Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Berrizaun auzoan, Igantzin, zirkulatzen duten ibilgailuen gehiegizko abiadurak segurtasunerako duen arriskua, batez ere inguruko bizilagunentzat.
Igantziko Alkatea
Alkate jauna:
_____________________
Lurralde Kohesiorako Kontseilaria
Kontseilari jauna:
1. 2021eko urriaren 8an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. Igantziko Berrizaun auzoko bizilagunena. Idatzi horren bidez, kexa bat jarri zuten Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eta Igantziko Udalaren aurrean, trafiko trinkoak eta NA-4020 errepidetik auzo horretatik igarotzen diren ibilgailuen abiadura gehiegizkoak bide-segurtasunerako duten arriskuagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Igantzin bizi dira, Berrizaun auzoan. Udalari eskatu diote NA-4020 errepidean abiadura murrizteko gailuak jartzeko, eta ukatu egin zaie.
Eskaera egiteko arrazoiak honako hauek dira:
– Auzoko hiri-bidea zeharkatzen duen trafikoaren gorakada nabarmena, trafiko astuna barne.
– Errepide horretatik doazen ibilgailuen abiadura handiegia, eta horietako askok STOP ez errespetatzea.
– Eraikinen banaketa. Guztiak aldapan daude, eta ezinezkoa zaie NA-4020 errepidera iristea, ibilgailuen abiadura eta ikuspen falta direla eta.
– Hondakinen edukiontzien kokapena. Bertara iristeko, espaloirik eta oinezkoen pasabiderik ez duen errepide bat zeharkatu behar dute, segurtasunez gurutzatzeko. Laburbilduz, auzo horretan bizi diren bizilagun gehienak adineko pertsonak dira, egoera horren guztiaren ondorioz irteteko beldur direnak.
b) Udalak ukatu egin du instalazioa, Nafarroako Gobernuak egindako txostenean oinarrituta. Txosten horretan adierazten denez, gaur egun, Nafarroako Errepide Sareko abiadura-murriztaileak ez daude araututa, ezta indarrean dagoen araudian jasota ere, eta, beraz, ezin dira jarri. Gainera, oinezkoen pasabideak jartzea ere ezinezkoa dela gaineratu du.
c) Auzotarrek badakite beste herri batzuetan, antzeko arazoen aurrean, badenak eta baita zebrabideak ere jarri direla. Beren egoera jasanezina dela argudiatu dute, eta irtenbide bat aurkitzeko eskatu dute.
Horregatik guztiagatik, Berrizaun auzoko bizilagunen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.
2. Ondoren, erakunde honek Igantziko Udaletxera eta Lurralde Kohesiorako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen Lurralde Kohesiorako Departamentuaren txostenean:
“2021eko urriaren 14an sartu zen zure idatzia. Bertan, Igantziko Berrizaungo bizilagunen eskaera adierazi zenuen, bide-segurtasunerako arriskuarekin lotuta, NA-4020 errepidean auzo horren parean trafiko handia dagoela eta ibilgailuak gehiegizko abiaduran igarotzen direla kontuan hartuta. Idatzi horri erantzunez, hau jakinarazten da:
a.- Ez dela hiri-bide bat, hiri arteko bide-zati bat baizik, hiriaren erdialdetik igarotzen dena (horrek dakartzan lege-kontsiderazioekin, bereziki azaroaren 10eko 970/2020 Errege Dekretua –Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra eta Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra– aplikatzeari dagokionez).
Gehiegizko abiadurari eta STOP seinaleari kasu ez egiteari dagokionez, trafikoko arau-hausteak dira, eta departamentu honek ez du horien gaineko eskumenik. Ulertzen da seinale horiek arauen eta bidearen morfologiaren araberakoak direla.
Gauza bera gertatzen da eraikinen banaketarekin ere, udal-hirigintzako araudiaren eskumen-arloan sartuko bailitzateke.
Sarbideen arloan, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 72. artikuluak ezartzen du nola jokatu behar den sarbideetan eta zein den tartean dauden gidarien ardura.
Hondakinen edukiontzien kokapenari dagokionez, departamentu honek ez du eskumenik arlo horretan ere, eta ulertzen da udalaren edo dagokion mankomunitatearen esku daudela. Oinezkoentzako pasaguneak jartzeko, araudi jakin bat bete behar da (hurrengo puntuan aipatuko da).
b.- Udalaren erantzun arrazoituan adierazitako moduan, bidearen morfologia eta tipologia kontuan hartuta ezin da abiadura murrizgailurik edo oinezkoen pasabide goraturik jarri. Lehenengoak, indarrean dagoen foru-araudian jasota ez egoteagatik eta estatukoan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik (abiadura murrizgailuak jartzeko IT), eta bigarrenak, indarrean dagoen foru-araudia ez betetzeagatik (irailaren 19eko 787/2001 Foru Agindua). Gainera, lehenengo puntuan aipatu zen moduan, ezin da aplikatu azaroaren 10eko 970/2020 Errege Dekretua, ez delako hiri-bide bat. Azkenik, ezin dira aplikatu Errepideen Instrukzioko 8.1 arauaren 7.1.2 apartatuan jasotako abiadura murrizteko salbuespenak.
c.- Zer udalerri eta kasuistikari buruz ari garen jakin gabe, ez lirateke aplikatu behar alegatutako soluzioak Departamentuaren titulartasuneko bideetan edo aurreko puntuetan deskribatutako irizpideak betez aplikatu badira, ez baitira hizpide dugun zatian aplikatzekoak (NA-4020 errepidea, Berrizaun auzotik pasatzen den zatia)”.
Honako hau jartzen du jaso genuen Igantziko Udalaren txostenean:
Igantziko Udaletik idazki hau bidaltzen dizuegu Berrizaun auzoko bizilagunek Arartekoari egindako kexa dela eta (Q21/997 espedientea).
Horri dagokionez, lehenik eta behin, Igantziko Udalak Berrizaun auzoko biztanleek aurkeztutako kexarekin duen erabateko adostasuna eta ulermena adierazi nahiko genizueke. Hori guztia kontuan hartuta, trafikoaren hazkundeak, zirkulazioaren abiadura handiak eta ingurunearen baldintzek arriskuan jartzen dutela oinezkoen joan- etorri segurua.
Aurrekoa gorabehera, Udalak egokitzat jotzen du NA-4020 errepideko 4 puntutan, Berrizaun auzoaren parean, abiadura murrizteko gailuak instalatzea ukatzea eragin duten gertakariak eta baldintzak azaltzea. Hori guztia, bizilagunek aurkeztutako kexan funtsezko gertakari batzuk aipatu ez direlako.
Are gehiago, lehenik eta behin, adierazi behar da 2020ko azaroaren 3an Berrizaun auzoko biztanleek emandako eskaera sartu zela Udalaren erregistroan. Eskabide horretan, NA-4020 errepidean zehar, esku artean dugun auzotik igarotzean, 4 abiadura-murriztaile jartzeko eskatzen zuten. Horri dagokionez, ikusi zen murriztaileak instalatu nahi ziren zatia, hirigune gisa mugatutako eremu batean kokatuta egon arren, NA-4020 errepidearen zeharbide-zati bat zela (Nafarroako zeharbideen inbentarioaren arabera, azaroaren 3ko 220/2016 Foru Aginduaren bidez argitaratua), eta, berazirailaren 10eko 787/2001 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aldez aurreko baimena behar zen. Horregatik, 2020ko abenduaren 12an, 4 murriztaileak instalatzeko baimena eskatzeko eskabidea bidali zitzaion Ustiapen Atalari.
2021eko martxoaren 17an, Udaleko erregistroan sartu zen Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren martxoaren 5eko 225/2021 Ebazpena, zeinaren bidez ukatu egiten baitzitzaion Igantziko Udalari NA-4020 errepidean, Arantzan, 0+050, 0+150, 0+250 eta 0+400 k.p.-etan, Berrizaungo zeharbidean, AOP 2021/113 espedientea (1. dokumentu gisa erantsita). Ebazpen horretan adierazten denez, zeharbide-zatietan oinezkoentzako pasabide goratuak (abiadura murrizteko gailuak) jarri ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:
Zentzu horretan, ingurunearen baldintzak eta arestian azaldutakoa kontuan hartuta, ebazpenak azaltzen du zergatik ezin zen baimendu abiadura murrizteko gailuak instalatzea:
“Hala ere, egiaztatu da NA-4020 errepide horretako 0+050, 0+150, 0+250 eta 0+400 k.p.-etako errepide- zatiak 200 metro baino gutxiagoko erradioan daudela edo horietako batetik 40 metro baino gutxiagora.
Gainera, 0+400 k.p. zeharbidearen muturretik 50 metro baino gutxiagora dago.”
Horregatik guztiagatik, apirilaren 16an, 41/2021 Ebazpena eman zuen Igantziko alkateak Berrizaun auzotik igarotzen den NA-4020 errepidean abiadura murrizteko gailuak jartzea ezinezkoa dela adierazteko.
Hortik ondorioztatzen da abiadura-murriztaileen instalazioa ukatu izana ez dela Igantziko Udalaren arrazoi subjektiboetan edo jarduerarik ezan oinarritzen, baizik eta 787/2001 Foru Aginduak araututako arrazoi objektiboetan eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren nahitaezko baimenean.
Era berean, auzotarrek aurkeztutako kexaren c) puntuan honako hau erraten da:
“c) Auzotarrek badakite bertze herri batzuetan, antzeko arazoen aurrean, badenak eta baita zebrabideak ere jarri direla. Beren egoera jasanezina dela alegatu dute eta irtenbide bat aurkitzeko eskatu dute.”
Ez dakigu zein den bertze herri batzuetako egoera eta zein prozedura erabili den aipatutako instalazioak baimentzeko. Berrizaun auzoko kasu zehatz honetan, zorrotz jarraitu da 787/2001 Foru Aginduan bizilagunen eskaera ebazteko xedatutakoa, eta, beraz, gure ustez, ezin da egoera bertze herri batzuekin alderatu haien baldintzei buruzko informazioa aldez aurretik jaso gabe; izan ere, baliteke haien egoera nabarmen aldentzea Berrizaun auzokoaren egoeratik, eta hori izan liteke bertze herri batzuetan abiadurarik jartzearen arrazoia eta ez gure kasu zehatz onetan.
Horregatik guztiagatik, uste dugu Berrizaun auzoko bizilagunek aurkeztutako kexa ezin dela egin, hori guztia idazki honetan azaldutakoaren arabera. Hala ere, komeni da aipatzea Igantziko Udalak dagokion Lurralde Kohesiorako Sailarekin bildu nahi duela, egoera aztertu eta aukerak planteatu ahal izateko Berrizaun auzoko arazoa konpontzeko.
Horren berri izan dezazuen eta dagozkion ondorioak izan ditzan bidaltzen dizuegu.
3. Adierazita geratu den moduan, Igantziko Berrizaun auzotik dabiltzan ibilgailuak gehiegizko abiaduran igarotzen direla-eta segurtasuna arriskuan jartzeagatik eta, bereziki eremu horretako bizilagunak arriskuan jartzeagatik jarri da kexa.
Lurralde Kohesiorako Departamentuak egindako txostenean adierazten du komunikabidea hiri arteko bidea dela, eta, bidearen morfologia eta tipologiagatik ezin direla abiadura murriztagailuak edo oinezkoen pasabide goratuak jarri.
Igantziko Udala erabat ados dago eta ulertzen du aurkeztutako kexa, kontuan hartuta trafikoa ugaritzeak, trafikoaren abiadura handiak eta inguruko baldintzek mehatxatu egiten dutela oinezkoak segurtasunez igarotzeko aukera eremu horretan. Bide hori NA-4020 errepidearen zeharbide-zati bat dela uste du, eta, beraz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurretiko baimena eskatu zuen 4 abiadura-murriztagailu jartzeko. Eskaera hori, ordea, ukatu egin zen Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 5eko 225/2021 Ebazpenaren bitartez.
4. Nafarroako Errepideen Katalogoa, Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa eta Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala onesten dituen Garapen Ekonomikoko kontseilariaren azaroaren 3ko 220/2016 Foru Aginduaren 101., 102. eta 103. zenbakietan Berrizaun auzoa zeharbidea jasotzen du Igantzin.
Zeharbideei dagokienez, Nafarroako errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 67. artikuluak honako hau xedatzen du:
“1. Zeharbideen titularitatea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarena da, ibilgailuen zirkulaziorako prestatutako zoruaren eremura eta, baldin badaude, bide bazterretara mugatua.
2. Nafarroako errepide sarearen zeharbideen kudeaketa errepideen arloko eskumena duen departamentuari dagokio, baina toki entitate interesdunekin itundu ahalko du haiek zaindu, hirian txertatu eta funtzionaltasunari begira bidezkotzat jotzen duena.
3. Errepideen arloko eskumena duen departamentua eta toki entitate eskuduna lankidetzan arituko dira zeharbideetan oinezkoen eta ibilgailuen trafikoaren arteko bizikidetza laguntzeko, hiriko bizi kalitatea eta bide segurtasuna hobeak izan daitezen.
4. Zeharbideetan obrak egin eta finantzatzeko prozedura erregelamenduz zehaztuko da.
5. Errepideen arloko eskumena duen departamentuak kasuan kasuko toki entitatearekin lankidetzan planifikatu eta programatuko ditu herri horretako zeharbideak ukitzen dituzten jarduketak”.
Aurrekoaren arabera, errepideen arloko eskumena duen departamentua eta toki-entitate eskuduna lankidetzan arituko dira zeharbideetan bizikidetza eta ibilgailuen trafikoa errazteko, hiriko bizi-kalitatea eta bide-segurtasuna hobeak izan daitezen.
Hori guztia ikusita, erakunde honek egokitzat jotzen du Lurralde Kohesiorako Departamentuari eta Igantziko Udalari gomendatzea, dagokion lankidetzaren bidez, Berrizaun auzoko bizilagunak N4020 errepidean dabiltzan ibilgailuen gehiegizko abiaduratik babesteko beharrezko neurriak har ditzaten, eta, hala badagokio, eska ditzaten.
5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Lurralde Kohesiorako Departamentuari eta Igantziko Udalari gomendatzea, dagokion lankidetzaren bidez, Berrizaun auzoko bizilagunak N4020 errepidean dabiltzan ibilgailuen gehiegizko abiaduratik babesteko beharrezko neurriak har ditzaten, eta, hala badagokio, eska ditzaten.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Igantziko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2021. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia