirela aldatuko interesdunen borondateari arrotz zitzaizkion inguruabarrengatik (Departamentua izan zen 2009-2010 ikasturteko eskolatzean esku hartu zuena eta [?] ikaslea Hezkuntza Bereziko ikastetxera bideratu zuena, garraio-zerbitzua bere gain hartuta).

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea garraio-zerbitzua ematen jarrai dezan Hezkuntza Bereziko [?] ikastetxean eskolatuta dagoen kexa-egileen alabari, gure ustez ez dagoelako zerbitzu hori kentzeko behar adina arrazoi.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunei eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia