Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q24/869). Horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatzen zaio onar dezala kexa aurkeztu duen ikastetxearen eskaera, lehen hezkuntzako bigarren mailan gela bat banatzekoa; eta gogorarazten dio legez behartuta dagoela aurkezten dizkioten eskaerak eta errekurtsoak epearen barruan ebaztera.

2024 urria 29

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Hezkuntza Departamentuak ikastola bateko lehen hezkuntzako maila batean unitate osagarri bat (banaketa) ez ituntzeko erabakia hartzea.

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2024ko abuztuaren 20an, instituzio honek Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako zuzendaritzak aurkeztutako idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Lehen Hezkuntzako bigarren mailan 2024/2025 ikasturterako dauden premiei erantzuteko eskatutako banaketa edo, halakorik ezean, eskola-ordu gehigarriak ukatzeagatik.

Era berean, adierazi zuen ez zitzaiela erantzun formalik eman gaiari buruz aurkeztutako errekurtsoari eta eskaerari.

2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Ohiko ratioak gainditzeko egoerak ikasmaila desberdinetan mailaz igarotzeko eta errepikatzeko hartzen diren erabakien ondorio dira, bai eta hasitako ikasturtean gertatzen den eskolatze-prozesuan ikasleak sartzearen ondorio ere. Izan ere, gerora sortutako matrikulatzat hartzen dugu hori, bizilekuz aldatzeagatik edo Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak zenbait kasutan onartzen dituen salbuespenezko beste arrazoi batzuengatik.

Nafarroako hezkuntza-sisteman beti aplikatu da ohikoa baino ratio handiagoa duten taldeak bitan ez banatzeko irizpide orokorra, baina ohiko ratioarekiko % 10eko gorakada gainditu gabe.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna (irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduan argitaratua) aplikatzearen ondorioz, 2019/2020 ikasturtetik unitate berriak sortu dira ikastetxe publikoetan, ikasturte bakoitzaren hasieran, ratioa ezarritako ohiko ratioa baino handiagoa den ikasturteetan. Jarduketa hori ikastetxe publikoetan baino ez da egiten, baina ez itunpekoetan, itun hori ez baitzaie beren-beregi aplikatzen Nafarroako ikastetxe publikoei.

Adierazitakoarekin bat etorriz, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 291/2024 Ebazpena eman da, zeinaren bidez aldatu egiten baita Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren apirilaren 12ko 111/2024 Ebazpena, itunpeko unitateei dagokienez ikastetxearen egoerari eusten diona. Aipatutako ebazpena erantsi da.

Aurkeztutako gorako errekurtsoari dagokionez, jakinarazten dizut une honetan izapidetzen ari dela, eta, laster, ebatzi egingo dela”.

Txostenarekin batera doa Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 291/2024 Ebazpena – kexa aurkeztu ondoren emana –. Ebazpen horretan, hemen interesatzen zaigunerako, kexa-egilea den ikastolak eskatutakoa ukatzen da, honela:

“Etxarri Arananatzeko Andra Mari Ikastola: unitate bat gehiago Lehen Hezkuntzako bigarren mailarako, edo, kasua bada, 16,5 ordu gehiago esleitzea. Ikastetxeak, 2024/2025 ikasturterako, itunpeko bederatzi unitate ditu Lehen Hezkuntzan.

3. Jasota geratu den bezala, kexa Hezkuntza Departamentuak Lehen Hezkuntzako bigarren mailan unitate bat gehiago (banaketa) ez ituntzeko hartu duen erabakia dela-eta aurkeztu da, kexa-egilea den ikastolak eta departamentu horrek mantentzen duten itunaren esparruan.

4. Kexa-espedientean dagoen informaziotik, honako hau ondorioztatzen da:

a) Andra Mari Ikastolaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko indarreko itunak Lehen Hezkuntzako hamaika eskola-unitate jaso zituen, D hizkuntza-ereduan, 2021/2022 ikasturtetik aurrea, sei urteko iraupenarekin.

b) Itunean jasota dagoenez, unitateen kopurua aldatu egin daiteke, hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) 2024/2025 ikasturterako, Andra Mari Ikastolak itunpeko bederatzi unitate ditu esleituta Lehen Hezkuntza osoan.

d) Ez da onartu Lehen Hezkuntzako bigarren mailan unitate bat gehiago izateko eskabidea, nahiz eta ikastetxeak legez ezarritako ratioa gainditzen duen ikasle-kopurua izango lukeen (25 ikasle gela bakoitzeko).

Zehazki, kexan azaldu da ikastetxeak 26 ikasle propio dituela, bai eta kanpoko matrikula-eskabide ere.

Era berean, ez da eskabide subsidiarioa onartu, taldeko ikasleen beharrei modu egokian erantzun ahal izateko eskola-ordu gehigarriak emateari buruzkoa.

e) Hezkuntza Departamentuak, azaldu den bezala, eskabidea ukatu du.

Ez daude argi eta garbi adierazita, emandako ebazpenean (lehen transkribatutakoa, kexa-egilea den ikastetxeari dagokion zatian), hartutako erabakiaren arrazoiak.

Kexa dela kausa igorritako txostenean azaldutakotik ondorioztatu da erabakia irizpide orokor bat aplikatzearen ondorio izango litzatekeela , eta irizpide horren arabera, ratioa gainditzea onartuko litzatekeela, betiere ratioaren % 10 baino gehiago ez bada.

5. Ondoriozta daitekeenez, ratioa % 10ean malgutzeko irizpide horrek lotura du hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 87.2 artikuluan xedatutakoarekin. Honako hau dio, ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan eskolatzearen erregulazioari dagokionez:

“Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen eskolatzea errazte eta hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera, hezkuntza-administrazioek ikastetxe publikoetako plazen eta itunpeko ikastetxe pribatuei baimendutako plazen zati bat gorde beharko diete, ohiko zein ezohiko ebaluazioaren ondoriozkoak, aurreinskripzioaren eta matrikulen epea amaitu arte. Erreserba hori ikasturtearen hasierara arte mantendu daiteke.

Era berean, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasgela bakoitzeko gehienezko ikasle-kopurua ehuneko hamarrera arte handitzeko baimena emango dute, bai berandu hasten diren ikasleen berehalako eskolatze-premiei erantzuteko, bai familia-unitatea ezohiko eskolatze-aldian bizilekuz aldatzeak eragindako premiei erantzuteko, gurasoetako edo legezko tutoreetako edozeinen nahitaezko mugikortasuna dela-eta, edo ikaslearen familia-harrerako neurri bat hasi delako”.

Erakunde honen interpretazioan oinarrituta, arauak aipatutako gorakada lotuta dago tasatutako eta gerora sortutako arrazoiei (berandu hasten diren ikasleak eskolatzeko berehalako premiak, familia-unitatea bizilekuz aldatu izanak edo harrera-neurri bat hasi izanak eragindako premiak).

Hala ere, ez da ikusten, hizpide dugun kasuan, eskolatze “bereziko” kasu horien aurrean gaudenik.

Espedientean dagoen informaziotik ateratakoaren arabera, ikastetxeko 25 ikasle baino gehiago egongo lirateke lehen hezkuntzako bigarren mailan (ikasmailaz igarotakoak edo errepikatzaileak izan), eta ohiko epean jasotako bi matrikulazio-eskaera berriren aurrean (gainera, taldean arreta espezifikoa eskatzen duten premia jakin batzuk daudela adierazi da).

Are gehiago, adierazi beharra dago zabaltzeko irizpide hori onartuko balitz ere – erakunde honek, arrazoitutakoaren arabera, ez du uste kasu honetan aplikagarria denik – datu horiekin (txostenean ez da kontrakorik adierazten), aipatutako % 10a gaindituko litzatekeela (eszedentzian dauden hiru ikasle, ikastetxeko ikasle propioen eta matrikulatu berrien artean, gela bakoitzeko 25 ikasleko ratioaren gainean).

6. Bestalde, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak (Dekretu horren bidez, ebazpen indargabetzailean eta itunean bertan aipatzen den hezkuntza-itunei buruzko arauen erregelamendua onetsi da) honako hau xedatzen du:

“1. Unitate-kopuruaren aldakuntzagatik edo beste inguruabar indibidualizatu batzuengatik ikastetxeetan eman daitezkeen aldaketek beraiekin ekarriko dute hezkuntza-ituna aldatzea, betiere aldaketa horiek ez badute eraginik hura onestea eragin zuten betekizunetan.

2. Ikasturte bereko bi unitate oso edo gehiago taldeka badaitezke, itunak onartutako gela bakoitzeko gehienezko ikasle-kopurua urratu gabe, eta administrazioak baimendutako salbuespenetan izan ezik (horiek, edonola ere, arrazoituak izango dira), itunpeko unitateak murriztuko dira.

3. Itunpeko unitate-kopurua ere murriztu ahalko da, unitate bateko ikasleen eta gelaren arteko harremana itunean ezarritako gehienezko kopuruaren % 50ekoa edo txikiagoa denean, administrazioak baimendutako salbuespenetan izan ezik, horiek arrazoituak izango baitira.

4. Itunpeko ikastetxeek, ituntzeko eskatzen zaizkien baldintzak betez, ikastetxeko ikaspostuen eskaria nahiko hazi dela egiaztatzen badute, itunpeko unitate-kopurua handitzea eskatu ahalko dute. Itunpeko unitate-kopuru horren gehikuntza aurrekontuko diru-izendapenen nahikotasunaren mende geratuko da, behin indarreko itun orokorrak eta bereziak berritzeko beharrei erantzunda.

5. Ituna aldatzeko arrazoitzat joko da titularra aldatzea, betiere titular berria itunetik eratorritako eskubideetan eta betebeharretan subrogatzen bada”.

Ez dugu uste arau horrek hizpide dugun kasu zehatzean hartutako erabaki mugatzailea babesten duenik, gela berri bat eskatzeak ezarritako ratioa gainditzea duelako arrazoi. Bi gela ezarriko balira ele, hortik ateratako zifrak ez lirateke % 50ekoak edo beherakoak izango.

7. Hori guztia ikusita, erakundearen aburuz bidezkoa da ikastetxearen uzia onartzea, uste baitu eskola- arretaren eskariak hala justifikatuko lukeela, ukapena ez dela behar bezala arrazoitu eta ratioa handitzea ez legokeela bat hezkuntza-araudiak kontuan hartzen dituen kasu bereziekin.

Hori dela-eta, gomendioa formulatu da, goikoaren ildotik.

8. Bestalde, ikastetxeak errekurtso eta eskabideei erantzun ez izanari buruz salatutakoa ikusita, bidezkoa da gogorarazpena ematea.

Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen Legearen arabera (21. artikulua), administrazioak berariaz ebatzi behar ditu prozedura guztiak, eta, gainera, epean egin behar du.

Kexan maiatzaren 23an aurkeztutako errekurtsoaren (banaketari uko egiteari buruzkoa) ebazpen-falta aipatu zen, bai eta uztailaren 5ean formulatutako eskabidea ere (ordu gehigarriak esleitzeari buruzkoa). Jakinarazitakoari jarraiki, errekurtsoari dagokionez behintzat, ez da ondorioztatu aldi baterako erantzuna emateko legezko eginbeharra bete denik (legezko epea hiru hilabetekoa da).

9. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexa aurkeztu duen ikastetxeak lehen hezkuntzako bigarren mailan gela bat bitan banatzeko egindako eskaera onar dezala.

b) Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea aurkezten dizkioten eskabideak eta errekurtsoak epearen barruan ebazteko duen legezko eginbeharra.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2024. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia