Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q25/665 Ebazpena, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentuari iradoki baitio hauek azter ditzan: Sakanako hezkuntza-arretaren beharrak, aintzat hartuta askotariko hezkuntza-zikloak, eta, bereziki, hezkuntza-premia berezien kasuak. Horren arabera, beharrezkoak diren neurriak planifikatu eta ezarriko dira, beharrezkoak diren arrazoizko egokitzapenak eginda, ahal den heinean ahalbidetu dadin interesdunak bizi diren landa-eremuetako aukeratutako ikastetxeetan (landa-eskoletan) eskolaratzea jasotzen jarraitu dezaten.

2025 abuztua 21

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Egitura espezifikorik ez egotea Sakanako eskualdeko landa-eskoletan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako eta eskaintza eskasa egotea zero eta hiru urte bitarteko zikloan Urdiainen gela bat itxi ondoren.

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2025eko maiatzaren 20an, instituzio honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen, Sakanako Herri Eskolak kolektiboaren izenean, Sakanako hezkuntza-eskaintzari buruz.

Hamar irakaslek sinatutako idazkian honako hau adierazten zen:

“Gutun honen sinatzaile garenok, Hezkuntza Departamentutik, Sakanako Hezkuntza sistema publikoaren aldeko apostu irmo ezarekiko kexa adierazi nahi dugu, hurrengo arrazoiengatik:

1. Hezkuntza Bereziko egitura espezifiko eza Sakanako landa eskola publikoetan

Azken urteotan gure zonaldeko ikastetxe publikoetatik Hezkuntza Bereziko egitura espezifikoa edukitzeko eskaera egin izan den arren, soilik Altsasuko Zelandi ikastetxeari esleitu zaio. Landa eskoletan ordea, horretarako beharra izanik ere, ez dugu halako egiturarik lortu; izan ere, ia ezinezkoa baita landa eskola bakar batetan egitura espezifikoa izateko eskatzen diren baldintzak betetzea.

Honela, urtez urte, gure landa eskoletan izan ditugun Hezkuntza Premia Bereziko hainbat ikasle bailarako ikastetxe kontzertatuetako Hezkuntza Bereziko Egitura Espezifikoetara bideratuak izan dira, ikastetxe publikoetan dauden plazak bailara osorako nahikoak ez direlako; bai Lehen Hezkuntzan, nola Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere. Ikastetxe itaundu hauetako egitura hauek Hezkuntza Departamentuak finantzatutakoak direla kontuan izanik, uste dugu, Departamentuak gure ikastetxe publikoak desanbantailan uzten dituela itaundutako ikastetxeen aurrean. Jarduteko modu honek hurrengo albo-kalteak eragiten dituelarik:

- Bere garaian hezkuntza sistema publiko, ekitatibo eta inklusibo baten aldeko apustua egin zuten familien erabakia ez errespetatzea.

- Gure herritarrek, familiek, ikasleek behar duten hezkuntza eskaintza ez edukitzeagatik, gure landa eskola publikoen irudia kaltetzea.

- Guztientzako sarbidea eskaintzen ez duen itaundutako hezkuntza sistema indartzea.

- Ikasle hauek ikastetxez aldarazteak eragiten dituenak:

- Ikasle hauek euren herritik, eskolatik, lagun taldetik banatzea.

- Ikasle hauek berriz ere ikastetxe eta ikaskide berri batzuetara egokitu behar izatea.

- Ikasle hauen perfilaren arabera, garraio zerbitzuak eragin ditzakeen ondorioak jasatea.

2. 2 urteko gelen itxiera

Azkenean Etxarri Aranatzeko 2 urteko gela aurrera badoa ere, Urdiaingo 2 urteko gela ixteko modua eta egindako epeekiko desadostasuna adierazi nahi dugu. Hurrengo arrazoiengatik:

- Itxieraren berri martxoaren bukaeran izateak, datorren ikasturterako zerbitzu publiko horrekin kontatzen zuten familiei eragiten zaien galera eta kalteagatik; herrian haur eskolarik ez dagoenez gero, 2 urteko gelen doako zerbitzu honek familia horien kontziliazioa eta inklusioa ahalbidetzen zituelako.

- Halako zerbitzuak izateak edo ez izateak Landa Eremuko herri txikien bizi kalitateari eta hauen iraupenari zuzenenan eragiten dielako.

- Berriz ere, gure landa eskola publikoaren hezkuntza eskaintza egoera zaurgarrian geratzen delako: izan ere, ondoko herrian 2 urteko gela eta garraio eta jantoki zerbitzuak eskaintzen dituten ikastetxe kontzertatua baimendua dagoenez gero, itxiera honek eskola publikoari matrikula galera ekarriko dio ondorio.

Hau guztiagatik, ESKATZEN DUGU:

Hezkuntza Departamentuak Sakanako Hezkuntza Publikoaren aldeko apustu irmoa egitea, hala nola:

- Hezkuntza Departamentuak finantzatutako Hezkuntza Premia bereziko egitura espezifiko publikoak Sakanako ikastetxe publikoetan kokatuz, eta ez itaundutako ikastetxeetan: ezinbestekoa baita publikoa den zerbitzu hau eskola publikoan kokatua egotea.

- Gure bailarako ikastetxe gehienak landa eskolak direla kontuan hartuta, eta ondorioz ikastetxe handietarako ezarritako ratioak betetzea ezinezkoa izanik, ratio horiek modu proportzionalean egokituz eta etapa berekoak izateko baldintza kenduz.

- Gure herrietan 0-3 haur eskola publikoak irekiaz, edota etorkizun hurbilean hau ezinezkoa den kasuetan, bestelako irtenbideak emanez; horretarako dauden eskola publikoak baliatuz eta modu honetan, bailarako sistema publikoaren hezkuntza-eskaintza hobetzea bermatuz”.

2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Hezkuntzako kontseilariak, Nafarroako Arartekoak bidalitako Sakanako landa-eskoletako idazkiari erantzunez, kexa bat aurkeztu du Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eremu horretan hezkuntza bereziko egiturarik ez dagoelako.

JAKINARAZTEN DU:

Altsasuko Zelandi ikastetxean egitura bat ireki zen, zentroak berak zituen beharrei lekua egiteko. 2024-2025 ikasturtean hiru ikasle zeuden, eta 2025-2026 ikasturterako bi ikasle baino ez zeuden aurreikusita.

Erroldako datuen arabera, Zelandiko ikastetxeko ikasleak kontuan hartu gabe, hezkuntza-premia bereziak dituzten bost kasu daude, honela banaturik:

Adimen-desgaitasun larria edo oso larria duen ikasle bat Arbizuko eskolan.

Adimen-desgaitasun ertaina edo neurrizkoa duen ikasle bat Olaztin.

Hiru ikasle Atakondoan; Irurtzunen: autismoa duten bi ikasle eta adimen-desgaitasun larria edo oso larria duen ikasle bat.

Arbizuko ikastetxeak egitura bat eskatu zuen, baina ez du horretarako ikaslerik; Olaztik ere eskatu zuen, baina ez du egitura bat irekitzeko moduko ikaslerik; nahiz eta Atakondoa izan kopururik handiena duena, ikastetxeak ez du inoiz eskaerarik egin. Ikastetxe horretan orduak eman zaizkie ikasleak elkartzeko eta haiei  arreta emateko.

Erroldak adierazten duen bezala, Sakana inguruan ez dago egitura bat irekitzeko adina ikaslerik, Irurtzungo ikastetxearen kasuan izan ezik, zeinak ez baitu horren beharrik.

Haur Hezkuntzako lehen zikloko plazen eskaintzari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak, doako plaza publikoen eskaintza handitzen joateko konpromisoarekin bat etorriz, honako ekimen hauek hartu ditu bere gain:

- Lehen aldiz modu erregularizatuan eta araudiarekin bat etorriz, bi urteko gelaren eskaintza ezartzea Etxarri-Aranazko San Donato HLHIPn 2025-2026 ikasturterako.

- Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Artea, Hizkuntzak, Kirolak, Helduen Hezkuntza edo Hezkuntza Berezia irakasten duten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduera Erregelamendua arautzen duen Foru Dekretuaren proiektuan azken xedapen bat proposatzea, hitzez hitz honela dioena:

Azken xedapenetako hirugarrena. Foru-dekretu hau aldatzea: 28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituena.

- 1. Aipatutako 28/2007 Foru Dekretuaren 16. artikuluan – “Betebehar fisikoak” –  4. bis apartatua gehituko da, eta honela idatzita geratuko da:

“4 bis. Haur Hezkuntzako lehen zikloa Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean eskaintzen bada, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek ikastetxeko sarbideak eta beste espazio batzuk erabili ahal izango dituzte. Espazio horiek lehen zikloko ikasleek erabili ohi badituzte, indarrean dagoen segurtasun-araudia betetzen dela bermatu beharko dute".

- 2. Aipatutako 28/2007 Foru Dekretuaren 18. artikuluan – “Ratioak” – 5. apartatua gehituko da, eta honela idatzita geratuko da:

“5. Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten Haur edo Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, aurreko paragrafoan xedatutakoaz gain, unitate berean bildu ahal izango dira adin desberdinetako Haur Hezkuntzako haurrak, honako ratio hauek betez:

a) Bat, bi eta hiru urte bitarteko haurrentzako unitateak: 12

b) Bi eta hiru urteko haurrentzako unitateak: 14

c) Bi urtetik gorako eta aurrekoak ez diren adin-tarteetako haurrentzako unitateak: 12”

Aldaketa horri esker, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleentzako doako plaza publikoen eskaintza zabalagoa eta malguagoa izango da, batez ere landa-eskoletan.

Hala jakinarazten dizut, jakin dezazun eta dagozkion ondorioak izan ditzan".

3. Islatuta geratu denez, Sakanako hezkuntza publikoaren aldeko apustu irmorik ez dagoelako aurkeztu da kexa.

Zehazki, aipatu da eskualdeko landa-eskoletan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako egitura espezifikorik ez dagoela eta, horren ondorioz, interesdunek inguruko ikastetxe itunduetan eskolatzen jarraitu beharko lukete.

Era berean, zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako zikloaren eskaintza aipatu da, eta adierazi da Urdiaingo bi urteko gela aurreko martxoan itxi zela, eta horrek zerbitzu hori zuten familiei kalte egin ziela.

Hezkuntza Departamentuak txostena egin du, zeina lehen transkribatu baitugu. Ikastetxeen egitura espezifikoen eskaerei buruz hartutako erabakiak eta horien arrazoiak azaldu dira. Zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako zikloari buruz ezarritakoa adierazi da, baina ez da berariazko adierazpenik eman kexan aipatu den Urdiaingo ikasgelaren itxierari buruz.

4. Kexak bat egiten du Hezkuntzaren Lege Organikoaren zenbait aurreikuspenekin; izan ere, II. tituluan hezkuntzarako ekitate-printzipioa aipatu da.

Printzipio horrek hainbat proiekzio ditu, bai hezkuntza-laguntzaren premia berezia duten ikasleei dagokienez (71. artikulua eta hurrengoak), bai lurralde-arrazoiei dagokienez. Zehazki, 82. artikulua landa-eremuko aukera-berdintasunari buruzkoa da, eta lehen paragrafoan, printzipio orokor gisa, hauxe xedatzen du:

“Hezkuntza-administrazioek arreta berezia eskainiko diete landa-eremuko ikastetxeei, kontuan hartuz haien hezkuntza-ingurunearen berezitasunak eta landa-eremuetako ikasleek oinarrizko irakaskuntzatik harago hezkuntza-sisteman iraun dezaten laguntzeko premia. Horretarako, hezkuntza-administrazioek kontuan hartuko dute landa-eskolaren berezitasuna, eta haren berariazko premiei erantzuteko eta aukera-berdintasuna bermatzeko behar diren antolamendu-sistemak eta baliabideak emango dizkio".

Testuinguru horretan, kexa aurkeztu duen kolektiboak sortzen duen auziari dagokionez, eta kexaren edukia eta Hezkuntza Departamentuaren erantzuna ikusita, erakunde honek egoki ikusten du eskualdeko hezkuntza-arretaren beharrak sakon aztertzea, hezkuntza-zikloak, eta, bereziki, hezkuntza-premia berezien kasuak aintzat hartuta; horren arabera, beharrezkoak diren neurriak planifikatu eta ezarriko dira, beharrezkoak diren arrazoizko egokitzapenak eginda, ahal den heinean ahalbidetu dadin interesdunak bizi diren landa-eremuetako aukeratutako ikastetxeetan (landa-eskoletan) eskolaratzea jasotzen jarraitu dezaten.

Gure ustez, hezkuntza-administrazioak babestu beharreko bi balio dira interesdunek aukeratutako irakaskuntza publikoaren aukeran jarraitzea, bai eta bizilekuko landa-eremuetan ere, eta, beraz, iradokizun bat egin nahi dugu, adierazitakoaren ildotik.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Hezkuntza Departamentuari iradokitzea sakon azter ditzan Sakanako hezkuntza-arretaren beharrak, aintzat hartuta askotariko hezkuntza-zikloak, eta, bereziki, hezkuntza-premia berezien kasuak; horren arabera, beharrezkoak diren neurriak planifikatu eta ezarriko dira, beharrezkoak diren arrazoizko egokitzapenak eginda, ahal den heinean ahalbidetu dadin interesdunak bizi diren landa-eremuetako aukeratutako ikastetxeetan (landa-eskoletan) eskolaratzea jasotzen jarraitu dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia