Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 24ko 40/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 24

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Exclusión de la condición de beneficiaria de expediente de rehabilitación de vivienda

Exp: 09/797/U

: 40

Etxebizitza

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 18an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertu zuen etxebizitza zaharberritzeko diru-laguntzen espediente bat dela eta.

    Azaltzen zuenez, Iruñeko [?]-ko etxebizitza baten jabea da, eta espedienteak horri eragiten dio.

    Zioenez, 2008an, jabeen erkidegoko administratzailearen bitartez espediente bateratu bat aurkeztu zen Iruñeko Udalaren Zaharberritze Zerbitzuan, II. Zabalguneko eraikinak zaharberritze aldera Udalak berak nahiz Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aurreikusitako laguntza ofizialak eskatzeko.

    2008ko abenduaren 2an, senarraren PFEZren aitorpena aurkez zezan eskatu zion Udalak. Interesdunak urteak daramatzanez izatez bananduta, interesdunak Zaharberritze Zerbitzuari jakinarazi zion ezinezkoa zitzaiola aitorpen hori aurkeztea, eta ezkontza-itunen eskritura eta Jabetza Erregistroaren oharra aurkeztu zituen, frogatze aldera bera zela etxebizitzaren jabe bakarra. Dokumentazio hori aurkeztuta, interesdunak pentsatu zuen espedientea bere bidea egiten ari zela, jakinarazi baitzioten Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzuan aurkeztuko zutela aipatu dokumentazioa.

    Aurtengo urrian, obrak hastear zirela ohartarazi eta Zaharberritze Zerbitzura jo zuen, espedientea zertan zen jakiteko. Urriaren 17an, Zaharberritze Zerbitzuak adierazi zion zaharberritze babestuaren kalifikazioa eman zitzaiola eraikinari, baina Nafarroako Gobernuaren laguntza jasoko zuten jabeen zerrenda erakutsi ziotenean ohartu zen zerrenda hartan ez zela bera ageri.

    Hori ikusita, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzura jo zuen, eta espedientearen ardura zuen pertsonak adierazi zion ez zela bere izena ageri Iruñeko Udaleko Zaharberritze Zerbitzura igorri zuen dokumentazioan, eta horregatik ez zitzaiola inolako laguntzarik eman.

    Interesdunak salatzen du babesgabetasun egoeran aurkitu duela bere burua, ez baitzioten informaziorik eman berari pertsonalki eragiten zioten jarduketei eta erabakiei buruz.

    Haren ustez, bidegabea da jabe onuradunen zerrendatik kendu izana, aipatu etxebizitzaren jabe bakarra bera denez gero diru-laguntza eman behar ziotelako.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txostena eskatu zitzaien Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Iruñeko Udalari, bi administrazioek esku hartu baitute espedientea izapidetzean.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ondoko txostena eman zuen:

“[?] andreak aurkeztutako kexaren ondorioz Nafarroako Arartekoak ireki duen 09/797/U espedienteari buruzko 2009ko abenduaren 8ko ofizioa dela-eta, ondokoa adierazi beharra dago:

  1. Iruñeko [?] kaleko jabeen erkidegoko ordezkaria den aldetik, arestian adierazitako helbidean dagoen etxebizitzen eraikinaren zaharberritze babestuko behin-behineko kalifikazioa eskatu zuen [?] jaunak. 2009ko abuztuaren 27an, zaharberritze babestuko behin-behineko kalifikazioa ema zitzaion 31/P-0537/09 espedienteari.

    Kalifikazioaren eginbidean sartutako ofizioaren bidez, azaroaren 17an, kexa-egilearen etxebizitza sartu zen zaharberritzearen espedientean, baina zerga ondorioetarako soilik. Erakunde horrek igorritako idazkian adierazten den bezala, ez zitzaion diru-laguntzarik eman, ez zituelako aurkeztu bere familia unitate osoari buruzko datu ekonomikoak.

    4/2006 Foru Dekretuko 87. artikuluaren arabera, etxebizitzak zaharberritze aldera aurreikusitako diru-laguntzen onuradunei dagozkien laguntzen ehunekoak eskatzaileen familia-diru-sarrera ponderatuen araberakoak izanen dira.

    Foru dekretu horretako 6. artikuluan xedatuaren arabera, “Etxebizitza babestua lortzeko eta jarduketa babesgarrien finantzaketa kualifikatua jasotzeko moduko errenta ponderatua frogatze aldera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren edo aitorpenen eredu ofiziala aurkeztuko da, eta Foru Dekretu honen 2. eranskinean ezarritakoaren arabera kalkulatuko da errenta”.

    Adierazi bezala, familia-diru-sarrera ponderatuak foru dekretuko II. eranskinean xedatuari jarraikiz kalkulatuko dira. Halatan, “Eskatzaileen eta haien ezkontide edo izatezko bikotekideen diru-sarrerak ponderatzeko honako formula erabiliko da:

    DSP = ZO x N x T

    Azalpena:

    DSP: diru-sarrera ponderatuak.

    ZO: eskatzaileen edo haien ezkontide nahiz izatezko bikotekideen zerga-oinarri egiaztatuaren edo egiaztatuen zati orokorra”.

    Kontuan hartu behar da orobat 4/2006 Foru Dekretuko 5.3 artikuluaren arabera familia unitatearen kontzeptua Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko arauetan indarra duena izanen dela. Halatan, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuko 71. artikuluak familia unitateari buruzko ondoko kontzeptua ezartzen du ezkontza kasuetarako:

    “a) Legez banandurik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.”

    Alegia, zein ere diren higiezinaren titulartasuna eta ezkontzaren araubide ekonomikoa edo, kasua bada, bikoteek euren ondasunak administratzeko hartutako erabakiak, arauaren arabera familia unitatearen ahalmen ekonomikoa baliatuko da, erregelamendu horrek berak ezarritakoari jarraikiz kreditatua, finantzaketa kualifikatua jasotzeko.

    Kexa-egileak dioenez, izatez bananduta dago. Banantze horrek, ordea, ezin ditu ekarri, laguntzak jasotzeari dagokionez, interesdunak nahi dituen ondorioak; izan ere, legezko banantzea da judizialki onartuta eta erabakita, eta Erregistro Zibilean erregistratuta dagoena. Argi dago izatezko banantze batek ezin dituela izan banantze judizial batek dituen ondorioak, eta hala aitortzen da laguntzak ematearen ondorioetarako (kexa-egilea bananduta balego bezala ager liteke ondorio batzuetarako, eta ezkonduta balego bezala, berriz, hala komeni bazaio).

    Horrela, bada, kexa-egileak zaharberritzea sustatze aldera ezarritako eta araututako laguntzak jaso nahi baldin bazituen, familia unitatek azken urtean izandako diru-sarrera guztiak deklaratu behar zituen, edo, bestela, banantze judiziala kreditatu.

  2. Bukatzeko adierazi beharra dago ezen, abenduaren 10ean, kexa-egileak, bere interesen defentsan, gora jotzeko errekurtsoa jarri duela 31/P-0537/09 espedienteko zaharberritze babestuari buruzko behin-behineko kalifikazioaren aurka, zeinetan eskatu baitu bere diru-sarrerak bakarrik aintzat hartuta diru-laguntza jasotzeko eskubidea duela aitor dakion (honekin batera doa errekurtsoaren idazkia)”.
  3. Iruñeko Udalak, berriz, ondoko txostena igorri du:

    “Ondokoa adierazi behar dut 09/797/U espediente zenbakiko kexari buruz 2009ko abenduaren 18an egin zenuen eskaerari erantzuteko, horri buruzko txostena egiteko eskatu baitzenuen:

    2008ko abuztuaren 25ean, [?] eraikineko [?] zenbakian zaharberritze babestuko espedientea abiarazteko eskabidea jaso genuen.

    Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuaren diru-laguntzak jasotze aldera eraikin horretako jabeek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, eta ikusita beharrezkoak diren zenbait agiri falta zirela, jabeei agiri horiek, nori berea, eskatu zitzaizkien, gisa horretako espedienteetan egin ohi denez, eta epe bat eman zitzaien dokumentazioa aurkeztu ez izanaren akatsa zuzentzeko, ohartarazita dokumentazioa aurkeztu ezean diru-laguntza jasotzeko eskabidean amore ematen zutela ulertuko zela.

    Argitu behar dugu Iruñeko Udalaren Zaharberritze Bulegoa Nafarroako Gobernuaren entitate laguntzailea dela hitzarmen bidez, kasu honetan Etxebizitza Departamentuarena, eta horren indarrez izapidetzen ditugula Nafarroako Gobernuak ematen dituen laguntzen eskabideen espedienteak.

    [?] andrearen kasuan, aurkeztutako PFEZren aitorpenaren arabera egiaztatu zenez haren egoera zibila ezkonduarena dela, 2008ko abenduaren 2an igorritako gutunaren bidez eskatu zitzaion bere senarraren PFEZren aitorpena aurkez zezan, Etxebizitzaren arloko Jarduketa Babesgarriak eta Etxebizitzetarako Eraikinen Sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 87. artikuluak ezartzen duelako laguntzak familiaren diru-sarrera ponderatuen araberakoak izanen direla.

    Hortaz, beti eskatu izan da familia unitateko kide guztiek lortutako diru-sarrerak aurkezteko, hori baita Etxebizitza Departamentuak ezarrita duen irizpidea. Epe bat eman zitzaion dokumentazio hori aurkezteko, ohartarazita aurkeztu ezean eskabidean amore ematen zuela ulertuko zela. (Honekin batera doa igorritako gutuna).

    Gutuna jaso eta gero, [?] andrea gure bulegoetara etorri zen, eta arrazoiak azaldu genizkion. Aipatutako baldintzak azaldu genizkion, eta horren aurrean adierazi zuen gaur egun ez dela senarrarekin bizi, baina ez zeukala hori frogatzeko modurik eta, areago, ez zuela uste bere egoera zein den justifikatzera behartuta zegoenik, etxebizitzaren jabea bera delako.

    Azaldu genion Etxebizitza Departamentuak banantzeari buruzko epaia edo gutxienez ere prozesu hori justifikatzeko zerbait aurkeztea exijitzen duela, foru dekretu horretako 2. eranskinean banandurik dauden pertsonentzat errenta kalkulatzeari begira aurreikusitako salbuespena aplikatu ahal izate aldera; izan ere, bere egoera zibila ezkonduarena denez, familia unitate osoaren diru-sarrerak justifikatu beharra dago, etxebizitza ezkontideetako batena bakarrik bada ere eta zein ere den hautatutako ezkontza-araubidea. Hori ikusita, berak argitu zigun ez dagoela banantze prozesuan eta ez zeukala halakorik abiarazteko asmorik, eta ez zuen horri buruzko bestelako justifikaziorik aurkeztu.

    Etxebizitzak zaharberritze babestuko kalifikazioa jasotze aldera espedientea eta dokumentazioa Nafarroako Gobernura igorri zirenean, [?] andrea ez zen hartan sartu, Departamentuaren iritziz ez direlako espedientean ageri behar eskatutako baldintzak edo dokumentazioa betetzen ez dituzten pertsonak. Arestian aipatu dugun legez, igorritako gutunean ohartarazi zitzaion ez zela espedientean ageriko eta eskabidean amore ematen zuela ulertuko zela baldin eta eskatutakoa zuzentzen ez bazuen. Inguruabar pertsonalak edo salbuespenezkoak alegatuz gero, justifikatu egin behar dira beti, araututako baldintzei jarraikiz justifikatu ere, gainontzeko eskatzaileekiko desberdintasunik edo pribilegiorik ez sortzeko.

    Nafarroako Gobernuak kalifikazioa igorri zuenean, eta jabeen erkidegoko ordezkariak abisatu zionez, [?] andrea gure bulegora itzuli zen, kalifikazioan ageri ez zelako kexuz. Berriz ere azaldu zitzaion arrazoia, eta lehenago egin zuen bisita gogorarazi zitzaion. Kanpoan geratu izana jakinarazi ez zitzaiolako kexari erantzunez adierazi zitzaion behin-behineko kalifikazioari buruzko ebazpenak ezartzen duela zer jabek jasoko duten ez zer jabek ez duten jasoko dirulaguntza, eta abisua beti ematen zaiola erkidegoaren ordezkariari, ebazpena jaso dezan. Ordezkari horrek eman beharko die jabeei espedienteari buruzko jarduketa guztien berri, administrazioaren aurrean bera jarduten delako jabe guztien izenean, haiek horretarako izendatuta.

    Dena den, eta kalifikazioa behin-behinekoa zenez gero eta hartan ageri diren akatsak zuzentzeko legezko epea hilabetekoa denez gero, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko epea zuen oraindik. Orobat adierazi zitzaion Etxebizitza Departamentura jo zezakeela arduradunarekin hitz egitera, baldin eta arazoa bazen ez zegoela ados bere senarraren diru-sarrerak edo banantzearen egiaztagiria aurkeztu beharrari buruzko irizpidearekin.

    Elkarrizketa horren ondotik, Etxebizitza Departamentura joan zen eta, ondoren, berriro etorri zen gurekin hitz egitera; adierazi zigunez, Departamentuan [?] teknikariarekin egon zen, eta hark esan zion kalifikazioa alda genezala eta bertan sar genezala, baina, horretarako, eskabide bat aurkeztu behar zuela bere egoera azaltzeko eta espedientea bukatu aitzin banantzearen demanda edo, kasua bada, epaia aurkeztuko zuelako konpromisoa erakusteko. Alegia, bulego honetan bere garaian jarritako baldintza berberak.

    Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko asmoa zuela adierazi zuenez gero erantzun genion baietz, kalifikazioa aldatuko genuela, eta nahi genuela azkenean jaso ahal izatea laguntzak, kasuko justifikazioa aurkeztuta betiere. Halatan, 2009ko urriaren 22an eskabidea aurkeztu zuen (honi erantsirik doa haren kopia); haren bidez eskatu zuen espedientean sar genezan, ezkontidearengandik banantzeko prozesua izapidetzen ari zela alegatuta. Hori ikusita, eta nahiz eta asmo-deklarazio hutsa izan –artean ez zuen inolako egiaztagiririk aurkeztu–, behin-behineko kalifikazioa aldatu genuen azaroaren 17an (honi erantsirik doa behin-behineko kalifikazioaren kopia, aldaketa egin ondokoa), eta haren izena sartu genuen jabeen artean, obrak bukatutakoan espedientearen behin betiko kalifikazioa eman aurretik agindutakoa aurkeztuz gero, laguntzak jaso ahal izan zitzan, Etxebizitza Departamentuak berak adierazi zigunari jarraikiz.

    Abenduaren 31n [?] andrearen eskabidea jaso dugu; haren bidez, dibortzioaren epaia aurkeztu eta dirulaguntza jasotzea eskatu du. Eskatutako dokumentazioa justifikatu duenez gero, espedientearen behin-behineko kalifikazioa aldatuko da, Nafarroako Gobernuak behin-behinekoz onets dezan PFEZren aitorpenaren araberako diru-sarrerei jarraikiz dagokion dirulaguntza. Behin-behineko kalifikazio berria jasotzen dugunean, [?] andreari jakinaraziko zaio”.

AZTERKETA

  1. Azaldutako aurrekarien arabera, interesduna erreferentziako zaharberritze babestuko espedientean baliatu den administrazio-jarduketari buruz kexatu da, bai formari dagokionez –ez Iruñeko Udalak ez Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzuak ez zioten jakinarazi bere kasu zehatzari buruz hartutako erabakia, eta berak joan behar izan zuen horri buruzko informazioa eskatzera– bai mamiari dagokionez –haren ustez, inguruabarrak kontuan hartuta, bere diru-sarreren arabera eman behar zitzaion dirulaguntza–.
  2. Bere kasuari buruz hartutako erabakia interesdunari ez jakinarazteari dagokionez, kexa ezinbestean jo behar dugu arrazoizkotzat.

    Gure iritziz, espedientea izapidetzeko ardura zuen organoak, interesduna ezkonduta zegoela ikusita eta laguntza horiei buruzko araudian xedatua ikusita, errekerimendu bat egin zion 2008ko abenduaren 2an, aurkeztutako dokumentazioa osa zezan eta bere senarraren PFEZren aitorpena aurkez zezan hamabost eguneko epean, ohartarazita hala egin ezean eskabidean amore eman zuela ulertuko zela.

    Errekerimendu haren ondorioz, kexa-egilea bulegoetan aurkeztu zen, bere egoera azaldu zuen eta, dioenez, dokumentazioa aurkeztu zuen (ezkontza-itunen eskritura eta Jabetza Erregistroaren oharra), eta pentsatu zuen espedienteak bere bidea eginen zuela.

    Alta, gorabeherak gorabehera, Administrazioak ulertu baldin bazuen eskabidea ez zela zuzendu eta, errekerimenduan adierazitako epea agortuta, [?] andrea prozeduratik baztertu beharra zegoela (eskabidean amore eman zuela iritzita), horri buruzko egintza egin behar zuen espresuki, bai eta jakinarazi ere, argi dagoelako bere eskubideak eta interesak ukitzen dituen erabaki bat dela (prozeduratik kanpo uzten du).

    Hori ez da gizalege hutseko kontu bat, ezpada legezko betebehar bat, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluan xedatutakotik heldu dena (atzera egitea espresuki deklaratu beharra ezartzen du). Betebehar hori Dirulaguntzei buruzko Legean dago jasota; izan ere, 19.3 artikuluak ondokoa ezartzen du: “zuzendu ezean, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta ebazpena jakinaraziko zaio”.

    Baldin eta interesduna prozeduratik bazter utzi bazen, eta hala gertatu zen (kasu honetan, laguntzen onuradunen zerrendatik bazter utzi zen), bidezkoa zen erabakia modu formalean hartzea, zioak azaltzea eta hari jakinaraztea (hari edo espedientean haren izenean jardun zuenari). Ez dugu ikusten legezko betebehar hori, eskabidea bertan behera utzi izana espresuki deklaratzearena, bere garaian bete zenik, espedientean ez baitago inolako administrazio-egintzarik horri buruz (behin-behineko kalifikazioaren egintzan ere ez zen sartu horri buruzko aipamen espresik).

    Interesdunari ohartarazi zitzaion eskaera bertan behera utzi zuela ulertuko zela baldin eta egindako errekerimendua betetzen ez bazuen, baina horrek ez zuen Administrazioa salbuesten bertan utzi izana espresuki deklaratzeko betebeharretik, ez eta, hortaz, [?] andrea prozeduratik bazter uzteko erabakia adieraztetik ere, hari bere defentsa egiteko bidea emanez eta sortutako ziurgabetasuna ekidinez. Gure iritziz, Zuzenbidearen aurkakoa da erabakia de facto hartzea, interesdunari (nahiz haren ordezkariari) ez jakinaraztea eta interesdunak, hilabeteak igaro ondoren, erabakia deduzitu behar izatea edo auziari buruz ikertzen ibili behar izatea.

  3. Auziaren mamiari dagokionez, Iruñeko Udalak igorritako azken komunikazioa ikusita (bereziki, txosten horretako azken paragrafoan adierazitakoa), interesdunak bere egoera zibilari buruzko dokumentazio berria aurkeztean (dibortzioaren epaia), auziari buruzko jarduketa berriak gertatu direla ikusten dugu; halatan, espedientearen behin-behineko kalifikazioaren aldaketa planteatu da, eta interesduna bertan sartu dute, bere diru-sarreren arabera legokiokeen dirulaguntza jasotzearen ondorioetarako.

Erakunde honen ustez, beraz, planteatutako kasua izapidetzen ari denez eta konponbidean egon daitekeenez gero, bidezkoa da auziari buruzko esku-hartzea amaitutzat ematea, eta hori ez da eragozpen izanen berriz ere aztertzeko baldin eta hori justifikatzeko moduko datuak azaltzen badira.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Iruñeko Udalari gogoraraztea haien legezko betebeharra dela interesdunei prozeduratik kanpo gelditu direla jakinaraztea, baita kanpo uzte horren arrazoia eskabidean izandako akatsak ez zuzentzean oinarritutako ukoa bada ere.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Iruñeko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia