Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con el concepto de “empadronamiento ininterrumpido” en el procedimiento de adjudicación de viviendas protegidas
Exp: 09/6/V
Nº: 23
Besterik
1. 2009ko urtarrilaren 8an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten du BOE bat eskatzerakoan baremazioan ezarritako zehapenarengatik, etenik gabeko bizitoki efektiboa ez egiaztatzeari dagokiona.
Azaltzen zuen 2007an borondatezko eszedentzia bat eskatu zuela bere lantokian Londresera joateko, bere ingeles-maila hobetzeko. 2009ko urtarrilaren 7an, VINSAren dei bat jaso zuela, eta hartan jakinarazi ziotela Etxebizitza Departamentuak bere eskaria aztertua zuela eta erroldatzeari zegozkion 20 puntuak kentzen zizkiotela. Horrenbestez, 29 puntu eskuratu zituen azkenean. Horretarako emandako arrazoia zen bizitoki efektiboa ez zela etenik gabekoa izan urte horietan.
Kexa-egileak honako galderak egiten ditu: zein da bizitokian etena izan dela jotzeko aintzat hartzen den denbora? Urtebete? Hilabete? Astebete? Egun bat? Kasurik muturrenekoan, pertsona bat oporretara joaten bada dagokion aldi batean, eta, noski, aldi horretan lehengo bizitoki efektiboa ez badu, ez luke puntu horiek eskuratzeko eskubiderik?
Amaitzeko, argudiatzen du bizitoki efektiboa etetea dela-eta gutxieneko aldi bat aurreikusten ez bada eta zehapena justifikatzeko arrazoiak ere aurreikusten ez badira, airean geratzen dela alderdi hori, eta erabateko segurtasun eza eragiten zaiela eskatzaileei.
2. 2009ko urtarrilaren 22an, erakunde honek Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gaiari buruzko informazioa eskatu zion. Departamentuaren txostena 2009ko otsailaren 2an sartu zen.
Laburbilduz, ustez aplikatzekoak diren legeak aipatu ondoren, txostenean honakoa adierazten da: “bizitokia ohiko bizitoki iraunkorra dela jo beharra dago, hau da, herritarrak erroldatuta dagoen udalean bizitoki efektiboa izatea. Departamentu honek aztergai dugun auzian erabili duen irizpidearen eraginetarako, kasuko udaletik kanpoko oporraldiak ez du aldarazten, logikoa den bezala, ohiko bizitoki iraunkorraren egitatea; baina atzerrian sei hilabetez bizitzea, eta, gainera, aldi horretan ordainpeko lan bat egitea, kexa-egilearen kasuan gertatu den bezala, bai da bizitokian eten bat egitea, eta hura muntakotzat hartzen da erroldatzean etenik gabeko antzinatasunarengatiko puntuazioa emateko edo ez emateko, etxebizitza babestuak esleitzeko baremoen barruan."
1. Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluak honakoa ezartzen du politika sozial eta ekonomikoaren printzipio zuzendari gisa: “Estatua bereziki arduratuko da atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeaz, eta langile horiek itzultzea izango du jomuga bere politikan”.
Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeak, Konstituzioaren aipatu artikulua betetzeko, emigrazioari eta itzulerari buruzko politika integral bat ezarri zuen, emigranteen eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeko eta haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko.
Legea, azken xedapenetako bigarrenean ezarri bezala, Espainiako Konstituzioko 149. artikuluko 1. idatz-zatiko 2. zenbakiaren babesean egin zen, hain zuzen ere, Estatuari emigrazioaren arloko eskumen osoa aitortzen baitio.
2. Horrenbestez, lege horren xedea da Estatuak, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta toki korporazioekin batera, politika integral bat sustatzea atzerrian bizi eta Nafarroako jatorria dutenen itzulera errazteko (26.1 artikulua), eta, aldi berean, 26.4 artikuluan botere publikoei (Nafarroako Gobernua) agintzen die itzuli diren emigranteen etxebizitzarako sarbidea susta dezaten, kolektibo horretakoen berariazko premia kontuan hartuta.
Bestalde, lege horren 1.1 artikulua argia da horri buruz ari dela, eta printzipio gisa ezartzen du “atzerrian diren herritar espainiarrei bermatzea Konstituzioko eskubideez eta betebeharrez baliatu ahal izatea Espainiako lurraldean bizi diren espainiarrekiko berdintasun baldintzetan”. Konstituzioko eskubide horien artean, etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea dago (Espainiako Konstituzioko 47. artikulua).
Atzerrian dagoen espainiarra eta nazioko lurraldean geratzen dena berdin tratatzeari buruzko printzipio hori bera Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 5.2 artikuluan jaso zen. Agindu horren arabera, atzerrian bizi eta azken etxebizitza administratiboa Nafarroan eduki duten espainiarrek Nafarroan bizi direnen eskubide politiko berberak (eskubide politiko subjektiboak uler bedi) eduki beharko dituzte.
Horrenbestez, ezin da baldintza okerragoetan egon edo eskubide gutxiago izan bere ingelesezko ezagutzetan sakontzeko Londresera sei hilabetez joaten dena, aldi horretan lanik egin duen edo ez duen lanik egin alde batera utzita. Aipatu legeen arabera, jo beharra dago denbora horretan mantendu egin dituela erroldatzean etenik gabeko antzinatasuna izateagatiko 7 urtez gorako aldia aitortua izateko baldintzak.
3. Bestalde, azpimarratu beharra dago erakunde honen ustez Atzarrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legearen edukia, Estatutuko legedi esklusiboa den aldetik, autonomia erkidego guztietan zabaltzekoa eta aplikatzekoa dela, Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeko bederatzigarren xedapen gehigarriaren tokia ere hartzeraino.
4. Azken batean, babes ofizialeko etxebizitza bat izateko aukera emanen dion puntuazioa emateari begira, Nafarroan azken bizitoki administratiboa izan duen espainiar bati atzerrian eman duen denbora erroldako antzinatasunaren ondorioetarako ez zenbatesteak, Londresen, ikasteko xedez, sei hilabetez egon izate hutsarengatik, antolamendu juridikoak konstituzio-eskubideez baliatzeko orduan atzerrian den espainiarraren eta nazioko lurraldean bizi den espainiarraren artean ezarritako berdintasun printzipioa urratzen du, eta, horrenbestez, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluak aldarrikatutako berdintasun printzipioa urratzen du. Era berean, Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak etxebizitza duin eta egokia izateko ezarritako eskubidea ukatzen du.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. [?] jaunari “de facto” babes ofizialeko etxebizitza bat eskura dezan eragoztea, azken urteetan egoitza efektiboa eta etenik gabea izateari buruzko puntuazioa ez emateagatik, emigrantea izan delako, Londresen ikasteko, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan ezarritako printzipio bat urratzea da, hain zuzen ere legearen aurreko berdintasunari buruzkoa, emigrantea izatearen inguruabar pertsonalaren ondoriozko bazterkeria nagusitu delako.
2. Deklaratzen dugu hautsi egin direla Espainiako Konstituzioaren 42. artikuluan ezarritako printzipio konstituzionalak, hain zuzen ere atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeari buruzkoa eta 47. artikuluan ezarritakoa, etxebizitza duin eta egokia izateari buruzkoa.
3. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea legez Atzerrian diren Herritar Espainiarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeko 1.1 artikulua eta harekin lotutakoak zorrotz bete behar dituela.
4. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari egindako legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko egokitzat jotzen dituen arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legeko bigarren atalean ezarritako moduan.
5. Ebazpen hau [?] jaunari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraztea, eta adieraztea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia