Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren Ebazpena (Q20/458) Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari gomendatzen dio eremu mistoan eta ez-euskaldunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostu batzuk betetzeko deialdietan euskara baloratzen ez delako, eta, aldiz, atzerriko zenbait hizkuntza baloratzen direla-eta, aurkeztutako kexarekin lotuta, sustatu dezala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lanpostuak betetzeko prozesuetan euskararen balorazioa arautuko duen arau bat onestea, arau horren bidez bermatzeko euskara, Nafarroako berezko hizkuntza izanik, ez dela baloratuko atzerriko hizkuntzak baino gutxiago, horiek merezimendu orokor gisa baloratzen direnean, lanpostuarekin lotura berezirik izan gabe.

2020 abuztua 24

Euskara

Gaia: La disconformidad con la menor valoración del euskera respecto a idiomas extranjeros en dos convocatorias de personal de la Administración de la Comunidad Foral de Navarra.

Euskera

Kontseilari jaun hori:

1. 2020ko uztailaren 15ean, [...] jaunak idazki bat aurkeztu zion erakunde honi, Administrazioan Euskaraz taldearen izenean. Haren bidez, kexa bat luzatzen zion Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari. Kexa, hain zuzen ere, honako gai honi buruzkoa zen: euskarak atzerriko hizkuntzek baino balorazio baxuagoa jasotzen duela Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko zenbait deialditan.

Kexan, zehazki, postu hauetarako 2020an deitutako lekualdatze lehiaketak aipatzen ziren: Liburutegiko Arduraduna, Osasun Kudeaketako Teknikaria, Enpresa Zientzietan Diplomaduna, Ogasuneko Kudeatzaile eta Ikertzaile Laguntzailea eta Ogasuneko Teknikaria.

Kexan azaldu zuenez, prozedura horietan puntuak ematen dira atzerriko zenbait hizkuntza jakitegatik, hala nola ingelesa, frantsesa eta alemana. Aldiz, Euskararen Foru Legean finkatutako eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, ez da punturik ematen euskara jakiteagatik.

Kexarekin batera, honako eskaera hau egin zuen: ez dadila puntu gehiago eman atzerriko hizkuntzak jakiteagatik, euskara jakiteagatik baino.

2. Jarraian, erakunde honek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari igorri zion kexa, eta aurkeztutako gaiari buruzko informazioa emateko eskatu zion.

Igorritako txostenean, honako hau adierazi zuten:

1.- Kexaren sustatzaileak adierazi du ez dagoela ados Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako lanpostu batzuen lekualdatze lehiaketen deialdiekin, deialdi horietan “atzerriko hizkuntzek puntuazio handiagoa jaso dutelako euskarak baino, eremu ez-euskaldunean eta eremu mistoan”.

2.- Hasteko, esan nahi dugu, (…) jaunari Funtzio Publikoko Zuzendariaren bi ofizioren bidez jakinarazi zitzaion eran (2020ko ekainaren 16koa bat, eta 18koa, bestea), eta hemen berriz azalduko dugun eran, kexan aipatzen diren lekualdatze lehiaketak indarreko legediaren arabera egin direla, eta, bereziki, euskararen balioespenari dagokionez.

3.- Esparru horretan, abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua hartu behar da oinarri, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimendu baremoak ezartzen dituena. Lege horrek, I. Eranskinean, lekualdatze lehiaketetan erabili beharreko merezimendu baremoak xedatzen ditu.

Hori horrela, Foru Agindu horretan xedatutakoari jarraikiz, prozedura horietan 46 puntu ematen ahalko dira gehienez, honako kontzeptu hauetan banatuta: emandako zerbitzu edo aitortutako antzinatasunagatik, 30 puntu; prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketagatik, 10 puntu; erkidegoko hizkuntzak jakitegatik (ingelesa, frantsesa eta alemana), 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Horri guztiari, euskara jakiteagatik ematen den balorazio ehunekoa gehitu behar zaio, eta gaur egun 103/2017 Foru Dekretuak arautzen du hori (103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan).

4.- Aipatutako 103/2017 Foru Dekretu horrek 26. artikulutik 40.era bitartekoetan arautzen du zein lanpostutan den nahitaezkoa euskara jakitea, eta zer balorazio ematen zaion euskara jakiteari lanpostu horiek betetzerakoan. Hain zuzen ere, puntuazioen ehuneko jakin batzuk finkatzen ditu, lehen aipatutako 46 puntu horiei gehitzen zaizkienak, eta baldintza desberdinak finkatzen ditu eremu euskaldunerako, mistorako eta ez-euskaldunerako.

Hori horrela, eremu euskaldunean, 27.1 artikuluari jarraikiz, Eremu euskaldunean dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, hau da, euskara jakitea derrigorrezkoa ez bada, euskara jakiteagatik emango den gehienezko puntuazioa %10ekoa izanen da, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, hau da, 4,6 puntu gehienez. Hala eta guztiz ere, artikulu horren 2. paragrafoak xedatzen duenez, “eremu euskaldunean dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unitate organikoetako zenbait lanpostuk herritarrekin duten arreta- edo tratu-maila kontuan hartuta”, ehuneko hori “%20koa izanen da, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez. Lanpostu horien zerrenda onetsiko da hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez".

Bestalde, eremu mistorako araudia 103/2017 Foru Dekretuaren 31. artikuluan dago jasota, eta haren 1. paragrafoak, ele bikotzat jo ez diren lanpostuetarako, %6ko puntuazio gehigarria finkatu zuen euskara jakiteagatik, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez; hau da, 2,76 puntu gehienez. 2. paragrafoan xedatutakoari jarraikiz, zenbait lanpostutan, herritarrekin duten arreta- edo tratu-maila kontuan hartuta, eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren aldez aurretiko justifikazio-txostena izanik, haien baloraziorako esleitutako ehunekoa %12 bitartekoa izaten ahalko da, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.

Eremu ez-euskaldunerako, 35. artikuluak xedatutakoarekin bat, euskara jakiteagatik %6ko puntuazio gehigarria ematen ahalko da, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez; hau da, 2,76 puntu gehienez. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren justifikazio txostena beharko da aurretik.

5.- Edonola ere, kontuan hartu behar dira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzien salak 2019ko irailaren 27an emandako epaiak (216, 217 eta 218/2019 epaiak, 103/2017 Foru Dekretuaren aurka jarritako 528/2017, 42/2018 eta 497/2017 administrazioko auzi-errekurtsoetan emanak). Epai horiei jarraikiz, baliogabetu egin ziren, besteak beste, lehen aipatutako 31. eta 35. artikuluak, hurrenez hurren eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuak betetzean euskara jakiteagatik emango den puntuazioari buruzkoak.

Epai horiek, aipatutako aginduak baliogabetu zituztenak, irmo bihurtu ziren, eta, beraz, ondorio orokorrak izan zituzten Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean (237. zk., 2019ko abenduaren 2koa). Hori horrela, data horrez geroztik, agindu horiek ez daude indarrean.

Horri guztiari gehitu behar zaio, Konstituzioaren 118. artikuluari jarraikiz, herritar eta agintari publiko guztiek bete behar dituztela epaileen eta epaitegien epai eta gainerako ebazpen irmoak. Horregatik, gaur egun oraindik ez denez onetsi eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean euskara merezimendu gisa baloratzeari buruzko beste araurik, ezin diogu zure eskaerari erantzun.

3. Jasota gelditu den eran, honako arrazoi honegatik aurkeztu da kexa: Foru Komunitateko Administrazioko zenbait lanpostu betetzeko deialdietan (merezimendu lehiaketen bidezko lekualdaketak), Euskararen Foru Legean finkatutako eremu mistoan eta ez-euskaldunean, ez dela baloratu euskara jakitea, eta atzerriko hizkuntzak jakitea, berriz, bai.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari iruditzen zaio aipatutako deialdi horiek bat datozela indarreko legediarekin, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuko zenbait arau, eremu mistoan eta ez-euskaldunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuak betetzean euskara baloratzeari buruzkoak hain zuzen ere, indargabetuta gelditu zirelako Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren zenbait epairen bidez. Gainera, departamentuak dio, orduz geroztik ez denez beste araurik onetsi hori arautzeko, ezin zaiola erantzun kexan egiten den eskaerari.

4. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluak xedatzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere ofiziala izanen dela Nafarroako eremu euskaldunetan. Arau horretan xedatutakoari jarraikiz, foru lege bat eman beharko da, eremu horiek finkatzeko, euskararen erabilera ofiziala arautzeko, eta, Estatuko legedi orokorraren baitan, euskararen irakaskuntza arautzeko.

Agindu horrekin lotuta, abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, Euskarari buruzkoak, 2. artikuluan xedatzen du gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla. Halaber, xedatzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere ofiziala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan eta Euskarari buruzko Foru Legean xedatutako baldintzetan. Legezko aitorpen horrek dakar, beraz, Nafarroak bereziko bi hizkuntza izatea, bata Nafarroa osoan ofiziala dena ‒gaztelania‒, eta bestea koofiziala dena zati batean ‒euskara‒.

Euskararen Foru Legean jasotako araudi osoa legezko aitorpen horren araberakoa da, eta Foru Legearen xede nagusiak dira herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea, euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz, eta euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz.

Euskararen estatus hori eta helburu horiek oinarri hartuta (horiek izan behar baitute ardatz araua interpretatzerakoan), legeak, kasu honi dagokionez, zenbait xedapen jaso ditu, Nafarroan funtzio publikora sartzeari buruzkoak. Zehazki, 15. eta 17. artikuluetan jasotakoak, gai horrek lotura zuzena baitu herritarrek Nafarroako berezko bi hizkuntzetako edozein erabiltzeko duten eskubidea bermatzearekin. Hori horrela, 15. artikuluak, eremu euskaldunari buruzkoak, xedatzen du Administrazio Publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dutela, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak progresiboki euskararen erabileran gaitu daitezen, eta administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko duela zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kualifikatutzat hartuko dela besteren artean. 17. artikuluak, bestalde, eremu mistoari buruzkoak, xedatzen du herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko, Administrazio publikoek honako hauek egiten ahalko dituztela: a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea.

5. Kontuan hartuta aipatutako lege xedapenak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak kexaren xede diren deialdietan, eremu mistoan eta ez-euskaldunean, euskara jakitea ez baloratzeko arrazoi gisa jotzen dituen argudioak (eremu mistoan eta ez-euskaldunean Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuak betetzean euskara baloratzeari buruzko zenbait arau baliogabetu izana, eta gaur arte gai hori arautzeko beste xedapenik ez onetsi izana), eta aipatutako xedapen horiek baliogabetzea ekarri zuten arrazoiak (Justizia Auzitegi Nagusiak ondorioztatu zuen arautze hori, haren irismena zela eta, neurriz gainekoa zela eta ez zegoela behar bezala arrazoituta), erakunde honi egokia iruditu zaio iradokizun bat egitea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuak betetzean euskararen balorazioa xedatuko duen arau bat onets dadin, eta arau horrek bermatu dezan euskara, Nafarroako berezko hizkuntza den heinean, ez dadila baloratu atzerriko hizkuntzak baino gutxiago, atzerriko hizkuntza horiek oro har merezimendu gisa baloratzen direnean, lanpostuaren berezko eskakizunekin loturarik izan gabe.

Azken gai horri dagokionez, Nafarroako Kontseiluaren 2020ko otsailaren 24ko Irizpenak, eremu ez-euskaldunean euskara eskatzeari edo merezimendu gisa baloratzeari buruzkoak, honako hau xedatzen du:

Eremu ez-euskaldunean euskara baloratzeko, hortaz, epaia betetze aldera, hark finkatzen dituen jarraibideak bete beharko dira. Bistakoa denez, baita dagokion egintza administratiboaren edukia bera ere. Azken alderdi hori argitzen dugu, gertatzen ahal delako, egoera batzuetan, gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat baloratzea, frantsesa edo ingelesa adibidez, eta, kasu horietan, ez dugulako ikusten zergatik ezin izanen litzatekeen euskara bera ere baloratu, Nafarroako berezko hizkuntza izanik, eta herritar guztiek hura ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea izanik, EFLren 2. artikuluan xedatzen den eran. Gainera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bere 590/2004 Epaian, maiatzaren 20koan, gogorarazi zuen hori, xedatu baitzuen Europako beste hizkuntza bakar bat ere ez dagoela egoera horretan, eta ezin direla alderaketa unitate heterogeneoak konparatu, legearen ikuspegitik desberdina den hori bateratu nahian. Horixe azpimarratzen dute, baita ere, auzitegi beraren ekainaren 3ko 633/2004 Epaiak eta uztailaren 30eko 812/2004 Epaiak.

6. Hori horrela, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz, Nafarroako Arartekoaren erakundeari egokia iruditu zaio honako hau:

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari proposatzea, eremu mistoan eta ez-euskaldunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostu batzuk betetzeko deialdietan euskara baloratzen ez delako, eta, aldiz, atzerriko zenbait hizkuntza baloratzen direla-eta, aurkeztutako kexarekin lotuta, sustatu dezala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lanpostuak betetzeko prozesuetan euskararen balorazioa arautuko duen arau bat onestea, arau horren bidez bermatzeko euskara, Nafarroako berezko hizkuntza izanik, ez dela baloratuko atzerriko hizkuntzak baino gutxiago, horiek merezimendu orokor gisa baloratzen direnean, lanpostuarekin lotura berezirik izan gabe.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluarekin bat, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak bi hilabeteko epea du gehienez, aginduzkoa den eran, ebazpen hau onesten duen ala ez adierazteko, eta, hala badagokio, baita hura betearazteko neurriak ere.

Lege horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2020ko txostenean sartzen ahalko da kasua, eta berariaz aipatuko da posible zenean aldeko jarrera hartu ez zuen Administrazioaren izena.

Zuen erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia