Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Falta de creación de un catálogo de especies amenazadas de Navarra y de elaboración de planes de recuperación y conservación del hábitat
Exp: 05/143/M
Nº: 42
Ingurumena
[?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen aurtengo azaroaren 18an; izan ere, haren ustez, ez da betetzen Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legea.
Azaltzen duenez, hamabi urte igaro dira aurretiazko zenbait azterlan egin zirenetik habitata zaintzeari eta leheneratzeari, espeziea zaintzeari eta birsartzearen bideragarritasunaren gaineko azterlanari buruz, baina Departamentuak ez du deus egin. Haren ustez, Departamentuak bere betebeharrak ez betetzearen ondorioz, Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sarturik dauden espezie gehienen egoera jasanezina da.
Haren esanetan, zehazki, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legeko 16., 17., 18. eta 19. artikuluak ari dira urratzen, ondoko arloetan hain zuzen ere:
Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoa sortzeko betebeharra,
habitata eta espezieak zaintzeko eta leheneratzeko planak egitea,
espeziea birsartzearen bideragarritasunaren gaineko azterlana,
plan horiek abian jartzeko epeak.
Ingurumen zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 2957/1997 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sarturiko 15 espezieren habitatak zaintzeko 15 plan eta katalogo berean sarturiko 17 espezie zaintzeko 17 plan egitea esleitu zen. Halere, kexa-egileak dioenez, 32 plan horiek gehi ebazpenetik kanpo eginiko beste 4 egitean, egin gabe utzi dira Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoko gainontzeko 94 espezieei buruzkoak.
Ondokoa ere azaltzen du: “32 planak egin zirenetik 12 urte igarota, horietarik bat ere ez da abian jarri, eta abandonatuta utzi dira katalogatutako espezie horiek, eta horrek ondorio oso kaltegarriak ditu espezie horientzat, planetan jaso ez diren gainontzeko espezieentzat eta, hedaduraz, katalogatutako espezieek nahiz beste espezie basati batzuek erabiltzen dituzten habitatentzat”.
Departamentu horrek bidali zigun txostenak hitzez hitz dio:
“2/93 Foru Legeak Foru Komunitateari esleitzen dizkio 4/89 Legean naziorako ezartzen ziren zaintze-estrategiak, ingurumenaren zaintzari buruzko oinarrizko legediaren gaineko eskumenak Estatuari dagozkiolako. Hala 4/89 Legeak nola 2/93 Foru Legeak ezartzen zuten, espezieei dagokienez, babes maila ezberdinetako espezieen katalogoa ezarri beharra, bai eta espezie edo espezie multzo bakoitzarentzat babes mailaren araberako leheneratze edo zaintze plan bat ezarri beharra ere. Halaxe sortu ziren espezieen katalogoak estatuan nahiz foru komunitatean. Foru komunitatean Faunari buruzko Katalogoaren gaineko 563/95 Foru Agindua eta Florari buruzko Katalogoaren gaineko 94/97 Foru Dekretua onetsi ziren. Horren ondorioz orobat taxutu ziren nazioko katalogoan nahiz Nafarroako katalogoan sarturiko zenbait espezie leheneratzeko planak. Horien artean aipa daitezke:
Zaintze edo leheneratze plan gehiago garatze aldera, beste espezie batzuei buruzko zirriborro teknikoak ere taxutu ziren (estepako hegaztiak, pizidoak, eta abar).
Zaila da 4/89 Legearen zenbait alderdi aplikatzea, batez ere aztergai dugun honako hau; izan ere, 4/89 Legea onetsi zenetik, autonomia erkidegoek era askotako planak onetsi dituzte, 54 guztira (3,17 plan batez beste autonomia bakoitzeko). Aldi berean, Europar Batasuneko estatu kideak lanean hasi ziren Habitatei buruzko 92/43 Zuzentaraua aplikatzeko, eta horrek zaintzaren kudeaketari buruzko planteamenduak aldarazi ditu Europar Batasunean eta, beraz, Espainian. Horren guztiaren ondorioz, berriz aztertu behar izan da Espainiako lege esparrua bera, eta hortik heldu da Natur Ondareari eta Bioaniztasunari buruzko 42/2007 Legea onetsi izana.
Oinarrizko arau horrek auzi horiek aztertzen ditu, eta halatan:
42/2007 Legearen planteamenduak ondoko alderdiak jasotzen ditu autonomia erkidegoei eta, bereziki, Nafarroari dagokienez:
Hartara, eta aurkeztutako kexari dagokionez, Ingurumen eta Ur Zuzendaritza Nagusiaren ustez:
Azkenik, kexaren testuan identifikazio bat gertatzen da planak egotearen eta zaintzaren xede diren espezieak narriatzearen artean, araudiaren betetzeaz harantzago doana inondik ere. Horri buruz argitu beharra dago ezen, hala leheneratze planak nola helburu bereko beste estrategia batzuk, gure legedian ezarritako xedea, espezieen zaintza hain zuzen ere, hobeki lortzeko tresna hutsak direla, eta ez direla helburu bat berez, ezta espezieen kontserbazioa ziurtatzeko modu bakarra edo eztabaidaezina ere. Halatan, esperientziak hala erakusten du, leheneratze plan bat ezartzeak ere ez du ziurtatzen espeziea egiaz leheneratuko denik, eta plan bat ez edukitzeak ere ez du berez ekiditen espeziea leheneratzeko neurri aproposenak ezartzea ere. Leheneratze planak dituzten zenbait espezie, esaterako karramarro autoktonoa edo ugatza (azken hori Pirinio aldeko erkidegoen ahalegin bateratuari esker) mantendu egin dira edo neurrizko hazkuntza izan dute, eta beste batzuek, berriz, esaterako Bonelli arranoak edo hartz arreak, gehienez ere mantentzea lortu dute, baina erabat desagertzeko zorian egonik. Beste espezie batzuek, berriz, basoiloak kasu, hazkuntza nabarmena izan dute, urteotan populazioa bikoizteraino. Pizidoen populazioa eta beste zenbait espezierena, igarabena eta bisoiena kasu, hazi egin da, eta horretarako ez da programa berariazkorik onetsi behar izan, aski izan baita haiek hiltzeko arrazoiak murriztea ahalbidetu duten neurriak ezartzea. Administrazioaren betebeharra denez espezieen kontserbazioa bera eta kontserbazio hori lortzeko neurriak ezartzea, programa bat noiz onesten den zain egon gabe, adibide asko jartzen ahal dira, zeinetan neurri bat aplikatzeak espeziea leheneratzea ekarri duen, leheneratzeko plan berariazko bat onetsi behar izan gabe.
Bidezkoa da lehenik eta behin esatea aurkeztutako kexa Espainiako Konstituzioko 45. artikuluan xedatuarekin dagoela lotuta; horren arabera, guztiek dute pertsonaren garapenerako ingurumen egoki batez gozatzeko eskubidea, bai eta hura zaintzeko betebeharra ere. Eskubide hori ziurtatze aldera, botere publikoei agintzen zaie natur baliabide guztiak zentzuz erabil daitezen zain dezaten, alegia, bizitza-kalitatea babestu eta hobetzera eta ingurumena defendatu eta lehengoratzera begira.
Konstituzioaren agindua garatze aldera onetsi zen, gure esparruari dagokionez eta hemen aztertzen ari garenari dagokionez, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea.
Foru lege horretako 2. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako administrazio publikoek bioaniztasunak iraun dezan begiratuko dute eta horretarako basa fauna, bereziki espezie autoktonoak, eta horien berezko habitatak zaintzeko beharrezko diren neurriak hartuko dituzte. [..]. Basa fauna eta haren habitatak babestu, kontserbatu eta hobetzeak bere baitan hartzen ditu hala horiek indartzera bideratutako ekintza positiboak nola haien bizitzarako, kontserbaziorako edo leheneratzerako mehatxu izan daitezkeen jarrerak eta jarduerak prebenitzera eta desagerraraztera bideratutakoak. Arestian aipatutako “in situ” babesaz gainera, Nafarroako Gobernua basa faunatik heldu diren baliabide genetikoak kontserbatzeko planak taxutuko ditu, ahalbidetze aldera espezie eta populazio mehatxatuak etorkizunean ingurumen-egoera aldakorretara egokitzea, izurriak, gaixotasunak, klima-aldaketak eta ingurumenaren kutsadura barne.
Kexan planteatzen den auzi nagusia da ez direla betetzen martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 16., 17., 18. eta 19. artikuluak, ondokoei dagokienez: Nafarroan espezie mehatxatuen katalogo bat sortzea, habitata eta espezieak leheneratzeko eta kontserbatzeko planak taxutzea eta plan horiek abian jartzeko epeak.
Horri buruz esan beharra dago sortu sortu dela Espezie Mehatxatuen Katalogoa, eta hartan sartu direla babes neurri berariazkoak behar dituzten basa faunako espezieak.
Halere, igorritako txostenean aipatzen da “bere egoera berezia kontuan hartuta beharrezkotzat jo den espezieen kasuan (hartz arrea, ugatza, Bonelli arranoa, karramarro autoktonoa)” soilik garatu direla leheneratze planak.
Baieztapen hori bat dator kexa-egileak adierazitakoarekin, hau da, “egin gabe utzi direla Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoko gainontzeko 94 espezieei buruzkoak”.
Hori martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 19. artikuluan xedatutakoa urratzea dakar; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, espezie, azpiespezie edo populazio bat katalogoan sartzeko beharrezkoa izanen da leheneratze, kontserbazio edo maneiu plan bat taxutzea, zein kategoriatakoa den.
Hortaz, ezin da Nafarroako Gobernuaren erabakimenaren menpe geratu leheneratze, kontserbazio edo maneiu plan bat taxutzea, plan horiek nahitaez taxutu beharko baitira espezie bat Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzen den bakoitzean.
Are gehiago, 19. artikuluko 2. idatz-zatiak xedatzen duenez, “Nafarroako Gobernuak leheneratze, kontserbazio edo maneiu planak espeziea Katalogoan sartzen denetik urtebete, bi urte eta hiru urteko epean onetsiko ditu, hurrenez hurren, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira”.
Hori dela eta, plan horiek taxutzea legezko betebeharra denez gero, ez da ulergarria Departamentuak igorritako txostenaren ondorioa, alegia, espezie bat leheneratzeko ez dela beharrezkoa plan bat onestea.
Horri gehitu behar zaio luzaz gainditu dela araudiak ezarritako epea; izan ere, espezie eta azpiespezie gehienak orain dela hamabost urte baino gehiago sartu ziren Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 16., 17., 18. eta 19. artikuluetan ezarritakoa betetzeko legezko betebeharra duela.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari iradokitzea egin beharreko urratsak egin ditzala Natur Ondareari eta Bioaniztasunari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legera egokitzeko foru araudia, baldin eta uste badu lege horren eraginez faunaren kudeaketari buruzko planteamendua aldatu beharra dagoela.
Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokiren bat hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia