Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q22/84), Dámaso Zabalza de Iruritako hiritar zentroko auzo elkarteari, aipatu zentroaren kudeaketan Iruritako herriaren izenean jarduten duena, kexa-egileari taberna bereko kontratazio-espedientea ematea gomendatzen duena.

2022 otsaila 22

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Iruritako Zentro Zibikoko tabernaren lizitazio prozesuari buruzko informazio falta

Iruritako Damaso Zabalza gizarte-etxeko auzo-elkartea

1. 2022ko urtarrilaren 20an, instituzio honek [...] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat jarri zuen Iruritako gizarte-etxeko tabernaren lizitazio-prozesuari buruzko informaziorik ez emateagatik.

2. Ondoren, erakunde honek Baztango Udaletxera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Jasotako txostenean, udalak azaldu zuen kexaren egileari jakinarazi ziola ez dela Baztango tokietako batzarren goragoko instantzia bat, ez kontrolekoa, ez ikuskatzekoa, eta bere artxiboetan ez duela kexaren egileak eskatutako espedientea; beraz, ezin du espedientea helarazi. Adierazi da, interesdunak Iruritako gizarte-etxeko tabernaren esleipen-espedientearen kopia nahi badu, eskumena duen administrazioari, organo kontratugileari eta espediente horren arduradunari eskatu behar diola, ez Baztango Udalari.

3. Iruritako batzarrari ere txostena eskatu zaio, eta informazio-eskaera Iruritako zinpeko alkateari bidali zaio. Hark jakinarazi du bera ez dela Damaso Zabalza gizarte-etxearen kudeaketaren arduraduna. Adierazi du, usadioz, alkatea izan dela Iruritako Damaso Zabalza gizarte-etxeko auzo-elkarteko presidentea, baina, bere kasuan, kargua hartu zuenetik uko egin ziola balizko interes-gatazka batengatik, gizarte-etxe horretako taberna daraman pertsona baita. Adierazi da gizarte-etxearen kudeaketari buruzko edozein erreklamazio auzo-elkarteari zuzendu behar zaiola zuzenean (erakunde horren IFK adierazi da).

4. Baztango Udalak bidalitako dokumentazioaren arabera, udalak 2014ko abuztuaren 28ko osoko bilkuran erabaki zuen Iruritako gizarte-etxearen lagapen-hitzarmenaren edukia Iruritako herriaren esku uztea.

5. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluak honako hau xedatzen du: “Baztango Udalerriak, hau da, Udalak, Ibarreko Batzar Nagusiak eta bertako herrietako batzarrek osaturik, bere tradiziozko antolamenduari eutsiko dio, zeinek udalerriko gobernuan eta administrazioan parte hartuko baitute, ibarreko ordenantza orokorrek xedatzen dutenaren arabera. Ordenantza horiek Batzar Orokorrak bakarrik onartu ditu, indarrean dagoen lege-esparruarekin eta Nafarroako Foru Zuzenbidearen printzipioekin bat etorriz.”

6. Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko Foru Legeak honako hau xedatzen du 30. artikuluan: “Edozein pertsona fisiko edo juridikok, publikoa nahiz pribatua izan, eskubidea du informazio publikoa eskuratzeko, dela norberaren izenean eta banaka, dela herritarrak bildu edo ordezkatzen dituzten erakunde legez eratutakoen izenean, aurrez eskatuta eta foru lege honetan finkatzen diren mugekin”.

Foru lege horren beraren 3. artikuluaren arabera, informazio publikotzat hartzen da foru lege honetan aipatzen diren administrazio publikoek sortutako edo administrazio horiek duten informazio publikoa, edozein dela ere informazio horren euskarria eta adierazpidea. Informazio publikotzat hartuko da, halaber, informazioaren egiletza edo jabetza zerbitzu publikoak ematen dituzten edo administrazio-ahalak edo funtzio publikoak betetzen dituzten beste erakunde edo subjektu batzuei egozten zaiena, baldin eta jarduera publiko bat gauzatzean sortu edo lortu bada.

7. Kasu honetan, eskaeraren xedea informazio publikoa dela ikusten da, ondasun publiko baten lizitazio-espedienteaz ari baita (Iruritako gizarte-etxeko taberna, udalak Iruritako herriari utzitakoa).

Era berean, ikusten da kexaren egilea espedientea eta horri buruzko informazioa lortzen saiatu dela, lehenik Baztango Udalari eskatuta (2020ko otsailaren 3ko instantzia) eta, ondoren, Iruritako zinpeko alkateari eskatuta. Azken horri dagokionez, kexan adierazitakoaren arabera, 2022ko urtarrilaren 15ean eskaera bat entregatzen saiatu zen, batzarraren aitzinean eman beharreko kontuak direla-eta, baina ez zitzaion onartu. 

Bestalde, esan bezala, taberna dagoen gizarte-etxea Iruritako herriari utzi zion udalak 2014an. Hortik ondorioztatzen da aipatutako kontratua Iruritako batzarrak edo horren bidez esleituko zela (baldin eta zinpeko alkateak adierazitakotik ondoriozta daitekeenez, gizarte-etxearen kudeaketa auzo-elkarte jakin bati esleitu bazitzaion).

8. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Iruritako Damaso Zabalza gizarte-etxeko auzo-elkarteari gomendatzea (Iruritako herriaren kontura dihardu aipatutako zentroaren kudeaketan), kexaren egileari gizarte-etxeko tabernaren kontratazio-espedientea eman diezaiola.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Iruritako Damaso Zabalza gizarte-etxeko auzo-elkarteak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia