Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Resolución del Defensor del Pueblo de Navarra (Q24/923) por la que sugiere al Ayuntamiento de Donamaria que requiera a la interesada el pago del principal de la deuda derivada del impago del recibo objeto de controversia, pero no los intereses derivados de su apremio.

2024 urria 14

Ogasuna

Gaia: La disconformidad de la autora de la queja con tener que abonar unos recargos por el impago de un recibo del agua, como consecuencia de un error del Ayuntamiento de Donamaría al procesar la domiciliación del recibo.

Donamariako alkatea

Alkate andrea:

1. 2024ko irailaren 3an, instituzio honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen 2022ko uraren ordainagiri bat premiamendu bidez eskatzeagatik.

2. Ondoren, erakunde honek Donamariako Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2024ko irailaren 13an emandako txostena jaso zen, eta espedienteari erantsi zitzaion.

3. Espedientean jasotako informazioa aztertu ostean, hau ondorioztatzen da:

a) 2023ko otsailaren 24an prestatu zen 23/AGU/00000098 zenbakia duen ordainagiria, kexagilearen ur-kontagailuaren 2022ko bigarren seihilekoko irakurketarekin.

b) Udalak erabiltzen duen aplikazioan akatsen bat gertatu zenez, ordainagiri hori ez zen interesdunaren bankuko kontuan helbideratu; aitzitik, kontu horretan helbideratu ziren horren aurrekoak eta atzekoak.

c) 2023ko uztailaren 31n, interesdunak baso-lote bat eskuratzeko baimena eskatu zuen. Baina, Donamariako alkatearen abuztuaren 4ko 56/2023 Ebazpenaren bidez, eskaera ezetsi egin zitzaion, arrazoi honengatik: “Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean ez izatea”. Egiteke zeuden ordainketen kopia erantsi zen, eta horien artean zegoen 23/AGU/00000098 zenbakia duen ordainagiria.

d) 2024ko urtarriletik aurrera, Donamariako Udalak GESERLOCAL S.L. sozietateari jakinarazi zion 2023ko zein ordainagiri zeuden ordaindu gabe, besteak beste 23/AGU/00000098 zenbakia duen ordainagiria.

e) 2024ko ekainaren 19an, GESERLOCAL S.L. sozietateak 23/AGU/00000098 ordainagiria ordaintzeko errekerimendua jakinarazi zion interesdunari, egoki ziren interes eta guzti.

f) 2024ko ekainaren 20an, interesdunak eskabide bat aurkeztu zuen Donamariako Udalean. Bertan azaldutakoaren arabera, jaso zuten 23/AGU/00000098 ordainagiria ordaintzeko errekerimendua baina bere banketxean ez zegoen jasota itzuli zenik.

g) Donamariako alkatearen uztailaren 17ko 106/2024 Ebazpenaren bidez eskabideari erantzun zitzaion. Hau azaldu zen:

1.- Ezagutzen ez ditugun arrazoi teknikoen ondorioz, ez zen behar bezala helbideratu 2022ko bigarren seihilekoko kanonaren ordainketa, baina agindua ondo egin zen 2023ko otsailaren 24an. Haren aurreko eta atzeko agindu guztiak ondo helbideratu zirela kontuan hartuta, gure ustez agindua egin zen egunean aplikazioak izandako arazoren baten ondorioz ez zen helbideratzea egin.

2.- Alkatetzaren 2023ko abuztuaren 4ko 56/2023 Ebazpenaren bidez baztertu egin zen baso-lotearen eskabidea, familia-unitateak zorrak zituelako Udalarekin. Egiteke zeuden ordainketen kopia erantsi zen, eta horien artean zegoen 2022ko bigarren seihilekoko kanonari lotutakoa. Horrenbestez, Udalak uste du 2023ko abuztuaren 4tik aurrera partikularrek bazekitela zorra zutela.

3.- Ebazpen hau jakinarazten zaie interesdunei, horren berri izan dezaten eta bidezko ondorioetarako”.

h) 2024ko uztailaren 26an, interesdunak eskabide bat aurkeztu zuen. Bertan adierazi zuen ez zegoela ados 23/AGU/00000098 ordainagiria eskatzeko moduarekin.

i) Donamariako alkatearen uztailaren 29ko 109/2024 Ebazpenaren bidez eskabideari erantzun zitzaion. Hau azaldu zen:

“1.- Uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren (Nafarroako Foru Komunitatearen dirubilketa erregelamendua onesten duenaren) 21. artikuluaren arabera, Administrazioak egin dituen likidazioen ondoriozko zerga-zorrak zor horiek eskatzeko oinarri diren arauek agintzen dituzten epeetan ordaindu beharko dira. Alabaina, erregulazio berezirik ez badago, jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabetean ordaindu beharko dira.

Zorrak aurreko ataletan adierazitako epeetan ordaintzen ez badira, premiamendu-bidean eskatuko dira, Erregelamenduaren 87. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betez; konturako ordainketa moduan hartuko dira epez kanpo ordaindutako zenbatekoak.

2023ko abuztuaren 4an jakinarazitako Alkatetzaren 56/2023 Ebazpenaren bidez baztertu egin zen baso-lotearen eskabidea, familia-unitateak zorrak zituelako Udalarekin. Egiteke zeuden ordainketen kopia erantsi zen, eta horien artean zegoen 2022ko bigarren seihilekoko kanonari lotutakoa. Beraz, Udalak uste du 2023ko abuztuaren 4tik aurrera partikularrek bazekitela zorra zutela, baina 2024ko uztailean oraindik ez da ordaindu.

2.- Langileen lan-kargaren arabera egiten dira bidalketak Geserlocal-era.

Hori dela eta, batzuk urtarrilean eskatu ziren eta beste batzuk beranduago.

3.- Ebazpen hau jakinarazten zaie interesdunei, horren berri izan dezaten eta bidezko ondorioetarako”.

Oinarri faktiko hori kontuan hartuta, kexaren xedea aztertu behar da. Funtsean, interesduna ez dago ados errekargu batzuk ordaindu behar izatearekin, toki erakundeak ordainagiria helbideratzean akats bat izan eta 23/AGU/00000098 zenbakiko ordainagiria ordaindu gabe geratu delako.

Horri dagokionez, Donamariako Udalak argudiatu du 2023ko abuztuaren 4an jakinarazi zitzaiola zorra zuela, eta premiamendua jakinarazi arte interesdunak ez zuela zorra ordaintzeko ezer egin.

4. Erakunde honen ustez, herritarrak ezin badu zorra ordaindu Administrazioaren akats baten ondorioz, logikoena da Administrazioak espresuki ematea gertatutakoaren berri herritarrari, eta orduan azaltzea zein diren herritarrak zorra ordaintzeko epea eta modua, ordainketa hori banku-helbideratzearen bidez egin ezin ez bada behintzat.

Kasu honetan, abuztuaren 4ko 56/2023 Ebazpenaren bidez jakinarazi zitzaion interesdunari baso-lotea eskuratzeko eskaera ezetsi zitzaiola, eta horren arrazoia zela ordaindu gabeko zorrak zeudela (tartean, kexaren xede den ordainagiria).

Horrela, interesdunari zeharka adierazi zitzaion ordainagiria ordaindu gabe zegoela, baina ez zitzaion azaldu zergatik ezin izan zen ordainagiri hori bere kontura helbideratu (uraren beste ordainagiri guztiekin egin zen bezala) eta ez zitzaizkion azaldu zorra ordaintzeko aukerak.

Udalak adierazitakoaren arabera, 5/2023 Ebazpena jaso ostean interesdunak zorra ordaintzeari buruzko interesa agertu behar zuen. Baina Administrazioari egotzi behar zaion akats baten ondorioz ordaindu ez denez, erakunde honek uste du ezin zaiola interesdunaren esku utzi akats horren ondoriozko arazoa konpontzeko behar den informazioa bilatu beharra; aitzitik, arestian azaldu bezala, Administrazioak berak eman behar zuen informazio hori hasieratik, bere ekimenez.

Horrela, erakunde honen ustez, 56/2023 Ebazpena ezin da hartu kexaren xede den ordainagiria ordaintzeko errekerimenduaren ondorioetarako baliozko jakinarazpen moduan eta, horrenbestez, Donamariako Udalari iradokizun hau egiten dio: interesdunari eskatzeko zorraren printzipala ordain dezala, baina ez premiamenduaren ondoriozko interesak.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Donamariako Udalari iradokizun hau egitea: interesdunari eskatzeko kexaren xede den ordainagiria ez ordaintzeagatik daukan zorraren printzipala ordain dezala, baina ez premiamenduaren ondoriozko interesak.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Donamariako Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia