Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Queja relativa a las molestias ocasionadas por la actividad del bar situado en la planta baja del edificio
Exp: 08/628/M
Nº: 27
Ingurumena
1. 2009ko abenduaren 16an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Antsoainen dagoen [?] tabernaren jarduerak sorturiko enbarazuengatik.
Azaltzen du urte honen erdialdean, taberna horrek, [?] kaleko [?] zenbakiko beheko solairuan dagoenak, lehenago kafetegi gisa baliatzen zenak, jarduera horri dagozkion ordutegiak betetzeari utzi ziola. Une horretatik, ematen du negozioa gehiago bideratu zela pub-taberna baten jarduerara kafetegiaren jarduerara baino, zeren eta 22:00etan ixtetik (arauak dioen bezala) 24:00ak pasata ixtera pasa baitzen. Gainera, kopak hartzeko taberna bateko joan-etorri logikoaz gainera, hartatik bolumen handiko musika eta zarata ateratzen hasi ziren.
Adierazten du lokalak, behar bezala intsonorizatuta eta egokituta ez dagoenez, traba ugari eragiten dizkiela auzoei, musikaren bolumen handia eta hartzen dituen bezeroen kopuru handia direla eta. Bolumena eta soinuaren dardara, kexa-egilearen arabera, bai kaletik bai bere jabetzako higiezinaren barrutik atzematen dira, eta haien intentsitatea dela eta, enbarazu handia eragiten dute.
Adierazten du, halaber, bai berak bai beste bizilagun batzuek egoera behin baino gehiagotan salatu dutela Antsoaingo Udalean, zaratari buruzko neurketak aurkeztuta gainera. Hala eta guztiz ere, udalak ez du behar zuen bezala jardun, eta egoerak lehengoan dirau, horrek auzolagunen eskubideak direla-eta eragiten dituen ondorioekin.
2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, espedientearekin lotutako zenbait gairi buruzko informazioa eskatu zion Antsoaingo Udalari.
2009ko urtarrilaren 14an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean. Hura aztertuta, honakoa atzeman dugu:
a) Lokalak kafetegien instalazioek izaten duten isolamendu akustikoa dauka. Kafetegiek eguneko ordutegian lan egiten dute guztiz.
b) Baimendutako jarduera eguneko ordutegikoa da, 8etatik hasi eta 22:00ak bitartekoa.
c) 2008ko urritik, hiru zehapen espediente izapidetu eta ebatzi dira zarataren gehieneko mailak haustearen ondorioz. Gainera, arau-hausteak, arestian aipaturiko ordutegiaz kanpo gertatu ziren.
d) 2009ko urtarrilean, gaueko ordutegian bi sonometria egin ziren, eta baimendutakoaz goitiko zarata-mailak erregistratu ziren. Udalak iragarri zuen behar ziren zehapen espedienteak abiatuko zituela.
3. 2009ko urtarrilaren 15ean eta otsailaren 10ean, kexa-egileak dokumentazio gehiago aurkeztu zuen, espedienteari eransteko (zarataren neurketa-aktak eta tratamendu psikiatrikoari buruzko txosten medikoa).
1. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.
Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, beren bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
2. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.
Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).
3. Hemen aztergai dugun kasuan, espedienteari erantsi zaion dokumentazioa ikusita, ikusten dugu jarduera bat badagoela, 8:00etatik 22:00etara funtzionatzeko baimena izanda ere, azken hilabeteetan behin eta berriz baimendutako zarata-mailak gaueko orduetan gainditu dituena.
Ikusten dugu, halaber, Antsoaingo Udalak ez-betetze hori dela-eta erreakzionatu egin duela eta ondoz ondoko zehapen espedienteak izapidetu dituela. Halaber, gisa horretako prozedura gehiago abiaraziko direla iragarri du. Ezin dugu, horrenbestez, ondorioztatu, udal horrek bere eginkizunetan utzikeria argiz jokatu duenik.
Hala eta guztiz ere, zehapen araubidearen xede nagusia ez da zehapenak ezartzea, baizik eta legezkotasuna eta herritarren eskubideak babestea. Zehapenek arau-hauslea uzkurtzeko eragina eduki behar dute, legez kanpoko jarduera saihestera bultzatzeko. Zehapen espedienteak behin eta berriz izapidetu arren, arau-hausteak gertatzen jarraitzen denean, zilegi da galdetzea ea neurri horiek arestian aipaturiko printzipioen araberakoak diren, hau da, eraginkorrak eta proportzionatuak diren, eta ea benetan saihesten duten arau-hauslearentzat ez-betetzea onuragarria izatea.
Aurrekoa dela eta, bidezkoa da adieraztea bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek beste neurri batzuk ere aurreikusten dituztela, diru-zehapenez gainera. Zehazki, gure ustez, azaldutakoak bezalako inguruabarretan, jarduera ixtea guztiz justifikatuta dago, aldi baterako besterik ez bada ere.
Interes publikoaren eta herritarren eskubideen ikuspuntutik, ezinezkoa da irekita jarraitzea bizilagunen eskubideak urratu eta diru-zehapenak ezarrita ere behin eta berriz funtzionamendu-ordutegia urratzen duen eta baimendutako soinu-mailak gainditzen dituen lokal bat. Horixe exijitzen dute aplikatzekoa den legediaren interpretazio egokiak, gainerakoen eskubideekiko errespetuak, zeina gure bizikidetasunaren oinarria baita, eta, azken batean, oinarrizko sen onak berak ere.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Jotzea erakunde honen ustez litekeena dela interesdunek ingurumen egokiaz gozatzeko, atsedena hartzeko eta bizilekuaren bortxaezintasunerako dauzkaten eskubideak urratzen egotea.
2. Antsoaingo Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki ordutegiaren betetzeari eta zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez.
3. Ikusita ez-betetzea behin eta berriz gertatzen ari dela, udalari gomendatzea behar diren izapideak egin ondoren, jarduera aldi baterako itxi dezan, bizilagunen konstituzio-eskubideak modu eraginkorrago batez babesteko, eta jardueraren titularrari ohartaraz diezaion arauak hausteko bere jokabidean tematuz gero, litekeena dela behin betiko ixtea erabakitzea.
4. Bi hilabeteko epea ematea Antsoaingo Udalari erabaki hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
5. Kexa-egileari eta Antsoaingo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia