Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 8ko 33/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 08

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Falta de apoyos específicos a alumna que padece dislexia

Exp: 09/794/E

: 33

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 17an, [?]-en gurasoak diren [?] andreak eta [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten Hezkuntza Departamentuaren aurka.

    Azaltzen dute beren alaba Iruñeko Arte Eskolan ari dela ikasketak egiten, eta dislexia duela. Hori dela eta, berariazko laguntza behar du ikasketak egiteko, ikasgelan egokitzapenak eginez.

    2009ko urriaren 2an, eskaera bat aurkeztu zuten ikastetxeko Orientazio Zerbitzuan, eta berariazko laguntza-neurriak eskatu zituzten alabaren ikasteko zailtasunak berdintzeko, bai Arte Eskolako ikasketak buka ditzan, bai Unibertsitatean sartzeko proba egiteko.

    Eskaerari erantzuna emateko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Premia Berezien Zerbitzuak txosten bat igorri zien, non aditzera ematen baitzien haien asmoaren aurka zegoela.

    Gurasoen diote Hezkuntzari buruzko Lege Organikoari jarraituz, alabak daukan berariazkotasuna, dislexiaren ondoriozkoa, aintzat hartu beharko litzatekeela, eta behar diren neurriak hartu behar direla ikasteko dauzkan zailtasunak berdintzeko. Halere halakorik ez zaie aitortu.

    Horri dagokionez, eskatzen dute ikasgelan esku hartzeko behar diren neurriak har daitezen [?]-k ikasgai guztietako azterketak egin ahal ditzan, aukeren berdintasunaren eta bazterketa-ezaren printzipioari jarraituz. Halaber, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diote behar diren txostenak eman ditzan Unibertsitatera sartzeko proban ere egokitzapen-neurriak ezar diezazkioten.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:

“Hezkuntza kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduan, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igaro eta haiei tituluak emateko arauak ezartzen dituen, seigarren xedapen gehigarrian, “hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak” aipatzen dira. Entzumen, ikusmen edo mugimen arazo larrien ondorioz edo beste ezgaitasun baten ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, behar bezala frogatutako ohiz kanpoko inguruabarrengatik hala egitea gomendagarria denean, zilegi izanen da neurri hauek hartzea:

  • Sartzeko curriculum egokitzapenak eta curriculum egokitzapen garrantzitsuak.
  • Batxilergoko bi mailak egitea curriculuma osatzen duten irakasgaiak multzokatuz. Neurri hori osasun arazo larriak dituzten ikasleei eskaintzen ahalko zaie.

Ikasle horien ebaluazioa foru agindu honetan arautu bezala eginen da, baina kontuan harturik, hala badagokio, irakasgai batzuetan ezarritako curriculum egokitzapenak.

Era berean, deitzen diren proba berariazkoetan, baliabideak eta, behar izanez gero, denborak eta laguntzak egokituko dira, ikasle horiek behar bezala ebaluatzea bermatzeko moduan”.

Unibertsitatera sartzeko probari dagokionez, proposamena Unibertsitateak berak proba hori koordinatzeko izendatutako taldeari dagokio, graduko unibertsitate-irakaskuntzetara sartzeko baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan ikasleak onartzeko prozedurak arautzen dituen azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko.

19. artikulua “Ezgaitasunen bat duten ikasleei” buruzkoa da.

Hezkuntza administrazioek autonomia erkidego bakoitzean unibertsitatean sartzeko ezartzen dituzten hautaproben gaineko berariazko araupetzearen arabera, neurri egokiak zehaztuko dituzte bermatzeko ezgaitasunen bat duten ikasleek bai fase orokorra, bai berariazko fasea behar diren berdintasun baldintzetan egin ahal ditzaten. Hautaprobaren deialdian, aukera hori berariaz adieraziko da.

Neurri horiek, era askotakoak izan daitezke: denbora egokitzea, azterketa-eredu bereziak egitea eta ikaslearen eskuetan jartzea unibertsitatean sartzeko proba egiteko behar dituen bitarteko materialak eta giza baliabideak, sorospenak, euskarriak eta laguntza teknikoak, eta, halaber, informaziorako eta komunikaziorako sarbidea eta proba egiten den barruti edo espazio fisikorako sarbidea bermatzea.

Nolanahi ere, neurri horiek batxilergoan erabilitako curriculum-egokitzapenetan oinarriturik zehaztuko dira. Neurri horiei buruz, izan ere, informazio egokia eman beharko dute kasuko orientazio zerbitzuek.

Epaimahai kalifikatzaileek hezkuntza administrazioetako organo eskudunei txostenak eta laguntza eskatu ahalko diete, bai eta ezgaitasuna duten ikasleek batxilergoa ikasi duten zentroei ere.

Gaurko legedian, dislexia ez da ezgaitasuntzat hartzen, nahiz eta irakurmenaren berariazko nahaste baten gisara aitortzen den, hain zuzen era adimen mailan azalpenik ez duen nahastea. Ikusmenaren edo entzumenaren agudeziaren arazoekin edo eskolatze desegoki batekin lotu ohi da. Irakurmena eta idazmena barneratzen diren lehenengo ikasturteetan nahasteari atzeman eta erantzutea funtsezkoak dira arrakasta lortzeko.

[?]-en kasuan, haren espediente akademikoan ez da berariazko hezkuntza-neurririk jaso nahitaezko irakaskuntzan eskolatuta egon den bitartean.

Azterturiko arauak gorabehera, batxilergoko curriculum-egokitzapenak eta unibertsitatera sartzeko proben egokitzapenak ezgaitasuna duten ikasleentzat ezarrita daude, eta dislexia ez da ezgaitasuntzat hartzen”.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak dislexia duen batxilergoko ikasle baten gurasoak dira. Adierazten dute ez daudela ados hezkuntza administrazioak berariazko neurririk ez ezartzearekin beren alabak ikasketak egiterakoan nahaste hori dela-eta izaten dituen zailtasunak berdintzeko, nahiz eta hori erreklamatu duten.

    Bere aldetik, Hezkuntza Departamentuak aplikatzekoak diren erregelamendu arauak aipatzen ditu (Hezkuntza kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Agindua, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleak ebaluatu, hurrengo mailetara igaro eta haiei tituluak emateko arauak ezartzen dituen; eta azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretua, graduko unibertsitate-irakaskuntzetara sartzeko baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan ikasleak onartzek prozedurak arautzen dituena), eta ondorioztatzen du ez dela bidezkoa eskatzen diren neurriak aplikatzea, neurri horiek ezgaitasunak dituzten ikasleentzat aurreikusten baitira, eta dislexia ez baititu baldintza horiek betetzen.

  2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 71. artikuluan, ezartzen du ikasle guztiek ahalik eta garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena lortzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriko dituztela hezkuntza-administrazioek. Halaber, hezkuntza-administrazioek beharrezko diren baliabide guztiak ziurtatu behar dituzte, hezkuntza-premia bereziak izateagatik, ikasteko aparteko zailtasunak izateagatik, adimen-gaitasun handiak izateagatik, hezkuntza-sisteman berandu sartzeagatik, egoera pertsonalak edo eskolako historialak hala eskatzeagatik, arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleek beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatu ahal izan ditzaten eta, nolanahi ere, ikasle guztientzat ezarritako helburu orokorrak lortu ahal izan ditzaten.

    Printzipioen adierazpen orokor bat da (Konstituzioaren 9.2 artikuluan jasotako berdintasun materialaren printzipioaren hezkuntza-esparrurako zehaztapen baten gisara har daiteke), zalantzarik gabe esparru horretako arauetan garapena eta zehaztapenak eskatzen dituena.

    Hala eta guztiz ere, gure iritziz, argi dirudi legegilearen helburua dela ezen Administrazioak neurriak har ditzala hezkuntzako laguntzaren berariazko premia duten ikasle guztiek aurki ditzaketen oztopoak gainditzeko, betiere kontuan izanda berariazko premia hori faktore desberdinetatik hel daitekeela.

    Halaber, nabarmena dirudi ezen Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 71. artikuluak berariaz aipatzen baditu ikasteko aparteko zailtasunak hezkuntza-arreta arruntaz besteko arreta bat determinatzeko faktore gisa (hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kolektibotik bereizita eta hari erantsita, hezkuntza premia berezien kontzeptuan sartzen baitira daukaten ezgaitasunetik heldutako zailtasunak dauzkaten ikasleak, lege bereko 73. artikuluan ezarritakoaren arabera), interpretatu behar dela legegilearen borondatea dela arreta berezi hori eman dakiela, baita arau indardunen arabera ezgaituak ez diren ikasleei ere, hain zuzen ere hezkuntza prozesuan zehar zailtasun bereziak, arruntez eta ohikoez bestelakoak, izan dituztenei.

  3. Testuinguru horretan, zalantzarik gabekoa da dislexia duten pertsonek arreta berezia eta “konpentsazio” neurriak behar duten edo behar litzatekeen ikasleen taldearen barruan sar daitezkeela, ikasteko aparteko zailtasunak izan ditzaketelako (eztabaida zientifikotan sartu gabe, Espainieraren Errege Akademiaren definizioa aipa dezakegu: “irakurtzen, idazten edo kalkulua egiten ikasteko zailtasuna, maiz mugimenduzko koordinazioaren eta arretaren nahasteekin, baina ez adimenarekin, lotutakoa. Eta, gainera, arrazoizkoa dirudi ondorioztatzea ezen berariazko laguntza hori, alde batera zein bestera, hezkuntza prozesu osoan zehar eman beharko litzatekeela, zeren eta, adierazi dugun bezala, azken xedea baita ikasleengan ahal den garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena lortzea.
  4. Aurrekoa suposatuta, atzematen dugu aipagai dugunaren antzeko kasuetan (batxilergoko ikasketak eta unibertsitatean sartu nahi izatea), eta Hezkuntza Departamentuak ongi dioen bezala, Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoak diren arauetan (191/2008 Foru Agindua, batxilergoko ikasketei dagokienez, eta 1892/2008 Errege Dekretua, unibertsitatera sartzeko probari dagokionez), konpentsazio neurri berariazkoak hartzeko aukera ezgaitasun egoeretara mugatzen direla.

    Dislexiak ez dakar berarekin ezgaitasunaren aitorpena (hala eta guztiz ere, ikus daiteke Europako Parlamentuak adierazpen bat egin zuela, estatukideak premiatuz nahaste hori eta antzeko beste batzuk ezgaitasun gisa aitor zitzaten), baina, edonola ere, bai atzematen dugu ikasteko aparteko zailtasun bat dela eta, horrenbestez, gure bigarren gogoetan adierazi dugun bezala, hezkuntza-laguntzako neurri bereziak hartzea ekarri beharko lituzkeela.

  5. Erakunde honek xede gisa du Konstituzioan aitorturiko eskubideak defendatzea eta hobeki babestea, eta, bera arautzen duen foru legearen arabera, neurri berriak hartzeko iradokizuna egin dezake, baita neurri horiek arau-mailakoak direnean ere, baldin eta indarreko legeetan gabeziak daudela atzematen badu.

    Gure iritziz, planteaturik dagoen kasuko arazoei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak aipaturiko erregelamenduzko arauak hertsiki eta hitzez hitz aplikatzeak emaitza zuzengabea dakar, legegileak bilatzen zuenaren aurkakoa, zeren eta alde batera uzten baitu aitorturiko ezgaitasun bat izan ez arren, ikasteko berariazko zailtasun bat duten ikasleak (dislexia horren adibidea da).

    Horrenbestez, komenigarritzat jotzen dugu Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren neurriak har ditzan bideratzeko dislexia duten ikasleek laguntza berezia jaso dezatela, eta kolektibo horretako ikasleentzat ere zabal ditzan behar diren konpentsazio neurriak edo egokitzapenak (ikasgelako berariazko laguntzak, probak egokitzea edo bidezkotzat jotzen diren beste batzuk), zeren eta, gutxienez ere hezkuntzaren arloan, dislexia dutenek, hipotesi batean eta abstraktuan hitz eginez, ezgaitasuna duten pertsonek aurre egin beharreko antzeko eragozpenak edo gisa berekoak aurki ditzaketelako.

    Gure ustez, berariazko neurri horiek txalogarriak eta gomendagarriak dira dislexia duten ikasleen hezkuntza-bizitza osoan zehar, eta, horrenbestez, baita ere batxilergo osoan eta unibertsitatera sartzeko proban ere.

    Azken horri dagokionez, ongi dakigu txostenean aipatutako araua estatu mailakoa dela (oinarrizko araua), baina ez dugu oztoporik ikusten Nafarroak, bere eskumenez aliatuz eta berdintasun materialaren printzipioari eraginkortasuna emateko beharrean oinarrituta, hura osatzeko eta konpentsazio neurriak aurreikusteko, baita ikasteko berariazko zailtasunak dituzten pertsonentzat ere. Izan ere, horixe da dislexia dutenen kasua (eta, egiazki, atzeman dugu Espainiako unibertsitate batzuetako sartzeko probetan berariazko neurriak hartzen hasiak direla dislexia duten pertsonentzat).

  6. Neurri orokorrak eta oro har aplikatzekoak hartzeaz gainera, erakunde honek ezin du ahaztu planteaturiko kasu zehatza, eta, horri dagokionez, bidezkotzat jotzen dugu iradokitzea aintzat har dadila aipaturiko ikasteko zailtasun berariazkoa, txosten teknikoetan aipatuta eta dokumentatuta datorrena, eta gutxienez ere aipagai dugun ikaslearentzat probak egoki ditzala, denborari dagokionez besterik ez bada ere.

    Ulertzen dugu konponbide hori, Administrazioak aipatzen dituen erregelamenduzko arauetan aurreikusita egon ez arren, guztiz arrazoizkoa dela eta Konstituzioak jasota dauzkan eta erakunde honek zaindu behar dituen eskubideen egiazkotasunaren araberakoa dela; eta konponbideak lotura berezia dauka, halaber, berdintasun materialerako eskubidearekin (Espainiako Konstituzioko 9.2 artikulua) eta hezkuntzaren arloko ekitate-printzipioarekin (Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren II. tituluko araupetzerako inspirazioa dena).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren neurriak har ditzan bideratzeko dislexia duten ikasleek laguntza berezia hartu ahal dezatela, behar diren esku-hartze eta egokitzapenekin, hezkuntza aldi osoan zehar.

  2. Departamentu horri iradokitzea kexan aipatzen den ikaslearen kasu zehatzean, aintzat har dezala aipaturiko ikasteko zailtasun berariazkoa, txosten teknikoetan aipatuta eta dokumentatuta datorrena, eta gutxienez ere aipagai dugun ikaslearentzat probak egoki ditzala, denborari dagokionez besterik ez bada ere.

  3. Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileei eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia