Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 11ko 34/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] sindikatuko lehendakari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 11

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Discriminación en el acceso de los Maestros Navarros a la especialidad de Primaria Generalista

Exp: 09/818/F

: 34

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 25ean, [?] sindikatuko lehendakari [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren aurka, Nafarroako maisu-maistra funtzionarioen kontrako bazterketa dela eta.

    Interesdunak azaltzen du Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 22ko 492/2007 Ebazpenean Nafarroan aplikatzen ari zen eta Espainiako gainerako lurraldeetan aplikatzen jarraitzen den printzipio bat aldarazi zela; izan ere, printzipio horren arabera, funtzionarioa, izendapenaren unean, ofizioz gaitasuna hartzen zuen, kasuko espezialitaterako ez ezik, hasierako ziklorako eta ziklo ertainerako ere (lehen hezkuntza orokorra).

    Azaltzen du 2007an maisu-maistren kidegoan sartzeko prozeduraren bitartez izendatutako funtzionarioek eskatu dutela, ofizioz halakorik ez zaielako helarazi, hasierako ziklorako eta ziklo ertainerako ere gaikuntza edukitzea, baina eskaera horiek sistematikoki ezetsi egin zaizkiela. Foru administrazioaren jokabide horrek bazterketa bat dakarkie maisu-maistra nafarrei, zeren eta Espainiako gainerako guztiek ukitu gabe baitauzkate Nafarroan lehenengo hezkuntza orokorrean destinoa lortzeko zeuzkaten aukerak, nahiz eta maisu-maistra gisa espezialitate horretan ez sartu.

    Gehitzen du 2009ko apirilaren 7an aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoei, lehenengo hezkuntzako espezialitateko gaikuntza lortzeko eskabideak ezestearen aurka aurkeztutakoei, erantzun ere ez dietela egin, eta horrekin ebazteko aurreikusitako epeak ez betetzeaz gainera, bazterkeria larriagotu ere egin dutela, Nafarroako Foru Komunitateko maisu-maistren lanpostuak betetzeko deialdia onetsi eta argitaratu baitzen, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 9ko 2101/2009 Ebazpenaren bitartez.

    Halaber, kexa-egileak dio beste autonomia erkidego batzuetan aukera ematen zaiela funtzionario berriei behin betiko destinoa lortzeko gaikuntza duten espezialitate bateko lanpostu batean, nahiz eta espezialitate hori ez izan hautapen prozesuan gainditutako espezialitate bera. Hori dela eta, behin betiko destinoa lehenago lortuko dute, eta une horretatik aurrera, gainera, nazio mailako lehiaketetan sartu ahalko dira. Hori ezinezkoa zaio Nafarroan hautapen prozesua gainditu duen funtzionarioari; izan ere, leku-aldatze lehiaketetarako deialdiko II. oinarriko 3.8. atalean ezarritakoari atxiki beharko zaio, eta bertan ezarritakoaren arabera Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen zuzendariaren urtarrilaren 2ko 1/2009 Ebazpenaren bitartez deitutako maisu-maistren kidegorako hautapen prozeduran hautatutako parte-hartzaileek “nahitaezkoa dute beren lehenbiziko behin betiko destinoa Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan lortzea, hautapen prozesua zein espezialitate eta hizkuntzatan gainditu duten, horiei dagokien lanpostu batean, eta, horretarako, deitzen diren hurrengo lekualdatze lehiaketetan parte hartu beharko dute”.

    Bukatzeko, erakunde honi jakinarazten dio nolako babesgabetasuna eta segurtasun juridiko falta eragiten dion leku-aldatze lehiaketarako deialdiarekin batera ikastetxeetako plantilla argitaratu ez izana, funtzionarioek deialdiak bideratzen dizkien txandetako edozein erabili ahal izan dezaten.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

    2010eko urtarrilaren 14an, Hezkuntza kontseilariak txosten zehatz bat igorri digu. Honakoa dio bertan, hitzez hitz:

    “Interesdunak azaltzen du Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 22ko 492/2007 Ebazpenean Nafarroan aplikatzen ari zen eta Espainiako gainerako lurraldeetan aplikatzen jarraitzen den printzipio bat aldarazi zela; izan ere, printzipio horren arabera, funtzionarioa, izendapenaren unean, ofizioz gaitasuna hartzen zuen, kasuko espezialitaterako ez ezik, hasierako ziklorako eta ziklo ertainerako ere (lehen hezkuntza orokorra).

    Halaber, interesdunak dio 2007an maisu-maistren kidegoan sartzeko prozeduraren bitartez izendatutako funtzionarioei, ordea, ukatu egin zaiela Nafarroan hasierako ziklorako eta ziklo ertainerako gaikuntza; eta bitartean, gainerako autonomia erkidegoetan lehen hezkuntza orokorrerako gaikuntza ematen zaiela maisu-maistrei, nahiz eta kidegoan beste espezialitate baten bitartez, halako moduan non aukera duten Nafarroan lehen hezkuntza orokorrean destinoa lortzeko.

    Horri buruz esan beharra dago –beste hezkuntza administrazio batzuetan aplikatzen ari diren irizpideak baloratzen hasi gabe, baina ohartaraziz, nolanahi ere, ez dela egia gainerako autonomia erkidego guztietan sartzen diren funtzionario berriei lehen hezkuntza orokorrerako gaikuntza emateari buruz baieztatutakoa– Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren jokabideak hertsiki bete dituela unean-unean arloan indarra zuten legeak. Izan ere, Irakasleen kidegoan sartzeari, igotzeari eta espezialitate berriak hartzeari buruzko erregelamendua onetsi zuen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak indarra hartu arte –Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen kidegoei dagokie– eta lege horretako hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrerako araubide iragankorra arautu arte, maisu-maistren kidegoan sartzen ziren funtzionario berriei ofizioz hasierako ziklorako eta ziklo ertainerako (lehen hezkuntza orokorra) gaikuntza ematen zitzaien. Jokabide hori guztiz bat zetorren Aurre hezkuntzako, oinarrizko hezkuntza orokorreko eta hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetan oinarrizko hezkuntza orokorreko irakasleen lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 14ko 895/1989 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, bai eta Hezkuntza kontseilariaren irailaren 3ko 397/1992 Foru Aginduarekin ere –haren bidez, Nafarroako Foru Komunitatek maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioei gaikuntza berriak emateko prozedura ezartzen zen (lehenengo xedapen gehigarria)–.

    Hala eta guztiz ere, arestian aipaturiko otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak maisu-maistren kidegoan lehen hezkuntzako espezialitatea sortu zuen, eta lehendik zeuden gainerakoetatik bereizitako espezialitate baten gisara egituratu zuen (bigarren xedapen gehigarria). Horrekin bat, martxoaren 12ko ECI/592/2007 Aginduaren bitartez, maisu-maistren kidegoko lehen hezkuntzako espezialitaterako espezialitate berrietara sartzeko, iristeko bideak izateko eta eskuratzeko prozedura arautuko zuen gaitegia onetsi zen. Hala eta guztiz ere, arauz ezartzeko daude espezialitate berri horretarako gaikuntzak berekin ekar ditzakeen kasuak edo titulazioak.

    Azaldutakoaren arabera, eta ikusita lehenengo hezkuntza maisu-maistren kidegoaren gainerako irakaskuntza-espezialitateetatik bereizten dela, departamentu honek uste du ezin zaizkiela kidegoan sartzen diren funtzionario guztiei espezialitate horretarako gaikuntzarik eman, sartzeko hautapen prozesua gainditu duten espezialitateaz besteko maisu-maistren kidegoko gainerako espezialitate desberdinetarako gaikuntzarik ematen ez zaien bezala (salbuespen bakarra euskaraz (Nafarroa) irakasteko gaikuntza da, hain zuzen ere euskaraz irakatsi beharreko espezialitate baterako hautapen-prozesua gainditu duten funtzionarioentzat).

    Azaldutakoaren ildotik, soilik bi bide daude maisu-maistren kidegoko funtzionario batek sartu zeneko espezialitateaz besteko espezialitate baterako gaikuntza emateko: beste espezialitate batzuk eskuratzeko prozedura bat gainditzea (otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko V. titulua) edo kasuko eskaera egitea, betiere kontuan izanda Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren irailaren 3ko 397/1992 Foru Aginduan aurreikusitako Gaikuntzen Batzordeak horri buruzko txostena eman beharko duela. Hala eta guztiz ere, azken aukera horrek eraginkortasuna izan dezan lehenengo hezkuntzako espezialitaterako gaikuntzari dagokionez, aurretiazko nahitaezko baldintza da gaikuntza horretarako bidea eman dezaketen titulazioak edo kasuak arau bidez zehaztea, baina arau bidezko erregulazio hori Hezkuntza Ministerioari dagokio. Titulazio eta kasu horiek maisu-maistren kidegoko gainerako irakaskuntza-espezialitaterako uztailaren 14ko 895/1989 Errege Dekretuko 17 artikuluan jasota badaude ere, lehenengo hezkuntzako espezialitaterako gaur egun arte garatu gabe daude.

    Kexa-egileak adierazten du, gainera, beste autonomia erkidego batzuetan funtzionario berriei aukera ematen zaiela behin betiko destinoa eskuratzeko gaikuntza duteneko espezialitateetatik edozeinetan, eta Nafarroan, ordea, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 2ko 1/2009 Ebazpenaren bitartez maisu-maistren kidegoan sartzeko deitutako prozeduran hautatutakoei lehenengo destinoa hautapen prozesu hori gainditu duteneko espezialitatean eta hizkuntzan harrarazi egiten zaiela.

    Horri dagokionez, esan beharra dago Irakasleen kidegoetako lanpostuak betetzeko nazio mailako leku-aldatze lehiaketak arautzen dituen urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuak 2.2 artikuluan ezartzen duela ezen beren lehenengo behin betiko destinoa hartu behar duten funtzionarioek nahitaez hartu behar dutela parte prozedura horietan, kasuko deialdietan zehazten den moduan.

    Hartara, bada, Estatuko arauak kasuko leku-aldatze lehiaketaren eskuetan uzten du behin betiko destinoa oraindik ere lortu ez duten funtzionarioek parte hartu ahal izateko baldintzak zehaztea, eta horixe da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 9ko 2101/2009 Ebazpenaren bidez onetsi zen leku-aldatze lehiaketarako deialdian egiten dena; izan ere, hartan zehazten da Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 2ko 1/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren ondorioz maisu-maistren kidegoan sartu ziren funtzionarioek lehenengo behin betiko destinoa sartzeko hautapen prozesua gainditu zuten espezialitatean eta hizkuntzan hartu beharko dutela.

    Aipatzen du, era berean, leku-aldatze lehiaketarako deialdiarekin batera ez direla ikastetxeetako plantillak argitaratu. Uste du horren babesgabetasuna eta segurtasun juridiko falta eragiten diela interesdunei. Esan beharra dago, ordea, urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuak ez duela ezartzen ikastetxeetako plantilla argitaratzeko betebeharra, ez lekualdatze lehiaketarako deialdiaren aurretik, ez aldi berean ere –betebehar hori, aldiz, uztailaren 14ko 895/1989 Errege Dekretuko 7. artikuluan jasota zegoen–.

    Kontuan hartu beharra dago, gainera, plantilla argitaratzeko jarraitu beharreko prozeduraren konplexutasuna (Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzuak proposamen zehatza egin behar du, eta proposamen hori ordezkari sindikalei aurkeztu behar die mahai sektorialean, eta epe bat eman behar die sindikatuei alegazioak aurkeztu ahal izateko; ondoren, plantillak aztertuko dira. Hori guztia egin beharra dago behin betiko onespena eman aurretik). Izapidetze hori amaitu beharrak, eta aurten leku-aldatze lehiaketa Hezkuntza Ministerioak ebatzi behar izateak –eta horretarako epe jakin batzuk bete behar izatea– berekin ekarri dute plantilla lehiaketarako deialdiarekin batera ezin argitaratzea.

    Hala eta guztiz ere, kontuan hartu beharra dago leku-aldatze lehiaketarako deialdia eta plantillak aldi berean argitaratzen zirela nagusiki zertarako-eta hezkuntza plangintzan aurreikusi gabeko lanpostuetan (plantillan negatiboarekin ageri zirenak) behin betiko destinoa zuten langile funtzionarioek aukera izateko beren borondatez eskatzeko beren lanpostua desager zedin, eta lehentasuna izan zezaten beren ikastetxeko, herriko nahiz eskualdeko lanpostu baterako lehiaketan. Aurten, ez da aukerarik eman norberaren borondatez lanpostuaren desagerpena eskatzeko, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa izan plantilla argitaratzea.

    Nolanahi ere, plantilla argitaratuz lehiaketara aurkezten ziren pertsonek aukera baldin bazuten jakiteko zein lanpostu ez zeuden behin betiko langileekin beteta, parte-hartzaileek eska zitzaketen edo eskatu behar zituzten (lehiaketara aurkeztera behartutakoen kasuan) deialdian bertan ageri ziren lanpostuak; horrek, azken batean, suposatzen zuen bete nahi ziren lanpostu guztietarako lehiatzea, lanpostu horiek plantillan betegabe egon nahiz beteta egon. Inguruabar hori bera bigarren hezkuntzako kidegoetarako lehiaketa ugaritan gertatu da, eta horrek ez du inongo kasutan ere lehiatzaileek babesgabetasuna alegatzea.

    Azkenik, aurkeztu diren eta oraindik ere ebatzi gabe dauden errekurtsoei dagokienez, jakitera ematen da jada jarraibide batzuk eman direla espediente horiek bultzatzeko. Hori dela eta, txosten honekin batera, Idazkaritza Tekniko Orokorraren txostenaren kopia erantsi dugu; haren bidez, izan ere, haiek ebazteko eskuduna den departamentuari proposatzen dio haiek ezets ditzan, jada adierazitako argudioetan oinarrituta”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko funtsezko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar horretarako gehieneko epe bat dago, eta epe hori, gora jotzeko helegiteen kasuetan, hiru hilekoa da (42.2 artikulua, 30/1992 Legeko 115.2 artikuluarekin lotuta dagoena).

    Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.

  2. Gauza nabarmena da orain planteaturiko kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez duela behar bezala bete legez ezarritako epea, eta, horrenbestez, ez duela aintzat hartu abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan interesdunari aitorturiko eskubidea.

    Gora jotzeko errekurtsoari buruzko txostenaren data ikusita –2010eko urtarrilaren 11koa da eta Hezkuntza Departamentuko Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Ataleko buruak egin du–, argi dago zein organori egotz dakiokeen gora jotzeko errekurtsoak ebazteko izandako atzerapena. Hala eta guztiz ere, garrantzirik gabekoa da hori, zeren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legeko 57.2.c) artikuluak, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluei dagokienez, gora jotzeko errekurtso horiek ebazteko eskumena Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ematen baitio. Eskumenen atribuzio hori suposatuta, izapidetze osoa beste organo baten eskuetan uzten duen ala ez alde batera utzita, departamentu horri dagokio, goi mailan betetzen duen tokitik, gutxienez ere ikuspuntu funtzionaletik, jarraibide egokiak ematea edo behar diren neurriak ezartzea legez duen betebeharra betetzeko.

    Adierazi dugun bezala, argi dago interesdunen kexak oinarria baduela. Horrenbestez, helegitearen ebazpenaren edukia zein den alde batera utzita eta kontuan izan gabe ondorio prozesal hutsetarako administrazioak uler dezakeela helegitea ezetsita dagoela, prozedura ahal den bezain azkar ebazteko legezko betebeharra gogorarazi beharra dago, administrazio egokiaren erakusgarri gisa.

  3. Kexa-egileak alegatu du segurtasun juridikorik ez dela izan, leku-aldatze lehiaketetrako deialdiarekin batera ikastetxeetako plantillak argitaratu ez direlako. Erakunde honen ustez, deialdia egin duen Administrazioak ez zeukan plantillak argitaratzeko betebeharrik, zeren eta aplikatu beharreko araua uztailaren 14ko 895/1989 Errege Dekretuko 7. artikulua baita (azaroaren 8ko 1664/1991 Errege Dekretuaz aldatu zen). Izan ere, artikulu horrek ezartzen du “lehiaketa ebatzi aurretik, lehiaketa horren bidez bete beharreko lanpostu hutsak argitaratuko direla...”.
  4. Kexaren funtsezko gaia da “lehenengo hezkuntzakoaz” besteko espezialitate batetik maisu-maistren kidegoan sartu ziren funtzionarioei “lehenengo hezkuntza” espezialitaterako gaikuntza emateko eskabideak ezetsi izana. Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez “lehenengo hezkuntzako” espezialitatea sortzearekin batera, estatuko arauetan ez dira zehaztu beste espezialitate baten bidez maisu-maistren kidegoan sartutako funtzionarioei “lehenengo hezkuntzako” gaikuntzarako bidea emateko titulazioak edo kasuak, aipatu Errege Dekretuko 53.1 eta 2 artikuluetan ezarri bezala.

    Horrek definizio falta eta segurtasun juridikorik eza ekartzen ditu, zeren eta, oinarrizko araurik ez dagoenez, autonomia erkidegoetako hezkuntza administrazioek, gaiari buruzko arauak emateko ahalmenik ez dutenek, gisa desberdinetan ebatzi baitituzte ezaugarri berdin-berdinak dituzten egoerak.

    Estatuko araupetzerik ez egotean (estatua baita administrazio eskuduna), autonomia erkidego batzuek batetik ofizioz jarraitu dute gaikuntza ematen hasierako ziklorako eta ziklo ertainerako (“lehenengo hezkuntza orokorra”) maisu-maistren kidegoko edozein espezialitateren bidez sartzen ziren funtzionario berriei, uztailaren 14ko 895/1989 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera; beste batzuek, ordea –Nafarroak eta Galiziak, esate baterako–, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bitartez “lehenengo hezkuntzako” espezialitatea sortu ondoren, ez diete ofizioz “lehenengo hezkuntza” espezialitateko gaikuntzarik ematen, ezta interesdunak eskatuta ere, beste espezialitate batzuen bidez maisu-maistren kidegoan sartutako funtzionario berriei; eta, ez dituzte, ezta ere, ofizioz gaikuntzarik ematen beste edozein espezialitatetan “lehenengo hezkuntzako” espezialitatearen bitartez maisu-maistren kidegoan sartu zirenei.

    Horrenbestez, elkarren aurkako bi jokabide edo ondorioren aurrean gaude. Inguruabar hori ez da heldu bata legezkoa izatetik eta bestea, berriz, legez kanpokoa. Erakunde honen iritziz, Administrazioak araurik ez ematearen ondorioz gertatutako egoera horren aurrean, erkidego guztiek hautatutako konponbideak legezkoak dira guztiz.

    Gaia funtzionarioen interesen ikuspuntutik aztertzen badugu, ordea, ikusiko dugu otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuak indarra hartu ondoren maisu-maistren kidegoan “lehengo hezkuntzako” espezialitateaz besteko espezialitate batetik sartu diren Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioak egoera okerragoan daudela data berean eta espezialitate beretik kidegoan sartu ziren beste autonomia erkidego batzuetako funtzionarioak baino, zeren eta azken horiei, ofizioz, kasuko espezialitateaz gainera, “lehenengo hezkuntzako” espezialitatea ere aitortzen baitzaie. Bazterketa hori nahikoa izan zitekeen erakunde honek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari iradokitzeko ofizioz bigarren espezialitatea ere aitor ziezaien funtzionario berriei; hau da, “lehenengo hezkuntzarako” gaikuntza eman ziezaien. Baina gisa horretako iradokizun bat egiten badugu, “lehenengo hezkuntzako” espezialitatearen bidetik maisu-maistren kidegoan sartutako funtzionarioak baztertuko ditugu, zeren eta beste espezialitate batzuetako funtzionarioei gaikuntza emanen baitiegu espezialitate horretan jarduteko inongo hautaprobarik gainditu gabe, horrek lehenengo destinoa lortzeko eta hurrengo lehiaketetan dakartzan ondorioekin.

    Horrela, bada, estatuan erregulaziorik ez egoteak berekin ekarri du bi irizpide egotea “lehenengo hezkuntzako” espezialitateko gaikuntzari dagokionez, eta, halaber, desberdintasunak egotea autonomia erkidego bateko eta besteko funtzionarioen artean edo erkidego bereko maisu-maistren kidegoko funtzionarioen artean, interpretaziorako hautatzen den jokabide edo irizpidearen arabera.

    Aurrez adierazitakoa dela eta, erakunde honek honakoa ondorioztatu du:

    Lehenengo, ez dela bidezkoa guk iritzia ematea adierazitako gaiari buruz, zeren eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 23.3 artikuluak kexa batzuk –hain zuzen ere hirugarren pertsonen eskubide legitimoetan eragina dutenak– aztertzeko mugak ezartzen baitizkigu.

    Bigarrenik, argi utzi ondoren Ararteko honek ezin duela ikuskatu arestian aipatu dugun estatuko arauen omisioa, Hezkuntza Ministerioaren eskumena baita, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzen diogu behar diren kudeaketak egin ditzan edo bidezkoa dena premia dezan Hezkuntza Ministerioak edo estatu mailako organo eskudunak, autonomia erkidegoetako hezkuntza politikak koordinatzen dituenak, arau komunak eman ditzan “lehenengo hezkuntzarako” gaikuntzarako bidea eman dezaketen titulazioak edo kasuak definitzeko, hain zuzen ere beste espezialitate batetik maisu-maistren kidegoetan sartu ziren funtzionarioei dagokienez, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko 53.1 eta 2 artikuluan ezarri bezala.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez ezarritako gehieneko epean espedientea izapidetzera eta ebazpena ematera eta jakinaraztera behartuta daudela, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta, zehazki, kexa-egileak ordezkatzen dituenek aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak ahal bezain azkar ebatzi behar dutela.

  2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren kudeaketak egin ditzan Hezkuntza Ministerioak “lehenengo hezkuntzarako” gaikuntza sor dezaketen titulazioak edo kasuak definitzeko araupetze komuna gara dezan, hain zuzen ere beste maisu-maistren kidegoan beste espezialitate batetik sartu ziren funtzionarioei dagokienez, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuko 53.1 eta 2 artikuluan ezarri bezala.

  3. Hezkuntza Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duten eta azaldutakoaren ildotik neurriak hartzen dituzten, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badute, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. [?] sindikatuko lehendakari [?] jaunari eta Hezkuntza Departamentuari zein Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia