Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Hezkuntza Departamentuak kexagileak lekualdatze-lehiaketa bati buruz jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebaztea atzeratu izana
Hezkuntza kontseilaria
Kontseilari jauna:
1. 2025eko maiatzaren 14an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen lekualdatze-lehiaketa baten aurka jarritako gora jotzeko errekurtso bat ebatzi ez zelako.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) 2024ko azaroaren 22an gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak deitutako lekualdatze-lehiaketa baten aurka.
b) Errekurtso hori aurkeztu zenetik bost hilabete baino gehiago igaro ondoren, errekurtsoa ez da ebatzi.
2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2025eko ekainaren 18an emandako txostena jaso zen, honako hau adieraziz:
"Hezkuntza Departamentuak [...] jaunak, [...] ren ordezkari gisa, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa aztertu du.
Gaur egun, Nafarroako Aldizkari Ofizialera bidali da, [...] k aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenaren eraginpean egon daitezkeen hirugarrenak epatzeko eta horiei entzunaldia emateko.
Hau da, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazteke dago, bertan planteatutako galderei azken erantzuna ematearen zain, eta epe laburrera jakinaraztea aurreikusten da".
3. Jasota geratu denez, kexaren xedea interesdunak 2024ko azaroaren 22an aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoan ebazpenik ez ematea da.
Horri dagokionez, Hezkuntza Departamentuak onartzen du errekurtsoari oraindik ez zaiola berariaz eta arrazoituta erantzun, baina epe laburrera eginen duela gaineratzen du.
4. Kexa hau ebaztearen ondoreetarako, adierazi behar da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duela administrazio publikoak behartuta daudela “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Ebazpen- eta jakinarazpen-lan hori egin behar den denbora-koordenatuei dagokienez, artikulu bereko 2. atalak honakoa ezartzen du: “Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”.
Gora jotzeko errekurtsoen ebazpenari eta jakinarazpenari dagokienez, 39/2015 Legearen 122.2 artikuluak “Errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabete izango dela” ezartzen du.
Kasu honetan, ez dago eztabaidarik:
a) Interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, 2024ko azaroaren 22an; eta,
b) Oraindik ez da ebatzi, eta, beraz, ez da betetzen ari legez horretarako ezarritako gehienezko epea.
Horregatik, erakunde honek egokitzat jotzen du Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legezko betebeharra duela gora jotzeko errekurtsoei behar den epean eta moduan erantzuteko eta interesdunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ahalik eta lasterren ebazteko gomendioa egiten zaio.
5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
a) Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea gora jotzeko errekurtsoei garaiz eta behar bezala erantzuteko legezko betebeharra duela.
b) Hezkuntza Departamentuari interesdunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa lehenbailehen ebazteko gomendatzea.
Erakunde honek aipatutako Foru Legearen 34.2 artikuluaren ondorioetarako onartutzat jotzen duen erabaki honen formulazioarekin amaiera ematen zaio Arartekoak gai honetan izan duen esku hartzeari eta, era berean, kexaren egileari ere jakinarazten zaio.
Hala ere, horri buruzko gogoetaren bat egin nahi baduzu edo ez duzula onartzen adierazi nahi baduzu, 34.2 artikuluan ezarritako bi hilabeteko gehieneko epean egin dezakezu, testu horretan bertan kasuan kasuko urteko txostenean sartzeari dagokionez ezartzen diren ondorioekin.
Adeitasunez,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia