Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q26/180 Ebazpena. Horren bidez, Osasun Departamentuari iradoki zaio adingabeei gurasoen edo tutoretzaren bidez laguntzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren jarduketak egin ditzala, kexak aipatzen dituen uneetan (kirurgia-ebakuntzak, sedazio anestesikoak eragina izan arte eta esnatzeko unean). Era berean, gomendatu zaio neurriak har ditzala esku-hartze horien testuinguruan adingabeek euskarazko arreta jasoko dutela bermatzeko.

2026 apirila 09

Euskara

Gaia: Kexagileak ezin izan du alaba adingabea lagundu kirurgia-ebakuntza egin baino lehen eta horren ondoren, eta ez du euskarazko arretarik jaso.

Osasun Kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2026ko otsailaren 4an, instituzio honek (…) andrearen kexa bat jaso zuen, ebakuntza kirurgiko baten aurretik eta ondoren alabari lagundu ezin ziolako, bai eta une horretan umeak euskaraz (ama-hizkuntza) harremanik izan ezin zuelako ere.

Kexaren egileak honako hau adierazi zuen:

“Pasa berri den 2026ko urtarrilaren 6an, 3 urte eta 5 hilabete zituen nire alabari apendizitisa zela eta, ebakuntza egin zitzaion HUN-n.

Ebakuntza egiteko, ingresatuta zegoen gelatik berarekin ebakuntza-gelako ateraino joaten utzi ziguten, bai aita eta baita niri ere, amari.

Aurretik eskatua genuen eta momentu horretan ere eskatu genuen, gutako bat alaba lokartu arte eta ebakuntzatik esnatzerakoan berarekin egotea nahi genuela. Baina argi utzi ziguten osasunbideko langile ezberdinek, hori ez zela horrela izanen, ez zela posible.

Eta ebakuntza-gelako ateak ireki, gure alaba kamilan etzanda zegoela ebakuntza-gelako pasabideetan sartu eta ate horiek itxi zirenean, gure alaba negarrez entzun genuen, ezezagunen artean, hizkuntza ezezagun batean murgildua, gainera, gaztelania.

Une gogor eta traumatiko hori erraz saihets daiteke, 2025eko urriak 23an Osasun Ministerioak argitaratutako “Pediatrian indukzio anestesikoa egiten den bitartean, ebakuntza-gelan gurasoen laguntzari buruzko gomendio - gida” nahiz Europako “Ospitaleratutako haurren eskubideen Europako gutuna (1986)” kontuan harturik eta gurasoetariko bat edo tutorea, umearekin egonda. Aipatutako gidan gainera, bereziki azpimarratzen dira 5 urtetik beherako umeak eta behar bereziak dituztenak.

Ospitale publiko zein pribatu askotan adinez txikiko ume bat familiako kide batengatik lagundua izatea baimentzen da, umea lo geratu arte eta esnatu aurreko unetik.

HUN-n, Bideko Ama Birjina ospitalean hain zuzen ere, hau ez da ahalbidetzen eta umeentzat zaila den egoera, zailtzea lortzen da soilik.

Horregatik eskatzen dut, umeen eskubideak errespetatu eta ebakuntza egin behar zaionean, lo geratu arte zein esnatu aurreko uneetan, guraso edo tutore baten laguntza izatea ahalbidetzea, umeen ongizatea bermatuz.

Bide beretik, euskalduna den umea bere ama-hizkuntzan harremandu ahal izatea eskatzen dut, are gehiago, horren zaurgarriak diren uneetan”.

2. Ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jasotako txostenean:

Lehenik eta behin, eta lagun egiteari dagokionez, jakinarazten dizugu Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Osasun Zainketen Zuzendaritzak eta Gerentziak aztertu dutela eta arreta eman diotela kontu hori, indarrean dauden laguntza- eta antolaketa-protokoloei jarraikiz.

2016. urteaz geroztik, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak neurri espezifikoak ezarri ditu kirurgia-prozedura pediatrikoetan familiaren laguntza errazteko, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Neurri horien artean, Haurren Operazio Unitateko gela bat dago pediatriako ebakuntza-gelaren ondoan. Gela horrek aukera ematen dio senide bati adingabeari laguntzeko anestesia ipini eta aurreko uneetan. Ekintza horren helburua da antsietatea eta estres kirurgikoa murriztea, bai haurrarengan, bai senideengan.

Laguntza-gela horretara sartzea borondatezkoa da, baina higiene-arau zorrotzak bete behar dira, besteak beste:

 Txabusina, txanoa eta prakak nahitaez erabili behar dira.

 Debekatuta dago gailu elektronikoak erabiltzea, beste paziente batzuen eta osasun-langileen pribatutasuna bermatze aldera.

Ebakuntza-gelako taldeak gizatiartutako arreta eskaintzeko konpromisoa hartu duen arren, ezinezkoa da senideak egotea ebakuntza-gela barruan edo anestesia ondoko bizkorketarako gelan (haurren ABUa). Horren arrazoia da espazio fisikoaren mugak daudela, eta azpiegitura gehigarririk ez dagoela, aldageletako gune espezifikoak eta laguntzaileak zaintzeko eta gainbegiratzeko langileak barne.

Erizaintzako taldea, Unitateko burutzaren zuzendaritzapean, modu aktiboan ari da lanean adingabeentzat eta haien familientzat ahalik eta egonaldi erosoena bermatuko duten neurriak diseinatzen eta gauzatzen. Arreta berezia ipintzen da pediatriako pazienteen ospitale-esperientzia hobe dezaketen xehetasunetan, egungo aukeren barruan.

Euskarazko arretari dagokionez, erakunde hau jakitun dago herritarren hizkuntza-eskubideen garrantziaz eta osasun-arloan norberaren hizkuntzak erabiltzeak duen balioaz, batez ere pazienteen eta haien familien segurtasunari, ulermenari eta ongizateari eragiten dieten egoeretan.

Zentroa Iruñean dago, eta Nafarroako Foru Komunitateko eremu mistoari aplikatu beharreko hizkuntza-araubidearen esparruan ematen ditu bere zerbitzuak. Horrek esan nahi du euskarazko arreta pixkanaka sustatu eta eman behar dela, hizkuntza-plangintzarekin, zerbitzu-antolaketarekin eta une bakoitzean erabilgarri dauden giza baliabideekin bat etorriz.

Azaldutako egoerari dagokionez, sentitzen dugu euskarazko arreta espero zen moduan eskaini ez izana. Badakigu horrelako gorabeherek jasotako zerbitzuaren hautemate negatiboa eragin dezaketela, bereziki asistentzia-testuinguru sentikor batean.

Zuk mahaigaineratu duzun behaketa eta hobekuntza-proposamena kontuan hartu da eta dagozkien unitateei helarazi zaie, kasuaren inguruabar zehatzak aztertzeko eta, ahal den neurrian, zentroan arreta elebiduna indartzen lagunduko duten balizko hobekuntza-neurriak baloratzeko.

Berariaz eskertzen dugu egin duzun ekarpena, asistentziaren kalitatea etengabe hobetzeko eta herritarren eskubideak eta itxaropenak gero eta gehiago errespetatzen dituen arreta emateko aukera gisa ulertzen baitugu.

Bide batez, agur bero bat”.

3. Adierazi den bezala, kexa aurkeztu da kexagileak ezin izan ziolako hiru urteko alabari lagundu apendizitis-ebakuntza batean, zehazki anestesiaren unean eta ebakuntzatik esnatzean.

Era berean, desadostasuna sortu du haurrak arreta euskaraz, bere ama-hizkuntzan, jaso ez izanak gurasoak ez zeudenean.

Osasun Departamentuak lehen transkribatutako txostena bidali du. Horren bidez, laguntzeko eskubidea eta horren baldintzatzaileak nola gauzatzen diren azaldu da, eta ospitaleko arreta elebidunari dagokionez egin daitezkeen hobekuntzak aztertzeko konpromisoa adierazi da.

4. Osasun-laguntzan adingabeei laguntzeari buruzko gaia Q25/554 kexan aztertu zuen erakundeak (anestesiaren inguruko uneak ere aipatzen ziren, anestesiak eragina izan arte, eta ebakuntzaren ondoren esnatzea), eta horren ebazpenean hau adierazi genuen:

4. Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeak, 19. artikuluan eta hurrengoetan, kolektibo kalteberenen eta babes berezia behar dutenen (horien artean adingabeak) eskubideak aipatzen ditu.

16.2. artikuluak ezartzen duenez: “Adingabeek eskubidea dute beren gurasoek edo tutoreek lagunduta egoteko, salbu eta horrek osasun laguntza kaltetzen edo oztopatzen badu”.

Hau xedatzen du 19.1. artikuluak:

Osasun-laguntza gizatasunez ematearen printzipioarekin bat, profesionalek eta osasun-zentroek ahalegindu beharko dute haien erabiltzaileei laguntza pertsonalizatua eta horien inguruabar pertsonalen araberakoa ematen, foru-lege honetan jasotako eskubideak errespetatu eta betetzearen lagungarri, erabiltzaile horiek babes berezia merezi duten kolektiboetakoak direnean, hala nola adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, nahasmendu mentalak dituztenak, bereziki mendekotasun egoeran daudenean, adingabeak, gaixotasun kronikoak dituztenak, gaixotasun arraroak dituztenak, gaixo terminalak, tratu txarren biktimak, droga-mendekotasuna dutenak, etorkinak, bazterketa soziala jasateko arriskuan daudenak, gutxiengo etnikoak esaterako, eta, oro har, bazterketa soziala pairatzeko arriskuan dauden talde zehatzak”.

20.1. artikuluak zera adierazten du: “Osasun Administrazioak bereziki zainduko ditu adingabeen osasunarekin loturiko eskubideak, Nafarroako Foru Komunitateko Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoarekin bat” (hots, gaur egun indarrean dagoen Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legea).

5. Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, 19. artikuluan, osasuna babesteko eskubidea jasotzen du.

Manuak, besteak beste, zehaztapen hauek jasotzen ditu: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko die adingabeei osasun zerbitzuetan hartzen dituztenean gurasoek, legezko ordezkariek edo bestelako ahaideek, edozein familia motatakoek, edo beren konfiantzako pertsonek laguntzeko eskubidea, kostu gehigarririk gabe, baita tentsio uneetan haiekin harremanetan jartzeko ere, salbu eta laguntza hori komeni ez denean, osasun langileek ematen dituzten jarraibideen arabera. Betiere, adingabeen interesak izanen du lehentasuna”.

Foru-lege horrek, gidalerro orokor gisa, aurrekontu lehentasunaren printzipioa jasotzen du; horren arabera, “Foru Komunitateko Administrazioak bere aurrekontuetan jasoko ditu, lehentasunez, Foru Komunitateko adingabeen prebentziorako, zailtasunak garaiz detektatzeko eta horiek konpontzeko bitartekoak aktibatzeko jarduerak, sustapena, arreta, prestakuntza, babesa, gizarteratzea, integrazioa eta aisialdia, eta horiek handituko ditu, gutxienez, igoerak daudenean gastuaren muga handitzen den neurri berean. Gastuaren muga handitzen ez bada, eutsi egingo zaie, baldin eta foru lege honen xedearen ondoriozko beharrak ez badira gutxitu”.

6. Kexan azaldutakoa eta Osasun Departamentuak jakinarazitakoa ikusita, beharrezkotzat jotzen da iradokizuna egitea, adingabeei beren gurasoei edo kexan aipatzen diren uneetan tutoretza betetzen dutenei laguntzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren jarduketak egin daitezen”.

5. Bestalde, kexan adierazi bezala, Osasun Ministerioak gida egin zuen 2025ean, adingabeak ebakuntza-gelan gurasoekin batera sartu ahal izateko, pediatria-eremuan arreta gizatiarragoa eta hurbilagoa emateko, eta bost urtetik beherakoei lehentasuna emateko.

6. Testuinguru horretan, gure jarrera azpimarratu behar dugu, adingabeei beren gurasoei edo kexan aipatzen diren uneetan tutoretza betetzen dutenei laguntzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren jarduketak egin daitezen”.

Administrazioaren txostenetik ondorioztatzen denez, gaur egun, azpiegituraren mugek eragiten dute ezintasuna (“espazio fisikoaren mugak daude, eta azpiegitura gehigarririk ez dago, aldageletako gune espezifikoak eta laguntzaileak zaintzeko eta gainbegiratzeko langileak barne”), eta, beraz, komenigarria litzateke gabezia horiek gainditzeko joera izatea, adingabeei arreta hobea emango zaiela bermatze aldera.

7. Euskarazko arretarik ezari dagokionez, adierazi behar dugu Euskararen Foru Legeak, 6. artikuluan (xedapen orokorrak) aitortzen duela hauxe: “aitortu egiten da herritar guztiek administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela, ondoko kapituluetan ezarritako eran”.

10. artikulua eremu euskalduneko erabilerari buruzkoa da, eta hau xedatzen du: “herritar guztiek dute eskubidea euskara zein gaztelania erabiltzeko Administrazio Publikoekiko harremanetan, eta aukeratzen duten hizkuntza ofizialean artatuak izateko”.

17. artikuluak, eremu mistoko erabilerari buruzkoa, hau ezartzen du: “herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko”.

Bestalde, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren arabera —euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan—, aurreko aurreikuspenetatik abiatuta, zenbait xedapen jasotzen ditu ahozko arretari buruz:

a) Eremu euskaldunean, “erabiltzaileek arreta jasoko dute haiek aukeratutako Nafarroako hizkuntza propioan” (9.3. artikulua).

b) Eremu mistoari dagokionez, hauxe xedatu da: “eremu mistoan dauden administrazio publikoek, erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek behar diren neurriak har ditzakete, herritarrek administrazio publikoei euskaraz zuzentzeko aukera izan dezaten”. (13.3. Artikulua)

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentraletan hau xedatzen da: “herritarrei arreta euskaraz emateko neurriak bultzatuko dira. Beste neurri batzuen artean, informazio-guneak sortzea eta euskaraz dakiten langileek osatutako zirkuitu elebidunak sortzea egon daitezke” (20.3. artikulua).

8. Hizpide dugun kasuan, kexa honi buruzkoa da: Etxarri-Aranazen (eremu euskaldunean) bizi den hiru urteko adingabe bati Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan (Iruñean dago, baina arreta pediatrikorako zerbitzu zentrala da) egindako kirurgia-ebakuntzari buruzkoa, alegia.

Gure ustez, eta agindu horietatik eratorritakoarekin bat etorriz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak neurriak hartu beharko lituzke ospitale-testuinguru horretan euskarazko arreta jasotzeko eskubidea ahalbidetzeko, are arrazoi handiagoz, amak edo aitak laguntzea onartzen ez den kasuetan.

9. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Osasun Departamentuari iradokitzea adingabeei gurasoen edo tutoretzaren bidez laguntzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren jarduketak egin ditzala, kexak aipatzen dituen uneetan (kirurgia-ebakuntzak, sedazio anestesikoak eragina izan arte eta esnatzeko unean).

b) Osasun Departamentuari gomendatzea neurriak har ditzala esku-hartze horien testuinguruan adingabeek euskarazko arreta jasoko dutela bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Osasun Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2026. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia