Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 6ko 24/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 otsaila 06

Justizia

Gaia: Queja por la irregular y desproporcionada actuación de la Policía Foral en el registro y comprobación de identidad en un centro comercial

Exp: 08/616/I

: 24

Trafikoa eta Barne arloa

AURREKARIAK

1. 2008ko abenduaren 9an, Iruñean bizitokia duen [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, Foruzaingoak izandako jokabide irregular eta proportziorik gabekoarengatik.

Azaltzen zuen abenduaren 6an, 13:30ean, Villavesak Leclerc-en duen geltokian, Foruzaingoko emakumezko agente batek, kalez jantzitako beste polizia batekin batera, gela batera eraman zutela eta han biluztu eta araketa egin ziotela, eta erosketa-ticketaren bidez egiaztatu zituztela poltsan zeramatzan produktu guztiak, lapurtutako objektuen bila. Gehitzen zuen polizia agentearen tratua desegokia izan zela.

Agertzen zuen, halaber, biharamunean, bere intimitateari eginiko erasoa zela-eta, egitateak Foruzaingoan salatu zituela, baina bertan ez ziotela salaketa aurkezten utzi, irain edo erasorik izan ez zelako.

Jotzen zuen pairatu zituen atxikitzea eta abusua arrazakeria-arrazoiengatik izan zirela.

2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

3. Joan den urtarrilaren 27an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:

2008ko abenduaren bederatzian, [?] andreak, [?] zenbakiko Atzerritarraren Nortasun Zenbakia duenak, kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundean, Foruzaingoko agenteek tratu xenofoboa emateagatik, eta polizia kidego horretako agenteek kasuko salaketa hartzeari ezezkoa emateagatik.

Arartekoaren Bulegoak informazioa eskatu ondoren, txostenak eskatu zitzaizkion Foruzaingoko Burutzari eta Herritarren Babeserako Dibisioari, egitatean jardun zuten agenteak hari atxikita daudelako. Emandako txostenetatik egitateen honako kontakizuna ondorioztatzen da.

2008ko abenduaren 6an, Foruzaingoko [?] eta [?] lanbide-identifikazioko zenbakiak dituzten agenteak “La Morea” merkataritza gunearen inguruan zeuden. Kalez jantzita eta [?] adierazlea zeraman ibilgailu kamuflatu batean, patruila-lanak egiten ari ziren, egun hartarako ezarritako zerbitzu-aginduari jarraituz.

Polizia agenteek herritarren segurtasunaren prebentziorako egiten dituzten lanen artean, merkataritza-guneko barneko eta kanpoko aldeetan oinezko patruila-lanak egitea aurreikusten da.

Erronda horietako batean, pertsona bat atzeman zuten, janzteko moduarengatik eta jokatzeko zuen erarengatik arau-hauste penalen bat egin izatearen susmagarria zena.

Agenteek detektatu zutenean, jarraipen-dispositibo bat jarri zen abian, agentearentzat segurtasun-elementu guztiak eta zaindutako pertsonarentzat diskrezio-elementu guztiak erabiliz. Horrelako polizia-jarduera batean berezkoak diren protokoloei jarraituz, E. Leclerc Hipermerkatuko segurtasun pribatuko langileekin harremanetan jarri zen, horiek laguntza-lanak egiten baitituzte telebista-zirkuitu itxiko kamerak erabiliz.

Poliziek pertsona hori behatzen ari ziren bitartean, atzeman zitzaion arropa bat, lehenago zenbait gauza eramateko hartutako gurditxo urdinean zeramana, poltsan sartzen ari zela.

Merkataritza guneko kameren kontrol zentrotik behatuta, ikusi zen [?] andrea harremanetan hasten zela segurtasuneko zaindariak ezagutzen zuen adingabe batekin, hain zuzen ere merkataritza gunean aurreko beste batzuetan erabiltzaileen diru-zorroak lapurtzen harrapatua zuten gazte batekin.

Orduan susmatu zen talde antolatu txiki bat izan zitekeela jarduten ari zena, eta unitateko nagusiarekin kontaktatu zen. Subjektua zaintzen jarraitu zen are E. Leclerc-en barrutitik atera eta merkataritza guneko beste egoitza batzuetan sartu zenean ere. Azkenean aipaturiko pertsona eremu hartako autobus geltokian gelditu zenean, arestian aipatutako eguneko 14:00etan, eta egiaztatuta [?] andreak Iruñerriko garraio-ibilgailuan igotzekotan zegoela, [?] lanbide-identifikazioko zenbakia duen kaboa eta [?] agentea harengana joan ziren. Behin Foruzaingoaren kide gisa identifikatuta eta beren plaka eta lanbide-txartelak erakutsita, toki diskretuago batera joateko eskatu zioten. Autobus geltokiaren markesinak mugatzen duen esparrutik aldenduta, identifikatzeko eskatu zitzaion, eta jakinarazi zitzaion izandako jokabide susmagarriarengatik poltsan zeramatzan gauzak kontrolatu behar zizkiotela. Horretarako esan zitzaion E. Leclerc hipermerkatuaren barrenan zeregin horietarako prestaturiko leku batera joateko, eta [?] andreak baietz esan zuen. Hori dela eta, ibilgailu kamuflatuan eraman zuten, hain zuzen ere aurreko lerrokadetan aipatutakoan. Behin ibilgailuaren barruan, Gabriela andrea agenteei eragozpenak jartzen hasi zen, eta esan zien “harekin oker jokatzen ari zirela”, “sekula ez zutela geldiarazi, ez Espainian ez Errumanian”, “ez zela normala” edo “ea nork ordaindu behar zion galdutako denbora?”.

Behin berriz ere merkataritza-barrutian, interesdunari eskatu zitzaion gisa horretako identifikazioetarako prestaturiko gelara pasatzeko, eta bertan [?] agenteak behar ziren dokumentu-egiaztapenak egin zituen; bitartean [?] kaboak, emakumezkoak, [?] andreari azaldu zion azaleko araketa bat egin behar ziotela, segurtatzeko jantzita zaramatzan arropetan ez zeramala ezer ezkutaturik. Araketa eginda, poltsak arakatzeari ekin zitzaion, eta egiaztatu zen barruan zeuden gauzak zuzen ordainduak zituela, bisitatutako establezimenduetako tiketen arabera. Alderdi hori egiaztaturik, objektu guztiak kontu handiz gorde zitzaizkion berriz, eta agenteek laguntza eman izana eskertu zioten, eta barkamena eskatu zioten sortutako eragozpenengatik. Egiaztapen lanak bukatuta, Gabriela andreak agenteei exijitu zien berriz ere autobus geltokira eramateko, eta baietz esan zioten.

Turica andrearekin izandako lehenengo harremanetik jarduera bukatutzat eman arte hamabost minutu iragan ziren. Izan ere, jardun zuen patruilak zerbitzua Belosogoitiko Polizia Etxe Zentralean, hain zuzen ere merkataritza gunetik zenbait kilometrotara, 14:30ean bukatu zuen zerbitzua.

Esku hartu zuten agenteek egindako txostenean agertzera ematen da [?] andrea, ibilgailuan sartu zenetik eta agenteen jardunak iraun zuen bitarte guztian, haiei harrotasunez zuzendu zitzaiela, eta behin eta berriz esan ziela galdutako denboraren kalte-ordainak eman behar zizkiotela, eta “hanka sartu duzue” “zoazte pikutara” edo “ez duzue puta idearik ere” bezalakoak esan zizkiola. Halaber, behin eta berriz esan zuen “zuen aurkako salaketa aurkeztu behar dut”, eta horren aurrean agenteek esan zioten lasai egin zezakeela hori Gaztelu Plazako Polizia Arretarako Bulegoan edo beste edozein polizia etxetan.

Azaldutako guztian oinarrituta, hiru dira dirudienez [?] andreak zalantzan jartzen dituen edo “arrazakeriazko arrazoiei” egozten dizkien polizia-jarduerak. Zehazki, identifikatzeko eskatzea, egin zitzaion araketa eta salaketa jasotzeari uko egitea.

Horietako lehenbizikoari dagokionez, agertu beharra dago Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 1eko 1/1992 Lege Organikoko 20. artikuluak ezartzen duela Segurtasun Indar eta Kidegoetako agenteek, beren ikerketa edo prebentzio eginkizunetan ari direla, pertsonei identifikatzeko eskatu ahal dietela, eta behar diren egiaztapenak egin ditzaketela bide publikoan edo errekerimendua egin zaien tokian. Agenteen txostenetik argi eta garbi ondorioztatzen da [?] andreari jarraipena egin zitzaion bi orduetan, “behar diren eta behar adinako arrazoi eman zituela, indizio moduan bada ere, pentsarazteko arau-hausteren bat egiteko egoeran zegoela, eta ikusi ere egin zuten nola arropa bat sartzen zuen bere poltsa pertsonalean, nahiz eta egitate hori huts-hutsean ezin den delitutzat jo berehalako esku-hartzea justifikatzeraino.

Ez dago inongo arrazoirik kexa-egileari sinestarazteko bere identifikazioa beste arraza batekoa izateagatik egin zela; are gutxiago bere nazionalitatearengatik. Azken hori, gainera, identifikatzeko unera arte ez zuten jakin poliziek. Foruzaingoaren jardueren estatistiken gaineko errepaso arin bat nahikoa da erakusteko identifikatzeko teknika ez zaiela gehiago aplikatzen beste herrialdetako pertsonei eta beti lotuta edo justifikatuta dagoela segurtasun publikoaren prebentzioarekin eta hura mantentzearekin.

Bigarren jarduerari, araketari, dagokionez, abiapuntu gisa hartu behar dugu jarduera hori zehazki eta sakonki erregulatuta dagoela, eta hura egitea inoiz ez dela uzten agenteen zoriaren mende edo haien uste subjektiboaren mende. Prozedura Kriminaleko Legean, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko Lege Organikoan, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoan eta Segurtasunaren Estatu Idazkariaren abenduaren 20ko 7/1996 eta irailaren 13ko 19/2005 Instrukzioetan araututako ikerketa- edo prebentzio-egintza bat da.

Aipatu instrukzioek argi eta garbi ezartzen dute atxilotuak aparteko kasuetan baino ez direla biluzaraziko, eta oso kasu jakinetan, eta azaleko araketa eta erabateko biluztea guztiz bereizten dira.

[?] andreak dio E. Leclerc merkataritza guneko egoitzetan biluzarazi zutela, baina agenteek diote soilik erregistro edo azaleko araketa bat, haztapena ere esaten zaiona, egin ziotela.

Aipatutako teknikak ahalmena ematen die agenteei ukitutako subjektuaren eta haren gauzen azaleko kontrola egiteko, egiaztatzeko ea arau-hauste bat egin izatearen frogabide gisa erabil zitezkeen elementuak ezkutatzen dituen, edo herritarren segurtasuna prebenitzearren, armarik edo objektu arriskutsurik ba ote daraman. Horrelako araketek oinarrizko lau baldintza bete behar dituzte:

  1. Ez da beharrezkoa arau-haustearen aurretiko indizioak egotea.
  2. Bide publikoan eta eraikin edo establezimendu publikoetan egin daiteke.
  3. Proportzionaltasun erlazio bat egon beharra dago hartutako neurriaren eta lortu nahi den helburuaren artean, eta larritasun, premia eta proportzionaltasun printzipioak errespetatuta egin behar da, eta betiere pertsonaren intimitatea eta duintasuna ere errespetatu behar dira.

4. Araketa egiten duen agenteak eta ukitutako subjektuak sexu berekoak izan behar dute, muturreko eta larritasuneko premia-kasu apartekoetan izan ezik.

Egitateen kontakizunak erakusten du Foruzaingoaren agenteek aipatutako baldintza guzti-guztiak errespetatu eta bete egin zituztela.

Poliziaren jardun guztia ahal den diskrezio handienarekin gauzatzeko ahaleginak egin ziren, bai identifikatuarentzat bai agenteentzat; izan ere, poltsaren eta Turica andrearen araketa autobus geltokian bertan egiteko aukera izan bazuten ere, leku pribatu batera eraman zuten, bide publikotik iragaten zuten guztiek begira zezaten saihesteko. Kexa-egilea ez zuten inolaz ere biluzarazi, baina egia da haztapen sakon baten balizko eragin desatsegina saihesteko, batzuetan kasuko pertsonari eskatzen zaiola lagun dezan, bera izan dadin erakusten duena bere arropen azpian ez daramala ezer. Azkenik, araketaz arduratu zen agentea emakume bat izan zen, eta haren lankidea, berriz, gizonezkoa, dokumentu-lanak egiteaz arduratu zen.

Amaitzeko, Foruzaingoaren kideek salaketa hartzeko betebeharra ez betetzeari dagokionez, adierazi beharra dago ez Gaztelu Plazan dagoen Foruzaingoaren Polizia Arretarako Bulegoko artxiboetan, ez zazpi lurralde-bulegoetan ere, ez dela jaso [?] andrea agertu zenik salaketa bat jartzera, hain zuzen ere haren arabera Foruzaingoaren inongo kidek onartu nahi izan ez zuen hori.

Akusazioaren definizio faltaren aurrean, zuzendaritza nagusi honek azalpen bakarra eman dezake, hain zuzen ere kasu hauetan herritarrei arreta egiteko bulego guztietan aplikatzen diren baldintza orokorrak azalduz, alegia, herritarrak agente bati jakinarazten dion guztia jasotzea eta, kasua bada, ikertzea. Poliziarentzat hori ez da aukeran dagoen zerbait, ez eta uste subjektibo edo pertsonalen arabera egin beharreko zerbait: agenteek jakinarazten zaien guztia jaso behar dute, nahiz eta zalantzak izan salatutako egitateak errealitatearekin bat etortzeari buruz; eta batzuetan gertatzen da zalantzak ez ezik konbentzimendu eta segurtasun osoa ere izaten dela salatutako egitateak errealitatearekin bat ez etortzeaz. Hori dela eta, eta egitateak guztiz argitzeko, eskertuko genuke argitzea zein bulego edo polizia etxetan saiatu zen [?] andrea salaketa jartzen, eta, modua badago, horri ezezkoa eman zion polizia-funtzionarioa, horretatik guztitik erantzukizun pertsonalik ondoriozta badaiteke ere. Hala eta guztiz ere, Barne Araubideko Dibisioak egitateak ikertu ondoren, ez da atzeman inongo jardun irregularrik izan denik.

Azkenik, Arartekoari jakinaraztea, interesdunari helaraz diezaion, Foruzaingoan “erreklamazioetarako eta iradokizunetarako prozedura” bat sortu dela, eta [?] andreak inolako mugarik gabeko sarbidea duela.

4. Gertatutakoak zorroztasun handiagoz ezagutzeko, erakunde honek kexa-sustatzailearen laguntzailea gonbidatu zuen gertatutakoak azaltzera, bera partaidea izan zen tokietako batean, gertatutakoak nola bizitu zituen ager zezan. Laguntzaileak, [?] jaunak, baiezkoa eman zion gonbiteari, eta honakoa adierazi zuen idatziz:

2008ko abenduaren 7an, igandez, 16:30ean, [?] andrearekin joan zen Foruzaingoak Iruñeko Gaztelu Plazan duen polizia etxera, aurreko egunean, abenduaren 6an, 14:00etan, Cordovillako Leclerc Hipermerkatuko egoitza batean, [?] andrea inongo arrazoirik gabe eta lapurtutako gaiak aurkitzeko –alabaina, ez zituzten aurkitu– atzitu, miatu, biluzarazi eta arakatu zuten Foruzaingoaren agenteen aurkako salaketa bat jartzeko.

Polizia etxeko agenteei azaldu genien salaketaren arrazoia zein zen eta esan ziguten (foruzainek) inongo zentzurik ez zuela, eta ez zutela salaketa onartuko, zeren eta soilik onartzen edo aintzat hartzen baitzituzten pertsona bati egitez edo hitzez (joaz nahiz irainduz) pertsona bati eraso egiten zitzaioneko kasuak.

Une batean, haiekin haserretu nintzen, ez zirelako salaketa idazten ari, eta bertatik kanporatzeko mehatxua egin zidaten. Foruzain bat (oso altua zen bat) nire aurrean jarri zen, Gabrielari hitzez laguntzeko modua izan ez nezan. (Hori guztia egiazta daiteke, halaber, Gaztelu Plazako polizia-etxean dauden bideo-kameretako zinten bitartez).

Kasurik egiten ez zigutenez, alde egitea erabaki genuen, kexa Arartekoaren bulegoan aurkezteko. Biharamunean (hurrengo egun baliodunean) aurkeztu genuen, hain zuzen.

AZTERKETA

1. Kontroleko nahiz kaleko erregistroko dilijentzia bat egitearren zirkulazio askea, denbora labur batez, etetea zilegi izateko exijitzekoa den bakarra da, alde batetik, Foruzaingoaren jarduera babestuko duen arau bat izatea –kasu honetan, Prozedura Kriminaleko Legeko 282. artikulua, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoko 20.1 artikulua eta Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoko 11.1 artikulua– eta, bestetik, proportzionaltasunaren eta arbitrariotasuna baztertzearen printzipioak errespeta daitezen, halako moduan non legeak, oro har, baimentzen duen jarduera arrazoizkoa eta egokia izanen baita kasu jakin horretan, eta xede zuzenerako beharrezkoa denetik atera gabe gauzatua, hau da, eskubidearen eta haren mugaren arteko oreka hautsi gabe” (Auzitegi Gorena, Zigor arloko Sala, abenduaren 20ko 2870/1993 epaia. RJ 1993/9580).

Auzitegi Goreneko Bigarren Salak, 1994ko otsailaren 4ko epaian (RJ 1994\657) honakoa adierazi zuen: “Segurtasun Indarretako kideek segurtasuna eta ordena defendatzeko eskubidea eta betebeharra daukate, eta delituaren agerpen guztiak jazarri behar dituzte. Haien eginbeharra da delitua atzematen den tokira joatea, eta jokatuko dute, bere erantzukizunaren pean gehiegikeria onartezinen kasuan, behar den arrazoizko kontuarekin eta ikertzeko arrazoizko izpirituarekin; horrek berarekin dakar susmo hutsen arabera jokatzeko beharra, betiere horiek logikarik gabeak, arrazoigabeak edo arbitratuak ez diren bitartean”.

Proportzionaltasuna baimen daitekeena definitzen duen ardatza da, zeren eta beharrezkoa baita, beste behin, ikertu nahi denaren eta ikerketa horren ondorioz pertsonen duintasunari egin dakiokeen kalte edo galeraren arteko oreka zuzenari eustea. Ildo horretan, Konstituzio Auzitegiak (1990eko azaroaren 26ko probidentzia, 2252/1990 babes-errekurtsoan, eta 1991ko otsailaren 28ko probidentziak, 2260/1991 eta 2261/1991 babes-errekurtsoetan) honakoa adierazi du: “askatasunerako eskubidea ez da mugatzen araketa eta identifikazio dilijentziengatik, zeren eta horiek, ezinbestez eragozpenak eragiten badituzte ere, beharrezko denboran egiten badira, ukituarentzat poliziaren arauen pean modu legitimoan jartzea baitira”.

Horrenbestez, arrazionaltasuna, beharra eta proportzionaltasuna dira Konstituzioaren eta lege arruntaren ikuspuntutik horrelako polizia-jarduerak zuzentzat jotzeko bete behar diren baldintzak. Aztergai dugun kasu zehatzean, ikerketa-fasean gertatutako inguruabarrak direla eta, hain zuzen ere departamentuaren txostenean azaldutakoak, eta erregistroa eta araketa nola egin ziren ikusita, honakoaz sinistuta gaude:

a) Poliziaren jarduna Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 22ko 17/1992 Lege Organikoko 19.2 eta 20. artikuluetan babestuta dago. Izan ere, artikulu horietan hartarako baimena ematen zaio Foruzaingoari, delituak eta zehapen administratiboak prebenitzeko, aztertzeko eta deskubritzeko bere eginkizunetan ari dela.

b) Justifikazio arrazionalak berarekin dakar arbitrariotasun oro baztertzea neurri hori aurrera eramaterakoan, eta horretarako funtsa duten sumoetan edo indizio arrazional eta behar adinakoetan oinarritu beharra dago neurriak hartzerakoan. Kasu honetan, betebehar horiek bete egin dira.

c) Proportzionaltasunak, onar daitekeena definitzen duen ardatza denaren aldetik, berarekin dakar ikertu nahi denaren eta pertsonari eragin dakiokeen kalte edo galeraren arteko oreka zuzenari eutsi behar izatea, eta kasu honetan proportzionaltasuna ere egon zen, erregistroa eta araketa toki diskretu batean, jendearen begiradetatik urrun, egiteak interesdunarengan eragin ahal zen txikiena eragin zuelako, eta poliziaren auto kamuflatua berehala itzuli zelako autobus geltokira.

2. Alabaina, aurrekoa ezertan ere kendu gabe, hiru egitate nabarmendu behar dira: 1.- Departamentuaren txostenaren arabera, kexa-egileak behin eta berriz adierazi zuen “zuen aurkako salaketa aurkeztu behar dut”; 2.- [?] jaunak adierazi zuen “2008ko abenduaren 7an, igandez, 16:30ean, [?] andrearekin joan zela Foruzaingoak Iruñeko Gaztelu Plazan duen polizia etxera”; 3.- Arartekoari abenduaren 9an kexa aurkeztea.

Azaldutako egitateen korrelazio logiko eta kontsekuentea ikusita, erakunde honek uste du kexa-egileak azaldutakoa eta hari lagundu zion [?] jaunak egiaztatu eta izenpetutakoa egiantzekoa dela; hau da, egiazki adierazitako egunean eta orduan Foruzaingoak Gaztelu Plazan duen polizia etxera joan zirela eta zerbitzuan zeuden foruzainek ez zietela erraztasunik edo laguntzarik eman salaketa jartzeko; aitzitik, salaketarik jar ez zezaten oztopoak jarri zituztela, eta beren lankideen –andrea arakatu eta erregistratu zuten polizia agenteen– aurkako salaketa ez jartzeko aholkua eman zietela.

Egitate horiek direla eta, kexa-egilea polizia etxetik joan zen, kasurik egiten ez ziotelako, eta hurrengo egun baliodunean erakunde honetara etorri zen kexa aurkeztera.

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak, 4.h) artikuluan, honakoa ezarri zuen: “Nafarroako polizia kidegoetako kideak ondoko oinarrizko printzipio hauei jarraikiz arituko dira: Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatuko dute beti eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahaleginduko dira, eta egiten dituzten esku-hartzeen kausa eta helburuei buruz behar den informazioa emanen diete”. Halaber, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Estatutu onetsi zuen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuko 36. artikuluak honakoa ezarri zuen: “Nafarroako polizia kidegoetako kideek, bere jardunean, honako hauek bete beharko dituzte:

g) Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatzea beti eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahalegintzea. Esku hartu beharra duten guztietan, ahalik eta informaziorik zabalena eta osatuena ematea esku-hartzearen zergati eta helburuen gainean”.

Azken batean, erakunde honen ustez Iruñeko Gaztelu Plazako polizia etxeko foruzainen jarduna ez zen zuzena izan, eta urratu egin zituen herritarrak idazkiak eta dokumentuak aurkezteko daukan eskubidea –hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9.1 artikuluan ezarritakoa– eta herritarrekiko harremanetan irizpide izan behar diren lankidetzaren eta elkarren laguntzaren printzipioak –hain zuzen ere Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.2 artikuluan ezarritakoak–.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Kexa eragin duen egitateak urratu egin duela interesdunak daukan eskubidea, hain zuzen ere egokitzat jotzen dituen idazki eta salaketak aurkeztekoa. Eskubide hori, izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9.1 artikuluan ezarrita dago.

2. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea beti bete behar dituela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidegoaren Legeko 3.2 artikulua eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 4.h) artikulua.

3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

4. Erabaki hau Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia de Barne Departamentuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia