Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Perjuicios sufridos en una parcela privada por la ejecución de obras públicas
Exp: 09/863/O
Nº: 30
Herri lanak
Aurtengo abenduaren 14an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Abartzuzako Udalak herriko lursail batean, katastroko 3. poligonoko 145. lursailean, egindako jarduerarengatik, hain zuzen ere bera kaltetzen baitu.
Azaltzen du lursail horren jabea dela, Abartzuza herriko Arrobia izeneko parajean, eta 2008. urtearen erdian edo, udalak obra batzuk egin zituela 145. lursaileko C azpi-lursailean. Izan ere, obra-hondakinak bota zituzten zoladura gisa. Azaltzen du azpi-lursail hori ez dela laboreetarako lurra, baizik eta larre bat, eta bertan landatzen ez denez bertatik pasatzeko baimena ematen zaiola premia duen orori. Hori dela eta, Abartzuzako Udalak dio bide publiko bat dela, baina interesdunaren esanetan jabari publikoaren izaera ez da inongo erregistrotan ageri; izan ere, erregistro guztien arabera ondasun pribatu bat da.
Obra horiek berekin ekarri zuten lursailaren lur-arraseko kota igotzea eta obra-hondakinez betetzea lehenagotik laboreetarako alorra (A azpi-lursaila) mugatzen zuen horman zehar zegoen ubidea; hain zuzen ere, ubide horrek euri-urak bildu eta bideratzen zituen, labore-eremuetan eta lursail mugakideetako (besteak beste, 145. lursaila) eraikinetan sar ez zitezen.
Halaber, obrak egiterakoan lursaileko labore-eremua mugatzen zuen manposteriazko horman jardun zen, eta zenbait puntutan kalteak eragin zitzaizkion, makinarekin eginiko lanen ondorioz. Horma hori eraitsi ere egin zen zati batean, eta hondakinak labore-eremuetan erori ziren.
2008ko abenduaren 12an, interesdunak idazki bat aurkeztu zuen udalean, eragindako kalteak salatzeko. Gainera, ohartarazi zuen urak har zezakeela lursaila, euri-urak desbideratu izatearen ondorioz. Eskatu zuen jatorrizko egoerara itzul zedin itxituraren horma eta lursaila bera, hondakinak erori ziren aldeari zegokionez. Hala eta guztiz ere, 2008ko abenduaren 18an, udaleko Osoko Bilkurak erabaki zuen eskatutakoa ezestea, esanez ez zuela jotzen jabetza partikular batean jardun zuela, baizik eta uneoro “bide publiko” batean. Inongo katastrotan halakorik ez zenez ageri, erabaki zen katastro zuzentzeko prozedura abiaraztea.
Interesduna ebazpen horrekin ados ez zegoenez, 2008ko otsailaren 6an berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Udaleko Osoko Bilkurak, otsailaren 11n, hein batean baietsi zuen errekurtsoa. Geroan, udalak berriz ere lanak egin zituen interesdunaren lursailean, nibelatzeko makina bat pasatu baitzuen, baina, dirudienez, lubeta edo ubidea garbitzera iritsi gabe. Izan ere, hondakinez beterik jarraitzen zuen, eta, horrenbestez, euri-uren arazoak bere horretan zirauen. Ez itxituraren horma, ez lursailean barreiatutako hondakina ere ez zituzten kendu.
Interesdunak dio azken jarduketa horrek eragin are handiagoa izana zuela 145. lursaileko landatutako eremuan, zeren eta tarte batzuetan barreiatutako hondakinez estalita baitzegoen, eta laboreetarako eremu bat hondakinez beterik egotearekin are gehiago urratzen zela lursailaren gaineko jabetza-eskubidea.
2009ko maiatzaren 20an, alaba [?]-en bitartez, informazioa eskatu zion Abartzuzako Udalari obren egoerari buruz 2009/0000161 zenbakiko dokumentua), jakiteko ea obra horiek amaitutzat jo behar zituen, zeuden horretan, edo amaitzeko zeuden, salatutako kalteak konpontzeko asmoa zegoelako. Gaurko egunez, oraindik ere ez da eskaeraren erantzunik jaso.
Kexa-egileak uste zuen bere finkaren jabetza osoaz libreki eta bakean gozatzeko eta erabiltzeko eskubidea urratzen ari zela, eta horrek jabetza-eskubidea urratzen zuela.
Hori dela eta eskatzen zuen bere jabetza-eskubidearen aurkako urraketei amaiera emateko eta bere jabetzapeko 145. lursaileko C eta A azpi-lursailak, bertan lehendik zegoen horma eta buxatutako ubide edo ezponda lehengoratzeko.
Kexa jasota, Abartzuzako Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2010eko urtarrilaren 15ean, honako testua, hitzez hitz, dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:
“Abartzuzako Udalak, 2008an, zoladura-lan batzuk egitearen ariora eta hartatik sobran geratutako materialak aprobetxatuz, Arrobia izeneko bidea konpontzeari ekin zion, soilik materialak bide horretan utziz eta bidea bera lautuz; lan horiek ez zuten inongo kosturik izan udal honentzat, zeren eta lan txikia izan baitzen eta udaleko kaleak zolatzeko lanak egiten ari zen enpresak berak egin baitzuen; finka mugakideko titular [?] andrea kexatu zen zati batean bere finkan eta horman jardun zelako.
Udal hau, berriz, ez dago inolaz ere ados baieztapen horrekin eta uste du uneoro bide publikoan jardun dela eta, gainera, jarduera horrek nabarmen hobetu duela bidearen egoera, bera erabiltzen duten guztien onerako.
Gai berari dagokionez, esan beharra dago bide hori ez dela katastroan ageri egungo katastroaren akats baten ondorioz, baina bai agertzen zela 1941ean, eta aitortutako egitate bat dela hori, udalean inork ukatzen ez duena. Abartzuzako Udalak erabaki du katastroa zuzentzeko espedientea abiatzea, eta, horretarako, datuak biltzen ari da.
[?] andreak, maiatzaren 20an aurkeztutako idazki baten bidez, eskatzen zuen azaltzeko bide hori zein egoeratan zegoen. Bada, ez zitzaion erantzunik eman espedientean inongo aldaketarik ez zelako egon berraztertzeko errekurtsoaren erantzuna eman genionetik”.
Dokumentu gisa, honakoak ageri dira erantsita: 1941eko katastro zaharreko planoaren kopia; katastroa mantentzeaz arduratzen den enpresak prestaturiko zuzenketa-planoak, bide hori sartzeari buruzkoak; udalak 2008ko abenduaren 18an eta 2009ko otsailaren 11n hartutako erabakiak, eta 2009ko otsailaren 6ko berraztertzeko errekurtsoa.
Interesdunak azaltzen duen gai nagusia, zeina kexaren arrazoi nagusietako baten gisara azaltzen den, da ez zaiola erantzunik eman Abartzuzako Udalean 2009ko maiatzaren 20an aurkeztu zuen eskabideari.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, herritarrek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Are gehiago, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere. Horrenbestez, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez da administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik. Bestalde, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen du, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Abartzuzako Udalak besterik gabe jakitera ematen du ezen, bere garaian aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoari emandako erantzunean deskribatutakoez besteko inguruabarren aldaketarik egon ez denez, ez zaiola erantzunik eman interesdunaren alabak aurkeztutako eskabideari. Horrek esan nahi du, arestian adierazi bezala, Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko kexa-egileak zuen interes legitimoa eta eskubidea urratu direla.
Interesdunaren finka dela-eta udalak eginikoari dagokionez, interesdunak berak dio nibelatzeko makina bat pasa zutela lursailetik, baina, hala eta guztiz ere, ez zela Osoko Bilkurak erabakitakoa bete. Osoko Bilkuraren erabaki horretan, 2009ko otsailaren 11n, erabaki zen “barreiatutako materialaren maila jaistea eta ezponda garbitzea, ura eskatzailearen finkara joan ez dadin”. Hala eta guztiz ere, interesdunak adierazi du ez dutela ezponda edo ubidea garbitu, eta oraindik ere hondakinez beterik dagoela, eta itxituraren horma ere ez dutela konpondu, eta lursailean barreiatutako hondakinak ez dituztela kendu.
Udalak erabakitakoa bete beharra dauka: hain zuzen ere, [?] andrearen finkan hondakinak barreiatu zituztenetik urekin gertatzen den arazoari amaiera ematea. Interesdunak berak, kexa-idazkian, berriki tokian ateratako argazkiak erantsi zituen, eta haietan ikus daiteke ezponda ez dela garbitu eta, horrenbestez, urak eragindako arazoek eta itxiturarako horman eginiko kalteek beren horretan dirautela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Abartzuzako Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidegoaren Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
Abartzuzako Udalari gomendatzea Osoko Bilkurak 2009ko otsailaren 11n hartu zuen erabakia bete dezala eta barreiatutako materialaren maila jaits dezala eta ezponda garbi dezala, ura interesdunaren finkara joan ez dadin.
Bi hilabeteko epea ematea Abartzuzako Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia