Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Arbizuko Udaleko garbiketa langileak kontratatzeko deialdian jarraitutako prozedura
Arbizuko Alkatea
Alkate jauna:
1. 2022ko martxoaren 15ean, instituzio honek [...] andrearen idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat jarri zuen Arbizuko Udalaren aurka, ustezko irregulartasunak zeudelako garbiketa-langileak kontratatzeko deialdian eta espedienteko dokumentu jakin batzuk eskuratzeko eskaerari emandako erantzunagatik.
2. Ondoren, erakunde honek Arbizuko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2022ko martxoaren 3an Udalaren txostena jaso zen, txostenaren kopia bat interesdunari helarazi zaio.
Toki-erakundeak, halaber, administrazio-espedientearen kopia bat bidali du.
3. Adierazi bezala, Arbizuko Udalean garbitzaileak kontratatzeko deialdian jarraitutako prozeduraren ondorio da kexa.
Kexa aurkeztu zuena deialdi hori onetsi aurretik kontratatu zuten. Ondoren, deialdi horrek aurreikusi zuen hautaketa‑prozesu horretan parte hartu zuen, eta, irregulartasunak egon zirela iritzita, zenbait agiri eskatu zituen: parte hartzeko eskaeren kopia bat (horietako bi epez kanpo aurkeztu zirela uste zuelako) eta aurkeztu zirenek emandako lan‑ibilbidea.
Ez zizkioten agiri horiek eman, toki‑erakundeak igorritako txostenean aurkeztu zuenez, pertsona interesdunen baimena beharko lukete eta.
4. Aipatutako administrazio‑prozedura norgehiagokako hautaketa‑prozedura da. Pertsona askok hartzen dute parte, eta interes kontrajarriak dituzte, lanpostu berak lortu nahi dituztelako.
Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera, administrazio‑prozeduretako interesdunek (kasu honetan, hautagaiek) horietan jasotako agiriak eskuratu eta horien kopiak jasotzeko eskubidea dute [53.1 artikulua, a) hizkia].
Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak, 0178/2014 zenbakiko txostenean, datu pertsonalak babesteko eskubidearen eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arteko harremana aztertu zuen zenbait ikuspuntutatik. Batik bat, eta hemen interesekoa denez, norgehiagokako prozeduren ikuspuntutik. Aipatutako txostenak hau jasotzen du III. atalean:
“Horrela, norgehiagokako prozeduren kasuan, orain mahaigaineratutako kasuaren antzekoa ez bada ere, Auzitegi Nazionalaren doktrina har liteke kontuan, hautaketa‑prozeduren testuinguruan emandako kalifikazioei buruzko datuak emateari dagokionez, epaimahaiak ezinbestekotzat jo baditu publikotasun- eta gardentasun‑printzipioak eta berdintasun‑printzipioa bermatzen dutelako. Horrela, Auzitegi Nazionalak publikotasun‑printzipioa eta datu pertsonalen babesa haztatu ditu, eta hautaketa‑prozesu batean lehenengoak gailendu behar duela ondorioztatu du. Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Atalaren 2012ko apirilaren 26ko epaiak, 215/2010 errekurtsoan emandakoa ere aipatu duenak, hau adierazi zuen:
“Beraz, datuak tratatzeko baimena behar izateari dagokionez, salbuespena egin ahal izango da interes orokorrarekin edo balio handiagoko beste zenbait eskubiderekin talka egiten badu. Horiek datuen babesa ahuldu dezakete, beste interes horri eman beharreko lehentasuna dela eta. Kasu honetan, norgehiagokako prozedura denez, Konstituzioaren 103. artikuluak xedatutakoa aintzat hartu beharko dugu. Artikulu horrek dio Administrazio Publikoak interes orokorra objektibotasunez betetzen duela eta eraginkortasun-, hierarkia-, deszentralizazio-, deskontzentrazio- eta koordinazio‑printzipioei jarraituz jarduten dela, legeari eta zuzenbideari osotara men eginez (1. paragrafoa). Horrez gain, 3. paragrafoan, artikuluak dio “Legeak arautuko ditu: funtzionario publikoen estatutua; funtzio publikora merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera iristeko bidea” (hori guztia aurrerago aipatuko dugun EK-ko 23. artikuluan xedatutakoarekin lotuta dago). Jakina, datu pertsonalen tratamenduak eskatzen dituen bermeek ezin dituzte prozedurak gutxieneko gardentasun- eta publikotasun‑eskakizunak betetzera behartzen dituzten eskakizun orokorrak lausotu edo baliogabetu. Beste balio horien nagusitasuna dela eta, komenigarria da ulertzea kasu honetan interesdunen baimena ez dela beharrezkoa notaren datua tratatzeko. Orain erreklamazioa egiten ari den sindikatuak adierazitakoarekin bat dator hori.
Ikuspuntu horretatik, ondorioztatu behar dugu ez dela beharrezkoa norgehiagokako prozedura batean parte hartzen dutenen baimena eskuratzea prozedura horretan lortutako kalifikazioak tratatzeko. Horrek parte hartzen ari diren prozedura garbia eta inpartziala dela bermatzen die beste parte‑hartzaileei, haiek eskatu bezala (…)
Egia da 15/1999 Lege Organikoak ez duela horretan jasotako datu pertsonalen tratamendurako erregimenarekin lotutako salbuespenik espresuki jasotzen, norgehiagokako prozeduren gardentasun‑bermeetan oinarrituta. Horregatik, gatazkan dauden interesak haztatu beharra egongo da, horietako zeinek gailendu behar duen erabaki ahal izateko.
Behin horiek haztatuz gero, eta kasu honetan betetzen diren inguruabarrak baloratuta, Auzitegi honek argi du norgehiagokako prozedurak eskatzen duen publikotasun- eta gardentasun‑bermeak gailendu behar duela datuak babesteko eskubidearen gainetik”.
Administrazio Publikoko langileen hautaketak zuzentzen dituzten printzipio horiek gailendu behar dutela are argiago dago kexaren arrazoia izan den kasu honetan. Izan ere, hautagai bat da informazioa eskuratu nahi duena, interesdun gisa parte hartu duen prozeduran irregulartasunak egon direla uste duelako.
Parte hartzeko eskaerekin eta horiek aurkeztutako datekin (deialdian onartzeko data), eta hautagaien lan‑ibilbideekin (horiek baloratu badira) lotutako agiriak erabakigarriak izan daitezke hautaketa‑prozesuaren azken emaitzan. Horregatik, horiek ezagutzeko (beharrezkoa bada, bistak eginez) eta administrazio‑jarduna aurkaratzeko eskubidea dute interesdunek/hautagaiek.
5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Arbizuko Udalari gomendatu nahi diogu kexa aurkeztu duenari, toki‑erakunde horretako aldi baterako kontratuak egiteko deialdi batean hautagai denari, eskatu dituen agiriak emateko (parte hartzeko eskariak eta beste hautagaiek emandako lan‑ibilbideak). Izan ere, horiek prozeduraren emaitzan eragina izan dezakete, eta kexa egin duena interesduna da prozedura horretan.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Arbizuko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia