Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Las dificultades del autor de la queja para recibir atención urbanística especializada en el Ayuntamiento de Baztan.
Urbanismo
Baztango alkatea
Alkate jauna:
1. 2020ko abuztuaren 10ean, instituzio honek idazki bat jaso zuen.[...] jaunarena, bertan Baztango Udalaren kontra kexa bat aurkeztu zuen bere arkitektura enpresak arreta urbanistiko berezia jasotzeko dituen zailtasunengatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Donezteben arkitektura enpresa bat dauka eta Baztango Udalari proiektu eta gai urbanistikoak tramitatzeko dituen zailtasunak pasatzen dizkio.
b) Herrian proiektu bat baino gehiago egin dute eta horietan guztietan normala dena baino gehiago atzeratu egin dira, COVID-19ak eragindako osasun krisiagatik. Denbora beste udalerri mugakide batzuetan baino askoz luzeagoak dira, eta ezinezkoa da arreta espezializatua jasotzea.
c) COVID-19a dela eta, hitzordu presentzialak ezabatu egin ziren, eta telefono bidezko arreta-sistemara edo posta elektroniko bidezko arreta-sistemara igaro ziren. Hala ere, ezinezkoa zaie udal-arkitektoarekin bide horietatik harremanetan jartzea
Ildo horretan, bere lankidea udal arkitektoarekin harremanetan jarri zen hirigintzako kontsulta bat egiteko, eta, deia itzultzeko konpromisoa hartu arren, ez zuela egin. Adierazi duenez, ordutik hona hainbat aldiz saiatu dira harremanetan jartzen, telefonoz zein posta elektronikoz, baina ez dute lortu, nahiz eta udalak deiak itzuliko dituela esaten duen.
Horregatik guztiagatik, udalaren berezko zereginetako bat egiten diren proiektuak araudiarekin bat datozela ikuskatzea eta egiaztatzea denez, eta ez ekintzarik ezagatik proiektuak eta ekimenak mugatzea, hirigintzako arreta espezializatua bermatzeko neurri egokiak hartzea eskatzen zuen
2. Ondoren, erakunde honek Baztango Udaletxera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2020ko irailaren 2an Udalaren txostena jaso zen, txostenaren kopia bat interesdunari helarazi zaio, dagozkion arrazoibideak aurkezteko.
3. 2020ko irailaren 14an, interesdunaren idazki bat jaso genuen; honako hau zioen:
Baztango Udalaren txostena jaso dugu, nik (…)ren izenean aurkeztutako epeei buruzko kexari erantzuten diona.
Udalaren txostenean, udaleko teknikariekin izandako bilerak eta hartu-emanak zerrendatu dituzte. Datu horiek agerian uzten dute arreta jaso dugula, baina, baita ere, Baztango Udalean proiektu bat izapidetzeko prozesua oso luzea dela, eta, batzuetan, zaila.
Adibidez, gogoratzen ahal dugu hainbat eta hainbat bilera eta komunikazio egin beharra izan dugula Gartzaingo urbanizazio-espedientearen inguruan, udalaren irizpideak betetzen dituen proiektu bat entregatu ahal izateko. Bilera eta hartu-eman horiek 2019ko ekainaren 17tik 2020ko otsailaren 28ra luzatu dira (14 guztira). Eta baldintza horietara egokitu garelarik ere, 2020ko otsailaren 28an aurkeztutako proiektuari buruzko txostena jaso dugu irailaren 10ean, eta aurrez bilera horiek guztiak eginda ere, oraindik zenbait irizpide aldatu behar ditugula dio txostenak.
Orobat, Arizkungo proiektua aipatzen ahal dugu: 2019ko irailaren 16an entregatu zen gauzatze-proiektua, eta obra-lizentzia 2020ko apirilaren 20an eskuratu zen.
Gure ustez, bi adibide horiek agerian uzten dute izapidetze-epeak oso luzeak direla. Hala eta guztiz ere, udalaren txostenak adierazten du, alarma-egoera aitortu baino lehen, hirigintza-zerbitzuetara bertaratuta eta telefono bidez jasotzen ahal zela arreta. Aurrez ezarritako egun jakin batzuk zeuden, eta agenda bat, izena eman ahal izateko.
Baina txostenean ez dute esan itxialdi-egoeraz geroztik ezin dela arreta presentzialik jaso (hori ulertzen dugu), eta ez dagoela telefono bidezko arretarako ordutegi jakinik. Hori horrela, hainbat aldiz deitu dugu udaleko arkitektoarekin harremanetan jarri nahian, eta telefonoari erantzun dioten pertsonek “ez dakit noiz etorriko den”, “helaraziko diot ohar bat deitu diezazun” eta antzekoak esan izan dizkigute.
Esan behar da, Arartekoaren bidez kexa aurkeztu ondoren, udaleko arkitektoaren deiak jaso ditugula, baina beti arratsaldez deitu izan digu, eta deietako bat 19:00etan izan zen.
Guk ez dugu zer esanik udaleko teknikarien ordutegiei buruz, baina, administrazio publiko batentzat, ez zaigu oso egokia iruditzen 19:00etan telefonoz harremanetan jartzen ahalegintzea, eta dei baten zain egon behar izatea, bilkura telematiko bat adostu ordez, esate baterako.
Horregatik guztiagatik, eta egungo egoera kontuan hartuta, jendeari arreta emateko egun eta ordutegi bat finkatzeko eskatu nahi digu Udalari. Alarma-egoeraren aurretik, e-mailean adierazi dudan eran, hitzordu presentziala zein telefono bidezkoa eskatzen ahal zen, baina gaur egun ez dago arreta-zerbitzurik. Horregatik, gure erreklamazioaren bidez lortu nahi dugu Baztango Udalak arreta emateko ordutegi bat finkatzea, edo zerbitzua hobetzeko beste metodoren bat bilatzea. Jakin badakigu telelana irtenbide ona dela herritarren segurtasuna bermatzeko, baina herritarrei zerbitzua eman behar zaie gainera, eta, nire ustez, alarma-egoera ezarri zenetik 6 hilabete pasatu diren honetan, eta birusaren hedapena saihesteko protokoloak ezagutzen ditugunez, kalitatezko zerbitzu bat ere bermatzen ahal da.
4. Jasota gelditu den eran, Baztango Udalak hirigintza-aholkularitzako zerbitzua emateko moduagatik aurkeztu du kexa interesdunak.
Kexaren egileak, inguru hartako arkitektura-etxe baten ordezkariak, adierazi du Udalean aurkeztutako proiektu batzuk zenbait hilabetez atzeratu direla, eta aholkularitza-zerbitzua ez dela behar bezala ematen. Erakunde honi bidalitako azken idazkian, interesdunak adierazi du COVID-19 gaitzak eragindako osasun-krisialdiaren aurretik bilera presentzialak egiten ahal zirela udaleko arkitektoarekin, aurrez hitzordua eskatuta. Alabaina, arreta-zerbitzu hori eten egin zen, eta, orain arte behintzat, ez da berriz abiarazi.
Baztango Udalak txosten bat bidali zuen, kexaren egileak ordezkatzen duen arkitektura-etxeak izapidetutako azken espedienteen inguruan egindako jarduketak jasotzen zituena.
5. Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) xedatzen du herritarren eskubidea dela honako hau: Informazioa eta aholkuak lortzea indarrean dauden xedapenen arabera proiektu, jarduketa edo eskaerak egitean bete beharreko betekizun juridiko eta teknikoei buruz (53.1 art., f) idatz-zatia).
6. Erakunde honen ustez, behar-beharrezkoa da administrazio publikoek aholkularitza-zerbitzu eraginkorra ematea hirigintzaren alorrean, alor horretan diharduten herritarrek eta langileek beren proiektuak gauzatzeko behar duten informazioa eta orientabidea eskuratu ahal izateko.
Hirigintzaren alorra bereziki korapilatsua da, eta, askotan, administrazioak interpretazio teknikoak egin behar izaten ditu, eta irizpide administratiboak finkatu. Proiektuak gauzatzen dituztenek eta haietan esku hartzen dutenek aurrez izan behar dute interpretazio eta irizpide administratibo horien berri, askotan baliabide ekonomiko ugari inbertitzen baitira proiektu horietan, eta hori horrela da, arloak lotura berezia duelako segurtasun juridikoaren konstituzioko printzipioarekin.
7. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Foru Legeak (uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea), 16 b) artikuluaren bidez, ahalmena ematen dio erakunde honi Nafarroako Administrazio publikoetako organo eskudunei gomendioak egiteko, zerbitzu publikoen funtzionamendua hobetze aldera.
Beste alde batetik, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko Foru Legeak (abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea) eta Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko Foru Legeak (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea) xedatzen dute zerbitzu publikoak etengabe hobetzeko ahalegina egin behar dela, eta herritarrek eskubidea dutela zerbitzu horiek behar besteko kalitatez jasotzeko.
Hori horrela, kexaren egileak adierazitakoa kontuan hartuta, eta administrazio publikoak legez behartuta daudenez herritarrei orientabidea ematera egin nahi dituzten proiektuekin, jarduketekin edo eskabideekin lotutako eskakizun juridikoen eta teknikoen inguruan, eta, zehazki, hirigintzaren alorrean, erakunde honi egokia iruditu zaio Baztango Udalari iradokitzea aztertu eta, hala badagokio, hobetu ditzala, udalerriko hirigintza-aholkularitzako zerbitzuaren egungo baldintzak, eta har ditzala dagozkion neurriak, arreta hurbilekoagoa izan dadin. Horretarako, agian, aztertu beharko du ea badagoen aukerarik arreta presentziala berrabiarazteko (aurrez hitzordua hartuta), interesdunak proposatu duen eran; bestela, har dezala hurbileko zerbitzua emateko helburu hori lortzen lagunduko duen beste neurriren bat.
8. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Baztango Udalari iradokitzea aztertu eta, hala badagokio, hobetu ditzala, udalerriko hirigintza-aholkularitzako zerbitzuaren egungo baldintzak, eta har ditzala dagozkion neurriak, arreta hurbilekoagoa izan dadin. Horretarako, agian, aztertu beharko du ea badagoen aukerarik arreta presentziala berrabiarazteko (aurrez hitzordua hartuta), kexaren egileak proposatu duen eran; bestela, har dezala hurbileko zerbitzua emateko helburu hori lortzen lagunduko duen beste neurriren bat.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Baztango Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia