Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con compensación por itinerancias.
Funtzio publikoa
Hezkuntzako kontseilaria
Kontseilari jauna:
2014ko azaroaren 12an, [...] andreak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; haren bitartez, kexa bat aurkezten zion Hezkuntza Departamentuari, ez zegoelako ados ibilbideak zirela-eta aplikatu zitzaion ordu-konpentsazioarekin, bigarren hezkuntzako irakaslea den aldetik.
Interesdunak honakoa azaldu zuen:
Bigarren Hezkuntzako irakaslea da, Orientazioko espezialitatean.
Olazti, Urdiain eta Iturmendiko lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetan egiten du lan; horrenbestez, irakasle ibiltaritzat hartzen da.
Horren ondotik, Hezkuntza Departamentura jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.
Jasotako txostenean, honakoa aipatzen da:
“Kexaren oinarria da irakasle honek ikastetxe publiko batean baino gehiagotan egiten duela lan, nahiz eta irakasle ibiltariaren izaera ez dagoen administratiboki aitortuta bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoentzat; izan ere, uste du ez zaiola konpentsazio egokia ematen bere ibilbideengatik, eta, zehazki, eskatzen du irakastorduekin ez ezik, ordu osagarriekin ere konpentsazioa eman dakiola.
Erreklamazio-egileak bere kexan aipatzen duen konpentsazioak ez du euskarririk inongo arautan, zeren eta aipatzen baitu ibilbideengatiko ordu-konpentsazioa emateko moduari buruz Hezkuntza Departamentuaren eta indar sindikalen artean 2001ean eta 2007an izenpetutako hezkuntza-itunetan jasotakoa, eta itun horiek indarrik ez baitute (azkena 2011ko abuztuaren 31n amaitu zen).
2. puntuan adierazitakoa gorabehera, , ikastetxe publikoen funtzionamendurako plantillak urtero egiteko garaian, Hezkuntza Departamentuak ezarri izan du (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 84.4 artikulua aplikatuz, haren bidez onartzen baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina), irizpide berekiak erabiliz, irakasle ibiltarientzako ordu konpentsazioen taula bat, 2007-2011 hezkuntza-itunean oinarritutakoa, zeina islatzen baita horretarako dauden jarraibideetan; honakoetan hain zuzen ere:
Irakasle ibiltariak.
Astean 30 kilometro bitarte: Irakastordu bat eta, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute, 2 ordu osagarri.
Astean 60 kilometro bitarte: Bi irakastordu eta, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute, ordubete osagarri.
Astean 90 kilometro bitarte:3 irakastordu.
Astean 120 kilometro bitarte:4 irakastordu.
Astean 150 kilometro bitarte:5 irakastordu.
Astean 210 kilometro bitarte:7 irakastordu.
Astean 240 kilometro bitarte:8 irakastordu.
Astean 240 kilometro baino gehiago:10 irakastordu.
Kilometroak kalkulatuko dira, oro har, erreferentziatzat hartuz oinarri-ikastetxea eta gainerako ikastetxeak zein herritan dauden.
Eragin horietarako, herrien arteko distantzia hartuko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak erabiltzen duen programatik.
Irakasle ibiltarien oinarri-ikastetxea izanen da behin betiko destinoa daukaten ikastetxea, eta behin betiko destinorik izan ezean, irakastordu gehien ematen dituzten ikastetxea.
Herri beraren barruan batetik bestera distantzia bat dagoen herri bereko ikastetxe batean baino gehiagotan lan egiten duten irakasleek ordubeteko ordu-murrizketa izanen dute, eta zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute, irakastordu ez diren bi bertaratze-orduko murrizketa. Artatutako ikastetxeen ordu-beharrengatik irakastordua murrizterik ez dagoen kasuan, bi ordu osagarri gehiago kenduko dira.
Ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituen 225/1998 Foru Dekretuak, 20. artikuluan eta hurrengoetan, ezartzen du zein izanen den bigarren hezkuntzako ikastetxeetako irakasleen asteko lan-ordutegia. Esparru orokorraren barruan, Hezkuntza-orientazioko espezialitaterako berariazko banaketa, espezialitate hori baitu erreklamazio-egileak, 229/2002 Foru Dekretuko 1. xedapen gehigarrian eta 66/2010 Foru Dekretuko 15. artikuluan araututa dago; izan ere, azken horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako Hezkuntza-orientazioa.
Aurreko araudian berariaz ezartzen da orientatzailearen ordutegiak ez duela irakastorduen eta ordu osagarrien arteko banaketarik, hezkuntzako gainerako espezialitateetan dagoena; horrenbestez, ezin da aplikatu erreklamazio-egileak eskatzen duena.
Bestalde, irakasle ibiltariei buruzko a) letran aipatzen den bezala, ordu osagarrien bidezko konpentsazioa, kasua bada, ez da automatikoa, zeren eta lotuta baitago zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematearekin.
Halaber, adierazi beharra dago ezen, nolanahi ere, ibilbideengatik konpentsatu beharreko kilometroen kopurua kalkulatzen dela esleitutako oinarri-ikastetxetik abiatuta (ikus 5. puntua), alde batera utzita irakaslearen helbidea non dagoen eta, are gehiago, alde batera utzita egiazki joan-etorririk badagoen. Goiz eta arratsaldeko lanaldia izanez gero oinarri-ikastetxea ez den beste batean, ibilbideak bi halako kontatzen dira.
Hori guztia dela eta, ondorioztatu beharra dago erreklamazio-egileak dagokion ordu-konpentsazioa duela, Hezkuntza Departamentuak ezarritakoaren araberakoa, eta irizpide horiek hark adierazitako berak direla. Hau da, ordutegia dela-eta ibilbideak egiten dituzten gainerako irakasleek daukaten tratamendu bera du eta, horrenbestez, inolako bazterketarik ez dago.
Azaldu den bezala, interesdunak zalantzan jartzen du irakasle ibiltaria izateagatik aplikatzen zaion ordutegi-konpentsazioa. Aipatzen du irakastordu bat baino ez diotela murrizten eta, egiten dituen kilometroak direla eta, bi ordu osagarri gehiago legozkiokeela.
Bestalde, Hezkuntza Departamentuak dio gainerako irakasle ibiltariei ematen zaien tratamendu bera aplikatzen zaiola, eta azaltzen du Orientazioko espezialitatearen kasuan ordu osagarririk ez dagoela eta, horrenbestez, ezin zaiola aplikatu eskatzen duen konpentsazioa.
Erakunde honek ikusten duen bezala, kexan aipatzen den ordu-murrizketarako oinarri gisa baliatzen den eskala (Hezkuntza Departamentuaren txosteneko laugarren atalean azaldutakoa) irakasleen ordutegi orokor edo komunaren arabera pentsatuta dago, eta haren araberakoa da; hori dela eta, eskala horren maila baxuenetan, ordutegi-araubide arruntean dauden ordu osagarriak aipatzen dira.
Bestela esanda, ez dirudi eskala hori egokitzen zaionik Orientazioko espezialitaterako ezarrita dagoen ordutegi araubidearen berezitasunari; hartan, izan ere, Hezkuntza Departamentuak berak azaldu bezala, ez dago ordu osagarririk.
Hori dela eta, erakunde honek honakoa iradokitzen du:
Balora dadila aukerarik baden Orientazioko espezialitateko ibilbideengatiko ordu-konpentsazioen berariazko eskala bat ezartzeko, zeren eta espezialitate horretan ordu osagarririk ez baitago.
Aipatzen den kasu zehatzean, interesdunari dagokion ordutegia hartuta, ordu-murrizketa bat aitor dakiola, egiten dituen kilometroen proportzioan, irakasleen ordutegi arruntaren araubidean egon izan balitz legokiokeenaren araberakoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala iradokizun hauek onartzen dituen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala haiek betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia