Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 24ko 39/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 24

Gizarte ongizatea

Gaia: Minusválida pide ayuda municipal para encontrar trabajo

Exp: 10/19/B

: 39

Gizarte Ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko urtarrilaren 14an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñeko Udalaren aurka, bere alabak bizi duen laneko babesgabezia dela eta.

    Azaltzen zuenez, bere alaba [?]-k epilepsia-atakeak izaten ditu, eta horren ondorioz % 69ko minusbaliotasuna onartu zaio.

    Kexan zioenez, urteak daramatza lan bila, baina ez du lanik aurkitu. Orain dela bi urte, Iruñeko Udalaren menpeko entitate batek, [?]-k, eraikin handiak garbitzeko lanpostu bat eskaini zion, baina lana utzi behar izan zuen; izan ere, bakarrik egiten zuen lan, eta epilepsia-atake bat gertatuz gero ez zeukan nork artatu.

    Lanik ez duenez, era guztietako ikastaroak eta tailerrak egiten ibili da, eta edozein lan egiteko moduko prestakuntza du hartara.

    Amaitzeko, Udalari eskatzen zion bere esku zegoen guztia egin zezan bere egoeraren araberako lanpostu bat aurkitze aldera.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.

2010eko otsailaren 11n, Toki Ogasun, Merkataritza, Turismo eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak, hirugarren alkateordea denak, txostena igorri du. Ondokoa dio, hitzez hitz:

“2005eko azaroan, Milagrosako Auzo Unitateak Gizarteratzeko Ibilbideetan Lagun-egiteko Programara bideratu zuen [?]” Programa horren helburu nagusia zen erabiltzailearekin adostea ibilbidea eta egin beharreko ekintzak (prestakuntza arlokoak, okupazionalak, lanean hasi aurrekoak), lanpostu bat lortze aldera. Haren ibilbidean hasieratik ezarritako helburuak baldintzatu ditu % 71ko minusbaliotasuna aitortua izateak. Interesdunarekin adostu da prestakuntza eta lan esparruan esku hartzea:

  • Laneko ohiturak indartzea eta hobetzea: ardura, ordutegiak betetzea eta puntualtasuna, autonomia, lankideekiko harremana, gatazken konponbidea.
  • Lan arloko orientabidea: laneko helburua diseinatzea eta lan-elkarrizketak prestatzeko laguntza eta jarraipena. BAE ikastaroa.
  • Lan-bitartekotza besteren konturako kontrataziorako udal-baliabideetan nahiz besterenetan, azpimarra bereziki jarrita ezgaituekin lan egiten duten entitateetan.
  • Enpleguko zentro berezietara bideratzea, zentro horiek gutxienez % 33ko minusbaliotasuna duten pertsonak kontratatzen dituzten berariazko baliabide direlako.
  • Prestakuntza: lan egin nahi duen sektoreko lan-prestakuntzako ekintzetan parte hartzea: harreragilea, telefonista eta administraria.

2006an zehar prestakuntzako bi ikastarotan parte hartu zuen: zuzendaritzako idazkaritza eta kontabilitatea eta finantzak. Zenbait enplegu-eskaintzarako curriculum vitae-a bidaltzen ere lagundu zitzaion, baina ez zuten lanpostu horietarako hautatu. Enplegurako bi zentro berezitara ere bideratu zen: [?] eta [?]. Hautaketa-elkarrizketa egin zioten, baina ez zuten hautatu, bere profila lanpostuaren betekizunekin bat ez zetorrelako eta bere historial klinikoarengatik.

Gero, 2006ko abenduaren 26tik 2007ko ekainaren 26ra bitarte, Iruñeko Udalaren gizarte-enpleguko programan egon zen kontratatuta. Hori bere testuinguruan jartzea komeni da; izan ere, programak ez du izaera finalistarik, gehienez ere urtebetez lan egiteko aukera ematen baitu, sei hilabeteko bi kontratutan. Bere mugak kontuan hartuta ikusi zen egokiena zela udalaren eraikinetako garbiketa lanetan-atezaintzan jardutea. Hasierako premisa zen adituek aholkatzen zutela interesduna lanaldi partzialean laneratzea, baina enplegu-programak ezin izan zuen baldintza hori bete, ez dituelako lanaldi erdiko kontratazioak egiteko modurik ematen. Bere muga fisikoak direla eta, ezin izan zien aurre egin lanaren eginkizunei, erritmoari eta gutxieneko errendimenduari: nekagarritasuna, azkar mugitzeko modurik eza, medikazioaren albo-ondorioak. Horren ondorioz, kontratuak iraun zuen bitartean birritan izan zuen lanerako ezintasun iragankorra. Lehendabizikoa urtarrilaren 3tik 11ra bitartekoa, eta bigarrena, luzeagoa, urtarrilaren 18tik ekainaren 25era bitartekoa. Horrenbestez, sei hilabeteko kontratuaren amaiera hurbiltzean, ikusita esperientzia ez zela positiboa izan eta lanpostua ez zela bere beharrizanei eta mugei begira egokia, [?]-rekin erabaki zen kontratua ez berritzea.

Une horretatik aurrea, ohartu zen gaixotasunak lanerako ezartzen dizkion mugez, eta, gaur egun, programaren esku-hartzea bideratzen da lagun egitera gutxieneko ezgaitasuna onartua duten pertsonentzako baliabideetara, besteak beste COCEMFE, OASIS eta Enpleguko Zentro Berezietara”.

AZTERKETA

  1. Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan, botere publikoak premiatzen dira gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoak integratzeko politikak jar ditzaten abian, pertsona horiek gainerako herritarren eskubide berak baliatu ahal izan ditzaten.

    Konstituzioaren agindu hori garatze aldera, Ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako, bereizkeriarik ezarako eta nonahi ibiltzeko aukeretarako abenduaren 2ko 51/2003 Legeko 8.2 artikuluak ondokoa ezartzen du: “Botere publikoek ekintza positiboko neurri osagarriak hartuko dituzte objektiboki bereizkeria maila handiena pairatzen duten edo aukera berdintasun txikiena duten ezgaituentzat, esaterako ezgaitasuna duten emakumeentzat, ezgaitasun larria dutenentzat,...”
    Lege horretako 9.1 artikuluaren arabera, ekintza positiboko neurri horiek, izatez ere gutxienekotzat jotzen baitira, “laguntza osagarriak eta arau, irizpide eta praktika aldekoagoak izan ahalko dira”. Laguntza osagarriak honakoak izan ahalko dira: laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak, laguntza-zerbitzu pertsonala, zerbitzu espezializatuak...”.
    Ezgaitasun fisikoren bat duten pertsonei dagokien duintasuna aitortzearen bide horretatik beretik, Minusbaliatuak Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legeko 3. artikuluak ezartzen du Estatuaren betebeharra dela, besteak beste, “horien laneratzea”. Hori egiaz horrela izan dadin, besteak beste Toki Korporazioen betebeharra da zein bere eskumenen esparruan parte hartzea (apirilaren 7ko 13/1982 Legeko 3.2 artikulua).

  2. Interesdunaren prestakuntza akademikoa eta enplegu bila emandako urteak gorabehera, argi dago ez dela lortu hura laneratzea, hain zuzen ere [?] andreak duen minusbaliotasunaren ezaugarriengatik. Herritarrarengandik gertuen dagoen botere publikoa, Iruñeko Udala behartuta dago, ezertan ere ukatu gabe laguntza emate aldera egiaz egin duen lan guztia, interesdunaren laneratzea lortzeko behar diren laguntza osagarri guztiak ematera.Hortaz, erakunde honen iritziz, bidezkoa da Iruñeko Udalari gomendatzea [?] andrearen laneratzea sustatzeko jarduketak egiten jarrai dezan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea egin beharreko jarduketak egiten jarrai dezan, kexa-egilearen alabaren minusbaliotasuna ez dadin gertatu lanetik baztertzeko arrazoi eta, halatan, haren laneratzea erabatekoa izan dadin.

  2. Iruñeko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. [?] andreari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia