Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 23ko 38/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 23

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Disconformidad con la exigencia de diversa documentación que ya obra en poder de la Administración

Exp: 10/21/D

: 38

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. Aurtengo urtarrilaren 15ean, [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen, Iruñeko Udalak berez eduki badaukan informazioa –hala uste du interesdunak– aurkeztu behar duela adierazi baitio.

    Azaltzen zuenez, jarduera sailkatuko lizentzia eskatzen duen bakoitzean, Iruñeko Udalak eskatzen dio zerrenda batean eman dezan, izen-abizenekin, nortzuk diren aldameneko finka mugakideen jabeak eta okupatzaileak. Orobat azaltzen zuen udalaren web-orrialdetik behera kargatu daitekeen jarduera sailkatuko eskabide ereduak exijitzen duela, aurkeztu beharreko beste dokumentu batzuekin batera, “aldameneko finka mugakideen jabeen eta okupatzaileen zerrenda (gutxienez ere 1. eta 2. solairuko bizilagunena edo/eta erkidegoko lehendakariarena, halakorik baldin badago)”.

    Zioenez, herritarrarentzat lan nekeza da informazio hori lortzea, eta askotan alferrekoa, bizilagunek uko egiten diotelako bere datu pertsonalak emateari. Datu horiek guztiak, ordea, Udalak eduki baditu, nolabait ere ordainarazten baitizkie bizilagun horiei udal zergak, tasak, eta abar.

    Hortaz, eskatzen zuen izapide hori alde batera utzi ahal izatea jaso berri zuen errekerimenduan, harentzat zaila zelako informazio hori bildu ahal izatea.

  2. Kexa jasota, Iruñeko Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2010eko otsailaren 9an, hitzez hitz honako testua dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:

“Ingurumena Babesteko Foru Legeko 55.1 eta 57.2 artikuluetan ezartzen denez, jarduera sailkatua ezarriko den lekuko ALDAMENEKO BIZILAGUNEI jakinarazi beharko zaie jarduera sailkatuko eskabidea aurkeztu izana.

93/2006 Foru Dekretuko 63. artikuluak, berriz, “bizilagunak” ez baizik eta “jabeak eta okupatzaileak” aipatzen ditu; izan ere, sarritan, jabeak ez dira bizi bere jabetzako finkan edo ez dute inolako jarduerarik hartan. 68.2 artikuluak, aitzitik, berriz ere aipatzen ditu “bizilagunak”.

Artikulu horien arteko exegesi-zailtasunak, eta are kontraesana, aintzat hartuta, Iruñeko Udalak, oro har, errekerimendu hori baliatu ohi du datu horiek aurkezten ez direnean, bere ustez Zuzenbidearen araberakoa baita bete-betean. Izan ere,

  1. Erroldak, datu pertsonalen babesa gorabehera, ez ditu islatzen jabetzari buruzko datuak, ezpada bizilekuari buruzkoak, eta hori, askotan ez da ohiko bizilekua errealitatean; hortaz, erroldan egoiliar gisa jasota ageri direnak ez dira egiaz bizilagunak izaten. Eta, gainera, tresna horrek ez du balio bizitegi-gune ez direnetan.

  2. Katastroko datuak, sarri askotan, ez datoz bat Jabetzaren Erregistrokoekin, eta kontraesana baldin badago, azken hori gailentzen da.

  3. Gaur egun, oro har, jabeek jabeen erkidegoak eratzen dituzte, lehendakaria eta administratzailea baitituzte, eta datu horiek ez dira egoten Udalaren esku eta maiz aldatzen dira, haien eskubideen eta interesen defentsan.”

AZTERKETA

  1. Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35 f) artikuluan ezarrita dauden herritarren eskubideen artean aitortzen da herritarrek eskubidea dutela “ez aurkezteko kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauetan eskatzen ez den agiririk, ezta horretan diharduen administrazioak dagoeneko bere esku duen agiririk ere”.

    30/1992 Legea aldatu zuen 4/1999 Legeak lege hartako azken xedapeneko tarteki hori –35 f) artikuluan jasotako eskubidearen eragingarritasun materialari eta denborazkoari dagokionez legea erregelamendu bidez garatzeari buruzkoa– ezabatu zuen, sendoagotze aldera, zioen azalpenean adierazitakoari jarraikiz, “segurtasun juridikoa”, eta aldi berean herritarrak salbuesten ditu “logikoa denez gero, zama burokratikoetatik, eragingarritasun zuzena emanez 35.f) artikuluan jasotzen den eskubideari”.

    Eskubide hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9.4 artikuluak ere jasotzen du.

  2. Kasu honetan, lege horren arabera, aztertu behar dena da ea Iruñeko Udalak egindako errekerimendua, “aldameneko finka mugakideen jabeen eta okupatzaileen zerrenda (gutxienez ere 1. eta 2. solairuko bizilagunena edo/eta erkidegoko lehendakariarena, halakorik baldin badago)” eman beharra baldin eta jarduera sailkatuko lizentzia izapidetzea nahi badu, legezko betebeharra den ala ez herritarrarentzat.

    Horri dagokionez, ez Ingurumena Babesteko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ez hura garatzen duen erregelamenduak, abenduaren 28ko 93/2206 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, ez dute ezartzen herritarrak dokumentazio hori aurkeztu behar izatea jarduera sailkatuko udal lizentzia izapidetu ahal izateko.

    Aitzitik, Ingurumena Babesteko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 55.1 eta 57.2 artikuluek eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 63. eta 68.3 artikuluek jasotzen dute alkatearen betebeharra dela aurkeztutako eskabidea jendaurrean jartzea eta kasuan-kasuan arauak ezartzen dituen subjektuei pertsonalki jakinaraztea.

    Hortaz, alkateari dagokio jarduera sailkatuko lizentziaren eskabidea jakinaraztea, eta horretarako egoki iritzitako ikerketa egin beharko du, ezarri ahal izate aldera nortzuk diren bizilagun edo jabe mugakideak.

    Erakunde honen iritziz, ikertzeko zama hori ezin zaio lizentziaren eskatzaileari egotzi, aplikatzekoak diren arauak ez diotelako halakorik egiteko esku ematen. Informazio hori, berriz, jasota ageri beharko litzateke Udalean bertan.

  3. Azkenik, eta informazio hori lortze aldera dituen zailtasunei buruz Udalak igorritako txostenari dagokionez, erakunde honek azpimarratu behar du ezen Udalarentzat zaila baldin bada informazio hori lortzea, are zailagoa izanen dela herritarrarentzat.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 35.f) artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9.4 artikuluan xedatua betetzera, jarduera sailkatuko lizentziak izapidetzean.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen hau jakinaraztea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia