Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 22ko 37/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 22

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de motivación en una resolución administrativa

Exp: 10/14/D

: 37

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko urtarrilaren 12an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Castejongo Udalaren aurka, alegazio batzuei ez erantzuteagatik.

    Azaltzen du 2009ko ekainean, haurrari haurtzaindegian baja ematea eskatu zuela, behar zen denboran eta moduan, eta handik gutxira alkatetzaren gutun bat jaso zuela, non eskatzen baitiote bajaren arrazoiak azaltzeko, baja bera justifikatuta ote zegoen egiaztatze aldera. Gutun horren arabera, baja justifikatuta ez bazegoen, kasuko ordainagiria igorriko zioten, ordain zezan. Horri erantzuteko, 2009ko uztailaren 9ko idazkian, azaldu zuen Tuterara aldatua zela bizitzera, eta semea beste haurtzaindegi batean egonen zela hortik aurrera. Bere ustez, arrazoi nahikoa zen.

    Hala eta guztiz ere, azaltzen du udalak ordainagiria igorri ziola, eta jakinarazi ziola borondatezko epean ordaintzen ez bazuen, bide exekutibotik ordainaraziko zitzaiola. Kexa-egileak dio idazkariarekin hitz egin ondoren, aurkeztutako alegazioei idatziz erantzuteko eskatu zuela, baina ez zuela inolako erantzunik jaso, eta abendua iragan ondoren udalaren beste gutun bat jaso zuela, non premiatu egiten baitzuten ordainagiria ordain zezan, bestela bide exekutibora joko zutela ohartarazita.

  2. Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, 2010eko urtarrilaren 13an, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Castejongo Udalari.

    2010eko otsailaren 2an, udalaren txostena jaso zen erakunde honetan. Hartan, laburbilduz, esaten da kexa-egileak, 2009ko uztailaren 9ko idazkiaren bitartez, jakinarazi zuela semeari haurtzaindegian baja ematearen arrazoiak pertsonalak zirela –zehazki, 2009ko ekainaren 20tik familiaren helbidea Tuteran egotea–, baina ez zizkiola udalari aurkeztu alegatutako arrazoia justifikatzeko egiaztagiriak; horrenbestez, Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Aginduari jarraituz –bertan exijitzen da bajaren arrazoia justifikatuta egotea–, ezin izan da haurraren baja onartu, eta dagokion kuotaren ordainagiria igorri zaio.

AZTERKETA

  1. Azaldu den bezala, kexa-egileak salatzen du Castejongo Udalak ez diola erantzun 2009ko uztailaren 9an aurkeztutako idazkiari. Hau da, kexa-egileak nahi du udalak ordainagiria igorri aurretik, erantzun espresa eman diezaion idazki horri, alegazioetako idazkia deitzen duena, non, bere iritziz, sobran justifikatzen baita kasuko ordainketatik salbuetsita egoteko arrazoia.

    Bestalde, Castejongo Udalak aipatu du kexa-egileak ez dituela udaletxean aurkeztu alegatutako arrazoia justifikatzeko dokumentuak, Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Aginduak exijitzen duen bezala; izan ere, laugarren atalean honakoa ezartzen da: matrikula egiteak berekin ekarriko du ikasturteko eskolatzeari dagozkion hamaika hilabeteko ordainketak ordaintzeko konpromisoa, salbu eta erabiltzaileei ezin egotz dakizkiekeen kasuetan edo justifikatutako borondatezko baja kasuetan.

  2. Erakunde honen ustez, zalantzarik gabe bizilekua Tuterara aldatzea nahikoa arrazoi bada kasuko aldiari dagokion ordainketatik salbuetsita egoteko. Hala eta guztiz ere, dirudienez udalarentzat ez da nahikoa interesdunak arrazoi hori alegatzea; izan ere, exijitzen dio alegatutako inguruabarrari buruzko egiaztagiri bat aurkez dezan –kasu honetan, bizilekua beste hiri batera aldatzera–.
  3. Udalaren eta kexa-egilearen arteko gatazka edo desadostasuna termino horietan planteaturik, erakunde honek honako bi gogoeta hauek egin nahi ditu:

    1. Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea du, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du.

      Horri berari buruz, egoki da gogoraraztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duela toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

      Are gehiago, adierazi beharra dago ezen, Zuzenbide Administratiboan, ez dagoela forma-askatasunik egintzak sortzeko moduari dagokionez. Izan ere, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeak ezartzen du egintzak idatzizkoak izanen direla, egintza horien izaera dela-eta adierazpide egokiago bat exijitzen edo bideratzen ez den bitartean.

      Azken batean, ahozko erantzunak edo bestelakoak ematea ez da nahikoa (logikoa den bezala, horien konstantziarik ez baitago), eta Iruñeko Udala behartuta dago legez eskabideei idatziz erantzuteko, berariaz eta formalki.

    2. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluak ezartzen du administrazio publiko guztiek administrazio-prozedura bat abiatutako interesdunei nahitaez aukera eman behar dietela atzemandako akatsak zuzentzeko edo eskabidearekin batera behar diren agiriak aurkezteko, horretarako hamar eguneko epea emanda.

      Horrenbestez, udalak uste baldin badu 2009ko uztailaren 9an aurkeztutako eskabideari alegatutako arrazoiari buruzko egiaztagiria falta zaiola, ordainagiria igorri aurretik, aukera eman beharko zion interesdunari egindako akats edo hutsak zuzentzeko –kasu honetan, familiaren helbidea Tuterara aldatzeari buruzko egiaztagiriren bat–, eta behin izapide hori eginik, egokitzat jotzen zuena berariaz ebatzi behar zuen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

RESUELVO:

  1. Castejongo Udalari gogoraraztea, legez, herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskaera guztiei behar den denboran eta moduan berariaz erantzun behar diela –besteak beste, kexa-egileak 2009ko uztailaren 9an aurkeztutakoari–, eta ebazpen espresa eman aurretik 2009ko uztailaren 9ko eskabidean eginiko huts dokumentalak zuzentzeko aukera eman behar duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Castejongo Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Castejongo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia