Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q25/559 Ebazpena, zeinaren bidez hauxe iradoki baitio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, hurrengo kanpainari begira: gaztelaniaz eta euskaraz egon dadila pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa egiteko telefono bidezko laguntza-zerbitzuaren ebaluazio-inkesta.

2025 ekaina 09

Euskara

Gaia: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa egiteko telefono bidezko laguntza-zerbitzuaren ebaluazio-inkesta gaztelaniaz baino ez idatzi izana.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2025eko maiatzaren 6an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat aurkeztu baitzuen, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin ondoren bidali zitzaion gogobetetze-inkesta gaztelania hutsean egoteagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Nafarroako Foru Ogasuneko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa egiten laguntzeko zerbitzuaren bidez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa egin ondoren, mezu elektroniko bat jaso zuen, zeinaren bidez eskatzen zitzaion jasotako arretaren gogobetetasun-inkesta bat osatzeko.

b) Haren harridurarako, posta elektronikoa eta gogobetetasun-inkesta gaztelania hutsean zeuden.

2. Ondoren, erakunde honek Ekonomia eta Ogasuneko Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

"Kexa-idazkian (25/559 espedientea), egileak adierazten du telefono bidezko arreta bikaina jaso zuela 2024ko errenta-aitorpena egiteko prozesuan. Hala, jasotako arreta baloratzeko posta elektronikoaren bidez gogobetetasun-inkesta jaso zuen eta inkesta euskaraz betetzeko aukera ez egotearen falta sumatu zuen. Inkesta horren oharren atalean jaso zuen hori.

Gai horri dagokionez, jakinarazi behar da Nafarroako Foru Ogasuna erakunde publiko bat dela, organismo autonomo motakoa, Foru Komunitateko Administrazioaren menpekoa. Horri dagokionez, hari aplikatu behar zaizkio erakunde publiko horientzat azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak ezartzen dituen xedapenak, Nafarroako administrazio publikoetan, haren mendeko organismo publikoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenak, Euskararen abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea garatzen baitu.

Xedapen horien babesean, arian-arian eta modu planifikatuan indartzen ari dira giza baliabideak eta baliabide teknikoak, zergadunek hala eskatzen dutenean zerga-arreta eta -komunikazioak euskaraz eskaini ahal izateko, herritarren eta zerga-administrazioaren arteko harremanak hizkuntza horretan normalizatzen eta errazten dituzten neurri positiboak baitira.

Zergadun honi eskerrak eman nahi dizkiogu errenta-aitorpena egiteko eman zitzaion telefono bidezko arretari buruz egin duen balioespen hain positiboagatik. Halaber, jakinarazi nahi dugu PFEZaren Kudeaketa Zerbitzuak aztertu egingo dituela bai bere oharrak, bai inkestan modu aktiboan parte hartu zuten gainerako zergadunen proposamenak, zerga horren etorkizuneko kanpainetan ezarri ahal izateko".

3. Erakunde honen iritziz, kontuan hartuta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa egiteko telefono bidezko laguntza-zerbitzua Nafarroako Foru Ogasunak ematen duela, herritarra zein hizkuntza-eremutan dagoen kontuan hartu gabe, komenigarria litzateke zerbitzu hori ebaluatzeko inkesta gaztelaniaz zein euskaraz eskuragarri egotea.

4. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Ekonomia eta Ogasun Departamentuari iradokitzea, hurrengo kanpainari begira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa egiteko telefono bidezko laguntza-zerbitzuaren ebaluazio-inkesta gaztelaniaz eta euskaraz egon dadila.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia