Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Resolución del Defensor del Pueblo de Navarra (Q23/898) por la que recuerda al Ayuntamiento del Valle de Yerri/ Deierri el deber legal de resolver las solicitudes de la ciudadanía; y le recomienda que adopte las medidas necesarias para garantizar el derecho de los ciudadanos y de las ciudadanas a dirigirse a la administración en euskera.

2023 abendua 29

Euskara

Gaia: La falta de contestación del Ayuntamiento del Valle de Yerri/ Deierri a una instancia referente a la plantilla orgánica.

Deierriko alkatea

Alkate andrea:

1. 2023ko irailaren 22an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen,. Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean. Horren bidez, kexa bat aurkezten du Deierriko Udalaren plantilla organikoari buruz.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2023ko maiatzaren 22an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Deierriko Udalaren plantilla organikoa.

b) Bost lanpostuetatik, batek ere ez du hizkuntza eskakizunik eta merezimendu gisa ere ez da euskara aipatzen.

c) 2017. urteaz geroztik, Deierri eremu mistoan sartuta dago.

d) Hori dela eta, 2023ko ekainaren 19an eskabide bat aurkeztu zuten, honako hauek eskatzeko: plantilla organikoa egokitzea, udalera jotzean herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea gauzatzeko; idazkariaren eta animatzaile soziokulturalaren lanpostuei C1 hizkuntza-eskakizuna esleitzea; administrari laguntzailearen eta zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuetan euskara jakitea merezimendu gisa ezartzea, eta hori guztia kontuan hartzea lanpostu horiek betetzeko etorkizunean egiten diren deialdietan.

e) Igarotako denbora gorabehera, ez dute erantzunik jaso.

2. Ondoren, erakunde honek Deierriko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“LEHENENGOA.- 2023ko ekainaren 19an, [..] jaunak, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkari gisa, idazkia aurkeztu zuen Deierriko Udalean. Horren bidez adierazi zuen, 2023rako onartutako eta maiatzaren 22ko 106. zenbakidun NAOn argitaratutako plantilla organikoari dagokionez, bost lanpostuek ez dutela euskararen hizkuntza-eskakizunik eta ez dela euskara meritu gisa aipatzen. Ildo horretatik, honako eskaera hauek egin ziren:

- Plantilla organikoa egokitzea, Deierriko herritarrek Udalera jotzen dutenean euskara erabiltzeko duten eskubidea eraginkorra izan dadin, Euskararen Foru Legearen 17. artikuluak ematen dituen baliabideak erabiliz.

- Idazkariaren lanpostuak duen garrantzia kontuan hartuta, lanpostu horretarako C1 mailako euskarazko hizkuntza-eskakizuna ezartzea.

- Ofizial administrariaren lanposturako euskarazko C1 maila ezartzea.

- Animatzaile soziokulturalaren lanposturako euskararen C1 maila ezartzea.

- Administrari laguntzailearen lanpostuan euskara jakitea merezimendu gisa ezartzea, % 10eko balioarekin.

- Zerbitzu anitzeko arduradunaren lanpostuan euskara jakitea merezimendu gisa ezartzea, % 5eko balioarekin.

- Lanpostu horiek betetzeko etorkizuneko deialdietan hori guztia kontuan hartzea.

BIGARRENA.- 2023ko azaroaren 9an, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak bidalitako idazkia jaso zen. Idazki horren bidez, [..] jaunak, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkari gisa, Deierriko Udaleko plantilla organikoari lotuta aurkeztutako kexari buruzko informazioa eskatzen zen.

HIRUGARRENA.- Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean xedatutakoaren arabera eta erakunde horrekin lankidetzan aritzeko betebeharra betez, Deierriko Udalak honako adierazpen hauek egin ditu:

ADIERAZPENAK

LEHENENGOA.- 2018ko uztailaren 26an, 144. zenbakidun NAOn argitaratu zen udal-eremuan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen udal-ordenantzaren behin betiko onarpena. Ordenantza horrek aldaketak jasan zituen, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2188 zenbakidun Ebazpenaren ondorioz, zeinak Ordenantzaren 8.1 eta 12.3 b) artikuluen erabateko deuseztasuna deklaratu baitzuen (aipatutako agiriak idazki honi erantsi zaizkio).

BIGARRENA.- Deierriko Udalaren plantilla organikoa bat dator eremu mistoko herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetan euskararen erabilerari buruz dagoen araudiarekin, eta bat dator gai horri buruzko lege-testuetan organo jurisdikzionalek eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak egiten duten interpretazioarekin. Ildo horretatik, erantsi egin da Nafarroako Administrazio Auzitegiaren martxoaren 11ko 00495/21 Ebazpena, Uharteko Udaleko plantilla organikoari buruzkoa.

HIRUGARRENA.- Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko ezohiko prozesuari dagozkion lanpostu hutsak merezimenduen lehiaketa bidez betetzeko (abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera), Deierriko Udalak, 2022ko urriaren 6an, erabaki zuen erabat atxikitzea uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari. Horiek horrela, administrari laguntzailearen eta zerbitzu anitzetako langilearen lanpostuak betetzeko, euskara jakitea meritu gisa baloratu zen, gehienez ere zazpi puntu esleituta.

LAUGARRENA.- Etorkizuneko lanpostuak hornitzeari dagokionez, berariazko azterlanak egingo dira eskainitako lanpostuak eskualdeko hizkuntza-beharrak asetzen dituela ziurtatzeko, herritarren eta toki-erakundeen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatze aldera.

BOSGARRENA.- Idazki hau eta bidaltzen diren gainerako agiriak aurkeztutzat jotzeko eskatzen dizuegu, 2023ko azaroaren 9an egindako errekerimendua betetzeko balio dezaten.

3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan jasotzen denaren arabera, Administrazioa “Administrazioa behartua dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Lege beraren 21.2 artikuluaren arabera, "ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da"; eta 21.3 artikuluaren arabera, "prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea".

Bestalde, eta ildo beretik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikuluak honako hau xedatzen du: “Toki entitateak behartuak dira beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskari guztiak ebatzi eta jakinaraztera”.

Kasu honetan, kexaren egileak dio Deierriko Udalaren plantilla organikoa argitaratu ondoren, 2023ko ekainaren 19an eskaera bat egin zutela, baina ez dutela erantzunik jaso.

Horregatik, eskaera aurkeztu zenetik igaro den denbora ikusita, bidezkoa da horri buruzko oroigarri bat ematea.

4. Gaiaren muinaren harira, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, bere helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipaturiko Foru Legearen 17. artikuluan honako eskubide hau aitortzen da: “herritar guztiek eskubidea dute euskara zein gaztelania erabiltzeko Nafarroako administrazio publikoetara zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatzeko, administrazio publikoek honako hau egin dezaketela ezartzen da: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Arau horiek garatuz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluan, bere funtsezko helburuen artean, honako hau identifikatzen du: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.

Administrazioak bere burua antolatzeko duen ahalmenaren barruan sartzen da zehaztea nola bermatzen duen euskaraz arreta jasotzeko eskubidea, legeetan ezarritako kasuen barruan.

Deierriko Udalak bidalitako txostenean adierazten denez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko ezohiko prozesuari dagozkion administrari laguntzailearen eta zerbitzu anitzeko langilearen plazak betetzeko, meritu gisa baloratu zen euskararen ezagutza, gehienez ere zazpi puntu esleituta, eta, “etorkizuneko lanpostuak betetzeko, berariazko azterlanak egingo dira, eskainitako lanpostuak eremu horretako hizkuntza-beharrak asetzen dituela ziurtatzeko”.

Hori ikusita, tokiko erakundeak bere burua antolatzeko duen gaitasuna ukatu gabe, erakunde honek egoki ikusten du gomendio bat egitea, beharrezko neurriak har daitezen herritarrek administrazioarekin euskaraz hitz egiteko duten eskubidea bermatzeko.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Deierriko Udalari gogoraraztea herritarren eskaerak ebazteko duen legezko betebeharra.

b) Herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala gomendatzea Deierriko Udalari.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Deirriko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia