Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (O22/1) iradokitzen duena, covid berreskuratzeko ziurtagiriaren egungo konfigurazioa mantentzen den bitartean, gaixotasuna antzemateko PCR proba bat eskatzen duena, Osasun Administrazioak hori praktikatzen duela interesdunek positibotzat jotzen duten kasuetan. antigeno-test batek eskatu ondoren

2022 urtarrila 14

Covid-19

Gaia: “Berreskuratze ziurtagiriak” deiturikoetara sartzeko ezintasuna, gaixotasunaren diagnostikoa antigeno proben bidez.

Osasunbide kontsellaria

Kontseilari Andrea:

1. Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak, 16. eta 18. artikuluetan, eskumena ematen dio erakunde honi ofizioz hasteko Nafarroako Administrazio Publikoen jarduketak edo omisioak gainbegiratzeko espedienteak, zerikusia badute herritarren eskubideen babes maila areagotu eta hobetzeko bere eginkizunarekin, eta, horrenbestez, lege betebeharren, iradokizunen eta gomendioen gogorarazpenak egiteko.

2. Aurreko egunetan eta, oso berezki, eguberrietatik, erakunde hau covid-19a antigeno testen bidez detektatzeari buruzko kexa eta kontsulta anitz jasotzen ari da, bai eta interesdunek kasu horietan “errekuperazio ziurtagiriak” direlakoak eskuratzeko ezintasunari buruzkoak ere.

Eragindakoek, hitz gutxitan, honako hau diote:

a) Antigeno testen bidez covid-19a dutela detektatu zaie, eta hori, anitzetan, Osasunbideko lehen arretako zentroetan gertatu da.

b) Kasu horiek positibotzat jo dira, PCR probarik egin gabe. Etxean bakartuta egon dira agindutako aldian, eta eritasuna gainditu dute.

c) Suspertu eta errekuperazio ziurtagiria lortzeko interesa agertu dutenean, esan diete ezin dela egin nahi dutena, detekzioa PCR proba bidez egiteko eskatzen duelako araudiak.

3. Gai horri dagokionez, Osasun Departamentuari bidali zitzaizkion kexa batzuk direla eta, horrek honako hau jakinarazi digu:

Aurreko ekainaren 7an, honako hau onartu zen: 2021/953 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 14koa, txertaketako, proba diagnostikoko eta errekuperazioko COVID-19 ziurtagiri elkarreragingarriak (EBko COVID ziurtagiri digitala) emateko, egiaztatzeko eta onartzeko esparruari buruzkoa, COVID-19 pandemian zirkulazio askea errazteko.

Europar Batasuneko COVID ziurtagiri digitalaren sistemak COVID-19arekin zerikusia duten hiru ziurtagiri mota biltzen ditu:

• Txertatze ziurtagiria

• Proba diagnostikoaren ziurtagiria

• Errekuperazio ziurtagiria

Europar Batasunak honako hau baino ez du kontuan hartzen EB COVID ziurtagiri digitala lortzeko, errekuperazio ziurtagiriaren kasuan: pertsona PCR positibo batez diagnostikatua izatea, eta 11 egun baino gehiago eta 180 egun baino gutxiago iragan izana eritasuna PCR (+) batez diagnostikatu zenetik. Orduan soilik baliatzen ahal da errekuperazio ziurtagiria sortzeko aukera. Era berean, 17. artikuluan esaten du derrigorrezkoa izanen dela bere elementu guztietan, eta zuzenean baliatzekoa Europar Batasuneko estaku kide bakoitzean.

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako erregelamendurako lotura:

https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=DOUE-L-2021-80782

Aurreko informazio horiek guztiak ikusita, argi dago EB COVID ziurtagiri digitala Europar Batasunaren jarraibideen arabera ematen dela, eta, horregatik, erabakia ez da Osasunbidearen eskumena.

Bestalde, jakinarazi behar da Osasunbideak erabilitako COVID proba diagnostikoen helburua dela ahalik eta azkarrenak izatea, kasuak detektatzeko eta gero profesional sanitarioek jarraipena egiteko. Detekzio estrategia COVID pasaporteari buruzko Europako araudiaren aurrekoa da eta, nolanahi ere, SNS-Osasunbidearen lehentasuna kasuak diagnostikatzea da, eta herritar gehien-gehienak txertatzea, infekzio arriskuak gutxitzeko”.

4. Erakunde honen ustez, kexen ondoriozko problematika oso nabarmen areagotu da oraintsu, osasun administrazioak oro har onartu baitu covid-19aren detekzioa antigeno proben bidez egitea, PCR proben bidez egiaztatu behar izan gabe. Hartara, herritar anitz eta anitz positibotzat hartu dira ondorio ofizialetarako PCR-rik gabe, baina ezin dute eskuratu errekuperazio ziurtagiria, eritasuna gainditu arren.

Arazo horri dagokionez, eta berriz horrelakorik gerta ez dadin, iaz bertan, Espainiako Arartekoak Osasun Ministerioari gomendatu zion 2021/953 (EB) Erregelamenduaren egokitzapena susta zezala Europako Batzordearekin, balioa duen eta komunitate zientifikoak onartuta daukan edozein diagnosi bitartekoren bidez eritasuna gainditu dutela egiaztatzen duten pertsonek aukera izan dezaten errekuperazio ziurtagiria lotzeko. Era berean, aipatutako estatu erakundeak Osasun Ministerioari eskatu zion komunitate autonomoekin koordinatzeko PCR proba diagnostikoak egitea antigeno proben bidez positibo emandako kasu guztiei, covid ziurtagirian behar den informazio guztia jasotzeko.

5. Nafarroako Ararteko erakunde honek, bere jarduera esparruari dagokionez, zentzuzkotzat eta egokitzat jotzen du araudi komunitarioan, errekuperazio ziurtagiria lortzeko baldintza moduan, PCR proba egin behar delako eskakizunak iraun bitartean, hori Osasun Departamentuak egitea, hala eskatzen badute sintomak izateagatik edo berretsitako beste positibo batzuen kontaktu estuak izateagatik egindako antigeno testetan positibo emandako interesdunek.

Administrazioak horrelakoetan PCR probarik egin nahi ez izateak, edo egin gabe uzteak, disfuntzionaltzat jotzen ahal diren emaitzak izan ditzake, eta are, egoera jakin batzuetan, bidegabeak ere; izan ere, Administrazioak, ondorio ofizialetarako, antigeno proba baliozkoa eta eraginkorra zela iritzita, eta bizitza sozial eta laboralerako ondoriozko mugekin, eritasuna izan dutela adierazitako herritarrek, suspertu ondoren, ezinen lukete lortu egoera horren aitorpen ofiziala, detekziorako onartutakoa ez zen beste proba bat eskatzeagatik.

6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuta, Nafarroako Ararteko erakundeak egokitzat jo du honako iradokizun hau egitea:

Covidaren egungo errekuperazio ziurtagiriak iraun bitartean, hau da, eritasunaren detekzioa egiteko PCR proba bat eskatu bitartean, administrazio sanitarioak hori eginen du, antigeno testa egin ondoren positibo eman duten interesdunek egiteko eskatzen badute.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Osasun Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia