Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Ausencia de financiación del transporte escolar para niños con necesidades educativas especiales en los centros concertados de educación especial
Exp: 10/41/E
Nº: 41
Hezkuntza eta irakaskuntza
2010eko urtarrilaren 21ean [?] andreak, [?] guraso-elkarteko lehendakari den aldetik, idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, kexa azaltzen zuen, Nafarroako hezkuntza bereziko ikastetxe itunduetan eskolatutako ezgaitu intelektualen eskubideak urratzen direlako.
Laburbilduz, ondokoa zioen: ikasle horiek ikastetxe itunduetara bidaltzea hezkuntza bereziko bi ikastetxe bakarretan ikasposturik ez egotearen ondorio zuzena da, eta familiek, de facto, ez dute aukeratzeko eskubiderik, ikaslearen ezaugarriak kontuan hartuta eskolatzeko ikastetxerik egokiena itundua dela esaten baitzaie.
Baina ikastetxe pribatu itundua denez gero, eskola garraioaren zati handi bat finantzatu behar dute, eta garraiatutako ikasleen ezgaitasunaren eraginez, garraio arrunta baino garestiagoa da.
Haien ezgaitasuna dela-eta, ordea, ikasle horiek ezin dute garraio publikoa erabili, eta ezinbestean egon behar du haien ezaugarrietara egokitutako garraio bat. Orobat dio hezkuntza bereziko ikastetxe itunduetako eskola garraioa horien hezkuntza prozesuaren parte bat dela, hau da, ikasle horiek behar dituzten curriculum-egokitzapenetako bat dela.
Hori guztia dela eta, uste du garraio hori osorik finantzatu beharko lukeela Hezkuntza Departamentuak. Eta eskolako jantokia ere, horregatik beragatik, diruz lagundu beharko litzateke.
Kexa aztertuta, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, hartan planteaturiko gaiei buruz. 2009ko otsailaren 22an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, ondokoa ageri da jasota:
Ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duenak, eskolatzeko bi modalitate ezartzen ditu: ikastetxe arrunteko eskolatzea eta hezkuntza bereziko ikastetxeko eskolatzea.
Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuak, berriz, ikastetxe pribatuekin hezkuntza-itunak egiteko aukera ematen du, erantzun bat emate aldera ezarritako bi eskolatze modalitateetan eskolatzeko xedez hezkuntza premia bereziekiko ikasleek eginiko eskariei.
Nafarroako Foru Komunitatean, Hezkuntza Berezia ere, hezkuntza arrunta legez, bi saretan banatzen da: ikastetxe publikoena eta itunpeko ikastetxe pribatuena.
Baldin eta ikaslearen hezkuntza premiei jarraikiz ikaslea Hezkuntza Bereziko ikastetxe batean eskolatu behar bada, ikastetxeen hezkuntza-eskaintzari buruzko informazioa eta antolakuntza nahiz ekonomia arloko baldintzei buruzko informazioa ematen zaie familiei, bai ikastetxe itunduena bai publikoena, eta familiek nahi duten ikastetxean ematen dute seme-alaben izena.
Eta baldin eta ikaslearen beharrizanak, ikastetxearen ezaugarriak, hezkuntza-programa, etxebizitzatik ikastetxerainoko hurbiltasuna eta abar kontuan hartuta ikusten bada ikastetxe itundu batean eskolatzea komeni dela, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartzen du autobusez edo taxiz garraiatzearen eta jantokiaren kostua.
Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako garraioa antolatzea zailagoa da, eta garestiagoa ere izan daiteke, zaintzaile gehiago behar direlako, eta ikasle gutxiagok erabiltzen dutenez gero autobus txikiagoak behar dira... Hori dena ikusita, eta familiek ordaindu beharrekoa hezkuntza arrunteko ikastetxe itunduetako garraioarengatik ordaindu beharrekoaren parekoa izan dadin, Hezkuntza Departamentuak zuzeneko dirulaguntza bana ematen die [?] eta [?] ikastetxe itunduetako guraso-elkarteei, eskola garraioak eragindako gastuak ordaintzen laguntze aldera.
Azkenik, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren urriaren 20ko 472/2009 Ebazpenaren bidez –horren bidez onetsi zen 2009/2010 ikasturterako Hezkuntza Bereziko bekak eta laguntzak emateko deialdia–, bekak eman ziren desorekak berdintzen laguntzen dituzten Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako hezkuntza premia bereziekiko ikasleen garraiorako eta jantokirako.
Ondorioz, gure ustez, familiek ziurtatuta dute ikastetxea, itundua edo publikoa, aukeratzeko eskubidea; izan ere, beharrizana Iruñerrian gertatuz gero, ikastetxe guztiek dute eskola garraioa, eta landa eremuetan gertatuz gero, berriz, hezkuntza bereziko ikastetxearen ordezko gelak jartzen dira eskualdeko ikastetxeetan. Eta eskola garraioa ez baldin bada landa eremuetara iristen, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartzen ditu ikaslearen garraio eta jantoki zerbitzutik heldu diren gastuak, ikastetxe publikoetako eta itunduetako baldintza beretan hain zuzen ere.
Kexa hau Nafarroako Hezkuntza Bereziko bi ikastetxe itundutan ezgaitasun intelektuala dutenei aplikatzen zaien eskola garraioaren baterako finantzaketa sistemari buruzkoa eta eskolako jantokia diruz ez laguntzeari buruzkoa da.
Kexa-egileak dioenez, ikasle horiek ikastetxe itunduetara bidaltzea hezkuntza bereziko bi ikastetxe bakarretan ikasposturik ez egotearen ondorio zuzena da, eta familiek, de facto, ez dute aukeratzeko askatasunik, ikaslearen ezaugarriak kontuan hartuta eskolatzeko ikastetxerik egokiena itundua dela esaten baitzaie. Eta ikastetxe pribatu itundu batera bidaltzearen ondorioz, familiak bere gain hartu behar du eskola garraioaren zati handi baten ordainketa, eta garraiatutako ikasleen ezgaitasunaren eraginez, garraio arrunta baino garestiagoa da.
Hark dioenez, ezgaitasuna dela-eta, ikasleek ezin duten garraio publikoa erabili, eta ezinbestean egon beharko litzateke haien ezaugarrietara egokitutako garraio bat. Hezkuntza bereziko ikastetxe itunduetako eskola garraioa horien hezkuntza prozesuaren parte bat dela dio, hau da, ikasle horiek behar dituzten curriculum-egokitzapenetako bat dela.
Hezkuntza Departamentuak, berriz, txostenean dio familiek nahi duten ikastetxe berezi publiko nahiz pribatua aukeratzen dutela; kasu jakin batzuetan bere gain hartzen duela autobus nahiz taxi bidezko garraioaren kostua eta jantokiarena; eta zuzeneko dirulaguntza bana ematen diela ikastetxe itunduetako guraso-elkarteei, eskola garraioak eragindako gastuak ordaintzen laguntze aldera.
Auzi honetan muntakoa denari dagokionez, bi alderdi nabarmendu behar dira ezgaitasun intelektuala duten haur edo gazteen eskolatzeari buruz: Aurrena, ezgaitasuna kontuan hartuta ezin dutela garraio publikoa laguntzailerik gabe erabili, eta behartuta daudela euren ezgaitasunari egokitutako garraio sistema bat erabiltzera eskolatuta dauden ikastetxera joateko, eta hurrena, duten ezgaitasun intelektuala kontuan hartuta, guztiz komenigarria dela eskola garraio egokitua ezgaitu horien hezkuntza prozesuaren parte bat izatea, garraio publikoaren erabilera segururako beharrezkoak diren gaitasunak gara ditzaten.
Horiek horrela, gure arrazoibidean sakon dezakegu nabarmenduz ezgaitasun intelektuala dutenak hezkuntza esparruan egiaz integratzeak –hartara, osorik baliatu ahalko dute hezkuntzarako eskubide konstituzionala– neurriak hartzea exijitzen duela, bai eta egin beharreko jarduketak egitea ere, ezgaituek eskubide hori baliatu ahal izan dezaten beste edozein ikaslek dituen mugekin bakarrik; kexa honen ondorioetarako, horrek berekin dakar eskola garraioa ezin dela sekula bihurtu zailtasun edo zama ekonomiko erantsi bat minusbaliotasun egoera zehatz baten eraginez, diskriminazio neurri bat bihurtuko litzatekeelako.
Alegia, ezgaitasun intelektuala duten haurren eta gazteen eskola-integrazioak arrakasta izan dezan, neurri integratzaile asko ezarri beharra dago, hala nola administrazio eta aurrekontu arloko laguntzak, giza baliabide eta baliabide material berariazkoak, eskola garraioa, jantokia, eta abar. Horrela bakarrik egin ahalko baita bideragarri haien hezkuntzarako eskubidea berdintasun egoeran baliagarri egitea.
Hortaz, ezgaitu intelektualen eskola garraioa haien prestakuntzari begira beharrezkoa duten curriculumaren egokitzapen bat baldin bada, ezinbestean ateratzen den ondorioa da eskola garraioa zeharo integratu behar dela ikasle horientzat taxututako hezkuntza-sisteman, eta, horrenbestez, garraio hori –ikastetxe publikoetakoa nahiz ikastetxe itunduetakoa izan– osorik finantzatu behar duela Hezkuntza Departamentuak, hezkuntza-sistemaren beste osagai bat den aldetik.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea ezgaitu intelektualen hezkuntza-prozesuaren ataltzat har dezan eskola garraioa, eta, horrenbestez, osorik finantza dezan, eta diruz lagun dezan eskola jantokia.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko gomendio hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia